12. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

99/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 31koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren esparruan jakinarazpen elektronikoen zerbitzua nola eman arautzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, bere VI. tituluan, herritarrekiko harremanetan segitu beharreko jarduketa administratiboaren arau orokorrak ezartzen ditu, eta II. kapituluan, zehazki, Foru Administrazio Publikoak bere jarduketen tramitazio elektronikoaren arloan dituen zenbait betebehar finkatzen dira.

Beste alde batetik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak, bere 141. artikuluan, xedatzen du besteak beste Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratibotik datozen egintzak jakinarazteko araubidea foru lege horrexetan oro har ezarritako bera izan behar dela. Zehazki, 99.5 artikuluan ezarrita dago baliabide elektronikoen bidez egiten diren jakinarazpenen araubidea administrazio arau orokorretan araututako bera dela, erregelamenduz ezartzen diren espezialitateak baztertu gabe. Espezialitate horiek, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren jarduketen esparru zehatzari dagokionez, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita daude, horren bidez arautu baitzen baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera. Foru dekretu hori, gero, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduaren bidez garatu zen, zeinaren bidez arautu baitzen nola eman jakinarazpen elektronikoen zerbitzua eremu horretan.

Egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez, urriaren 17ko 85/2018 Foru Dekretuaren 148. artikuluan ezarrita dago, laburki bada ere, interesdunengan eragin zuzena duten egintzak edo erreklamazio ekonomiko-administratibo bati bukaera ematen diotenak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan jakinarazi behar direla.

Horiek horrela, foru agindu honen helburu nagusia da Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren eskumenen esparruan ematen diren egintza eta jarduketen jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua garatzea, kontuan harturik, bai gaur egun dituen eskumenak, bai gero batean bere gain izan ditzakeenak, onesten diren balizko arau aldaketen ondorioz.

Horrenbestez, urriaren 17ko 85/2018 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenaren bidez emandako gaikuntzarekin bat, foru dekretu horren bidez onetsi baitzen Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra garatzeko Erregelamendua, egintzak administrazio bidean berrikusteari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da arautzea nola eman behar den jakinarazpen elektronikoen zerbitzua Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboari esleitutako eskumenen esparruan.

2. Jakinarazpen elektronikoak eginen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organo eskudunek Auzitegiaren esku utzi dituzten baliabideak erabiliz.

3. Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak tramitatu beharreko espedienteetan sartu behar diren edo sartuta dauden egintza eta jarduketa guztien jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez eginen dira Nafarroako Zerga Ogasunaren tributu arloko egintzen jakinarazpenak baliabide horien bidez egiteko arauetan aipatzen diren kasu beretan eta hartzaile berberetarako, deusetan galarazi gabe jarduketa jakin batzuetarako aurreikus daitezkeen espezialitateak. Arau horiek segitu beharko dira auzitegiko idazkariak edo lehendakariak emandako ofizioetan, komunikazioetan, errekerimenduetan, txosten eskaeretan, ebazpenetan eta, oro har, egintza eta jarduketa guztietan, baita bokalek, osoko bilkurak edo hari atxikitako edozein organok emandakoetan ere.

2. artikulua. Nafarroako Foru Ogasunari aplikatu beharreko arauetara jotzea.

1. Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua nola eman arautzen duen Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduak honako arlo hauetarako ezartzen dituen arauak aplikatuko zaizkie, orobat, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren egintza eta jarduketen jakinarazpen elektronikoei: borondatezko eskaera, jakinarazpen sisteman derrigor sartzea, hartzaileen ordezkariei bidaltzea, konfidentzialtasuna, erabilgarritasuna eta babes neurriak, ziurtapena, abisuak, jakinarazpenetan sartzea eta kontsultatzea eta, azkenik, helbide elektroniko gaituan eta herritarren karpetan jakinarazpenik ez egiteko egunak.

2. Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan egiten diren jakinarazpen elektronikoei buruzko araudian egiten diren aldaketek indarra hartzen duten unetik beretik izanen dute eragina Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren jakinarazpenen sistemaren gainean.

Lehen xedapen gehigarria.–Eskumenak handitzea.

Foru agindu hau aplikatuko da, orobat, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak aginduak indarra hartu ondoren bere gain hartzen dituen eskumenak erabiliz ematen dituen egintza eta jarduketen jakinarazpen elektronikoetan.

Lehen xedapen iragankorra.–Foru agindu honek indarra hartzen duenean bukatu gabe dauden prozeduretan nola aplikatu.

Foru agindu honetan xedatutakoa aplikatuko da indarra hartu ondoren Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren egintza eta jarduketei buruz egiten diren jakinarazpen guztietan, jatorrizko prozedura noiz hasi zen kontuan hartu gabe.

Azken xedapenetako lehena.–Garatzeko jarraibideak.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren lehendakariari baimena ematen zaio, bere eskumenen esparruan, behar diren jarraibide guztiak eman ditzan foru agindu hau garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abenduaren 31n.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F1916838