119. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CINTRUENIGOKO ETA FITEROKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Etxeko laguntza zerbitzuak arautzen dituen ordenantza.
Behin betiko onespena

Jendaurrean jartzeko epea igaro denez eta inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2020ko martxoaren 20an argitaratu ondoren, ordenantza behin betiko onetsi da, eta, beraz, argitara ematen da.

Cintruenigon, 2020ko maiatzaren 14an.–Mankomunitateko burua, Ana Isabel Perez Elipe.

ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ udal zerbitzua da, ohiko ingurunean beren oinarrizko premiak betetzeko mugak dituzten herritar guztiei zuzentzen zaie, eta banakako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu; aldi baterakoa edo iraunkorra izan daiteke egoera bakoitzaren arabera, eta pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen du.

2. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatzeko ardura.

Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute eguneroko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek zerbitzua eskura izatea, betiere eskuratzeko baldintzak betetzen badira.

Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

Aurreneurri izaera: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen galera eragotzi edo murriztuko du, baita sostengu eta harreman sozialena ere.

Autonomiaren sustapena: bultzatuko da eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan. Norberak bere erabakiak har ditzan bultzatuko da, nor bere gogoekin bat etorriz bizi dadin eta nahi dituen aukerak egin ditzan.

Norbanakoari egokitutako laguntza integrala: ELZk norberari egokituriko laguntza eskainiko du, pertsonen gizarte premiak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

Malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emango duten baliabideak konbinatuko dira.

Solidaritatea: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean atxikitzea, eta bermatzea komunitatearen bizitzan parte hartzea, ahal delarik.

Koordinazioa: koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku-hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.

Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garatzen diren baldintzak betez.

Boluntarioen sustapena: herrian bertan, zerbitzua erabiltzen dutenen sostengu sare informalaren atal gisa parte hartzen ahal dute eta.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da:

Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala betetzea.

Normalizatzailea, bere inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

Etxez etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita oroz gain.

Integrala, bizikidetza unitateen premiari oso-osorik heltzen baitie.

Prebentiboa, haren bidez ahalegina egiten baita gaitasun pertsonalen andeatze egoerak eta sostengu eta gizarte harremanen galerak eragozteko edo murrizteko, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu zentro batera eramanda bizi kalitate hobea bermatzen bada.

Osagarria, bere xedeak lortzeko bestelako prestazio oinarrizkoekin batera egiten ahal baita.

Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak ase nahi baitira bere gaitasunak indartuz eta bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesionalek taldean esku-hartzen baitute, behar bezain aditu izanik.

Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

Laguntza hartzen duten lagunen eta haien begiraleen lehentasunekiko errespetuan oinarritua.

4. artikulua. Helburuak.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak honako helburu hauek ditu:

Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzen laguntzea, alternatiba egoki baten bidez prebenituz eta saihestuz beharrik gabeko instituzionalizazioak, bai eta ingurunetik deserrotzea ere, horren ondorioz gertatu ohi denez.

Pertsonaren eta familiaren trebetasunen, gaitasunen eta abilezien optimizazioa lortzea, autonomia handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatuz eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handituz.

Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea errazteko eta haietan sostengu emateko.

Jarduketak koordinatzea osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorrago izan dadin.

Hobetzea oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena, familia, auzo eta adiskidetasun loturak sendotuz, sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatuz eta indartuz, bereziki familiarena, zaintzaileei behar bezalako sostengua emanik.

Laguntza ematea autonomia pertsonal eta sozialari eragiten dioten unean uneko krisi pertsonal eta/edo familiarretan.

Zerbitzuaren hartzaileen harreman sozialak eta jarduerak bultzatzea haien komunitate ingurunean, isolatze eta bakardade arazoak prebenituz.

Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, indargarria izan dadin zaindutako pertsonei lagun egiteko.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira banakoak edo bizikidetzako familia-unitateak, erroldaturik daudenak Cintruenigoko eta Fiteroko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte zerbitzuen oinarrizko eskualdea osatzen duten udalerrietariko batean, baldin bizimodu autonomoa egiteko mugaturik badaude eta, ondorioz, dituzten premia pertsonal eta sozialak beren kasa bete ezinean badabiltza eta laguntza behar badute ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

Mendekotasuna duten pertsonak (mendekotasun moderatua, larria eta handia dutenak), baldin banakako arreta proposamenean (BAP) ELZ hautatu eta eman bazaie.

Autonomia pertsonalean zailtasunak dituzten adinekoak.

Autonomia pertsonalari modu larrian eragiten dion desgaitasuna dutenak.

Familia-unitateak, baldin, bertan adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak izanik, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxez etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargaren eskala progresiboan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.

6. artikulua. ELZn esku hartzen duten profesionalak:

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lantalde oinarrizkoa honako profesional hauek osatuko dute:

Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

Familia-langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion lanak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko ditu bere esku-hartze etengabearen ondorioz egoerak duen bilakaeraz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

Hezitzailea: heziketa lanak egiteaz arduratzen da erabiltzailearekin, haren familiarekin eta ingurunearekin, xedea izanik bizikidetzako gunearen familia-autonomian laguntzeko ohitura eta abileziak eskuratzea.

Psikologoa: esku-hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

Beste profesional batzuk: animatzaile soziokulturalak, enplegu arloko teknikariak, berdintasuneko teknikariak...

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza-zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kontuan hartuko du:

Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretarako eta jarduera instrumentaletarako.

Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua ote duten.

Onuradun izan daitekeenaren egoera soziala eta familiarra.

Banakako laguntzarako proposamena (BAP), Pertsonen Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunari Arreta Emateko Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Agentziak onetsia.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarrean dauden balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda:

8.1. Etxeko laguntza ematean honako jarduketa hauek guztiak, edo hauetako zenbait, sartzen dira. Mendekotasun handia dutenendako, etxeko laguntza ez da inolaz ere izanen 2 ordutik gorakoa egun eta etxe bakoitzean, ez eta ordu batetik gorakoa ere mendekoak ez direnendako.

Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

  • Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.
  • Bizarra egitea.
  • Ohean direnen garbiketa.
  • Bainua/dutxa.
  • Pixoihalak aldatzea.
  • Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.
  • Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).
  • Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.
  • Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Baztertuta daude profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.

b) Jantzia/oinetakoak:

  • Janztea/eranztea.
  • Oinetakoak janztea/eranztea.
  • Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

  • Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.
  • Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).
  • Etxean barna mugitzen laguntzea.
  • Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.
  • Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

  • Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraikiz.
  • Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.
  • Begiratzea behar bezala hartzen direla sendagileek agindutako botikak.
  • Errezetak eta botikak jasotzea.
  • Botikak prestatu eta ematea, botika injektagarriak izan ezik.
  • Pertsonaren osasunari lotutako alderdien behaketa egitea (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...), eta halakoen berri ematea lantalde profesionalari, behar denean.
  • Laguntzea gaitasun fisikoak eta mugitzeko gaitasunak berreskuratzeko, mantentzeko eta hobetzeko jardueretan, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).
  • Laguntzea gaitasun kognitiboak berreskuratzeko, mantentzeko eta hobetzeko jardueretan, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).
  • Osasun arloko kontsultetara laguntzea.
  • Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu kolektoreak, zundako poltsak aldatzea...).
  • Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.
  • Lehen laguntzako teknikak aplikatzea larrialdietan.

Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

a) Erabiltzailearen elikadurari lotuak, hala nola:

  • Elikagaiak prestatzen laguntzea.
  • Otorduak atontzen laguntzea (berotzea, mahaia jartzea, janariak banatzea).
  • Baxera eta/edo janaria prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.

b) Erosketari lotuak:

  • Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.
  • Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.
  • Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).
  • Erositakoa etxera eramatea.
  • Erosketak antolatzen laguntzea.

c) Erabiltzailearen oinetako eta arropa pertsonalak eta etxeko arropak zaintzeari lotuak, hala nola:

  • Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.
  • Arropa hedatu eta biltzea.
  • Arropa lisatzea.
  • Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.
  • Armairuak txukuntzea.
  • Arropa berrikusi eta konpontzea (botoiak, jostura deseginak), joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.

d) Etxebizitzako mantentze-lanei lotuak, hala nola:

Bizitegiaren mantentze lana:

–Jarduera/zeregin arruntak:

  • Oheak egitea.
  • Erratza pasatzea.
  • Xurgagailua pasatzea.
  • Mopa pasatzea.
  • Hautsa kentzea.
  • Lanbasa pasatzea.
  • Beirak garbitzea.
  • Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.
  • Sukaldea garbitzea.
  • Komuna garbitzea.

–Jarduera/zeregin bereziak.

  • Sabaiak garbitzea.
  • Errezelak garbitzea.
  • Lanparak garbitzea.
  • Etxetresna elektrikoak garbitzea (salbu hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea).
  • Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.
  • Zikin-markak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, eserleku-bizkarrak eta abar).

–Etxeko konponketa errazak:

Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.

Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

–Etxebizitzako ekipamendu eta azpiegituraren egoera orokorraren kontrola eta jarraipena egitea.

  • Etxebizitzaren egitura eta hainbat instalazio (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa) behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela egiaztatzea.
  • ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzailearengana, familiakidearengana edo teknikariarengana igortzea.

Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Hona hemen laguntza psikosozialeko jarduketak:

Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko, lagundutako pertsonak baloratuak eta sare sozialeko kide senti daitezen.

a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:

Hezkuntzaren ikuspegi eta estrategiatik, trebetasun, jokabide eta oinarrizko iaiotasunak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduera eta lanak dira, erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin.

–Laguntza emozionala bizitzako egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua...).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (irudi pertsonala, onarpena, balioespena eta norberarekiko konfiantza).

–Familiaren dinamikan azaltzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea...).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea, etxeko higienea, ariketa fisikoa...).

–Autozaintza eta autonomia pertsonalerako ohiturak eta trebetasunak eskuratzea eta garatzea. (Eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratzea eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientabidea eta trebakuntza.

–Orientabidea etxeko antolaketan (gauzak, elikagaiak eta abar antolatzea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).

–Bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko orientabidea (trebetasun sozialak, asertibitatea...).

–Jokabide eta egoera arriskutsuak identifikatzea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientabidea ematea.

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Familiaren eta/edo zaintzaileen lana sostengatu eta bultzatzera bideratutako jarduerak eta atazak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzeko.

–Laguntza emozionala zaintzaileei.

–Orientabidea, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeari lotutako gaien gainean.

–Jarraibideak eta abileziak ematea zaintze eta artatze laneko hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko beste modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

–Autozaintzarako jarraibide, abilezia eta jarreretan lagundu eta orientatzea, bai eta estresaren eta gainkargaren prebentzioan ere.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu sozio-komunitarioko jarduerak.

Honako hauek dira sostengu sozio-komunitarioko jarduerak:

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, baita komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran parte hartzera bultzatzen duten jarduerak eta zereginak ere. Zehazki, honako jarduera eta zeregin hauek dira:

Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.

Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.

Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasunean dauden pertsonei dagokienez.

Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk. Honako hauek dira sostengu teknikoko jarduketak eta beste baliabide batzuk:

Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzeko bideratzen diren jarduketak eta aldaketa batera edo ohiko etxebizitzatik ateratzera behartzen duten beste bizi egoera batzuetara jotzea.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak.

–Etxean zaintza hartu eta autonomia izatea ahalbidetzen eta sustatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientabidea.

–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientabidea.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientabidea eta laguntza.

b) Laguntzarako beste baliabide batzuk.

–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean balorazioa, informazioa eta orientabidea ematea (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...).

–Balorazioa, informazioa eta orientabidea ematea beste baliabide alternatibo batzuei buruz, etxean bizitzen segitu ordez.

Material ortopedikoaren mailegua.

Emateko irizpideak:

Etxeko laguntza zerbitzua eskatzeko irizpide berak izanen dira, eta, horiez gainera, honako hauek:

Erabiltzailea egoitzaz kanpoko etxean biziko da.

Etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek lehentasuna izanen dute, laguntza behar bezala emateko.

Tasak: Honako hauek aplikatuko dira.

MATERIALA

1. LAUHILEKOA

2. LAUHILEKOA

3. LAUHILEKOA

Ohe artikulatua

10 euro

15 euro

20 euro

Ohe elektrikoa

20 euro

30 euro

40 euro

Gurpil-aulkia

10 euro

15 euro

20 euro

Taka-taka

10 euro

15 euro

20 euro

Bainu-aulkia

5 euro

7,5 euro

10 euro

Bainurako gurpil-aulkia

10 euro

15 euro

20 euro

Segurtasun uhalak

5 euro

7,5 euro

10 euro

Koltxoia eta motorra

15 euro

22,5 euro

30 euro

8.2. Zerbitzuen zorroa aplikatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbestez, zorro horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.

ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek gauzatzea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza-harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZren eta merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.

Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakakoendako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.

Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduerak eta lanak eginen dira, eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

Zerbitzuen zorroan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduerak eta zereginak salbuespenez egiten ahalko dira, honako baldintza hauetan oinarriturik:

ELZko lantaldeak balorazio profesionala egitea.

Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean ekartzen ahal duena arrisku egoera bat piztea edo bizi baldintzen hondatzea.

Hura betetzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.

Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko lan bilaka ez dadin.

Zerrendaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasunari edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

Zerrenda modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean erabiltzailearen baimena izanda.

Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokienez.

Zorroa aplikatzeak eta etxeko laguntza zerbitzua emateak ez du familia salbuesten erabiltzailearekiko duen erantzukizun legal, sozial eta emozionaletik.

Mendeko bi erabiltzaile edo gehiago dituzten etxeetan, bakoitzari bere tasa kobratuko zaio.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak honako hauek dira:

Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da kontuan hartuz ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

Familia-unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia-unitatea:

Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, baldin aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

–Errenta: PFEZaren zerga-oinarria (507 laukitxoaren zati orokorra eta 808 laukitxoaren zati berezia, gehi PFEZetik salbuetsitako errentak, 529 laukia).

–Gastu kengarriak: Kuota pertsonal eta familiarretako kenkarien zerga-oinarriaren murrizketa (62.9 artikulua) (1475etik 1479ra bitarteko laukitxoak, batez besteko karga-tasarekin zatituta, 823. laukitxoa,) gehi ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kuotako kenkari-oinarria (558 laukitxoa zati 0,15) gehi ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kuota-kenkariaren oinarria (978 laukitxoa zati 0,15, zeinak barnean hartzen baititu, erosketaz gain, birgaitzea, etxebizitza-konturako ekarpenak eta minusbaliotasuna dutenentzako etxebizitza egokitzea) eta mendekotasuna dela-eta arreta ematekoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak mantentzea eta beste batzuk), agiri bidez behar bezala egiaztatuta badaude.

–Hileko per capita errenta garbia: Errenta ken gastu kengarriak zati familia-unitateko kideen kopurua eta hamabi hilabeteren artean.

Errentaren ezarpena eta gastu kengarriak eguneratu egin beharko dira, baina kontzeptu berberak errespetatuz PFEZaren araudian aldaketak eginez gero.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa, eta horretarako zinpeko deklarazioa aurkeztu behar da.

Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea.

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

1.1. Kostu zentroa.

Urtero zehaztu behar da kostu zentroa, eta hari egotziko zaizkio lanaldi osoko familia-langile baten eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren% 15.

Kalkulua soldaten, gizarte-segurantzaren eta abarren zirkunstantzien aldaketarekin eguneratuko da. Adibide gisa, 2019rako kostu zentroa definitzen da, hurrengo urteetan nola definitu behar den zehazteko.

Familia-langilearen kostua: D mailako soldata

16.326,85 euro urtean

Osagarria: %20,35

3.322,51 euro urtean

Gizarte Segurantza (%32)

6.287,80 euro urtean

Ordez. absentismoagatik (%13,33)

3.457,42 euro urtean

Guztira

29.394,58 euro urtean

Gizarte-langilearen kostua: B mailako soldata

22.600,20 euro urtean

Osagarria: %34,73

7.849,05 euro urtean

Gizarte Segurantza (%32)

9.743,76 euro urtean

Guztira:

40.193,01 euro urtean

%15:

6.028,95 euro

Administrari laguntzailearen kostua: D mailako soldata:

16.326,85 euro urtean

Osagarria: %34,92:

5.701,33 euro urtean

Gizarte Segurantza (%32)

7.049,02 euro urtean

Guztira:

29.077,20 euro urtean

%15:

4.361,58 euro

Kostu zentroa: 29.394,58 + 6.028,95 + 4.361,58

39.785,11 euro

1.2. Kostuaren oinarrizko unitatea/orduko kostua.

Guztirako kostua zati lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopurua (lanaldi horren %80) eginen da, eta horrela ateratzen da laguntza orduaren kostua.

Bi mila eta hemeretzigarren urterako, eta hurrengo urteetan eguneratu beharko den adibide gisa, honako hau da:

Kostua guztira, urtean: 39.785,11 euro.

Lanorduak, urtean: 1.592 ordu.

lanaldiaren %80: 1.273,60 ordu.

39.785,11 : 1.273,60 ordu = 31,23 euro/ordua.

Tarifaren oinarrizko unitatea:

zerbitzua etxean benetan ematen iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa. (15,61 euro/ordua 2019. urtean).

Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa.

Karga-eskala egotziko zaio familia-unitatearen per capita errenta garbiari, eta oinarrituko da errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

OAEAP < PCEG (per capita errenta garbia) > %105 OAEAP

Prezio publikoaren 0,10

%105 OAEAP < PCEG > %120 OAEAP

Prezio publikoaren 0,15

%120 OAEAP < PCEG > %135 OAEAP

Prezio publikoaren 0,30

%135 OAEAP < PCEG > %150 OAEAP

Prezio publikoaren 0,45

%150 OAEAP < PCEG > %165 OAEAP

Prezio publikoaren 0,60

%165 OAEAP < PCEG > %180 OAEAP

Prezio publikoaren 0,75

%180 OAEAP < PCEG > %195 AEAP

Prezio publikoaren 0,90

PCEG > %195 OAEAP

Prezio publikoa

10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu.

Harrera eta orientazio soziala.

Kasuaren azterketa.

Egoeraren diagnostikoa.

Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

Esku-hartzearen hasiera.

Jarraipena eta ebaluazio jarraituak.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunak eskatuta abia daiteke:

Ofizioz.

Prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakita, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hasiera eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Nolanahi ere, prozedura bat etorriko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen eta Araubide Juridikoaren legeetan ezarritakoarekin.

Alderdi batek eskaturik.

Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira aurkeztutako eskabidearen inguruan.

Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Administrazio Prozedurari buruzko Legean jasotako moduan; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik edo lege horretan jasotako epean kontatuko da prozedura izapidetzeko epea.

Tramitazioa: interesdunari errekerimendua eginen zaio, eskabideak eskatzen diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak hamar eguneko epean ekar ditzan, eta ohartaraziko da, hala egin ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Cintruenigoko eta Fiteroko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxarote zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1. Zerbitzua baietsi ala ezetsi den.

2. Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, honako hauek gutxienez aditzera emanda:

–Banan-banan esku hartzeko plana.

  • Egin beharreko lanak/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3. Onuradunarendako ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4. Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz baietsitzat hartzen ahalko da.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari amaiera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta gerora sortutako arrazoiengatik prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

Jakinarazpena: Zerbitzua ematea baiesten denean, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaie Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari.

Iraungipena eta etena:

Iraungipena: Honako egoera hauengatik gertatuko da:

Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.

Zerbitzua erabiltzeagatik horretarako behar diren baldintzak bete gabe, edo baldintzak betetzeari uzteagatik.

Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

Bizilekua beste udalerri batera aldatzeagatik, zahar egoitza batean sartzeagatik edo heriotzagatik.

Gerora sortutako arrazoiak direla eta, zerbitzua ematen segitzeko ezintasun materiala gertatzeagatik.

Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna adierazirik.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

Etetea. Zerbitzua aldi baterako emateari uztea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote-zerrendan.

Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Ofizioz edo interesdunak eskatuta, datu ekonomikoak eguneratuko dira baldin familia-unitatearen egoera ekonomikoan edo/eta familia-osaeran aldaketarik izan bada.

Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bestela Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokiturik erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari.

Nolanahi dela ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek dituzte:

–Banakako esku-hartze planaren berri izatea.

–Plana berrikusi eta aldatzeko proposatzea, sorturiko premia berrien arabera.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

–ELZko profesionalengandik begirunezko jokabidea jasotzea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek dituzte:

–Informazio guztia ekartzea, inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratuta, laguntzaren beharra zehazteko.

–Jarrera egokia eta lagungarria izatea zerbitzua aurrera eraman dadin.

–Banakako esku-hartze planean sarturiko lan edo jarduerak onartu eta errespetatzea.

–Zerbitzuko profesionalekin begirunez jokatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.

–Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitzea badakar.

13. artikulua. Zerbitzua emateko baldintzak.

Laneko arriskuei aurrea hartzeko indarrean den araudiari jarraikiz, ez da Etxeko Laguntza Zerbitzurik emanen baldin eta zerbitzua eman behar duten langileen segurtasunari eta/edo osasunari larriki eragiten dieten arriskuak atzematen badira, honako hauek bezalakoak, besteak beste:

–Erortzeko arriskua duten etxebizitzak.

–Etxebizitza osasungaitzak (izurriak, izurritzeak...)

–Halako patologia bereziak dituzten pertsonak, baldin zerbitzua ematen dutenen segurtasunerako eta/edo osasunerako arrisku larria dakarten jokamoldeak badituzte.

–Arrisku bereziko bestelako egoerak. (Kontrolik gabeko animaliak edota osasun bermerik gabeak).

Aipatu horiez gain, Etxeko Laguntza Zerbitzua emateko honako baldintzak bete beharko dira, besteak beste:

–Erabiltzaileak ELZrako ezarritako ordutegia errespetatu beharko du, etxean egon beharko du zerbitzua egiten den bitartean eta ez da saiatuko behar ez bezala luzatzen. Era berean, etxetik kanpo egotekoa bada, garaiz jakinarazi beharko du.

–Erabiltzaileak zerbitzuaz arduratzen direnen lana erraztuko du, eta haien esku utziko ditu egin beharrekoak burutzeko behar dituzten baliabide materialak (garbiketa produktuak, erratza, lanbasa eta material ortopedikoa, etab.).

–Erabiltzaileak etxean sartzen utziko ditu zer esku-hartze mota behar den ikusteko bertaratzen diren langileak, baita segimendua egitera datozenak ere. Eta etxean sartzen utziko ditu, orobat, zerbitzua emanen duten langileen lan arriskuak balioestera datozenak, hala egitea beharrezkoa denean.

Xedapen indargabetzailea. Ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera indarrik gabe geldituko da aurrekoa, 1995eko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 30ean, argitaratu zena.

ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia-unitatearen kide guztiei buruzkoa (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren fotokopia.

–Norbanakoaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun etxearen txostena, onuradunari eta mugak dituzten bizikideei buruzkoa.

–Errolda eta bizikidetza ziurtagiria.

–Zerbitzuaren tasa ordaintzeko bankuko agiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batera, aurreko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsioa eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Ziurtagiriak, behar bezala egiaztatuak, 9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrienak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia-unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak....

Bizikidetza unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L2004994