119. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, aldatzen duena uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak uztailaren 5ean emandako 39E/2019 Foru Aginduaren bidez, 2020ko deialdia onetsi zen Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, hain zuzen, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik; deialdi horren oinarri arautzaileak ere onetsi ziren.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 17ko 2E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen 1.220.000,00 euro egiten duten dirulaguntzak ematea A1, A2, B1, B2 eta C1 azpitaldeetako Nafarroako kirol taldeei eta kirol talde filialei.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 20ko 4E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen 310.000,00 euro egiten duten dirulaguntzak ematea B3 azpitaldeko Nafarroako kirol taldeei eta kirol talde filialei.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 20ko 5E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen 100.000,00 euro egiten duten dirulaguntzak ematea C2 azpitaldeko eta D taldeko Nafarroako kirol taldeei eta kirol talde filialei.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 20ko 6E/2019 Ebazpenaren bidez onetsi zen 101.713,51 euro egiten duten dirulaguntzak ematea E taldeko Nafarroako kirol taldeei eta kirol talde filialei.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 10eko 2E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen 53.286,49 euro egiten duten dirulaguntzak ematea F taldeko Nafarroako kirol taldeei eta kirol talde filialei.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 7ko 7E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen konturako hasierako ordainketa bat egitea, 464.238,98 eurokoa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 27ko 11E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen konturako hasierako ordainketa bat egitea, 281.825,10 eurokoa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 16ko 13E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen behin betiko ordainketa bat egitea, 12.825,45 eurokoa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 28ko 18E/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen behin betiko ordainketa bat egitea, 31.233,35 eurokoa.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan jasotako neurrietako bat da (10. art.) kirol jarduerak egiteko lokalak ixtea jendearentzat. Era berean, alarma egoera bertan behera gelditzen denean, pentsatzekoa da murriztapen eta mugapen batzuk ezarriko direla COVID-19a heda ez dadin laguntzeko; neurri horien ondorioz, aurreikusitako kirol jarduerak egitea zailagoa izanen da kasu batzuetan eta ezinezkoa beste kasu askotan.

Apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 3. artikuluan aurreikusirik dago bermatuko dela irabazi-asmorik gabeko erakundeek -horien artean daude Nafarroako kirol klubak eta kirol klub filialak- jasoko dituztela Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza guztiak, eta, horretarako, deialdiak egokitu eginen direla.

Aipatutako inguruabar guztiak direla eta, nabarmen aldatu dira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak emateko deialdiarekin bilatzen diren helburuak eta xedeak, uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. oinarrian jasotakoak: “Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei laguntzea Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzeak sortzen dizkien gastuak neurri batean ordaintzen”.

Xede horiek bete ahal izateko, ordea, aldaketa batzuk egin behar dira deialdi honen oinarri arautzaileetan, sortutako egoera berriarekin bat etor daitezen. Aldaketa horiek eragiten diete uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 11. oinarriari eta II. eranskineko azken apartatuari: “Hainbanaketa. Eskura dagoen saldoa handitzea”. Hau da aldaketaren edukia:

–Gastuen justifikazioa. I. eranskineko 11. oinarrian, zehazki 11.10 puntuan, ezartzen da gastu guztiak justifikatzen ez badira, emandako dirulaguntzaren ordainketa proportzioan gutxituko dela.

Lehiaketaren kategoria bakoitzean eman beharreko zenbatekoetan dauden mugak direla eta, hainbanaketa egin behar da dirua banatzeko, eta, horrenbestez, gerta daiteke klub batek justifikatzen duen gastu orokorra izatea onartutako zenbatekoa baino handiagoa, baina ordaintzen zaiona gutxiago izatea, apartatu hori aplikatzearen ondorioz. Salbuespen egoera batean bizi garen honetan, liga gehienak bertan behera geratu direlarik, gastu kontzeptu batzuetan ezinezkoa izanen da justifikatzea aurrekontuko diru kopuruak, adibidez, joan-etorriei edo arbitroei dagozkienak, eta beste kontzeptu batzuetan, aldiz, inskripzioei dagokiena, adibidez, kopuru osoak justifikatuko diren arren gutxiago ordainduko zaie aipatutako hainbanaketa aplikatzeagatik.

Planteatzen dena da kontzeptu batzuk besteekin konpentsatzea eta dirulaguntza ordaintzea justifikatutako guztiagatik, aplikatu gabe apartatu horretan jasotzen den minorazioa eta kontuan hartuta ordainduko den zenbatekoa ezin dela inola ere izan onartutakoa baino handiagoa.

Kasu honetan, aldaketak 11.10 oinarriaren edukiari eragiten dio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Foru agindu bat onestea, aldatzeko Kultura eta Kiroleko kontseilariaren uztailaren 5eko 39E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez oinarri arautzaile batzuk arautzen baitira Nafarroako kirol klubei eta kirol klub filialei dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egiten diren Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko liga ofizial ez-profesionaletan parte hartzen duten taldeengatik. Foru agindu horren I. eranskineko 11. oinarriaren edukia aldatzen da zati batean.

2. Uztailaren 5eko 39E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 11. oinarria aldatzea, 11.10 apartatuaren edukiak testu hau izan dezan:

“11. oinarria. Frogagiriak.

11.10.–Ordainketa egiteko, baliozkotzat hartuko dira diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzean benetan eta zuzen justifikatutako zenbateko guztiak, dirulaguntzak emateko ebazpenean aplikatutako hainbanaketa kontuan hartu gabe.

Mugapenerako kontzeptu gisa kontuan hartuko dira soilik kontzeptu diruz lagungarri bakoitzerako (hainbanaketa aplikatu aurretik) onartutako zenbatekoa, eta entitate onuradun bakoitzari dirulaguntzak emateko ebazpenean esleitutako zenbateko orokorra.

Konturako ordainketa egina badago, bidezkoa izanen da bidegabeki jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzultzea, justifikatutakoaren arabera. Kasu horretan, berandutze-interesak sortuko dira, konturako ordainketa egin zen egunetik.”

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4. Foru agindu hau Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomikoak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 26an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2005258