119. ALDIZKARIA - 2020ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdia, 2020. urterako, migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuetarako. DDBN identifikazioa: 506079.

Ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzen duenak, %0,7 horretan sartzen den diruaren azken destinoa ezartzen du, jarduketak eta ekintzen hartzaileak finkatu eta lehenesten ditu eta Nafarroako Foru Komunitateko GKEei eta irabazi-asmorik gabeko entitateei parte hartzeko eta inplikatzeko aukera ematen die.

Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak, geroago abenduaren 11ko 2/2009 Lege Organikoak aldatuak, etorkinen integrazioa arautzen du 2 ter. artikuluan.

Azkenik, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen urriaren 30eko 12/2009 Legearen 30. eta 31. artikuluetan, nazioarteko babesa eskatzen dutenen gizarte eskubideak eta harrera arautzen dira.

Deialdiak bidea ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, bermatzen du dirulaguntzak irizpide objektiboei jarraikiz emanen direla. Irizpide horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gizarte politikaren esparru orokorrean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.

Azkenik, aipatu behar da ezen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez COVID-19aren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratu zela, eta errege dekretu horren hirugarren xedapen gehigarriak administrazioko epeak eten zituela, eta baldintzak bertan behera utzi. Xedapen horretan adierazten da, orobat, organo eskudunak erabakitzen ahalko duela, ebazpen arrazoitu baten bidez, behar-beharrezko zer neurri hartuko diren, antolaketari eta instrukzioari dagokienez, ez dakien kalte larririk sortu prozeduretan interesdun direnen eskubide eta interesei; halaber, organo horrek erabakitzen ahalko du interes orokorra babesteko ezinbestekoak diren prozedurekin jarraitzea. Laguntzen deialdi hau tramitatzea interes orokorrekoa da. Izan ere, litekeena da COVID-19aren inpaktuak prekarietate handiagoko egoera batean kokatzea zenbait kolektibo, eta deialdi honen onuradunen jarduera lotuta dago, zuzen-zuzenean, kolektibo horiei laguntza ematearekin. Horrek justifikatzen du deialdi hau tramitatu beharra.

Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuaren proposamen txostena jaso da espedientean, baita Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluaren txosten juridikoa eta onespena, eta kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere.

Ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren martxoaren 25eko 3/2020 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea, migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuetarako. Oinarri arautzaileak foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso dira.

2. 340.000 euroko gastua baimentzea; horietatik 240.000 euro F10001-F1100-4819-231900 “PFEZaren% 0,7ko funtsa. Migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko erakundeentzako dirulaguntzak” eta 100.000 euro, F10001-F1100-4819-231903 “Migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko erakundeentzako dirulaguntzak” partidaren kargura, biak ere 2020ko gastuen aurrekontukoak.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Agindu hau igortzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira; Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura; eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 14an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

Dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateentzako, 2020. urterako, migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuetarako

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak dirulaguntzen deialdi bat egin du 2020rako, xede honekin: irabazi-asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateen migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta lagun egiteko proiektuak finantzatzea. Proiektu horien helburua izanen da migratzaileei eta errefuxiatuei zuzendutako harrera eta laguntza prozesuak hobetzea.

2. Diruz lagunduko diren proiektuak migratzaileak gizarte-inklusiora bideratuko dira, arreta berezia jarriz ahulenak diren pertsonengan, hau da, emakumeak, haurrak eta nerabeak.

3. Berariaz baztertzen dira eraikuntza obren proiektuak eta/edo birgaitze proiektuak, baita kultur ekintzak eta aisialdikoak egitea eduki bakarra duten proiektuak ere.

4. Esku-hartzeak bi mota edo modalitatekoak izaten ahal dira:

A modalitatea.–Harrera hobetzeko prozesuak, hala nola informazioa eta deribazioa, laguntza juridikoa, laguntza psikologikoa, gaztelania eta euskara ikastea, eskola errefortzua, kirol integrazioko eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak, eta kulturen arteko laguntza, ahalduntze eta bitartekotza prozesuak.

B modalitatea.–Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak hartzeko eta integratzeko programa indartzea, Nafarroan aipatu programa kudeatzeko akreditatuak dauden entitateek garatua.

5. Dirulaguntzaren xedea eta helburuak, A modalitatean zein B modalitatean, gauzatuko dira bai COVID-19ak eragindako osasun krisiaren harira dekretatu den alarma egoera dela eta emandako arauetan xedatutakoaren arabera, baita horiek gauzatzeko unean indarrean den gainerako ordenamendu juridikoak ezartzen duenaren arabera ere.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako, 340.000 euro bideratuko dira guztira, honela banaturik:

A modalitatea.–240.000 euro, F10001-F1100-4819-231900 “PFEZaren% 0,7ko funtsa. Migratzaileei harrera eta lagun egiteko entitateentzako dirulaguntzak” partidaren kargura.

B modalitatea.–100.000 euro, F10002-F1100-4819-231903 partidaren kargura (“Migratzaileei harrera eta lagun egiteko entitateentzako dirulaguntzak” izenekoa).

2020ko Gastuen Aurrekontukoak, biak ere.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun izateko, entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea, bere izaera juridikoaren araberakoak, eta erregelamenduz dagokien erregistroan inskribatuta egotea. Baita pertsona juridiko pribatuen taldeak ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Irabazi-asmorik ez edukitzea.

c) Bere estatutuetan jasota izatea, berariazko helburuen artean, esku-hartze sozialeko lana egitea proiektuaren xedeko modalitatearen esparruan.

d) Ordezkaritza izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betetzea.

f) Ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean, justifikazio epea amaitzen den arte.

Laugarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen 1. oinarrian jasotako xede eta helburuetarako egokiak izatea.

b) Jarduerak 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 1era arte egitea.

c) Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean egitea.

d) Ezin izanen dira diruz lagundu irizpide sexistak, arrazistak, xenofoboak edo beste edozein motatako diskriminazioa aplikatzen duten proiektuak, jarduerak edo jarduketak. Gainera, diruz laguntzen den jarduerak emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna aldeztu behar du.

e) A modalitateko laguntzetarako gehieneko zenbatekoa 45.000 euro izanen da eta B modalitateko laguntzetarako, 50.000 euro.

f) 6. oinarrian aipatzen diren zeharkako kostuak, dirulaguntzaren kargura aplikatu eta aurrekontuan sartzen direnak, ezin izanen dira haren %10etik gorakoak izan.

Bosgarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira jarduera garatzeko jasotzen diren beste batzuekin.

2. Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ezin izanen du inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, deialdiaren epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. 2020ko abenduaren 1era arte egindako ondasun emateen edo zerbitzu prestazioenak izanen dira, eta 2020ko abenduaren 1erako ordainduta egon beharko dira.

3. Honako kontzeptu hauek jasotzen ahal dute dirulaguntza:

A) Proiektuko jarduerak egiteko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak:

a.1) Higigarrien alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak. Entitatearen egoitzan egiten diren jardueren kasuan, hura alokatuta badago, entitatearen jarduera guztietan jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Aipatutako gastu arruntak zuzeneko gastu gisa diruz lagundu ahal izateko, jarduera horretarako bakar-bakarrik erabiltzen den lokal batean egin beharko da.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Langile gastuentzako dirulaguntza Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat ezarritako bera izanen da, gehienez; koordinazio lanetarako langileen kasuan, haien profila ez da izanen gizarte-langileei dagokiena baino handiagoa.

a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugikortasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko kontratatzen den kasuetan.

a.6) Finantza gastuak. Sail honetan sartuko dira entitateak izanen lituzkeen gastuak, baldin eta bere jarduera ez eteteagatik hirugarrenei kalte egin eta bankuari mailegu bat edo kreditu lerro bat eskatzea beharrezkoa balitz. Kontzeptu horren barrenean egozten ahalko dira, bakar-bakarrik, dirulaguntzaren aurrerakina pagatu arte sortzen diren interesak eta, orobat, mailegua ireki eta ixteko gastuak. Banku kontuetako interes zordunak salbuetsita daude (kontu korronteetako zorpekoak). Kreditu lerroa edo mailegua deialdi honetan aurkezten den proiekturako eskatu beharko da, zalantzarik gabe; horretarako, 2.000 euroko dirulaguntza emanen da gehienez. Entitateak dirulaguntzaren aurrerakinik eskatzen ez badu, finantza gastuak ez dira aintzat hartuko. Dirulaguntzari dagozkion finantza gastuak kalkulatzeko, kontuan hartuko da banku entitateari eskatutako mailegua edo kreditua ez izatea proiektuaren guztirako kostuaren %70etik gorakoa. Bestela, ehuneko hori arteko hainbanaketa eginen da.

a.7) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

B) Zeharkako gastuak:

Proiektuaren zeharkako kostuengatik dirulaguntzari %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio. Zeharkako kostu horiek entitate onuradunaren funtzionamendu gastu orokorrak izanen dira, alegia: bestelako langile gastuak, lokalenak, bulegoko materialenak eta bestelako gastu arruntak. Zeharkako gastuen %85 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat hartuko ekipamendu eta ondasun inbentariagarriak, ez eta eraikuntzako materialak, protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrerak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.) eta amortizazioak ere.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate eskatzaile bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du proiektu modalitate bakoitzeko.

2. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak telematikaren bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Erregistroaren funtzionamendu okerrak aurkezpen telematikoa egitea eragozten duen kasuetan bakarrik onartuko dira aurkezpen ez telematikoak, behin eragozpen hori gertatu dela frogatuta. Orduan, eskaerak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkeztuko dira.

Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz sincluss@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaeren kasuan, Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dira. Entitate eskatzaileek migraciones.acogida@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

4. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Entitate eskatzaileek Nafarroako Gobernuko eskaera orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batera:

a) Entitate eskatzailearen dokumentazioa:

a.1) Entitatearen estatutuak.

a.2) Entitatea erregelamenduz dagokion erregistroan inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria edo beste frogagiri bat. Entitateak helbide soziala Nafarroatik kanpora baldin badu, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza bat ireki dela dioen ziurtagiria. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.3) Identifikazio fiskaleko txartela.

a.4) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak dirulaguntzen onuradun izateko debekurik urratzen ez dutela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusita daude. (III. eranskina).

a.5) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, agerrarazten duena entitatea ez dela betetzen ari, edo, hala badagokio, ez daukala betetzeke zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik genero edo sexu diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (IV. eranskina).

a.6) Baimena ematea Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari, erakundeak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko (V. eranskina) edo dagokion ziurtagiria aurkezteko.

a.7) Erakunde eskatzailearen adierazpena, BEZaren aitorpenak egitetik salbuetsita edo lotuta egoteari buruzkoa.

a.8) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

a.9) Hala behar izanez gero, eta 15. oinarrian xedatutakoari dagokionez, dirulaguntzaren helburuak betetzeko diru-funtsak aurretiaz behar direla frogatzeko txostena, baita seigarren oinarriko “finantza gastuak” izeneko a.6 puntuan xedatutakoaren ondorioetarako ere.

a.10) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, dirulaguntza eskaerarekin batera, aurkez dezakete deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa.

Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituzten agiriak edo administrazio honen esku dauden datuak badira, ez da beharrezkoa izanen a.1), a.2) eta a.3) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztea. Kasu horretan, entitate eskatzaileak idatziz adierazi beharko du noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen. Aipatu agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariak aitorpen bat aurkezten ahalko du, inguruabar hori azaltzeko.

b) Balorazioa egiteko dokumentazioa:

b.1) Proiektuaren memoria teknikoa inprimaki ofizialean, euskarri informatikoan aurkeztuta. Eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es/ Ayudas y Becas) eta helbide elektroniko honetan: migraciones.acogida@navarra.es.

b.2) Proiektuaren memoria ekonomikoa inprimaki ofizialean, euskarri informatikoan aurkeztuta. Eredua interesdunen eskura egonen da Nafarroako Gobernuaren webguneko zerbitzuen katalogoan (www.navarra.es/ Ayudas y Becas) eta helbide elektroniko honetan: migraciones.acogida@navarra.es.

b.3) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

1. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak tramitatuko ditu eskaerak, berbera izanen baita instrukzio eta kudeatzailetza organo izendatua. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak ofizioz baloratuko ditu, oinarri hauen arabera.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusita dagoenari jarraikiz.

Baloratzeko aurkezten den dokumentazioa ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1. Eskaerak bereiz eta bere aldetik baloratuko dira, bere modalitatearen arabera (1. oinarrian adieraziak), 0tik 100 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 35, gutxienez, II. eranskineko ‘B” atalean.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatu eta onartzen den aurrekontuaren %100 adinakoa izanen da.

4. Modalitateren batean positiboki baloratzen diren eskaeretako guztirako zenbatekoak aurrekontuetan modalitate horretarako ezarritako dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira. Prozedura horren arabera dirulaguntza eskuratzen ahal duen azken proiektuaren kasuan, eskatutakoak gainditzen duenean hura finantzatzeko dagoen zenbatekoa, dirulaguntza ematea proposatuko da haren kontzesioa eraginkorra bada, eta horretarako 12. oinarrian aurreikusitako tramiteari jarraituko zaio.

5. Jarduketaren modalitate berean proiektu batek baino gehiagok puntuazio bera lortu eta aurrekontuan krediturik ez dagoen kasuan, II. eranskineko B atalean puntuazio handiena lortzen duena izanen da entitate onuraduna. Berdinketak irauten badu, proiektuak baloratzeko irizpideen B1 atalean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, erakunde interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

Hamabigarrena.–Birformulazioa.

Baldin dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, instrukzio organoak eskatzen ahal du eskaera berregiteko, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den dirulaguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, dirulaguntzaz gaineko kofinantzaketa-portzentajea izanen da eskaeran adierazitakoa edo handiagoa.

Hamahirugarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Prozeduraren instrukzioa eginda, eta aurkeztutako eskaerak ebazteko proposamena egin ondoren, Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari dagokio ebazpena ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz.

2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

3. Ebazpen horretan honako hauek agertuko dira: dirulaguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkien, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Hamalaugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Ebazpena administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eta www.navarra.es/AyudasyBecas Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamabosgarrena.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, hau da, aurreratutako ordainketa bakar batean eta dirulaguntzak emateko kontzesioarekin batera, baldin entitateek aski baliabiderik ez badute diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko, eta, betiere, hori behar bezala frogatzen badute.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat, entitatearen izenean dauden banku kontuak agertzen dituena, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat, kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena, edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

2. Dirulaguntzaren ordainketa aurreratua egitea bidezkoa ez den kasuetan, dirulaguntza ordainduko da jarduera burutu dela justifikatu eta gero.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Entitate onuradunek, eskaerarekin batera, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzeari buruzko txosten teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu beharko dute (partziala edo azkenekoa, zer dagokion), inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan. Eredua Nafarroako Gobernuaren webgunearen zerbitzuen katalogoan eskura daiteke (www.navarra.es/AyudasyBecas), baita helbide elektroniko honetan ere: migraciones.acogida@navarra.es.

2. Entitate guztiek txosten tekniko eta ekonomiko partzial bat aurkeztu beharko dute, beranduenez ere uztailaren 31n, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean egindako jarduerei buruzkoa. Gainera, ordainketa aurreratua jasotzea zilegi izan ez duten entitateek tarteko beste txosten batzuk egin ditzakete, eta azken tarteko txostenerako epemuga urriaren 31 izanen da.

Prozedura kudeatzen duen zerbitzuak proiektuaren bilakaerari buruzko txosten bat aurkezteko eskatzen ahalko du, ekitaldiko edozein unetan, diruz lagundutako jarduerak zenbateraino gauzatu diren azalduko duena.

3. Azken txostenak edo txosten partzialak justifikazio-kontuaren itxura izanen du, eta gastua justifikatzen duten agiriekin batera aurkeztuko da. Hurrengo alderdi hauek jasoko ditu:

a) Tarteko ordainketak jasotzeko txosten partzialak, (tarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira hura bukatutakoan):

a.1) Proiektuaren bilakaerari buruzko tarteko txosten laburra, ezarritako ereduaren araberakoa, kronograma batean diruz lagundutako jardueren exekuzioa adieraziz, finkatutako helburuen eta gastatutako diru kopuruaren arabera.

a.2) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, webgunean argitaratutako ereduaren arabera, hauek zehaztuz: dokumentu zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, jaulki zen data, zenbatekoa eta egiazki noiz ordaindu den.

Zerrenda horrekin batera, gastuaren eta ordainketaren frogagiriak modu digitalean aurkeztu beharko dira (telematikoki aurkeztuta, edo USB euskarrian), lehen aipatutako gastuen zerrendan deskribatutako ordenari jarraikiz. Gastuaren frogagiri gisa, ordainagiriak eta fakturak bezalako dokumentuak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

Ordainketaren frogagiri gisa, diruz lagundutako jarduketak ordaindu izana justifikatzen duten banku agiriak bakarrik onartuko dira (eskudiruzko ordainketak ez dira onartuko).

Onartutako gastuen zerrenda, dagozkien aldaketekin, halakorik bada, eranskin gisa sartuko da azken ordainketaren ebazpenean.

a.3) Konpentsatutako BEZik bada, haren aitorpena.

b) Azken txostena, eredu ofizialaren araberakoa, proiektua bukatu ondoan:

b.1) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, eredu ofizialaren arabera prestatua, gutxienez honako atal hauek jasoko dituena, aurkeztutako proiektuan adierazitakoarekin bat:

–Lortutako helburuen zehaztapena.

–Lortutako emaitzak.

–Egindako jarduerak.

–Datuak sexuen arabera bereizirik.

–Egindako jarduerak egiaztatzeko iturriak.

b.2) Proiektuaren emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak), kontzeptuen arabera sailkaturik, digitalizaturik (telematikoki aurkeztuta, edo USB euskarrian).

b.3) Diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, oinarri honen 3 a.2) atalean aipatutako ordainketa partzialak jasotzeko ezarritako baldintza beretan.

b.4) Onetsitako aurrekontua eta gauzatutakoa erkatzen dituen taula, digitalizaturik (telematikoki aurkeztuta,edo USB euskarrian), desbideratu dena adierazita.

b.5) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria (telematikoki aurkeztuta, edo USB euskarrian), non frogatuko baita justifikazioko kontuan inputatutako zeharkako gastuen portzentajea eta jarduera garatzeko diru-sarrerek ez dituztela gastuak gainditu.

b.6) Dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileen lan-kontratu digitalizatuak (telematikoki edo USB euskarrian aurkeztutakoak).

b.7) Entitateko arduradunak sinatutako ziurtagiria, digitalizaturik (telematikoki aurkeztuta, edo USB euskarrian), non frogatzen baita proiektuko langileek finantzaturiko programetan egin dituzten lanaldien egozpena, eta proiektuan aritu diren langileei ordaintzeko benetan bideratu dela.

b.8) Entitateko langileen hileko nominen laburpenak.

b.9) Urteko 190 eredua (lan atxikipenak, zenbait enpresa eta lanbide jardueraren atxikipenak eta sarienak), eta urteko 180 eredua (errentamenduengatiko atxikipenak), biak digitalizatuak (telematikoki aurkeztuta, edo USB euskarrian).

b.10) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Jarduerak, dirulaguntzaz gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu direnean, azken justifikazioan –edo justifikazio partzialetan, hala badagokio– dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira, eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela. Bestela, ordaindutako zati proportzionala itzuli beharko da.

4. Azken txostena, beranduenez, 2020ko abenduarne 5ean aurkeztu beharko da, egun hori barne.

Hamazazpigarrena.–Hornitzaileen kontratazioa eta azpikontratazioa.

1. Entitate onuradunak hirugarrenekin kontratatzen ahalko du dirulaguntzaren xede den jardueraren exekuzio partziala; horretarako, diruz lagundutako aurrekontuaren %50 erabiltzen ahalko du gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

2. Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako portzentajeekin eta zehaztapenekin bat, azpikontratazioa egitean, gehienbat desgaitasuna duten langileek edo gizarte bazterketa egoeran daudenek osatutako enpresei edo entitateei emanen diete lehentasuna entitate onuradunek, betiere entitate horiek egin ditzaketen prestazio edo jarduerak badira, nolakoak diren ikusita. Entitate onuradunak ez badu lehentasun hori aplikatzen, arrazoibidez justifikatu beharko du dirulaguntza kudeatzen duen zerbitzuan.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundutako gastuak aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu emateko baldin badira eta 12.000,00 euro baino handiagoak badira, organo emaileari frogatu beharko diote enpresa edo entitate hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela. Horretarako, helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapenaren arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

4. Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

Hamazortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak gauzatzea deialdi honetako oinarri arautzaileen eta baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, eta dirua zer helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea. Gauzatze horrek, betiere, proiektua osatzen duten jarduerak kudeatzea eta zuzentzea hartzen du bere baitan, baita beharrezkoak diren baliabideak jartzea ere.

b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuari esleitutako langile taldean egiten diren aldaketa guztiak, eta, bereziki, laneko bajak. Baja kasuetan, langileak gehienez ere hilabeteko epean ordeztu beharko dira, dirulaguntza ematean aintzat hartutako langile gastuak osatzeko behar den lanaldi portzentajerako kontratatuz.

d) Diruz lagundutako entitateek argitara eman beharko dute dirulaguntzaren jatorria, diruz lagundutako proiektuen hedapen eta publizitate orotan. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Nafarroako Gobernuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen erakundearenak duen tamaina berean eta ikusteko moduko baldintza beretan, Nafarroako Sinboloen otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

e) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo kudeatzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Justifikazio kontuak aurkeztea ezarritako ereduaren arabera.

i) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

j) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

l) Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu eta eskuratzea diruz lagundutako proiektuan funtsezko aldaketak egiteko, baldin proiektua gauzatzea nabarmen aldatzen edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen badira. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, helburuetan, emaitzetan, onura hartzen duen populazioan edo lurralde kokapenean eragina izan beharko du, edo, hasierako aurrekontuarekin alderaturik, partidako multzo bakoitzaren %10eko desbideratze ekonomikoa gertatu beharko da. Aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta aldaketa horiek justifikatzen dituzten inguruabarrak agertu eta berehala formulatu, edozein kasutan dagokion urteko urriaren 31 baino lehen. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da. Proiektua gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketa ez-funtsezkoak arrazoituta adieraziko dira justifikazioko txosten partzialean edo azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

Hemeretzigarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Gardentasun betebeharrak dituzten entitateek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hamar eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta organo kudeatzaileari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori urratuz gero, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta zerbait aurreratu bada, aurreratu diren kopuruak itzuli beharko dira.

Hogeigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzaren ordainketa osoa edo partziala jasotzeko eskubidea galduko da edo, kasua bada, hartutako zenbatekoa osorik edo partez itzuli beharko da baldin eta proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Aurrekoa gorabehera, entitate onuradunak ia osorik betetzen baditu dagozkion betebeharrak eta frogatzen badu bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia duela, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa edo dirulaguntzaren azken ordainketatik gutxitu beharrekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

3. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Azken justifikazioan formalak baino ez diren ez-betetzeak gertatzen badira, dagozkion dokumentuak zenbat egun aurkeztu diren epetik kanpo hartuko da kontuan, eskala honen arabera:

  • 1 eta 3 egun baliodun arteko atzerapena: %5eko murriztapena.
  • 4 eta 6 egun baliodun arteko atzerapena: %50eko murriztapena.
  • 6 egun baliodun baino gehiagoko atzerapena: ordainketa osoa itzultzea edo hura galtzea.
  • 4.Aurreko ataletan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluko III. kapituluan xedatutakoari jarraikiz. Dirua itzultzea eskatzeko prozedura ebatzi beharko da hura hasten denetik 12 hilabeteko epean.

Hogeita batgarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita bigarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan jasotakoaz gain, lege hauetako xedapenak aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea.

II. ERANSKINA

Balorazio-irizpideak: 100 puntu gehienez

A.–Bidezkotasun instituzionala

(15 puntu arte)

a.1.–Jarduera urteak erregistroan inskribatzearen arabera (0,25 puntu jarduera urte bakoitzeko)

Gehienez 2 puntu

a.2.

Generoa

Gehienez 5,00 puntu

Emakume-kopurua entitateko erantzkizuneko karguetan:

–%50etik gorakoa

–%20 eta %50 artean

–%20tik beherakoa

1,00 puntu

0,50 puntu

0,25 puntu

Kontrataturiko emakumeen kopurua:

–%50etik gorakoa

–%20 eta %50 artean

–%20tik beherakoa

1,00 puntu

0,50 puntu

0,25 puntu

Emakume boluntarioen kopurua:

–%50etik gorakoa

–%20 eta %50 artean

–%20tik beherakoa

1,00 puntu

0,50 puntu

0,25 puntu

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana izatea

1,00 puntu

Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzio protokoloa izatea

1,00 puntu

a.3.

Gaitasun finantzarioa

Gehienez 3,00 puntu

Finantzaketa pribatuaren ehunekoa:

–%35etik gorakoa

–%15 eta %35 artean

–%15etik beherakoa

1,00 puntu

0,50 puntu

0,25 puntu

Finantzaketa iturrien dibertsifikazioa:

–5 finantzatzaile baino gehiago (Nafarroako Gobernua ere barne)

–2 eta 5 finantzatzaileren artean (Nafarroako Gobernua ere barne)

1,00 puntu

0,50 puntu

Aurreko urteko emaitza ekonomikoak:

–Superabita edo oreka

–Defizita

1,00 puntu

0,50 puntu

a.4.

Eskarmentua migratzaileekin lan egiten eta kulturarteko bizikidetzaren arloan

Gehienez 5,00 puntu

Azkeneko 4 urteotan migratzaileei harrera egiteko edo laguntza emateko egindako jardueren/proiektuen kopurua

(0,50 puntu proiektuko; proiekturik ez badago, 0,00 puntu)

Gehienez 2,50 puntu

Azkeneko 4 urteotan kulturarteko bizikidetzaren eta arrazakeriaren aurkako borrokaren arloan egindako jardueren/proiektuen kopurua

(0,50 puntu proiektuko; proiekturik ez badago, 0,00 puntu)

Gehienez 2,50 puntu

b.–Proiektuaren koherentziaren azterketa

(50,00 puntu arte)

b.1.

Proiektuaren oinarria

(10,00 puntu arte)

Guztiz koherentea da

10,00 puntu

Koherentzia alderdien zati batean bakarrik

5,00 puntu

Inkoherentea da, edo oso gutxi zehaztuta dago

0,00 puntu

b.2.

Proiektuaren jarduketaren lurralde eremua

(4,00 puntu arte)

Herri bat edo gehiago, Iruñea eta Iruñerrikoa ez dena

4,00 puntu

Herri bat edo gehiago, Iruñean edo Iruñerrian eta Nafarroako Foru Komunitateko gainerako lurraldean

3,00 puntu

Bakar-bakarrik Iruñean eta/edo Iruñerrian

2,00 puntu

b.3.

Esku hartzen den udalerriko edo udalerrietako biztanle migratzaileen proportzioa

(4,00 puntu arte)

%20tik gora

4,00 puntu

%15 eta %20 artean

3,00 puntu

%15etik behera

2,00 puntu

b.4.

Helburuak:

(5,00 puntu arte)

Guztiz koherenteak dira, eta ongi zehaztuta daude

5,00 puntu

Inkoherenteak dira, edo oso gutxi zehaztuta daude

2,00 puntu

Ez da bete

0,00 puntu

b.5.

Jardueren deskribapena

(5,00 puntu bitarte)

Zehatz deskribatuta

5,00 puntu

Ez daude zehatz deskribatuta

2,00 puntu

Ez daude deskribatuta (aipatuak besterik ez)

0,00 puntu

b.6.

Espero diren emaitzak

(4,00 puntu arte)

Zehatz deskribatuta

4,00 puntu

Ez daude zehatz deskribatuta

2,50 puntu

Ez dira bete

0,00 puntu

b.7.

Jardueren egutegia

(2,00 puntu arte)

Zehatz deskribatuta

2,00 puntu

Ez dago zehatz deskribatuta

1,00 puntu

Ez da bete

0,00 puntu

b.8.

Jardueren zabaltzearen kalitatea

(2,00 puntu arte)

Hainbat euskarri erabiltzen du eta planifikazio bat dago

2,00 puntu

Hainbat euskarri erabiltzen du, baina ez dago planifikaziorik

1,00 puntu

Ez da bete

0,00 puntu

b.9.

Jarduerak egitean hartutako zeharkako neurrien intentsitatea (genero-ikuspegia, aukera berdintasuna, ingurumen neurriak, hizkuntzen erabilera)

(4,00 puntu arte)

Gutxienez zeharkako hiru neurri jasotzen ditu (genero-ikuspegia barne)

4,00 puntu

Gutxienez zeharkako bi neurri jasotzen ditu (genero-ikuspegia barne)

2,50 puntu

Genero ikuspegia zeharka txertatzen du

2,00 puntu

b.10.

Helburuen, emaitzen eta jardueren arteko koherentzia aztertzea.

Hau da, helburuen, jardueren eta emaitzen artean koherentziarik ba ote dagoen aztertuko da: jarduera horiek eginez emaitzak lortzen direnetz eta emaitza horiek lortuz helburuak betetzen direnetz, kontuan hartuz, batetik, ingurunea, eta bestetik, helburuak eta jarduerak diseinatzeko oinarriak: 0 puntutik 10era arteko eskala kualitatibo batean neurtzen da, sailkapen honen arabera:

(10,00 puntu arte)

Erabateko koherentzia dago helburuen, emaitzen eta jardueren artean

10,00 puntu

Jardueren eta emaitzen artean bakarrik dago koherentzia

5,00 puntu

Jardueren eta helburuen artean bakarrik dago koherentzia

5,00 puntu

Helburuen eta emaitzen artean dago koherentzia

5,00 puntu

Inkoherentea da

0,00 puntu

c.–Ebaluazioaren azterketa (adierazleak, egiaztatzeko iturriak, ebaluazio eta jarraipen prozesua)

(10,00 puntu arte)

c.1.

Adierazleak:

(3,00 puntu arte)

Adierazle kuantitatibo eta kualitatibo egokiak daude

3,00 puntu

Adierazle bakarrik kuantitatibo edo bakarrik kualitatibo egokiak daude

1,50 puntu

Ez da adierazlerik, edo ez dira egokiak

0,00 puntu

c.2.

Egiaztapen iturriak:

(3,00 puntu arte)

Aski eta egokiak

3,00 puntu

Ez aski, baina egokiak

1,50 puntu

Desegokiak

0,00 puntu

c.3.

Ebaluazio eta jarraipen prozesu bat izatea:

(4,00 puntu arte)

Oso egokia

4,00 puntu

Egokia

2,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

d.–Giza baliabideen, baliabide teknikoen eta ekonomikoen azterketa

(8,00 puntu arte)

d.1.

Giza baliabideen egokitasuna: Profil teknikoen eta funtzioen definizioa

(2,00 puntu arte)

Oso egokia

2,00 puntu

Egokia

1,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

d.2.

Boluntariorik ba ote den, eta esleitu zaizkien eginkizunen azterketa:

(2,00 puntu arte)

Boluntario batzuek funtzio argiak dituzte esleituta

2,00 puntu

Boluntario batzuek ez dute funtzio argirik esleituta

1,00 puntu

Ez dago boluntariorik

0,00 puntu

d.3.

Aurrekontuaren xehakatze egokia:

(3,00 puntu arte)

Aurrekontu banakatua, xehatua partida bakoitzean

3,00 puntu

Aurrekontua, oro har, partiden arabera banakatuta

1,50 puntu

Aurrekontu haizki banakatua

0,50 puntu

d.4.

Kofinantzaketa izatea, eskala honen arabera:

(1,00 puntu arte)

NGtik kanpoko ekarpena >%10

1,00 puntu

NGtik kanpoko ekarpena %10 arte

0,50 puntu

Ez dago NGtik kanpoko ekarpenik

0,00 puntu

e.–Beste entitate eta baliabide publiko batzuekin aurketutako proiektuaren osagarritasunaren eta koordinazioaren azterketa

(10,00 puntu arte)

Aldizkako koordinazioa eta sareko lana beste entitate eta baliabide publiko batzuekin

10,00 puntu

Aldizkako koordinazioa beste entitate eta baliabide publiko batzuekin

5,00 puntu

Ez dago koordinaziorik

0,00 puntu

f.–Parte-hartzaileen parte-hartzearen azterketa

(7,00 puntu arte)

f.1.

Profilaren azterketa eta zenbatespen kuantitatiboa:

(3,00 puntu arte)

Oso egokia

3,00 puntu

Egokia

2,00 puntu

Hala-holakoa

1,00 puntu

Desegokia

0,00 puntu

f.2.

Pertsonen sarbiderako erabilitako prozedura:

(2,00 puntu arte)

Baliabide publikoen bidez bakarrik

2,00 puntu

Baliabide publikoen bidez gehienbat

1,00 puntu

Gehienbat gizarte entitateen bidez edo beste organismo pribatu batzuen bidez

0,50 puntu

Ez dago halakorik

0,00 puntu

f.3.

Proiektuaren onuradun diren pertsonek parte hartzeko bideak izatea (akordio idatziak, gogobetetasun inkestak):

(1,00 puntu arte)

Baditu

1,00 puntu

Ez ditu

0,00 puntu

f.4.

Jardueretan parte hartzen duten emakumezkoak, batez beste

(1,00 puntu arte)

%50 eta hortik gora

1,00 puntu

%50etik behera

0,50 puntu

III. ERANSKINA

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren aitorpena.

IV. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

V. ERANSKINA

Baimena.

VI. ERANSKINA

Gardentasuna.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004971