116. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

105E/2020 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Olaztiko udal-mugartean zementua fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz berraztertzen duena. Instalazioaren titularra Cementos Portland Valderrivas SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren ekainaren 6ko 302/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 2ko 233E/2016 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 29ko 257E/2017 Ebazpenaren bidez berrikusia, Batzordearen 2013ko martxoaren 26ko 2013/163/EB Betearazpen Erabakiarekin bat etortzeko; aipatutako erabaki horretan zementua, karea eta magnesio oxidoa fabrikatzeko dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren.

Gainezkatze-puntuek jabari publiko hidraulikora ekarritako kutsadura minimizatzeko, irailaren 7ko 1290/2012 Errege Dekretuak Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua (JPHE) aldatu zuen, eta, industrialdeetako saneamendu sistemei, besteak beste, aplika dakizkiekeen eskakizun eta irizpide batzuk sartu zituen.

Zehazki, ingurumen baimen integratua behar duten industria instalazioetatik datozen isurketa-baimenen titularrek hustubideak kuantifikatzeko sistemak jarri behar zituzten gainezkatze-puntuetan, lau urteko epean, irailaren 7ko 1290/2012 Errege Dekretua indarrean jartzen denetik zenbatzen hasita.

2019ko abenduaren 20an, titularrak “Cementos de Olazagutía - GCPV (Navarra) fabrikaren gainezkatze puntuek, eurite egoeretan, ekarritako kutsadura minimizatzeko proiektua” aurkeztu zuen.

2019ko otsailaren 19an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko txosten lotesle bat eman zuen. Han, eurite egoeretan, gainezkatze-puntuei eragiten dieten baldintza berri batzuk ezarri ziren, ingurumen baimen integratuari erantsi beharrekoak.

2020ko martxoaren 9an, ingurumen-baimen integratuan jasotako isurketa baldintzak berrikusteko ebazpen proposamena entzuteko tramitea eman zitzaion titularrari. Berrikuspenaren arrazoia zen Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2020ko otsailaren 19ko txosten loteslean ezarritako baldintza berriak txertatzea.

2020ko martxoaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari helarazi zion titularrak aurkeztutako alegazioa, isurketa-puntuetako baten koordenatuei buruzkoa, hori balioesteko eta zegokion txosten loteslea egiteko.

2020ko apirilaren 16an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak beste txosten lotesle bat egin zuen hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruz, aurkeztutako alegazioa onartuz eta Baldintza Teknikoak ataleko “Ingurune hartzailearen ezaugarriak” atala aldatuz, baita 2020ko otsailaren 18ko nahitaezko txosten loteslearen 2. baldintza aldatuz ere.

Kasu honetan, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26.4 artikuluaren e) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen lege hori), eta horrenbestez, bidezkoa da ofizioz berrikustea ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatu eta industriako isurien Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16.5 artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Olaztiko udal-mugartean zementua fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua ofizioz berraztetzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketen arabera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua eman, eguneratu eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak ere bai. Instalazioaren titularra Cementos Portland Valderrivas SA da.

Bigarrena.–Hondakin urak ur jabari publikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua). Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ez ematea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ez ematea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Hirugarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Cementos Portland Valderrivas SAra, Olaztiko Udalera eta Ebroko Konfederazio Hidrografikora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 11n.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2004970