116. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita eusteko neurriak malgutzea eta zenbait jarduera presentzial berriz hastea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan 2019-2020 ikasturteari dagokionez.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu da COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan, “Neurriak malgutzea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan” izenekoan, honakoa ezartzen da:

“Luzapen honek indarra duen bitartean, eta, 3.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, lurralde eremu bat II. fasera edo hurrengora igarotzea erabakitzen bada, hezkuntza administrazioek xedatzen ahalko dute euste neurriak malgutzea eta jarduera presentzialei ekitea unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren eta prestakuntzaren esparruan, eta administrazio horien eskumena izanen da neurri horiek gauzatzea.

Denbora horretan, hezkuntza arloko jardueretarako urruneko eta online modalitateak ere mantentzen ahalko dira, posible denean, nahiz eta ikastetxean ez izan hori irakaskuntzarako berariazko modalitate gisa ezarrita dagoena.”

Aurreikuspen hori bera jasotzen da Normaltasun berrirako trantsizio plana aplikatuz COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketa hobetzeko agindu batzuk aldatzen dituen maiatzaren 23ko SDN/440/2020 Aginduaren bosgarren artikuluko seigarren apartatuan.

Maiatzaren 23ko SND/442/2020 Aginduaren bidez (2020ko maiatzaren 24ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), Nafarroa 2. fasera igarotzea baimendu ondoren, bidezkoa da xedatzea eusteko neurriak malgutzea eta zenbait jarduera presentzial berriz hastea Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan 2019-2020 ikasturteari dagokionez.

II. fasean, irakaskuntzaren arloko neurriak hauek dira: irakaskuntza presentzialari ekitea Batxilergoan, proba presentzialak egitea hizkuntza-eskola ofizialetako ziurtagiri ofizialak eskuratzeko, ziurtagiriak eskuratzeko probak egitea helduen ikastetxeetan eta Zubiarte Euskaltegian, eta zenbait irakaskuntzatarako sarrera-probak egitea. Batxilergoko bigarren mailako ikasleei dagokienez, ikasketen ikuspuntutik, goi mailako zikloetara igarotzeko eta unibertsitatera sartzeko proba prestatzeko aukera ematen duen etapa bukaera izanik, garrantzitsutzat jotzen da ekainaren 1etik aitzina ikasleei ikastetxera joateko erraztasunak ematea unibertsitatera sartzeko ebaluazioko probak eta Batxilergoko 2. mailako deialdi bereziko probak prestatzeko. Era berean, beharrezkotzat jotzen da hizkuntza eskola ofizialetan eta adierazitako ikastegietan matrikulatutako ikasleek dagozkien ziurtapen- edo titulazio-probak egin ahal izatea. Zenbait irakaskuntzatarako sarrera-probei dagokienez, arrazoia da, batetik, horiek egitea ezinbestez bete beharreko baldintza dela ikasketa horiek 2020-2021 ikasturtean egin nahi dituzten ikasleak sar daitezen, bestela ikasturte bat galduko luketelako, eta, bestetik, hezkuntza sistemaren aldeko neurria da, ezin baitu urtebeteko hutsunea sortu irakaskuntza hauen garapenean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Baimena ematea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan irakaskuntzako jarduera presentzialei ekiteko Batxilergoko bigarren mailan 2020ko ekainaren 1etik aurrera, hala nahi duten ikasleentzat.

2. Baimena ematea 2020ko ekainaren 1etik aurrera proba presentzialak egiteko, hizkuntza-eskola ofizialen ziurtagiri ofizialak eskuratzekoak, helduen ikastetxeetan eta Zubiarte Euskaltegian ziurtagiriak eskuratzekoak, bai eta honakoak ere:

–Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probak.

–Musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko probak.

–Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko probak.

–Goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko heldutasun probak.

–Musikako kontserbatorio profesionaletan sartzeko probak.

–Batxilergoaren ebaluazio proba, unibertsitatean sartzeko.

Proba horiek egiteko datak eta haien antolaketa Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunak ezarriko ditu, inplikatutako ikastetxeekin eta Hezkuntzako Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalarekin batera.

3. Batxilergoko bigarren mailako irakaskuntzako jarduera presentzialei ekitean eta aurreko apartatuan aurreikusitako probak egitean aplikatu beharko dira COVID-19ari aurre egiteko prebentzio eta higiene neurriak, Osasun Ministerioak eta/edo Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak ematen dituztenak ikastetxeen irekiera partzialerako.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetara bidaliko ditu “COVID-19ari aurre egiteko prebentzio eta higiene neurriak, 2019-2020 ikasturtean ikastetxeen irekiera partzialerako” izeneko agiria, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak 2020ko maiatzaren 14an igorria, eta eguneratzeen berri emanen die ikastetxeei, baleude, bitarteko telematikoak erabiliz.

4. Ikastetxe publikoen kasuan, lehen eta bigarren apartatuetan aurreikusitako jarduerei ekiteko beharrezkoak diren langileak 2020ko ekainaren 1ean itzuliko dira lanera, zuzendaritza-taldeek erabakitzen duten antolaketarekin, hezkuntza arreta presentziala eta, beharrezkoa denean, urrutikoa, bermatzeko.

Gainerako irakasleek jarraituko dute ikasleei urrutiko arreta ematen, baina ikastetxera bertaratu beharko dira modu puntualean, zuzendaritza-taldeak zehazten dituen zereginak betetzera.

Nolanahi ere, zuzendaritza-taldeek zainduko dute bete daitezela osasun agintaritzak eta Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak ezarritako prebentzio neurriak, zeinak ikastetxeko langile guztiei jakinarazi beharko baitzaizkie.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalera eta ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2005191