116. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 19an hartua, zeinaren bidez onesten baita Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik. Aldaketaren xedea da ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean).

I.–Aurrekariak eta xedea.

Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, “Iruñerriko Ibai Parkea handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” onetsi zen (2010eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 3koa).

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, hasiera eman zitzaion aipatu UPSaren 6. tartea (Arga Beherea) aldatzeko espedientearen tramitazioari (2018ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa). Espedienteak ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea zuen xede, hain zuzen ere, pasealekuak Ororbian barrena egiten duen tartean, eta Iruñerriko Mankomunitatea zen haren sustatzailea.

Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez jendaurrean jarri zen Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako proposamen berria, Iruñerriko Mankomunitateak sustaturik (2019ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 10ekoa). Aldaketaren xedea zen ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean). Aldi berean, entzunaldia eman zitzaien trazadurak ukitutako udalei.

Espedientearen xedea da ibai pasealekuaren trazadura aldatzea, Ororbiako herrigunetik iragan ez dadin, eta aldatutako tarteari loturik Aizgañan egin nahi zen josteta eremua kentzea. Zehazki, honakoa planteatzen da: Arga ibaiaren beste bazterretik joanen den tarte bat ezartzea Ororbiako herrigunetik igarotzen den tartearen ordez. Proposatu den azkeneko trazadurak 65 metroko zaldain berri bat aurreikusten du ibaia gurutzatzeko, Xulapain ibaiak Argarekin bat egin baino lehen. Gero, Etxamurko errotako bidetik segitzen du, eta Arga ibaia berriz gurutzatzen du, NA-7010 errepidearen zubiko espaloietako batetik. Horretarako, azkeneko zubi horretan, neurri hauek proposatzen dira: argiak atzera eramatea, babes hesi bat instalatzea eta behar diren seinaleak jartzea.

II.–Jendaurreko aldia eta entzunaldia emateko aldia.

Espedienteak bi aldiz bete ditu jendaurrean egoteko eta entzunaldia emateko tramiteak. Tramite horietan, Oltza Zendeako Udalak bi alegazio idazki aurkeztu ditu, bata 2018ko otsailaren 26an, eta bestea, 2019ko urriaren 21ean, antzeko edukia dutenak. Hona hemen eduki horren laburpena eta eman zaion erantzuna:

Lehenengo idazkian, Udalak adierazi zuen interesgarria iruditzen zaiola oinezkoek zubia igarotzeko pasabide berri bat egitea, era horretan lotuta geldituko liratekeelako oinezkoentzat Ororbiako 1. exekuzio unitateko bizitegi-multzoa eta herrigunea. Hortaz, eskatzen du aintzat har dezatela Ororbiako 1. exekuzio unitatearen ondoan egiteko planteatu den trazaduraren proposamena, era horretan lurzati horiek loturabide bat izanen dutelako Ororbiako herrigunearekin.

Bigarren idazkian azaltzen du agirian ez dela argi gelditzen nondik joanen den trazadura ibaiaren eskuineko bazterrera iristen denetik aurrera, NA-7010 errepideko zubia gurutzatu ondoren. Agiriaren 11. orrialdean zera adierazten da: “Zubiko oinezkoen pasabidea gurutzatu ondoren, trazadura ibaiaren ondora itzuliko da berriz, zubiaren azpiko pasabidetik”; eta 13. orrialdean, berriz, honako hau: “Ikuspegia Arga ibaiaren gaineko zubitik, NA-7010 errepidean, Ororbiako norabidean. Pasealekuak zubiaren azpiko pasabidetik jarraituko du”.

Udalaren iritziz, ez da garbi gelditzen oinezkoentzako pasabide bat egin behar ote den lur maila berean. Horri dagokionez, adierazten du eskailera batzuk aurreikusi direla zubiaren beheko aldearekin lotzeko, eta horrek irisgarritasun arazo bat sortuko lukeela. Gainera, kontuan hartu behar da ibaiak gainezka egiten duenean arazoak izaten direla, zubiaren begiak buxatu, eta igarotzeko tokirik gelditzen ez delako. Horregatik uste du egokiagoa litzatekeela ibaia maila beretik gurutzatzea, oinezkoentzako pasabide baten bidez. Horrela, gainera, lotuta geldituko lirateke oinezkoentzat Ororbiako herrigunea eta 1. exekuzio unitateko bizitegi-multzoa.

Horregatik guztiagatik, eskatzen du aintzat har dezatela Ororbiako 1. exekuzio unitatearen ondoan egiteko planteatu den trazaduraren proposamena, era horretan lurzati horiei bide bat emanen zaielako herriko beste guneekin lotzeko. Horretarako, beharrezkoa da oinezkoentzako pasabide bat egitea ibaia maila berean gainditzeko, zubiaren azpitik eskailera batzuen bidez igaro behar ez izateko, eta, orobat, urak pasealekua gainezkatzea saihestuz; izan ere, uraldi batzuetan, zubiaren begiak buxatzen dira eta pasealekutik igarotzea ezinezkoa gertatzen da.

Erantzuna:

Indarra duen UPSak aurreikusten du bidea zubiaren azpitik eramatea, zubiko arkuen artetik, Iruñerriko ibai parkearen beste leku batzuetan egiten den bezala, eta horrela onetsi zen.

Proposatu bezala, zubiaren azpitik igarotzeak, errepidea gurutzatu beharrak dakartzan arriskuak saihesteaz gainera, ibai giro handiagoa ematen dio pasealekuari, hau da, egokiagoa da hau bezalako ibai pasealeku baterako. Bestalde, proposatutako trazadurak aukera ematen du ibai parkea Ororbiako ondare arkitektonikoarekin lotzeko, zehazki, ikuztoki zaharrarekin, Kontzejuak 2001ean zaharberritu baitzuen, eta horren inguruan egokitutako aisialdi eremuarekin.

Alegazio-egileak aipatzen duen irisgarritasun arazoari dagokionez, adierazi beharra dago UPSaren trazadura eraman behar dela orain dagoen arrapalatik. Horretarako, zubiaren espaloia puntu horretaraino luzatu beharko da, UPSak berak edo irisgarritasunari buruz aplikagarria den arauak ezartzen dituen irisgarritasun baldintzetan.

Bestalde, adierazi beharra dago espediente honen xedetik kanpo gelditzen dela igarobide bat egitea alegazioan aipatu den exekuzio unitatetik datozen oinezkoentzat.

Horregatik guztiagatik, alegazioa ezestea proposatu da.

III.–Lurraldearen Antolamenduko Batzordea.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2019ko otsailaren 13an egindako txostenean adierazi du ezen, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiak 2019ko urtarrilaren 29an egindako txostenari kasu eginez, proposatu den azken konponbidea garatzeko ezinbestekoa dela Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena, zubia igarobide segurua izan dadin eraikuntza proiektuan garatu diren neurriei dagokionez.

2019ko uztailaren 5ean, Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiak beste txosten bat egin zuen sustatzaileak 2019ko apirilean aurkeztutako dokumentazioari buruz, eta proposamenaren aldeko iritzia eman zuen.

Dena dela, eraikuntza proiektuan baldintza horiek sartzen direla egiaztatzearren, zuzendaritza nagusi honek obra proiektuari buruzko txostena eman beharko du.

IV.–Gobernuaren erabakiari buruzko gogoetak.

Nafarroako Gobernuaren 2019ko irailaren 11ko Erabakian, aldaketarako proposamen berria jendaurrean jartzea agindu zuen horretan, adierazi zen beharrezkoa zela argitzea nola lotuko den trazadura berria UPSan proposatutakoarekin NA-7010 errepideko zubia gurutzatu ondoren, Ororbiako norabidean.

Ildo horretan, alegazioei emandako erantzunean adierazi bezala, NA-7010 errepideko zubia gurutzatu ondoren, Ororbiako norabidean, eskailerarik gabeko ibilbide irisgarri bat egin beharko da, han dagoen arrapalaren bidez, indarrean dagoen trazadurarekin lotzeko. Horretarako, zubiko espaloia puntu horretaraino luzatu beharko da.

V.–Ingurumen arloko tramitazioa.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 180E/2020 Ebazpenaren bidez, aldaketa-proposamen berriaren aldeko ingurumen txosten estrategikoa eman zen.

Bertan adierazten da UPSaren aldaketa berria garatu beharko dela ingurumen azterketan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta hartan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta. Zehazki, aurreikusitako landaketak egin beharko dira eta fauna mehatxatuarentzako egutegi kritikoa errespetatuko da (obrarik ez da eginen apirilaren 1etik abuztuaren 30era bitarte).

Azaltzen da, orobat, UPSaren aldaketaren ondoriozko proiektuaren obran, birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko dela, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatuz.

Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko otsailaren 13ko txostenarekin eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko otsailaren 13ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aurkeztutako alegazio idazkien gaineko txostena egitea, erabaki honetan adierazitako moduan.

2. Behin betiko onestea Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako proposamen berria, Iruñerriko Mankomunitateak sustatua. Aldaketaren xedea da ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean). Dena dela, determinazio hau ezarri da, obra proiektuan kontuan hartu beharko dena:

–NA-7010 errepideko zubia gurutzatu ondoren, Ororbiako norabidean, eskailerarik gabeko ibilbide irisgarri bat egin beharko da, han dagoen arrapalaren bidez, indarrean dagoen trazadurarekin lotzeko. Horretarako, zubiaren espaloia puntu horretaraino luzatu beharko da.

3. Espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan xedatutakoaren arabera garatu eta gauzatuko da aldaketa hau. Horri loturik, obra proiektuak Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostena beharko du.

4. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Herri-lurren Atalera igortzea.

6. Erabaki hau Oltza Zendeako Udalari, Ororbiako Kontzejuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko otsailaren 19an.–Bigarren lehendakariordea, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2005072