116. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko otsailaren 19an hartua, Galarko udal-mugarteko Comarca 2 industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedienteak onesten dituena. Aipatu aldaketa sarbideak berrikusteko eta erabilerak eta aprobetxamenduak zabaldu eta berrantolatzeko izanen da, eta sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da, eta bigarrenaren kasuan, Galar Zendeako Udala ere bai.

I.–Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2001eko maiatzaren 14an hartutako Erabakiaren bidez (2001eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 25ekoa), Galar Zendean industria eremu bat (Comarca 2 industria eremua) ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala onetsi zen, Nafarroako Gobernuko Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustaturik.

UPS horrek helburu du industriarako lurzoru antolatua bultzatzea, zerbitzu eta azpiegiturez hornitua, Iruñerriaren inguruan proiektu industrialek bidea egin eta indarra har dezaten, Foru Komunitateko sarearen industriarako lurzoru publikoa osatzearren.

Nafarroako Gobernuaren 2018ko ekainaren 27ko Erabakiaren bidez (2018ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 24koa), UPS hori Galarko udal-mugartean aldatzeko bi espediente jendaurrean paratu ziren berriz, kontuan izanik hasierako proposamenen aldean egindako aldaketak, eta, aldi berean, entzunaldia eman zitzaien ukitutako udalei. Espediente horiei, hasieran, tramitazio bana eman zitzaien, baina, lotuta egonda, tramitazio bateratua eman zaie.

Horietako lehena Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu zuen, eta jendaurrean jarri zen Nafarroako Gobernuaren 2016ko abuztuaren 24ko Erabakiaren bidez (2016ko 173. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 7koa), eta helburu du kanpoko bideen azpiegitura berraztertzea.

Horietako bigarrena sozietate berak eta Galarko Udalak sustatu zuten, eta helburu du erabilerak eta aprobetxamenduak zabaldu eta berrantolatzea. Jendaurrean paratu zen Nafarroako Gobernuaren 2017ko irailaren 27ko Erabakiaren bidez (2017ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 20koa).

Bi espedienteak jendaurrean jarri ziren, halaber, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako.

II.–Aldaketaren xedea eta justifikazioa.

Kanpoko bideen azpiegiturari dagokion aldaketak aurreikusitako 4 erreiak 2ra murriztu nahi ditu egun egiteko dagoen tartean; horretarako, Comarca 2 UPSko trafikoaren azterlan eguneratu bat du oinarri, aldaketaren dokumentazioan eranskin gisa jaso dena. Azterlan horretatik ondorioztatzen da ezen, industrialde guztiak sortutako trafikoaren intentsitatea dela eta, aski dela 2 erreiko errepide bat (errei bat noranzko bakoitzeko).

Hasierako UPSa onetsi zuen Erabakian jaso zen Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baldintza zela UPSaren tramitazioan, azpiegitura horri dagokionez, NASUINSAk gauzatu behar izatea erabakitzen den irtenbidea, poligonoaren azaleraren %60/70 salduta dagoenean.

Gero, zuzendaritza nagusi horrek desjabetu ditu aukeratutako irtenbideak ukitu zituen lurzoruak; hortaz, aurreikusitako 4 erreiak egiteko dagoen tartean 2ra murrizteko aldaketa onetsita ere, bermatuta dago bikoizteko aukera, etorkizunean beharrezkotzat joz gero.

Bigarren aldaketaren xedea da industrialdeko erabilerak eta aprobetxamenduak zabaldu eta berrantolatzea. Sustatzaileak beharrezkotzat jo du hori, industrialdean kokatutako jarduerak handitu ahal izateko eta Iruñerriko industria-lurzoruaren eskaera asetzeko, jarduera ekonomiko berriak finkatzea erraztearren. Horregatik, lehendik dauden azpiegiturak optimizatuta, proposamenak honako hau planteatzen du:

–Hiri-lurzoru finkatuko lurzati batzuen erabilera xehatuak eta lerrokadurak aldatzea erabilera berriek eskaerari erantzun diezaioten, bertan dagoen industria eremuaren antolamendu irizpideak errespetatuz.

–Lurzati batzuk handitzea eta industria erabilerako beste hiru sortzea berdeguneen gainean, eta azken horiek industrialdearen handitzean berreskuratzea.

–Industria eremua zabaltzea hego-mendebalderantz, gaur egun urbanizaezinak diren lurzoruetan; horretarako, bertan dagoen lurzati bat zabalduko da, eta industria erabilerako lurzati berriak sortuko. Alde berriak 75.200m² handitzea dakar berekin (industria eremuaren egungo azalera 836.362m²-koa da).

Zehazki, proposatzen da 16., 12.2.1 eta 12.2.2 (zati batean) lurzatiak berrantolatzea, eta industria-erabilerara aldatzea haien erabilera (egun erabilera balioanitz pribatua da); justifikazioa da erabilera horren eskaera urria dela, eta industria-erabilerako lurzati gehienak, aldiz, okupatuta daudela. 2.2, 12.2.3 eta 12.2 lurzatietako zati baten zuzkidura-erabilera pribatuari eusten zaio, baita 12.1 lurzatiaren zuzkidura-erabilera publikoari ere. Ondorioz, zuzkidura-erabilera balioanitzaren azalera, guztira, handitutako industrialdearen azaleraren %2 baino gehiago da.

Jendaurreko agirian proposatu da, 17. lurzatirako, industriarako eta lorategietarako erabilera industria-erabilerara aldatzea.

Bestalde, aurkeztutako agirian azaldu bezala, jatorrizko UPSan, askoz gehiago eskatzen zen CLHren hidrokarburoen biltegien arriskuagatik gaur egun baino, eta horrek ekarri zuen Espartzako erreka-zuloaren inguruko azaleraren zati handi bat eraikinik gabe uztea. 2005ean, araudi hori aldatu zen; beraz, egun beste hiru industria-lurzati planteatzen ahal dira 14. uhartean, 15.4.1.B lurzatia murriztuta eta erabilera pribatuko lurzati eraikiezinaren kalifikazioa erabilera publikorako, berdegunerako eta sarbiderako lurzati pribatura aldatuta.

2.1 eta 2.3 lurzatien erabilera aldatu da, ekipamendu-erabilera balioanitz pribatutik industria-erabilerara, eta berdegunearen kontura handitzen dira (berdegunea berreskuratzen da UPSa handitzean). Justifikazioa da lurzati horiek industrialdeko atzealdean daudela eta konkurrentzia publikoaren erabileraren murriztapenak dituztela, CLHren ukipenagatik; beraz, zuzkidura-erabilera ez da egokiena.

Industrialdeko azken biribilgunearen inguruetan zabalduko da esparrua, eta handik sartzeko aukera izanen da. Horrek inguruneko lurzatiak berrantolatzea dakar. 15.4.4 eta 15.2.2 lurzatietan lerrokadurak aldatzen dira, eta 15.4.4 lurzatiaren kasuan, aparkatzeko erabilera publikoko azalera pribatua kentzen da, eta ezartzen hor kokatzen den jarduerak irtenbidea eman behar diela bere aparkalekuei, bat etorriz 20.000 m²-tik gorako lurzatiak dituzten industria eremuetarako 85/95 Foru Dekretuarekin. 15.5.1.b, 15.5.2.b eta 15.5.3.b lurzatiak eratzen dira, UPSa handituta berreskuratzen diren berdeguneak okupatuta. 15.5.x lurzatiak “lurzatien erreserba” deitzen dira, eta lurzati eraikiezinak dira, betetzen ez duten bitartean ondoko lurzatietara eransteko betebeharra, aldaketan ezarri zena.

Kudeaketari dagokionez, proposatzen da:

–Lau zuzkidura-jarduketa hiri-lurzoru finkatuan (SS-1 azpisektorea); hor, erabilerak eta antolamendua aldatzen dira (16., 17. eta 12.2 eta 15.4.4 lurzatiak). Justifikazioa da berdegune gehiagorik ez dela behar, sektorearen azalera handitu ez delako. Sortzen diren aparkaleku behar berriei dagokienez, proposatzen da lurzati pribatuen barnean erreserbatzea.

–Hiri-lurzoru finkatugabeko SS-2 azpisektore bat, biltzen dituena industrialdeko esparru finkatuaren barnean aldatzen diren industria-lurzoru edo berdegune guztiak.

Handitzeak edo industria-lurzatiak sortzeak okupatutako berdeguneak berreskuratzeko eta industria-azalera berriaren %10 berdegune izateko, berdeguneen sistema orokor bat zehazten da industrialdearen handitzean, eta hori lortzeko, lurzati horiek guztiek osatutako banaketa eremuari lotzen zaio. UPSan adierazten da aldaketaren sustatzailearen kargura izanen dela urbanizazioa.

Aparkalekuen erreserbei dagokienez, proposatzen da lurzatietan beretan kokatzea.

–Lurzoru urbanizagarriko SS-3 azpisektore bat, industrialdearen handitzearen esparrua biltzen duena (hiri-lurzoru finkatugabeari lotutako sistema orokorra izan ezik); hor, bere berdeguneen erreserbak aurreikusten dira, eskatzen den gutxieneko %10 beteta.

III.–Txosten sektorialak.

III.1. Kanpoko bidea aldatzeko espedienteari dagokionez:

–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia.

2018ko urriaren 14an, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena jaso zen, non zehaztu baitziren UPSak zortasun aeronautikoez bildu behar dituen arauzko xedapenak eta planoak, 47. artikuluan jaso direnak.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Aurretiazko errekerimendu batzuk egin ondoan, 2019ko uztailaren 31n egin zuen txostena trafikoaren azterlanari buruz.

Azken txosten horretan zehazten zenez, egiaztatu da trafikoaren azterlan berriak lehenago galdetutakoari erantzuten diola: eskaera lortzeko kontuan hartutako azalera (aurreikusitako handitzea barne), erreferentziako orduaren justifikazioa, ibilgailuen ratioa orduko eta industria-lurzatiaren hektarea bakoitzeko, BSHren eskaera, ezagutzaren faktorea eta doikuntzaren faktorea aurreratzea debekatuta egoteagatik.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak, bere eskumenei dagokienez, ez du determinaziorik ezartzen UPSaren aldaketan.

–Babes Zibilerako Zerbitzua.

2017ko abuztuaren 1ean, txostena egin zuen, non jaso baitziren trafikoaren azterlanari buruzko gogapen batzuk, kontuan hartu eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira igorri direnak azterlan horren onarpenean.

III.2. Industria eremua handitzeko eta erabilerak eta aprobetxamenduak berrantolatzeko espedienteari dagokionez:

–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua.

Txostena egin du 2018ko maiatzaren 23an, eta bertan adierazi du antolamendu berriak ez duela Elortz ibaia ukitzen, baina Espartzako erreka-zulorako ukipena dakarrela berekin. Zehazki, 2.3 lurzatian; izan ere, hasiera batean aurkeztutako dokumentazioan aldatzen zen, eta lerrokadura 8 metro hurbiltzen zen, ibilgua bera hartuz ia-ia. Horregatik, txostenak ezartzen du beharrezkoa dela sustatzaileak uholde arriskuaren azterlan bat egitea lerrokadura hori zehaztu ahal izateko. 2018ko maiatzean aurkeztutako dokumentazioak 2.3 lurzatiko lerrokadura zuzentzen zuen, onetsitako UPSa aldatu gabe; beraz, kontu hori erremediatutzat hartzen da.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, bestalde, ingurumen-ukipenen azterlana egin du, non konponketak proposatzen baititu Espartzako errekak higatutako bi eremutan; errekaren egoera egiaztatuta, komenigarriagotzat jotzen du industrialdetik pasatzean errekan egin beharreko jarduketak berraztertzea.

Ingurumen txosten estrategikoarekin bat, zeina erabaki honen VI. atalaren xedekoa baita (Ingurumen-ebaluazio estrategikoa), erreka-zuloa ingurumen aldetik lehengoratzeko berariazko proiektu bat jaso beharko da planean, kontuan hartuta, ustiapen fasean, haren huste gaitasuna mantendu eta zaindu beharra dagoela, prebentzio neurri gisa. Hala, baldintza hori araudian sartu behar da kasuan kasuko urbanizazio proiektuan. Horregatik, baldintza hori 2.7 eta 3.7 artikuluetan eta hurrengoetan sartu da, eta urbanizazio kostuen artean aurreikusten da.

–Enpresa Sustapenaren Zerbitzua.

Txostena 2017ko urriaren 30ean jaso zen. Bertan adierazten zen ezen, industriaren beharrak azkar aldatzen direnez, arrazoizkoa zela 2001ean onetsitako antolamendua zaharkituta egotea eta ez zutela inolako eragozpenik proposatutako aldaketa egiteko.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Txostena 2018ko otsailaren 5ean jasota, ez da determinaziorik ezartzen Galarko udal-mugarteko Comarca 2 industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatu eta handitzea onesteko. Edonola ere, berresten da 2016/191387 espedienterako egin txostenean adierazitakoa, kasua bada industrialdea handitzeak justifikatzen duela Ezkirozko saihesbidea bikoiztea.

Orobat, zuzendaritza nagusi horrek txostena egin zuen 2019ko uztailaren 31n, handitzerako aurreikusten den trafiko azterlana berresten duena; izan ere, ez du determinaziorik ezartzen UPSaren aldaketarako.

–Babes Zibilerako Zerbitzua.

Txostena 2017ko irailaren 19an jaso zen, eta bertan adierazten zen ezen, Babes Zibilaren ikuspuntutik, arriskuei zegokienez, ez zegoela alde nabarmenik une horretan onetsita zegoen UPSaren aldean, salbu eta jariatzeetan gerta zitezkeen aldaketa txiki batzuk, eraiki eta zolatutako azalera handiagoa izateagatik.

Hala ere, adierazten zuen ezen, Babes Zibilerako Zerbitzuan dauden datuen arabera, industrialde horretako eraikin industrialetan hainbat istripu eta sute egon direla.

Kontuan hartuta proposatutako aldaketak alboko lurzatien tipologia gehieneko lerrokaduren barnean mantentzen duela eta balizko sute industrialak eraikinen artean hedatzea eragozteko asmoz, proposatzen da hiru paragrafo berri gehitzea “Lerrokadurak” izeneko 33. artikuluan eraikinen arteko distantziei buruz, Industriako establezimenduen suteen kontrako segurtasunerako erregelamenduarekin bat (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua). Paragrafo horiek jasota daude aurkeztu den azken dokumentazioan.

Geroago, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskatuta, Babes Zibilerako Zerbitzuak adierazi du behar adinako mugak direla UPSko indarreko araudiko determinazioak (29. artikulua), industria arriskutsutik (CLH) hurbil egoteak dakartzanak.

IV.–Jendaurreko aldia eta entzunaldia emateko aldia.

Adierazi bezala, espedienteak bitan jarri dira jendaurrean: behin bakoitza bere aldetik, eta bestean biak batera. Espedienteak jendaurrean egon diren eta entzunaldia eman den bitartean lau alegazio-idazki aurkeztu dira. Ondoren laburtu eta erantzuna ematen zaie.

IV. 1. Galarko Udalaren alegazio-idazkia, Nafarroako Gobernuaren 2016ko irailaren 7ko Erabakiaren kontrakoa, kanpoko bideen azpiegitura berraztertzeari dagokionez.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi du ezen, nahiz eta aurreikusitako 4 erreiak 2ra aldatzeko erabakiak Comarca 2 UPSaren trafiko azterlana xehe aztertzea duen oinarri, bere ustez, egiten den azpiegiturak bide eman behar duela 4 erreitara pasatzeko etorkizunean, bide hori gero eta gehiago erabiliko delako, Comarca 2 industria eremuan sortuko den trafikoarekin ez ezik, beste industrialdeetakoarekin ere bai.

Erantzuna:

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak desjabetu ditu bidearen irtenbideak ukitutako lurzoruak. NASUVINSAk proposatutako aldaketa onetsita ere (aurreikusitako 4 erreiak 2ra murriztea egiteko dagoen tartean), etorkizunean beharrezkotzat joz gero, bermatuta dago bikoiztu ahal izatea.

Horrenbestez, baietsi da alegazioa.

IV. 2. Red Eléctrica Españolaren alegazio-idazkia, Nafarroako Gobernuaren 2016ko irailaren 7ko Erabakiaren kontrakoa, kanpoko bideen azpiegitura berraztertzeari dagokionez.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi du eremuan badaudela aireko zenbait linea elektriko, 220 kV-ekoak, energia elektrikoa garraiatzen dutenak: Cordovilla-Muru Artederreta eta Muru Artederreta-Orkoien; eta eskatzen du horien gaineko edozein ukipenek betetzea zehazten dituen legezko baldintzak eta prozedurak.

Erantzuna:

Lehenik eta behin, adierazi behar da linea horiek edo haien zortasun-eremua ukitzen duen edozein jarduketak bete behar dituela indarreko lege esparruak ezartzen dituen betebeharrak eta mugak.

Bigarrenik, adierazi behar da kanpoko bideen azpiegitura aldatzeko esparruak ez dituela zuzenean ukitzen ez linea horiek ez haien zortasun-eremua.

IV. 3. Galarko Udalaren alegazio-idazkia, Nafarroako Gobernuaren 2017ko irailaren 27ko Erabakiaren kontrakoa, industria-eremuaren erabilerak eta aprobetxamenduak zabaldu eta berrantolatzea xede duen aldaketari dagokionez.

–1. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi du kontraesan bat dagoela memoriaren eta araudiaren artean udal lurzatien erabilerak aldatzeari dagokionez, eta, haren ustez, beharrezko taulan adierazi behar da 16., 17., eta 12.2.1 lurzatien erabilera globala industria-erabilera dela, eta 12.2.2 lurzatiak jarraitu behar duela balioanitz pribatua izaten. Gainera, proposatu du bulego-erabilera izatea industriako erabilera toleratu berri bat, eta aisialdi eta ostalaritza erabilerak, berriz, balioanitzeko erabilera toleratuak.

Erantzuna:

Bat egin behar dugu interesdunarekin, eta zuzendu araudiko erabileren bateragarritasun taulan (7. artikulua) zehaztutako akatsa, adieraz dezan industria-erabilera dela 16., 17. eta 12.2.1 lurzatien erabilera globala.

12.2.2 lurzatiaren kasuan, jatorrizko lurzatiaren zati bat baino ez da balioanitz pribatua.

Bulego-erabilera industriako erabilera globalerako erabilera toleratu gisa eransteari dagokionez, alegatzaileak ez du frogatzen (eta guk ez dugu frogarik) bulego-erabilerarako eskaerarik dagoela leku horretan; beraz, ez dago justifikaturik erabilera hori eranstea, eta are gutxiago, eskuarki eranstea. Horretaz gain, eranste horrek ekarriko luke, kasua balitz, lehenagotik aztertzea egokia litzatekeen leku hori proposatutako erabilerarako, nolako eragina lukeen industria-erabileraren eskaintzan, nolako mugigarritasuna eta aparkalekuak beharko lituzkeen, etab.

Erabilera balioanitzerako proposatu diren erabilera toleratuei dagokienez (aisialdia eta ostalaritza), ulertzen da erabilera balioanitzaren barnean daudela.

Horregatik guztiagatik, partez baiesten da alegazioa.

–2. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak uste du, aparkalekuen eretzera, ez dagoela argi eta kontraesankorra dela 17. uharteari dagozkionen kokalekua eta akats bat ematen duela 15.4.4 lurzatiari dagozkion 31 aparkalekuren zuzkidurak.

Erantzuna:

Antolamendu horren proposamena aldatu denez, alegazioa ez da dator bat jendaurrean berriz paratu den agiriarekin. Antolamenduaren proposamen berrian antolamendua aldatu da eta, horrenbestez, beharrezko aparkalekuen erreserbaren kalkulua ere bai. Argi proposatzen da non kokatuko diren 17. uharteko aparkalekuak eta 15.4.4 lurzatiko aparkalekuen akatsa kendu da.

–3. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi du, berdeguneen eretzera, ez dagoela sartuta erabilera horretako azalerak 12.2.1, 12.2.2 eta 16. lurzatietan izateko betebeharra, eta eraikin gabeko azalera guztia gelditzen dela aparkalekurako erabilera pribatu gisa.

Hala, berdeguneen azalera batzuk proposatzen ditu lurzati hauetan: 1.265 m² gutxienez 16.ean, 476 m² gutxienez 12.2.1ean, 1.356 m² 12.2.2an, eta 17.7 eta 17.8 osoak.

Erantzuna:

17. uhartearen antolamendua aldatu da, eta 17.7 eta 17.8 lurzatiak desagertu. Honela gelditzen dira lurzati horietan berdegune pribatuetarako erreserba: 476 m² 12.2.1 lurzatirako, nahitaezko erreserbarik gabe 12.2.2 lurzatirako, 1.322 m² 16. lurzatirako eta 17. uhartearen azken antolamenduan, 2.782 m² guztira.

Partez baiesten da alegazioa.

–4. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak eskatu du hondeaketatik soberan gelditutako lurrak 1. aukeran erabiltzeko (ulertuta ingurumen-ondorioen azterketaren 1. aukeraz ari dela); horrela, haren iritziz, landareztatzearekin, traba fisiko bat izanen da Barbataingo etxebizitzetarako, kutsadura akustikoaren arazoa baitute gauez, industrialdeko jarduerek egiten duten zaratarekin.

Erantzuna:

Nafarroako Gobernuaren 2017ko irailaren 27ko Erabakiak, ingurumen arloko kontuan hartzekoetan, ezesten du Barbataingo muinoetako berdeguneak erabiltzeko aukera hortik azalerako lurrak ateratzeko, finkatutako berdegunea delako eta hasierako UPSan aurreikusitako ingurumen neurri bat zelako. Bestalde, gogora ekarri behar da zarata eta bibrazio kontrolak egiten zaizkiela ezarpen tramiteetan edo jarduera sailkatuenetan zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerei, jendeari eragozpenak sortzen ahal dizkiotenei edo jendearen osasunerako edo ongizaterako arriskua ekar dezaketenei, eta, kasua bada, prebenitze edo zuzentzeko neurriak ezartzen direla.

IV. 4. Comarca 2 industria eremuaren kontserbaziorako hirigintza entitatearen alegazio-idazkia, Nafarroako Gobernuaren 2018ko ekainaren 27ko Erabakiaren kontrakoa, bi aldaketei dagokienez.

–1. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak, industrialdeko urbanizazioko mantentze-lanen arduraduna den aldetik, adierazi du handitze horren eta Comarca 2 UPSa berrantolatzearen ondoriozko urbanizazio obrek ekarriko dutela aldi baterako ukipen bat eta oraingo urbanizazioa kaltetzeko arriskua, industrialdeko mantentze-lanen baldintzak aldatzea eta hirugarrenek baliatzea oraingo urbanizazioa. Adierazi du, orobat, hor dauden enpresen jarduera ezin dela eten obra horiengatik.

Hori dela eta, eskatzen du UPSak jaso dezala kontserbaziorako hirigintza entitatearen aldeko txostena izan behar dutela urbanizazio eta birpartzelazio proiektuek:

  • Urbanizazio lanak behin betiko jaso baino lehen (bermatzeko urbanizazioa behar bezain ongi gelditzen dela obrak egin ondoren eta kontserbaziorako hirigintza entitateak ez duela erreklamaziorik egiten urbanizazioak egin litzakeen kalteengatik);
  • Hirigintza-partzelazioaren aurretik (bermatzeko partzelazioak betetzen duela lurzatiek kontserbaziorako hirigintza entitatean sartzeko duten betebeharra).

Erantzuna:

Ulertzen da ez dela bidezkoa urbanizazio proiektu baten onespena entitate pribatu baten txostenaren menpe gelditzea.

Urbanizazio proiektuan aurreikusi behar da urbanizazio obra batek kaltetzen dituen azpiegiturak ordeztuko dituela.

Udalari dagokio urbanizazio proiektuko aurreikuspenak behar bezala betetzea, hark dituelako eskumenak obren jarraipena egiteko, obrak egiten ari diren bitartean, eta haiek jasotzeko, behin bukatuta. Hori guztia ezertan galarazi gabe urbanizazio horretako mantentze-lanak kontserbaziorako hirigintza entitateari dagozkiola. Horregatik, kontserbaziorako hirigintza entitatea udalari zuzentzen ahal zaio kalteak erreklamatzeko eta/edo obrek kaltetutako urbanizazioa lehengoratu dadila eskatzeko, eta horretarako ez da berariazko aurreikuspen bat egin behar UPSan.

Bestalde, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 56.3 artikuluan, berriz, ezartzen da kontserbaziorako entitate batekoa izateko betebeharra planteamenduan bakarrik ezar daitekeela, edo xedapen orokorretan berariaz. Horregatik, betebehar hori ezin da kontserbaziorako hirigintza entitatearen txosten baten ondoriozko izan.

Gogora ekarri behar da Comarca 2 industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialak ez duela bere determinazioen artean ezartzen kontserbaziorako entitatekoa izateko betebeharra lurzoruaren jabeentzat.

Edonola ere, ulertzen da jabe berriekin indarreko UPSkoekin bezala jokatu behar dela, eta, kasua bada, kontserbaziorako hirigintza entitatearen estatutuen arabera (Galarko Udalak onetsi zituen 2003ko uztailaren 31ko bilkuran).

Azkenik, bidezkoa da oroitaraztea ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1.d artikuluarekin bat, Galarko Udalak departamentuari baimena eska diezaiokeela urbanizazio proiektuak eta hirigintza kudeatzeko beharrezko tresnak onesteko.

Hori horrela, ezetsi da alegazioa.

–2. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Interesdunak eskatu du bere lurzatiak itxi ahal izatea segurtasunerako oinarrizko elementu gisa, aparkaleku publikoak dituztenak barne, lapurretak saihesteko.

Erantzuna:

Lurzatiak itxi daitezke, salbu eta erabilera publikoko lurzati pribatu gisa, berdegune gisa, sarbide gisa eta aparkaleku gisa identifikatuta dauden eremuak. Espedientearen tramitazioa hasi zuen Nafarroako Gobernuaren Erabakian eta indarreko araudian zehaztu bezala, erabilera publikorako erreserbatutako aparkalekuan ezin da muga hori onartu. Erabilera publikoaren baldintza kontuan hartuta, ez du zentzurik eskatzeak lurzatiaren itxitura kokatu behar dela erabilera publikoko aparkalekuen eremu pribatua eta erabilera publikoko berdegune pribatua bereizten dituen lerrokaduran; hortaz, UPSaren arauditik kanpo gelditu behar da. Gauza bera aplikatu behar da berdeguneetan eta erabilera publikoko sarbidea lurzati pribatuan.

Lurzati pribatu batean dauden erabilera publikoko berdeguneak, sarbideak eta aparkalekuak ezin dira itxi; kasu guztietan lurzati pribatuetako itxituraz kanpo gelditu behar dira.

Horiek horrela, partez baietsi da alegazioa.

–3. alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Interesdunaren iritziz, presakoa da Ezkirozko saihesbidearen tartea egitea Zizur Nagusia-Ezkirotz bidean eta Comarca 2 industria eremuko sarbideak hobetzea; bitartean, administrazio eskudunaren ardura dira bertan gertatzen diren istripuak. Horregatik, adierazi du Ezkirozko saihesbidea lehenetsi behar dela, baita Comarca 2 industria eremuko sarbideak hobetzeko beste edozein jarduketa ere.

Erantzuna:

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak, UPSaren tramitazioan, honako hau adierazi zuen Ezkirozko saihesbidea deitutako azpiegitura horretaz:

Bide bikoiztutako tartea (4)-(2) industrialdeko urbanizazioarekin batera eginen da. (Txostenari erantsitako dokumentazio grafikoan, 2. puntuan bat egiten dute BSren instalazioetara sartzeko bideak eta Ezkirozko saihesbidearen eta N-121 errepidearen arteko bideak; 4. puntua industrialdera sartzeko biribilgunea da).

  • 10 hilabeteko epean, NASUINSAk alternatiben azterlana izan behar du prestaturik Mendebaldeko Ingurabidearekin lotzeko bi aukeren bideragarritasun teknikoari buruz: zuzeneko adar bikoiztua edo Ezkirozko errepidea bikoiztea.
  • Erabakitzen den irtenbidea NASUINSAk gauzatuko du poligonoaren azaleraren %60/70 salduta dagoenean.

Alegazioa ikusita, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak, 2019ko urriaren 25ean egin bilkuran, erabaki zuen txostena eskatzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari presazkoa eta bidezkoa izan ote daitekeen saihesbidea eta sarbideen hobekuntza exijitzea.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak txosten bat egin zuen 2019ko abenduaren 18an horri buruz, eta zehaztu:

a) 2001eko otsailaren 7ko 11/0023434-00 espedientearen txostenean, finkatu zen Comarca 2 industria eremua egiteak, eta ez beste ezerk, justifikatzen zuela espediente horren xedeko bidea egitea. Hortaz, nola egun industrialde hori ia guztiz garaturik dagoen, hasiera batean aurreikusitako azalera baino handiagoa duela (397.790 m², 322.755 m²-ren aurrean), guztiz justifikaturik dago gaur egun bide bat egitea PA-36ko 0+500 k.p.ko biribilgunea (Comarca 2 industria eremuko sarbidea) eta Ezkirotzek AP-15arekin duen lotura estekatzeko 85+500 k.p.an. Are gehiago kontuan izanik aurreikusita dagoela garatzeko dagoen industrialdearen gainerakoa garatzea (485.385 m² izan arte) eta UPSaren aldaketa onetsia dela-eta industrialdea handitzea; horrek ekarriko du industriarako garatutako azalera, guztira, 574.686 m²-koa izatea.

b) Bide hori egin behar da, halaber, tamaina horretako industrialde batek sortu/erakartzen duen trafiko motagatik; izan ere, ibilbide luze-ertaineko ibilgailu astunen ehunekoa handia izanik eta/edo industrietako langileek sartu-irteerak ordu jakin batzuetan eginik, komeni da trafiko arinetatik eta ibilbide laburrekoetatik bereiztea, horrelakoak baititu bai NA-6001 toki errepideak bai Ezkirozko hiriguneak; beraz, irtenbiderik egokiena da A-15ekin 85+500 k.p.an zuzenean lotzea arazo hori arintzeko.

c) Joan den 2019ko uztailaren 27ko 0009-OT06-2017-000002 (4) Espedientearen txostenean onartu zen bezala, bide horrek, hasiera batean, errei bat izan dezake noranzko bakoitzeko, arau orokor gisa, baina aurreikusita etorkizunean 2+2 bidea izan daitekeela; hortaz, helburu horretarako gauzatuko dira egiturak eta bidegurutzeak nahiz bideko erreien kopurua handitzen bada zabal daitekeen beste edozein elementu.

Txosten horretan adierazten da proposatutako bide berria (1 + 1) justifikatuta dagoela 2019ko uztailaren 25eko trafikoaren azterlana oinarri hartuta; horretan, dauden beharrak aztertu ziren, baita UPSaren plangintzakoak ere, proposatutako aldaketaren ondoren.

Bestalde, adierazi du ezen, espediente honetako lotzeko bide berriarekin batera, Nafarroako Errepideen Plan Gidariak 2012 zenbakiko jarduketa aurreikusten duela (Ezkirozko saihesbide berria), baina ez epe laburrean edo ertainean egitea.

Horrenbestez, errei bat noranzko bakoitzeko duen saihesbideak (1 + 1) UPSaren antolamendu beharrei erantzuten die, egun egiten ari direnei nahiz esku artean dugun aldaketak planifikatzen dituenei; hori dela eta, egiten den lehenengo urbanizazio proiektuan aurreikusten direnekin batera egin beharko da, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, kasua bada, ematen dituen jarraibideak betez. Aurrekoa gorabehera, etorkizunean beharrezkoa bada hura bikoiztea (2 + 2), Errepideen Plan Gidarian aurreikusi bezala eperik zehaztu gabe, bermatuta geldituko da, beharrezko lurzoruak eskura daudelako horretarako, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak desjabetu baitzituen.

Horretaz gain alegatutakoa orokorregia da, eta ezin zaio erantzunik eman.

Hori horrela, partez baietsi da alegazioa.

V.–Kontuan hartzekoak.

Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko urriaren 25eko txostenean, aztertu da nola landu dituen aurkeztutako dokumentazioak hirigintza eta lurralde arloan kontuan hartzekoak, Gobernuaren 2018ko ekainaren 27ko Erabakian sartu zirenak, eta erabakitzen da aldeko txostena egitea UPSa aldatzeko espedienteen onespenari, zenbait determinaziorekin, zeinak sustatzaileak bildu beharko baititu testu bategin batean.

2019ko urtarrilaren 24an, sustatzaileak testu bategin bat aurkeztu zuen. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egiaztatu zuen Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen erabakian zehaztutako determinazioak bildu dituela, baita zenbait zuzenketa ere, 2020ko otsailaren 10eko txostenean adierazi bezala.

VI.–Ingurumen arloko tramitazioa.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren irailaren 5eko 15E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin da Galarko udal-mugartean dagoen Comarca 2 industria eremua handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaz. Sustatzaileak Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA eta Galarko Udala dira. Ulertu da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat, eta, horregatik, erabaki da ez dela egin behar haren gaineko ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta. (2019ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 10ekoa).

Ebazpen horrekin bat, erreka-zuloa ingurumen aldetik lehengoratzeko berariazko proiektu bat jaso beharko da planean, kontuan hartuta, ustiapen fasean, haren huste gaitasuna mantendu eta zaindu beharra dagoela, prebentzio neurri gisa. Hala, hori araudian jaso beharko da, beharrezko urbanizazio proiekturako.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko urriaren 25eko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Galarko udal-mugarteko Comarca 2 industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedienteak onestea, ondotik heldu den determinazioarekin (aipatu aldaketa sarbideak berrikusteko eta erabilerak eta aprobetxamenduak zabaldu eta berrantolatzeko izanen da, eta sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da, eta bigarrenaren kasuan, Galar Zendeako Udala ere bai):

–Egiten den lehenengo urbanizazio proiektuan aurreikusten diren obrekin batera eginen da Ezkirozko saihesbidea (edo Comarca 2 industria eremuko sarbideko (PA-36) 0+500 k.p.ko biribilgunea eta Ezkirotzek AP-15ekin duen lotura 85+500 k.p.an estekatzeko bidea), Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, kasua bada, ematen dituen jarraibideak betez.

3. Sustatzaileari eskatzea Comarca 2 industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren testu bategin bat aurkez dezala, aldaketa hauek eta onetsita daudenak bilduko dituena. Gainera, formatu bektorialean (shp, dwg edo dgn) aurkeztu beharko da espedienteetako determinazio egituratzaileak eta determinazio xehatuak erakusten dituen dokumentazio grafikoa.

4. Espedienteen tramitazioan emandako txosten sektorialetan xedatutakoaren arabera garatu eta gauzatuko da aldaketa hau.

5. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo obren exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileek behar diren baimen guztiak lortuko dituzte kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

6. Erabaki hau eta eranskin gisa jasota dagoen espedienteetako araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura eta Biodibertsitatearen Zerbitzura, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Industria Sustatzeko Zerbitzura, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Garraio Zuzendaritza Nagusira.

7. Erabaki hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Telekomunikazioetako eta Azpiegitura Digitaletako Estatuko Idazkaritzari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Iruñerriko Mankomunitateari, Galarko Udalari, sustatzaileari eta alegatzaileei, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko otsailaren 19an.–Bigarren lehendakariordea, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

ERANSKINA

Comarca 2 industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005071