111. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

25/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean 2. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautzen dituena.

Une honetan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez ezarri ziren mugikortasuna eta gizarte-harremana mugatzeko ezohiko neurriak pixkanaka murrizteko prozesua hasi da. Hala, 2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0. fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar du, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Trantsiziorako plan horren helburu nagusia da, osasun publikoa zainduz, eguneroko bizimodua eta jarduera ekonomikoa pixkanaka berreskuratzea, epidemiak herritarren osasunerako dakarren arriskua minimizatuz eta Osasun Sistema Nazionalaren gaitasunek gainezka egin ez dezaten.

Maiatzaren 23ko SND/440/2020 Aginduaren bidez, zenbait agindu aldatu dira COVID-19ak eragindako osasun krisia hobeki kudeatzeko, Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana aplikatuz, 1. eta 2. faseetan dauden lurraldeetan.

Nafarroako Foru Komunitateak zenbait mugapen eta berezitasunekin hasi du 2. fasea bere lurraldean, Osasun Ministerioak proposatutakoarekin bat. Osasun Ministerioak proposatutako mugapen aipagarrienak hauek dira: batetik, maiatzaren 15eko 21/2020 Foru Aginduan araututako mugapenak mantentzea, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomikoen” jarduera oro eteteari dagokionez; eta bestetik, aire zabalean egiten diren kultur jardueretarako ezarritako ikusle muga bere horretan mantentzen da, hots, 200 pertsona baino gutxiago.

Nafarroak planteaturiko berezitasunei dagokienez, aurreikusten da askatasunez egin ahal izatea naturari loturiko eta kirol praktikako jarduerak aire zabalean (mendi-ibiliak, mendi igoerak, eskalada, arraunketa, txirrindularitza), Nafarroako Foru Komunitatearen mugetatik atera gabe, betiere.

Azkenik, maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduak, zenbait neurri sozial emateaz gainera, hondartzak erabiltzea baimentzen du. Nafarroaren kasuan, hondartza kontinentalak lirateke, hau da, bainurako eremuak (urtegiak, ibaiak, iturburuak, ibaietako igerilekuak eta antzekoak).

Berriki, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du COVID-19ari loturiko arriskua, aisialdiko bainuaren testuinguruan, lotua dagoela inguru horietan urruntze soziala gutxi errespetatzearekin, eta ez hainbeste birusak uretan duen presentziarekin.

Bainurako eremuak kudeatzeko oinarrizko arau esparrua den 1341/2007 Errege Dekretuaren xedeak honako hauek dira: bainurako uren osasun irizpideak ezartzea; ingurumenaren kalitatearen kontserbazioa, babesa eta hobekuntza; eta, arlo horretan, gutxieneko xedapenak ezartzea kontrolerako, sailkapenerako, kudeaketa neurriak hartzeko eta jendeari informazioa emateko.

Errege dekretu horretan xedatutakoa betetzeko asmoz, argitara eman da, berriki, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 27ko 59/2020 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko 2020ko bainu denboraldia eta bainurako eremuen laginketa guneen kontrolerako egutegia onetsi zituena.

Hortaz, uraren kalitatea begiratzea denboraldi osoan bermatuta dago, ebazpen horretan ezarritako kontrolen bidez. Orain, berriz, dagokiona da zenbait neurri eta gomendio ezartzea birusa ugal ez dadin bainurako eremuen erabiltzaileen artean.

Horregatik guztiagatik, bidezko da Nafarroako Foru Komunitatean 2. fasean baimentzen diren zenbait jarduera arautzea, Osasun Ministerioak Nafarroarako proposatu eta onartu diren mugapen eta berezitasunak kontuan hartuta.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eskatuta eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordeari galdetu ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Aire zabalean egiten diren kultur jarduerak.

Aire zabalean egiten diren kultur jarduerei dagokienez, 200 pertsonatik beherakoak izateko betebeharra mantentzen da.

Bigarrena.–Naturari loturiko jarduerak, ibilaldiak eta kirola.

1. Ibilaldi osasuntsuak, naturari loturiko jarduerak eta aire zabaleko kirol praktikak (mendi-ibiliak, mendi igoerak, eskalada, arraunketa, txirrindularitza), bai pertsona federatuen kasuan, bai federatuak ez daudenen kasuan, askatasunez eginen dira Nafarroako Foru Komunitatearen mugen barrenean, baina gehienez ere 15 laguneko taldeetan.

2. Nolanahi ere, beti errespetatu beharko dira osasun agintariek COVID-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun eta higiene neurriak, zehazki, gutxienez bi metroko segurtasun tartea uztekoa, edo, hori ezinezkoa bada, babes fisikoari, esku garbiketari eta arnas etiketari buruzko neurri alternatiboak.

3. Udalek eta kirol federazioek zilegi izanen dute jarduera bakoitzerako zehaztasun gehiago ematea, baina, betiere, foru agindu honetan eta estatuko arau aplikagarrian ezarritako esparruaren barruan.

Hirugarrena.–Nafarroako bainurako eremuak.

1. Urtegietan, ibaietan, iturburuetan, ibai igerilekuetan eta antzekoetan bainatzen diren pertsonek arduraz erabili beharko dituzte bainurako eremuak, hala ingurumenaren aldetik, nola osasungintzaren aldetik, eta, horretarako, osasun arloko agintariek ezarritako gomendio eta neurriak bete beharko dituzte.

2. Betiere, errespetatu beharko dituzte osasun agintariek COVID-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun eta higiene neurriak, zehazki, gutxienez bi metroko segurtasun tartea uztekoa, edo, hori ezinezkoa bada, babes fisikoari, esku garbiketari eta arnas etiketari buruzko neurri alternatiboak. Hori helburu, taldeak hamabost lagunekoak izanen dira gehienez, non eta bizikideak ez diren.

3. Bainurako eremuetan, ongi ikusteko moduko kartelak jarriko dira gorde beharreko higiene eta prebentzio neurrien berri emateko, adieraziz bainu eremutik alde egin beharko dela COVID-19arekin bateragarria den edozein sintoma sumatuz gero.

4. Erabiltzaileak egoteko aldeetan, uneoro, gutxienez bi metroko segurtasun perimetroa bermatuko da toalla, hamaka, aulki eta antzeko elementu batetik bestera. Norberaren gauza guztiak segurtasun perimetro horretan mantenduko dira, gainerako erabiltzaileek ukitzea galaraziz.

5. Ur iturriak ez dira erabiltzen ahalko.

6. Bainurako eremuetan komunik izanez gero, gehienez ere pertsona bat sartuko da, salbu eta laguntza behar duten pertsonak badira, kasu horretan laguntzailea ere sartzea baimenduko baita.

7. Komunen garbiketa eta desinfekzioa areagotuko dira, uneoro osasungarritasun eta higiene egoera onean egon daitezen. Komunetan, uneoro, xaboia eta/edo gel hidroalkoholikoak izanen dira, edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzaileak, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak.

8. Paperontziak ere izanen dira, musuzapiak edo erabili eta botatzeko beste edozein material botatzeko. Paperontziak maiz garbitu beharko dira, egunean behin gutxienez.

9. Bainu eremuan dauden altzari finkoak (aulkiak, erretegiak, eguzkitakoak eta antekoak) gutxienez egunean behin garbitu eta desinfektatu beharko dira.

10. Debeku da haurrentzako parkeak edo uretako jolasak erabiltzea.

11. Kirol jarduerak egiten ahalko dira, profesionalak edo aisialdikoak, baina, bakar-bakarrik, modu indibidualean eta kontaktu fisikorik gabe egin badaitezke, parte-hartzaileen artean gutxienez bi metroko tartea utzita.

12. Ura biltzeko elementuak dituzten bainurako eremuetan, ura ohi baino maizago berrituko da, bainurako uraren kalitatea hobea izan dadin bermatzeko. Hori guztia deusetan galarazi gabe bainurako uren kalitatea kudeatzeari buruzko urriaren 11ko 1341/2007 Errege Dekretua bete beharra.

13. Udalek garbitasun, higiene eta osasungarritasun baldintza egokietan mantendu beharko dituzte beren udal-mugarteetan dauden bainu eremuak, balizko isurketa puntuak eta erabiltzaileendako arriskuak kontrolatuz.

14. Ur emaria oso handia ez den eremuetan ez bainatzea gomendatzen da.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Osasun Ministeriora, Gobernuaren Ordezkaritzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Kultura Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirol Institutura eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 24an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2005153