111. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, maiatzaren 15eko 21/2020 Foru Agindua aldatzen duena. Aurreko foru agindu horren bidez neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei edo antzekoei buruz, bai eta urruntze fisikoko, babeseko eta prebentzioko neurri jakin batzuk gogorarazi ere, trantsizio prozesuaren egungo fasean sartzen diren jarduerei dagokienez.

2020ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 16koan, eman zen argitara maiatzaren 15eko 21/2020 Foru Agindua, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoei edo antzekoei buruzko jarraibideak ematen dituena, eta urruntze fisikoko, babeseko eta prebentzioko neurri jakin batzuk gogorarazten dituena, trantsizio prozesuaren egungo fasean sartzen diren jarduerei dagokienez.

Foru agindu horren lege oinarria maiatzaren 9ko SND/399/2020 Agindua da, zeinean ez baita inolako erregulaziorik lokal mota horren gainean; izan ere, mota horretako lokalak pribatuak dira, bai, baina ezin dira bizileku partikularren parekotzat jo, erabilera kolektiboko lokaltzat hartu behar baitira, ulertuta elkartzeko, jostetarako, aisialdirako eta gastronomiarako lokalak direla, familia unitate desberdinetako jabeak dituztela, eta, gainera, asko erabiltzen direla, erabiltzaileak maiz eta txandaka joaten baitira horietara.

Maiatzaren 15eko 21/2020 Foru Agindua judizialki berretsi zuen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak 2020ko maiatzaren 18an emandako 27/2020 Autoaren bidez.

Foru aginduan aurreikusten zen jarduerak etetea 1. fasean soilik. Halere, Nafarroako Foru Komunitatean 2. fasea hasi da zenbait mugapen ezarrita, Osasun Ministerioak horiek onetsi ondoren; horietako bat da, hain zuzen ere, lokal mota horretan jarduerak etenda jarraitzea 2. fasean, datu epidemiologikoen arabera kutsapenerako arriskua dagoelako oraindik, eta lokal mota horren kasuan, pribatuak eta erabilera intentsibo eta kolektibokoak direnez, zaila delako kontrolatzea segurtasun baldintza zorrotzak betez irekiko direla (ostalaritzako lokalei eskatzen zaien bezala), populazioa arriskuan jar dezaketen balizko kutsapenak ekiditeko.

Maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduan ere, normaltasun berri baterako trantsizio planaren 2. fasea aplikatuz alarma egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu mailako zenbait mugapen malgutzeko xedea duen horretan, ez da aurreikusten foru agindu honen xede diren lokaletarako berariazko erregulaziorik.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Horrenbestez, osasun publikoari buruzko aipatutako neurrietan oinarriturik eta Nafarroak 2. faserako aurkeztu duen eta Osasun Ministerioak onartu duen proposamenaren arabera, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoen jarduera etenda mantentzea. Horrela, 21/2020 Foru Aginduan 1. faserako dagoen aurreikuspena osatzen da helburu horrekin berarekin 2. faserako ezarri beharreko xedapenarekin.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eskatuta eta Nafarroako Trantsiziorako Batzordeari galdetu ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Maiatzaren 15eko 21/2020 Foru Aginduaren lehen puntua aldatzea. Honela geldituko da:

“Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposaturik, honako prebentzio neurri hauek ematea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko:

–1. fasean eta 2. fasean: jarduera oro etetea Nafarroan kokatutako “aisialdiko etxabe”, “pipero” edo “elkarte gastronomiko” deiturikoetan edo antzekoetan.

Etenaldi horretatik salbuetsita daude kafetegi, jatetxe edo tabernarik ez duten bostehun biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, herritar guztientzat elkartzeko lokal bakarrak badira. Kasu horietan, alkateek baimena eman dezakete soilik lokal horien terrazak erabiltzeko eta, salbuespen gisa, barnealdea erabiltzeko, horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen baditu, eta fase bakoitzerako araudian ostalaritzako establezimenduetarako eta jatetxeetarako ezarritako prebentzio neurri guztiak betetzen badira.

Bigarrena.–Foru agindu honek ez du bide administratiboa amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 24an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2005152