111. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2020 FORU LEGE-DEKRETUA, maiatzaren 20koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Gerora, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak eta apirilaren 24ko 492/2020 Errege Dekretuak aldatu zuten lehenbiziko arau hura, eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuak, apirilaren 10eko 487/2020 Errege Dekretuak, apirilaren 24ko 492/2020 Errege Dekretuak eta maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuak luzatu zuten alarma egoera. Hurrenez hurreneko luzapenak egin eta gero, alarma egoeraren indarraldia 2020ko maiatzaren 24ko 00:00ak artekoa dela ezarri da.

Martxoaren 14ko aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak 4. artikuluan ezartzen duenez, alarma egoeraren ondorioetarako eskumena duen agintaritza Gobernua izanen da, eta, zein bere ardura eremuan, agintaritza eskudun delegatuak izanen dira, halaber, ministerio hauetako titularrak: Osasuna, Defentsa, Barne Arazoak, Garraioak, Mugikortasuna eta Agenda Urbanoa. Hala eta guztiz ere, errege dekretu horren 6. artikuluarekin bat, administrazio bakoitzak eskumenak ditu, indarreko legeriak bere zerbitzuen ohiko kudeaketarako emandakoak, beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartzeko, betiere agintaritza eskudunaren zuzeneko aginduen esparruan.

COVID-19 koronabirusaren bilakaerak sortu duen ohiz kanpoko egoeraren ondorioz, premiazko zenbait neurri berezi hartu behar izan dira. Horretarako, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretuaren, martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuaren, apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuaren eta apirilaren 29ko 4/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, premiazko neurri batzuk onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Nafarroako Parlamentuak 2020ko martxoaren 27an egindako Osoko Bilkurak erabaki zuen lehenbiziko bi foru lege-dekretuak baliozkotzea eta foru lege proiektu gisa tramitatzea presako prozeduraren bidez. Tramitazio horren ondorioz onetsi ziren, batetik, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, eta, bestetik, apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Era berean, Nafarroako Parlamentuak 2020ko apirilaren 21ean eta 2020ko maiatzaren 7an egindako Osoko Bilkurek erabaki zuten apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretua eta apirilaren 29ko 4/20202 Foru Lege-dekretuak baliozkotzea.

Ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusita, beharrezkoa da bosgarren neurri sorta ezartzea, foru lege-dekretu honetan jaso direnak.

Nafarroako Foru Komunitatea lehena izan zen Espainian etxebizitzari buruzko neurri berariazkoak onartzeko orduan, 2020ko apirilaren 1etik aurrera eraginkorrak eta aplikatzekoak direnak. Orain, gaurko egoera eta ordutik onetsitako araudia ikusita, bidezkoa da neurri horien onuradunen zerrenda handitzea, bi kasu ezberdin bereizita.

Alde batetik, langabezian dauden pertsonen kasuan, langabezian dauden enplegu-eskatzaile gisa inskribatzeko data eraginkorra aldatzen da, emantzipatzeko errentamenduagatiko kenkaria (EmanZipa programa) lortu ahal izateko. 2020ko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da.

Eta, beste alde batetik, kenkari hori eskatzeko aukera zabaltzen zaie aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteko (ERTE) egoeran dauden langileei edo Nafarroako Gobernuak jada ohiz kanpoko laguntza zuzena aitortu dien langile autonomoei.

Horrela, COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoak zigortutako biztanle talde handiagoek etxebizitza izateko eta mantentzeko dituzten oinarrizko beharrak betetzen dira, oinarrizko irizpide honi jarraikiz: herritarren etxebizitza eskubidea Nafarroako Foru Komunitatearen politikaren funtsezko zutabe gisa hartzea. Gainera, eta familien finantza egoera hobea izan dadin, uztailaren 1etik aurrera emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkariaren ordainketa (EmanZipa programa) hilero eginen da, modu iraunkorrean, hiru hilean behin egin beharrean, eta, horrela, etxebizitza izateko errentamenduagatiko kenkariarekin (DaVid programa) parekatuko da, biek osatzen baitute Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa.

Neurri hauek arauaren I. tituluan biltzen dira.

Foru lege-dekretu honen II. tituluan, kontratazio publikoaren eremuko neurri berriak biltzen dira.

Maiatzaren 5eko 17/2020 Errege Lege-dekretuaren bidez COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko kultura sektoreari laguntzeko tributuen esparruko neurriak onetsi dira, eta, zehazki, haren zortzigarren xedapen gehigarriaren bidez, erabaki da kentzea kontratazio publikoaren arloko prozeduretarako epeen eta mugaegunen etendura. Neurri horrek berebiziko garrantzia dauka, eta jarduera ekonomikoa berpiztea faboratzen du, gaurko motelaldia ahalik eta azkarren gainditzeko eta enplegua berreskuratzeko. Hori horrela, merkatuek eta jarduera ekonomiko gehienek pairatu duten irauliaren ondorioz, jarduera jakin batzuk osasun krisia gertatu aurretik baino garestiago bihurtu dira, eta horrelako kasuetan hasierako eskaintzari eustea edo kontratuak hasierako baldintzetan eskaintzea ekonomiaren aurkako bihurtu bada, bidezkoa da kasu hauek aintzat hartzea eta haiei estaldura ematea. Egoera hauetan daudenek are eta zailtasun ekonomiko handiagoak izan ez ditzaten, haiek nahi badute, eta denbora batez, indargabetuko dira kasu hauetan dauden lizitatzaileei aplikatzen zaizkien zehapenak: kontratazio prozeduretan beren eskaintza justifikatu gabe erretiratzen dutenei, edo adjudikatu zaizkien kontratuak formalizatzera iritsi ez direnei.

Era berean, krisiak eta haren ondorioek bereziki eragindako sektore ekonomikoen artean kulturarena dago. Kultura gune eta espazio eszeniko guztiak erabat gelditu dira, eta, horren ondorioz, profesionalek diru-sarreren galera handia eduki dute eta egoera kritikoan geratu dira, beren egiturazko hauskortasuna dela eta. Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da neurri berriak ezartzea, dauden neurri orokorrak osatzeko eta egokitzeko, sektorearen berezitasunak aintzat hartuz. Zehazki, mekanismo bat ezarri da sektoreko profesionalek aurrerakinak eta kalte-ordainak jaso ahal izateko, baldin eta sektore publikoarekin kontratatuta dauden emanaldiak geroratzen edo ezeztatzen badira, eta horien zenbatekoa 50.000 eurotik beherakoa bada. Osasun agintariek hartutako neurriek, lehenik, eta alarma egoeraren deklarazioak, ondoren, antzokiak, aretoak eta antzeko instalazioak ixtea ekarri dute; horren ondorioz, interpretazio artistikoko eta ikuskizunetako kontratuak, ordurako eginda zeudenak, suntsiarazi edo eten egin dira. Hori horrela, gaikuntza ematen zaio kontratazio organoari etendako kontratuen zenbatekoaren portzentaje bat aurrerakin bezala aitortzeko, eta kalte-ordain bat emateko, kontratua suntsiarazi bada, baldin eta etetearen edo suntsiaraztearen arrazoi zuzena agintaritza eskudunak COVID-19aren krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak badira.

Xedapen gehigarri bakarrean osatzen eta argitzen dira COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz kontratazio alorrean dagoeneko hartu diren neurriak. Neurri horiek apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean biltzen dira (Koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko presako neurriak onesten dituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legea). Horretarako, aldatzen den foru legean aurreikusitakoaren arabera etenda geratu diren ondoz ondoko zerbitzuen eta horniduren kontratuetan, kontratazio organoak aurrerakinak egin ahal izateko aukera zehazten da, kontratistari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoaren kontura; eta, kontzesioen arloan, kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko araubidearen alderdi jakin batzuk zehazten dira, kontratua gauzatzeko ezintasuna erabatekoa edo partziala izan daitekeela argituz; horren ondorioz, kontratuaren oreka ekonomiko berriaren araubidea bete ezin izan den parteari aplikatuko zaio, bakarrik.

Honaino azaldu diren arrazoiek justifikatzen dute foru lege-dekretu hau onestea, behar-beharrezkoa baita aipatu neurriak berehala hartzea.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluan jasotako baimena erabiliz, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko maiatzaren hogeian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru Lege-dekretu honen xedea da neurri bereziak hartzea koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko.

I. TITULUA

Neurri bereziak etxebizitzaren arloan

2. artikulua. Bizigarritasun zedulen indarraldia.

Bizigarritasun zedulen indarraldia luzatzen da 2020ko abenduaren 31ra arte, bai eta 2020ko uztailaren 1etik abenduaren 30era arte bizigarritasun zedula lortzeko eskubidea ematen duten behin betiko kalifikazioenak ere.

3. artikulua. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa.

1. 2020. urtean, honako hauek egiten ahalko dute emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkaria (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 68 quinquies artikuluaren A apartatuak zehazten du kenkari hori): Nafarroan erroldaturik egonda, eta kenkaria izateko gainerako baldintzak betez (salbu eta adinari dagokiona), honako egoera hauetako batean dagoena:

a) 2020ko urtarrilaren 1ean edo geroago langabezian dagoen enplegu eskatzaile bezala inskribatuta daudenak.

b) 2020ko martxoaren 14tik aurrera (data horretan, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko alarma egoera deklaratu zen) enplegu-erregulazioko aldi baterako espedienteko (ERTE) egoeran inskribatuta daudenak.

c) Apirilaren 15eko 3/2020 Foru lege-dekretuaren 2. artikuluak biltzen dituen ohiz kanpoko zuzeneko laguntzaren bat jaso dutenak (foru lege-dekretu horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko).

b) eta c) apartatuetan aurreikusitako egoeren kasuan, kenkarirako aukera emanen da 2020ko abenduaren 31ra arte.

2. 2020ko uztailaren 1etik aurrera emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkaria hilero ordainduko da, modu iraunkorrean. Kenkari hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 68 quinquies artikuluaren A apartatuan aurreikusitakoa da. Kenkarirako eta haren ordainketa aurreraturako eskubidea galduko da alokairuaren ordainketa hurrengo hilabeteko lehen egunaren aurretik justifikatzen ez den hilabeteei dagokienez.

4. artikulua. Etxebizitza babestuetako errentarientzako dirulaguntzak.

Alokairu Poltsan sartutako etxebizitzen edo etxebizitza babestuen errentamendu kontratuetako titularrei ematen zaizkien dirulaguntzak automatikoki berrituko dira, 2020ko uztailaren 1etik uztailaren 20ra eskatu behar diren kasuetarako. Uztailaren 20an amaitzen da, hain zuzen ere, 2019ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkezteko epe arrunta.

II. TITULUA

Ohiz kanpoko neurriak kontratazio publikoaren arloan

5. artikulua. Kontratazio publikoaren arloko neurri osagarriak.

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen mendeko edozein entitatek deitutako lizitazio publiko batean eskaintza aurkeztu duten lizitatzaileek eskaintza erretiratzen ahalko dute, eta eskaintza erretiratzeak ez du ekarriko behin-behineko bermea galtzea (Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 70.1 artikuluan aurreikusitako bermea), halakorik badago, eta ez zaie ezarriko arau beraren 22.1.j) artikuluak ezartzen duen kontratatzeko debekua ere, baldin eta alarma egoera dekretatu zenean kontratua adjudikatu gabe baldin bazen.

Alarma egoera dekretatu zenean kontratua adjudikatuta bazegoen, baina formalizatu gabe bazegoen, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duen epeen etendurarengatik (COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua), adjudikatzaileak kontratua ez formalizatzeko aukera izanen du, eta horrek ez du ekarriko zehapenik (Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 101.7 artikuluan aurreikusitakorik), eta ez zaio ezarriko arau beraren 22.1.h) artikuluak ezartzen duen kontratatzeko debekua ere.

Eskaintza erretiratzeko, edo kontratua ez formalizatzeko aukera baliatzeko, aski izanen da adjudikatzaileak edo lizitatzaileak kontratazio organoari idatziz adieraztea eskainitako baldintzak ekonomiaren aurkakoak direla, alarma egoera deklaratzeak eta horrek jarduera ekonomikoan eduki duen eraginaren ondorioz sortu diren egitatezko edo zuzenbidezko inguruabarrak direla-eta.

6. artikulua. Interpretazio artistikoko eta ikuskizunetako kontratu publiko etenak edo suntsiaraziak.

1. Baldin eta, COVID-19aren ondorioz edo horren inguruan hartutako osasun arloko edo eusteko neurrien ondorioz, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aplikatu behar duten entitateek egindako 50.000 eurotik beherako interpretazio artistikoko eta ikuskizunetako kontratuak aldatzea edo etetea erabakitzen bada, interpretazioa edo ikuskizuna geroago egiteko, kontratazio organoak erabakitzen ahalko du kontratistari gehienez kontratuaren prezioaren ehuneko 30 ordaintzea, prezio horren konturako aurrerakin bezala.

Konturako aurrerakina ordaintzeko, ez da beharrezkoa izanen kontratistak bermea ematea.

2. Baldin eta, COVID-19aren ondorioz edo horren inguruan hartutako osasun arloko edo eusteko neurrien ondorioz, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea aplikatu behar duten erakundeek egindako 50.000 eurotik beherako interpretazio artistikoko eta ikuskizunetako kontratuak suntsiarazten badira, foru lege horren beraren 160.1.c) letran aurreikusten diren arrazoiarengatik, kontratazio organoak erabakitzen ahalko du kontratistaren aldeko kalte-ordain bat ordaintzea, eta kalte-ordain hori ezin izanen da kontratuaren prezioaren ehuneko 3 baino txikiagoa edo 6 baino handiagoa izan.

Xedapen gehigarri bakarra.–Aldatzea apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 2. artikulua. Foru lege horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onetsi zituen apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legearen 2. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“1. Zerbitzuak eta hornidurak emateko kontratu publikoak, segidako prestaziokoak, automatikoki etenda geldituko dira kontratua betearaztea ezinezkoa den partean, baldin eta foru lege honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta kontratu horiek osorik edo partez betearaztea ezinezkoa bada COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik. Kontratuaren prestazioa galarazten duen egitatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik geldituko dira etenda, prestazio hori berriz abian jartzeko modua egon arte. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

Aurreko paragrafoan aipatutako kontratu bat etenda egon edo ez, haren epemugan formalizatu gabe badago kontratu berria, kontratazio-prozedurak, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan xedatutakoak eraginda, gelditzearen ondorioz prestazioaren jarraipena bermatuko duena, eta ezin bada kontratu berria formalizatu, jatorrizko kontratua luzatzen ahalko da kontratu berria betetzen hasi arte eta, betiere, bederatzi hilabeteko eperako gehienez ere, kontratuaren gainerako baldintzak aldatu gabe eta edozein izanik ere espediente berri horren lizitazioa argitaratzeko eguna. Aipatutako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen du, eta martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak aldatu zuen.

2. Aurreko puntuan aipatutakoak ez diren zerbitzuetako eta horniduretako kontratu publikoen kasuan, kontratazio organoak epea luzatuko die, baldin eta kontratistak kontratuan ezarritako epeak betetzen ez baditu COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik. Honako baldintza hauek bete beharko dira horretarako: kontratuek indarra izatea foru lege hau indarrean sartzen den unean, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek eginak izatea, kontratu horien xedea galdu ez izatea COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, eta kontratistak berak adieraztea bere konpromisoak beteko dituela indarrean dagoen hasierako epea edo betetzen ari den luzapena handitzen bazaio. Aipatutako arrazoiarengatik galdutako denbora bezainbeste luzatuko dira epeak, kontratistak epe txikiagoa eskatu ezean. Epea luzatu aurretik, kontratua kudeatzen duen unitateak txostena eginen du, non adieraziko baita atzerapena ezin zaiola egotzi kontratistari eta COVID-19aren krisiaren ondoriozkoa dela.

3. Obretako kontratu publikoak etenda gelditzen ahalko dira, baldin eta foru lege-dekretu honek indarra hartzen duenean indarrean badaude, kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte eta COVID-19ak sortutako egoerarengatik edo administrazio publikoek gaitzaren kontra hartutako neurriengatik kontratu horiek xedea galdu ez badute, eta, egoera hori dela eta, kontratua betetzen jarraitzerik ez badago; etendura kontratua betetzea galarazten duen egitatezko edo zuzenbidezko egoera gertatzen denetik prestazioa berriz has daitekeen unera artekoa izanen da. Ondorio horietarako, ulertuko da prestazioa berriz abian jar daitekeela hura gauzatzea galarazten duten inguruabarrak edo neurriak bertan behera gelditzen direnean. Hartara, kontratazio organoak etetea bukatu dela jakinaraziko dio kontratistari.

4. Artikulu honetako 1. apartatutik 3.era bitartekoetan bildutako kasuetan, ez zaio zigorrik ezarriko kontratistari, ezta kontratua suntsiaraziko ere. Horrez gain, puntu honetako bigarren paragrafoan ezarritako baldintzak bete ondoren, kalte-ordainak jaso daitezke kontzeptu hauengatik:

1.–Kontratistak kontratuaren exekuzio arruntari atxikitako langileei etete-aldian benetan ordaindutako soldata-gastuak. Ondorio horietarako, ulertu behar da soldata-gastuetan sartzen direla Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazio guztiak.

Artikulu honetako 2. apartatuan aipatzen diren zerbitzu edo horniduretako kontratuetan, COVID-19agatik galdutako denboraren ondorioz benetan izan diren soldata-gastu gehigarriak ordaintzeko eskubidea ez da gehienez ere kontratuaren hasierako prezioaren 100eko 10 baino handiagoa izanen, BEZa barne dela.

2017ko irailaren 26an argitaratutako 2017-2021 eperako eraikuntzaren sektoreko VI. lan-hitzarmen kolektibo orokorraren edo negoziazio kolektiboaren bestelako esparruetan hitzartutako antzeko hitzarmenen arabera, obra kontratuetan ordaindu beharreko soldata-gastuak honakoak izanen dira: oinarrizko soldata, eraikuntzaren sektoreko lan-hitzarmen kolektiboko 47.2.a) artikuluan aipatutakoa; desgaitasunagatiko osagarria, aipatutako hitzarmeneko 47.2.b) artikuluan aipatutakoa; aparteko haborokinak, aipatutako 47.2.b) artikuluan aipatutakoak; eta oporren ordainsariak, edo eraikuntzaren sektoreko beste lan-hitzarmen kolektibo batzuetan hitzartutako kontzeptu baliokideak.

Betiere, martxoaren 14a baino lehen kontratuaren exekuzio arruntari atxikita zeuden eta kontratua berriz ezartzean atxikita dauden langileen gastuak hartuko dira kontuan.

2.–Behin betiko bermea mantentzeagatiko gastuak, kontratuaren etete-aldiari dagozkionak.

3.–Makineriaren, instalazioen eta ekipamenduen alokairu gastuak edo mantentze-lanen kostuak, baldin eta kontratistak frogatzen badu baliabide horiek ezin izan direla erabili etendako kontratua betetzea ez den beste xede batzuetarako, eta kostu horien zenbatekoak ez badu gainditzen makineria, instalazio eta ekipamenduak alokatzeko edo mantentzeko kontratuak suntsiaraztearen kostua.

4.–Pleguan ezarrita dauden eta kontratistak kontratuaren xederako izenpetu dituen aseguru polizei dagozkien gastuak, baldin eta kontratua etetean indarrean badaude.

Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea onartu eta artikulu honetan aipatzen diren kalte-ordainak ordainduko dira baldin eta kontratista nagusiak behar bezala frogatzen badu baldintza hauek betetzen direla:

–Hark edo kontratuaren exekuziorako kontratatu dituen azpikontratistek eta hornitzaileek egunean zituztela beren lan eta gizarte arloko betebeharrak 2020ko martxoaren 14an.

–Kontratistak berak 2020ko martxoaren 14an egunean zituela azpikontratistei eta hornitzaileei ordaindu beharrekoak, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 153. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Puntu honetan xedatutakoa soilik aplikatuko da kontratazio organoak, kontratistak hala eskatzen duenetik bost egun naturaleko epean, kontratua hasieran hitzartutako baldintzetan gauzatzea ezinezkoa dela ulertzen duenean, artikulu honetako 1. apartatutik 3.era bitartekoetan azaldutako egoeragatik. Xede horrekin, kontratistak eskaera igorriko du kontratazio organora honako hauek adieraziz: kontratuaren exekuzioa ezinezkoa egin duten zergatiak; une horretan kontratuaren exekuzioari atxikitako langileak, egoitzak, ibilgailuak, makineria, instalazioak eta ekipamenduak; kontratistak zergatik ezin dituen kontratu horretan aipatutako bitartekoak erabili beste kontratu batean; gastu horien egiazkotasuna, eraginkortasuna eta zenbatekoa; eta eskaeraren xede den aldi guztian kontratuaren exekuzioari atxikitako enplegua mantentzearen gastuak. Eskaeran aipatzen diren langileen artean nahitaezko baimen ordaindu berreskuragarria izan duenik baldin badago, hau da, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez arautu zen baimena duenik (martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-dekretua, zeinaren bidez, COVID-19aren aurkako borrokaren testuinguruan herritarren mugikortasuna murrizteko asmoz, ordaindutako baimen berreskuragarri bat arautu baitzen funtsezko zerbitzuak ematen ez dituzten besteren konturako langileentzat), langile horien soldata-gastuen ordainketa ez da kalte-ordaintzat hartuko, baizik eta konturako ordainketatzat. Errege lege-dekretu horren hirugarren artikuluan ezarritakoari jarraikiz berreskuratu behar diren orduei dagokie ordainketa hori, eta kontuan hartuko da kontratuaren azken likidazioan.

Artikulu honetako 1. apartatuan aurreikusitakoaren arabera, etenda geratu diren ondoz ondoko zerbitzuen eta horniduren kontratuetan, kontratazio organoak, kontratistak eskatuta, dagokion kalte-ordainaren kopuruaren konturako aurrerakina eman dezake. Aurrerakina ordainketa bakarrean ordaintzen ahalko da, edo aldizkakoetan. Ondoren, aurreratu den zenbatekoa deskontatuko da kontratuaren likidazioan. Aurrerakina egiteko, kontratazio organoak exijitzen ahalko du aurrerakina ziurta dadin, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean aurreikusitako berme moduetako edozeinen bidez.

Eskaeran azaldutako inguruabarrak egiaztatzen ahalko dira geroago. Aipatutako epea igaro bada kontratistari berariazko ebazpena jakinarazi gabe, ezestekoa dela ulertuko da.

5. Obra kontzesioen eta zerbitzu kontzesioen kontratu publikoetan, foru lege hau indarrean sartzen den unean indarrean badaude, eta kontratu bakoitza adjudikatzeko unean Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dagoen kontratazio publikoaren arloko araudiaren mende dauden entitateek egin badituzte, COVID-19ak izatez edo zuzenbidez sortutako egoerak eta administrazio publikoek egoera horri aurre egiteko hartutako neurriek eskubide emanen diote emakidadunari kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko, haren hasierako iraunaldia gehienez ere 100eko 15 luzatuz edo kontratuko baldintza ekonomikoak aldatuz, kasu bakoitzean bidezkoa den bezala.

Betiere, oreka berri horrek emakidadunei konpentsazioa emanen die diru-sarrerak galdu dituztelako eta jasandako kostuak handitu direlako. Horien artean daude COVID-19ak egitatez sortutako egoerak irauten duen bitartean benetan ordaindu dituzten soldata-gastu gehigarri posibleak, obren edo zerbitzuen kontzesio-kontratuaren exekuzio arruntean aurreikusitakoekin alderaturik. Konpentsazioa eginen da soilik emakidadunak aldez aurretik eskatu eta behar bezala frogatzen badu gastu horiek benetan eta eraginkortasunez izan direla eta gastu horiek zenbatekoak izan diren.

Apartatu honetan xedatutakoa aplikatuko da soilik kontratazio organoak, kontratistak eskaturik, lehen paragrafoan azaldutako egoeraren ondorioz kontratua gauzatzea ezinezkoa dela ulertzen duenean, eta aipatu ezintasunak ukitzen duen kontratuaren parteari dagokionean bakarrik.

6. Artikulu honetako 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitakoa ez zaie inola ere kontratu hauei aplikatuko:

a) Zerbitzu edo hornidura sanitarioko, farmazeutikoko edo bestelakoetako kontratuak, haien xedea COVID-19ak eragindako osasun krisiari lotuta badago.

b) Sistema informatikoen mantentze-lanetarako kontratuak.

c) Garraioko azpiegituren eta zerbitzuen mugikortasuna eta segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzuetako edo hornidurako kontratuak.

Ulertzen da artikulu honetan aurreikusitako araubideak ez dituela ezertan galarazten Garraioetako, Mugikortasuneko eta Agenda Urbanoko ministroak pertsonak, ondasunak eta tokiak babesteko beharrezkoak diren prestazioak bermatzeko har ditzakeen neurriak, horretarako agintaritza eskudun delegatu izendatzen baitu COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 4. artikuluak. Neurri horiek berekin ekar dezakete, besteak beste, kontratuen etendura bidezkoa den kasuak aldatzea.

7. Kontratazio organoak kontratu bat alda dezake, pertsonak babesteko premiek eta COVID-19ari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak harturiko beste neurri batzuek eraginda, apirilaren 6ko 6/2020 Foru Legearen 15. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren babesean; izan ere, foru lege horren bidez premiazko neurriak onetsi ziren koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko. Horrelakoetan, kontratazio organoak finkatuko ditu hasierako kontratuan ez zeuden unitate berrien prezioak edo beren ezaugarrietan funtsezko aldaketa izan dutenenak, eta prezio horiek bete beharrekoak izanen dira kontratistarentzat. Alarma egoera bukatutakoan, aldaketa espedientea tramitatuko da Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 143.1 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aipatutako kasuetan, kontratua aldatzearen ondorioz hasieran aurreikusitako unitate kopurua murrizten bada, kontratistak ez du izanen inongo kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik.

8. Aurreko apartatuetan ezarritako neurriak aplikatzekoak izanen dira, halaber, osasun arloko eta gizarte zerbitzuetako itun sozialei, erakunde instrumentalei egindako enkarguei eta amaitutako kontratu publikoen kasuei, baldin eta kontratistak, alarma egoera deklaratzean eta betiere Administrazioak eskatuta, interes publikoko arrazoiengatik, amaitutako kontratuaren xedeko zerbitzuak edo hornidurak ematen jarraitzen badu, edo ematen baditu hasierako kontratistak uko egin duelako.”

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Parlamentura igortzea.

Foru lege-dekretu hau Nafarroako Parlamentura igorriko da baliozkotu dezan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21 bis artikuluaren 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu bidez garatzea eta betearaztea.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari, bai eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako titularrei ere, zeinek bere eskumenen eremuan, behar adina xedapen eman ditzaten, foru lege-dekretu honetan ezarrita dagoena garatzeko eta betearazteko.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea eta indarraldia.

1. Foru lege-dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

2. Halaber, foru lege-dekretu honetan onetsitako neurrien artean iraunaldi zehatza dutenek hura beteko dute.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 20an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2005041