110. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

76/2020 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, helburua duena aplikatzea, ehiza-jarduerari dagokionez, maiatzaren 16ko SND/414/2020 Agindua, Normaltasun Berri Baterako Trantsizio Planaren 2. fasea aplikatuz alarma egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu mailako zenbait murrizketa malgutzekoa.

COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10.3 artikuluaren arabera, bertan behera gelditu dira arau horren eranskinean adierazten diren kirol eta aisialdiko jarduerak, besteak beste, kirol ehiza, modalitate guztietan.

Aurrekoa aplikatuz, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenak, zeinaren bidez salbuespenez arautzen baitira 463/2020 (COVID-19) Errege Dekretuak ukitutako ehiza arloko jarduera batzuk, bertan behera utzi zuen bai 2019-2020ko ehiza denboraldi arrunta (bukatzeko falta zen aldia), bai ehizari lotutako txapelketa eta kirol probak ere, alarma egoeraren deklarazioak indarrean segitu bitarte.

Bestalde, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 20.2.i) artikulua betez, Ingurumeneko zuzendari nagusiak maiatzaren 5eko 68/2020 Ebazpena eman du, aldatu dituena Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpena eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 17ko 60/2020 Ebazpena, helburu duena ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunaren baimena eta ehiza-lizentzia dituzten ehiztariei baimena ematea alarma egoeran ehiza-espezieen kontrola egiteko, nekazaritzan eta/edo abeltzaintzan eragindako kalteak direla-eta. Kontrol lan hori, betiere, ukitutako ehiza-barrutian edo udalerri mugakideetan bizi diren ehiztari baimenduek baizik ezin dute egin.

Normaltasun berri baterako trantsizio planaren 2. fasea aplikatuz, alarma egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu mailako zenbait murrizketa malgutu dituen maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduaren XV. kapituluaren bidez, arautu dira kirol eta aisialdiko ehizan eta arrantzan aritzeko baldintzak.

48.1 artikuluak ezartzen du ehiza modalitate guztiak baimentzen direla, baldin eta betetzen badira agintari eskudunek ezarritako segurtasun distantzia eta higiene eta prebentzio neurriak.

Era berean, 48.2 artikuluak ezartzen du ezen, ehiztari bat baino gehiago inplikatzen dituzten ehiza jarduera antolatuetan, arduradunak jarduketa plan bat izan beharko duela, non gorde beharreko prebentzio eta higiene neurriak zehaztuko diren.

Azkenik, 50. artikuluan ezartzen dira kirol eta aisialdiko ehiza eta arrantza jardueretan aplikatu beharreko higiene eta prebentzio neurriak.

Artikulu bakar batean ere ez da inolako mugimendu-mugarik ezartzen jarduera horietarako.

Foru agindu horrek 2020ko maiatzaren 18ko 00:00etan hartu du indarra, eta eragina izanen du alarma egoerak eta haren balizko luzapenek indarra izan bitarte.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren iritziz, ehiza jardueren barruan sartzen da ehiza arrunta, baita txapelketak, kirol probak eta nekazaritzari eta/edo abeltzaintzari kalte egiten dioten espezieak kontrolatzeko asmoz ematen diren baimen bereziak ere.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena ikusirik.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

Horrenbestez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019-2020 ehiza denboraldi arrunta berriz irekitzea, modalitate guztietan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 12ko 117E/219 Foru Aginduaren bidez onetsitako baldintzetan, baita ehiza arloko txapelketa eta kirol probak ere. Izan ere, indarrik gabe utzi da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenaren 2. apartatua (ebazpen horren bidez salbuespenez arautzen dira 463/2020 (COVID-19) Errege Dekretuak ukitutako ehiza arloko jarduera batzuk). Jarduera horiek egiteko, ehiztariak probintzia osoan barna mugitzen ahalko dira.

2. Txapelketei eta kirol probei dagokienez, alarma egoerari buruz indarra duen araudiaren arabera jokatuko da.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 68/2020 Ebazpena aldatzea, ehiza-barrutia kudeatzeko arduradunaren baimena eta ehiza-lizentzia dituzten ehiztariei baimena ematen diena alarma egoeran ehiza-espezieen kontrola egiteko, nekazaritzan eta abeltzaintzan eragindako kalteak direla-eta. Zehazki, 1.2 apartatua aldatu da, honela idatzita geldituko baita: “Kontrolak egiteko baimena duten ehiztariak probintzia osoan barna mugitzen ahalko dira”.

4. Baimendutako ehiza jarduera guztietan, agintaritza eskudunek ezarritako segurtasun distantziak eta higiene eta prebentzio neurriak gorde beharko dira, maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduaren 50. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, arau horren bidez malgutu baitira Normaltasun berri baterako trantsizio planaren 2. fasea aplikatuz alarma egoera deklaratu ondoren ezarritako estatu mailako zenbait murrizketa.

5. Ehiztari bat baino gehiago inplikatzen dituzten ehiza jarduera antolatuetan, ehiza barrutia kudeatzeko ardura duenak jarduketa plan bat izan beharko du, non gorde beharreko prebentzio eta higiene neurriak zehaztuko diren.

6. Ebazpen hau igortzea interesdunei, Ehiza Atalari, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari, Ingurumena Zaintzeko Atalari, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisioari eta Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2005063