110. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

61/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Gobernuko herritarren arretarako bulegoak irekitzea.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen Espainiako lurralde osoan, osasun krisiari aurre egiteko; alarma egoera hori lau aldiz luzatu da, azkena maiatzaren 8ko 514/2020 Errege Dekretuaren bidez, 2020ko maiatzaren 24ko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan.

Koronabirusaren (COVID-19) pandemiak eragin duen osasun krisiaren ondoriozko egoera ez-ohikoa dela eta, alarma egoera deklaratzeaz gain mota desberdinetako neurriak hartu dira zenbait esparrutan.

Neurri horien artean nabarmendu beharra dago Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 54/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez bertan behera uzten baita lantokietako jarduera presentziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat, funtsezko zerbitzu publikoentzat izan ezik, koronabirusaren (COVID-19) bilakaera epidemiologikoaren ondorioz. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren bulegoak itxi ziren herritarrentzako arreta presentzialerako, birusaren hedapena ekiditeko prebentzio neurri gisa.

Normaltasun Berrirako Trantsizio Planean aurreikusitako neurrien barruan, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren bidez malgutu ziren Espainia mailako zenbait murrizketa, alarma egoeraren deklarazioren ondotik ezarritakoak, eta erabaki zen Nafarroako Foru Komunitatea I. fasera pasatzea.

Herritarren arretarako bulegoak berriz irekiko direla aurreikusita, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko Herritarren Arretarako Atala lanean ari da ebaluatzeko zein diren arreta presentziala berriz ematen hasteko baldintzak. Hauek dira, funtsean, kontuan hartu beharrekoak: herritarrei arreta ematea, langileen nahiz herritarren segurtasuna, eta herritarren arretarako erregistroen arteko koordinazioa Nafarroako Gobernuaren barruan.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak 59/2020 Foru Agindua eman zuen maiatzaren 14an, haren bidez arautzeko nola itzuliko diren, urratsez urrats, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile publikoak aurrez aurre lan egitera lantokietan, Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren esparruan; foru agindu horren 12. puntuan aurreikusten da II. fasean hasiko direla lanean, urratsez urrats, herritarrentzako arreta emateko zerbitzuetan aritzen diren ezinbesteko langileak, besteak beste.

Maiatzaren 14ko 59/2020 Foru Aginduaren 8. puntuan ezartzen denez, jendeari arreta emateko lehenetsiko dira bide telefonikoa eta telematikoa. Aurrez aurreko arreta soilik emanen da ezinbestekoa denean, eta, horrelakoetan, jende kopurua mugatuko da eta aurretiko hitzordua beharko da. Horrez gain, aukera ematen du jendeari arreta emateko tokiak mugatzeko, langileen eta erabiltzaileen segurtasuna eta osasuna babesten direla bermatuta egon dadin.

Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du, gainerako departamentuetan herritarren arretarako dauden beste unitateekin adostuta, erregistro bulegoak irekitzen joatea. Hasiera batean, Planaren II. fasean, irekiko dira segurtasuneko distantzia fisikoaren neurriak betetzea posible duten erregistroak, bai eta kalearen maila berean daudenak ere, baldin eta norbera babesteko ekipamenduak badituzte, Lan Harremanen eta Prestazio Sozialen Zerbitzuak gomendatzen dituenak alegia.

Honakoen erabilera lehenetsiko da: bide telematikoa (https://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1718/Registro-General-Electronico), telefono deiak (012 eta 948 012 012) edo Herritarren Arretarako Txat-a. Aurrez aurreko arreta emanen da soilik ezinbestekoa denean, eta, horrelakoetan, jende kopurua mugatuko da eta aurretiko hitzordua beharko da, online edo telefonoz hartuta.

Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuak ezartzen du Lehendakaritza Departamentuko kontseilariaren eskumena dela Erregistroaren bulego berriak irekitzea eta ixtea (2.4 artikulua), denak daudelako, eginkizunen aldetik, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren menpe, erregistro bakarra den aldetik.

Horiek horrela, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak egindako eskaera ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Gobernuko herritarren arretarako bulego hauek irekitzea:

1. Iruñean eta Iruñerrian.

a) Alde Zaharra - I. zabalgunea:

–Hezkuntza Departamentua. San Domingo aldapa zk.g.

b) II. zabalgunea:

–Osasun Departamentua. Tutera kalea 20.

–Eskubide Sozialetako Departamentua. González Tablas kalea 7.

–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. González Tablas kalea 9.

–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentua. Karlos III.aren etorb. 2.

c) Iturrama:

–Nafarroako Foru Ogasuna. Ezkirotz kalea 20.

d) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (NOPLOI), Landabengo industrialdea, E eta F kaleak.

2. Tutera.

–Nafarroako Foru Ogasuna. Sancho VII el Fuerte plaza 8.

–Reina Sofía Ospitalea. Tarazonako errepidea zk.g.

–Herritarrei Arreta Emateko Bulegoa. Foruen Plaza 5-6.

3. Lizarra.

–Nafarroako Foru Ogasuna. Koroatze plaza, 2.

4. Tafalla.

–Nafarroako Foru Ogasuna. Teófano Cortés plaza 7.

5. Doneztebe.

–Nafarroako Foru Ogasuna. Merkatarien karrika 6.

2. Aurreko puntuan adierazitako herritarren arretarako bulegoak aurrez aurreko arreta ematen hasiko dira Nafarroako Foru Komunitatean Normaltasun Berrirako Trantsizio Planaren II. faseko neurriek indarra hartzen duten egunean.

3. Hitzordua dutenei baizik ez zaie arreta emanen eta, horretarako, Foru Komunitateko Administrazioak hitzordua eskatzeko bitartekoak jarriko ditu herritarrentzat.

4. Informazioa emateko, bide telefonikoa eta telematikoa lehenetsiko dira, eta aurrez aurreko arreta erabiliko da herritarren arretarako bulegoek dituzten gainerako eginkizunetarako.

5. Osasun agintariek unean-unean agintzen dituzten neurri guztiak bete beharko dira, bai urruntze fisikokoak, bai prebentziokoak.

6. Herritarren arretarako bulego gehiago zabalduz joanen dira, egoki diren segurtasun eta prebentzio neurriak haietan ezarri ahala.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 20an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2005060