107. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTIKA

Udal ordenantza, arautzen dituena Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxeko espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera. Behin betiko onespena

Artikako Kontzejuko Batzarrak, 2020ko otsailaren 26an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Artikako Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxeko espazio eta baliabideen antolaketa eta erabilera arautzen dituen udal ordenantza, eta erabakia 2020ko 56. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua), eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Artikan, 2020ko maiatzaren 7an.–Kontzejuko burua, Cristina Recalde Vallejo.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ARTIKAKO KONTZEJUAREN MARÍA DOMÍNGUEZ GIZARTE ETXEKO ESPAZIO ETA BALIABIDEEN ANTOLAKETA ETA ERABILERA

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua. Artikako Kontzejuaren “María Domínguez” gizarte etxea, Artikako María Domínguez karrikako 3an baitago, Kontzejuaren ondasuna da, jabari eta zerbitzu publikokoa, eta Artikako Kontzejuarena da haren erabileraren ardura.

Hona gizarte etxearen lehentasunezko xedeak:

a) Bizilagunen kontzientzia zibiko eta politikoa garatzen laguntzea, Artikako herritarrek Kontzejuaren eta Udalaren bizitzan parte hartzera bultzatuz, demokrazian sakontzea helburu.

b) Artikako herritarren gizarte kohesioa indartzen laguntzea, adin guztietako lagunendako zentro batean, haur, nerabe nahiz heldu.

c) Biltoki sozial bat eskura jartzea, bereziki Artikako herritar eta elkarteek eskatzen dituzten ekimen guztietarako, beste toki batzuetatik etortzen diren proposamenak baztertu gabe.

d) Kulturaren sustapena indartzen laguntzea, haren agerpen guztietan: musika, zinema, literatura, etab.

2. artikulua. Kontzejuko Kultur Zerbitzuaren egoitza izanen da Artikako María Domínguez gizarte etxea. Haren espazioak, nagusiki, jarduera kultural eta soziokulturalak egiteko izanen dira, musikaren, zinemaren eta arte plastikoen alorretan; bestelako jarduera batzuetarako ere erabil daitezke, hala nola mintzaldiak, eztabaidak eta ikastaroak egiteko, bai eta beste ospakizun batzuetarako ere, herri bestetarako kasu (Mari Domingi, inauteriak, etab.).

3. artikulua. Artikako Kontzejua arduratuko da berak sustaturik gizarte etxean gauzatzen diren jarduera, ikastaro eta ikuskizun guztiak programatu, antolatu, kudeatu eta haien segimendua egiteaz, bai eta bertako instalazioak zaindu eta hobetzeaz ere.

Orobat, elkarteek edo partikularrek antolatzen eta proposatzen dituzten jarduerak ere egiten ahalko dira, betiere 1. artikuluan aipaturiko xede eta printzipio oinarrizkoei kontra egiten ez badiete.

4. artikulua. Gizarte etxean jarduerak egiten ahalko dira lankidetzan Udaleko kultur koordinatzailearekin.

II. KAPITULUA

Ordutegia

5. artikulua. Programaturiko jarduerek zer ezaugarri dituzten eta Kontzejuak antolatzeko zer aukera dituen, haiexen araberakoa izanen da gizarte etxea irekitzeko ordutegi orokorra.

Asteburuko erabilera pribatuaren kasuan, 15:00etatik 22:00etara bitarteko ordutegia ezartzen da.

III. KAPITULUA

Jarduerak

6. artikulua. Gizarte etxean gauzatzekoak diren jarduerek ez dute izanen salerosketa-xederik edo irabazi-asmorik eta, nagusiki, izanen dira kulturalak, artistikoak, hezkuntzazkoak, soziokulturalak eta ludikoak; ez da arlo politikoa baztertzen, denak hartzen baititu barnean. Honako hauek hartzen dira halakotzat:

–Antzerki edo dantza emanaldiak.

–Kontzertuak, entzunaldiak.

–Ikus-entzunezko proiekzioak.

–Ikastaroak, lantegiak, mintegiak.

–Mahai-inguruak, mintzaldiak, eztabaidak.

–Programa politikoen aurkezpena.

–Udal edo kontzeju mailako eztabaidak eta proposamenak.

–Erakusketak: pintura, eskultura, argazkigintza, etab.

–Liburutegiko espazioaren berezko jarduerak. Irakurzaletasuna bultzatzeko kanpainak. Irakurraldi dramatizatuak. Ipuin kontalariak.

–Liburuen aurkezpenak.

–Kultur edo kirol elkarteek proposatutako denetariko jarduerak.

7. artikulua. Jarduerak gauzatzeko, Artikako Kontzejuak hasierako onespena eman beharko die.

8. artikulua. Kontzejuak eskubidea izanen du María Domínguez gizarte etxeko espazioak salerosketa-xederik eta irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteei alokatzeko.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileak

9. artikulua. Hona hemen Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxearen erabiltzailearen definizioa: bertara sustatzaile gisa jotzen duena edo, orokorrean, bertan gauzatzen diren jardueretan parte hartzen duena.

10. artikulua. Hona hemen Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxearen elkarte edo talde erabiltzailearen definizioa: bere jarduerak egiteko Kontzejuaren gizarte etxeko espazioak erabiltzen dituen elkarte edo taldea.

11. artikulua. Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

–Ezarritako ordutegiak errespetatzea.

–Bertan diren altzariak eta elementuak zaintzea eta egokiro erabiltzea.

–Kontzejuaren gizarte etxeak duen azpiegitura zuzen erabiltzea.

–Lokala txukun eta garbi uztea, erabili ondoan beste eskatzaile batzuek erabiltzeko maneran.

–Kontzejuak baimendutako langileek ematen dituzten jarraibideei kasu egitea.

–Oinarrizko funtzionamendu-arauei jarraikitzea (Kontzejuak orri batean emanen ditu), eta gizarte etxea erabili aurretik eta ondotik bete beharreko egiaztapen zerrenda betetzea.

–Kontzejuaren gizarte etxean ez erretzea.

–Surik ez egitea, eta baimendutako zarata-maila ez gainditzea.

–Inolako jarduera piroteknikorik ez egitea.

12. artikulua. Artikako Kontzejuak eskubidea izanen du aipatutako jarraibideak errespetatzen ez dituzten pertsonei sarrera ukatzeko. Espazioak behar ez bezala erabiltzea arrazoi izaten ahalko da kanporatzeko edo lokalak halako epe batean ez lagatzeko.

13. artikulua. Kontrakoa erabaki ezean, espazioak lagatzeak ez du ekarriko Kontzejuak inolako materialik gorde eta biltegiratzea. Inguruabarren bat dela medio eta denbora baterako baizik ez da hori eginen, baldin Artikako Kontzejuak baimentzen badu.

14. artikulua. Ikus-entzunezko baliabideak langile arduradunek erabiliko dituzte, edo bestela entitate antolatzaileak akreditaturiko adituek, Kontzejuak aurretik adostasuna emanik, betiere.

V. KAPITULUA

Espazioak

15. artikulua. Kontzejuaren gizarte etxean hiru espazio mota bereizten dira:

A) Erabilera esklusiboko espazioak:

–Panelen eta ikus-entzunezkoen gela.

–Garbiketa eta biltegi gela.

B) Erabilera bereziko espazioak:

–Altzariendako nitxoak.

–Barraren espazioa: baditu harraska, ontzi garbigailua, mikrouhin labea, etab.

–Armairu giltzadunak, taldeei edo jarduera jakinei esleitzeko.

C) Balio anitzeko espazioak:

–Erakusketa eremua.

–Erabilera anitzeko 1. aretoa (handia).

–Erabilera anitzeko 2. aretoa (txikia).

VI. KAPITULUA

Gizarte etxeko espazioen erabilera eta horiek lagatzeko
eta erabiltzeko irizpideak

16. artikulua. Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Artikako Kontzejuak antolatu edo babesten dituen jardueretarako erabiltzearen mende.

17. artikulua. Espazioen erabilera elkarte eta taldeei esleitzeko garaian, lehentasuna izanen dute Artikako Kontzejuan eta Berriobeitiko udalerrian kokaturiko eta antolaturiko elkarte eta taldeek.

18. artikulua. Egoerak aukera ematen badu, lankidetza hitzarmenak sinatzen ahalko dira Kontzejuaren eta pertsona edo taldeen artean, Kontzejuaren gizarte etxeko espazioak erabiltzeko.

19. artikulua. Gizarte etxeko espazioak erabiltzeko araubide ekonomikoari dagokionez, aldi bakoitzean indarra duten tarifak kobratuko dira, Kontzejuak baimentzen dituen doako erabileretan izan ezik.

20. artikulua. Gizarte etxeko espazio bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak hauek dira:

A) Erabilera esklusiboko espazioak:

A.1) Panel eta ikus-entzunezkoen gela langile tekniko baimenduendako erabilera esklusiboko espaziotzat hartuko da; ez da lagatzen ahalko, salbu eta behar diren baldintza teknikoak betetzen direnean.

A.2) Ekialdeko biltegia Kontzejuarendako erabilera esklusiboko espaziotzat hartuko da; ez da lagatzen ahalko, salbu eta aparteko baldintzetan, programaturiko jardueraren ezaugarriak direla medio.

B) Erabilera bereziko espazioak:

B.1) Altzariendako nitxoa, barraren espazioa, armairu giltzadunak:

–Altzariendako nitxoa 1. aretoko altzariak gordetzeko erabiliko da, espazio horrek balio anitzeko erabilera izatea ahalbidetzeko.

–1. aretoa hutsik egonen da, eta unean uneko premien arabera paratuko dira altzariak. Erabili ondoan, nitxoan gordeko dira berriz, hurrengo batean erabiltzeko.

B.2) Barraren espazioa:

–1. aretoa erabiltzen duten entitate edo partikularrek erabiltzen ahalko dute, baldin eta, inguruabarren bat dela medio, eskatutako jarduerak hala behar badu.

B.3) Armairu giltzadunak:

–Artikako Kontzejuak armairu giltzadun baten edo gehiagoren erabilera esleitzen ahalko die jarduera jarraiki bat eginen duten talde edo pertsonei, jarduera horrek iraun bitartean.

C) Balio anitzeko espazioak, haien ezaugarrien arabera:

C.1) Erakusketa eremua:

–Erakusketa eremua sarbideko korridorearen eta areto nagusiaren arteko espazioan dago, eta badu mekanismo bat ikusgai paratu beharreko materialak kokatzeko, elementu horiek zintzilikatzeko aukera ematen duena.

Erakusketen jarduera (pintura, argazkigintza, kartel lehiaketak, etab.) bateragarria izan daiteke kokatuta dagoen espazioaren ohiko erabilerarekin.

Erakusketetarako baimena eskatzeko eskabide-izapidea Kontzejuaren gizarte etxeko gainerako elementu eta espazioen erabilerarako berbera da.

Elkarteek nahiz partikularrek proposaturik egiten ahalko dira bertan erakusketak.

C.2) Erabilera anitzeko 1. aretoa (handia):

–Kontzejuaren eta Udaleko Kultur Zerbitzuaren programazioa gauzatzeko izanen da nagusiki.

–Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Artikako Kontzejuak edo Udaleko Kultur Zerbitzuak antolatzen edo babesten dituzten jardueren erabileraren mende.

–Kontzejuak horretarako zehazten duen tarifari lotuko zaio lagapen hauen tratamendu ekonomikoa.

–Artikako Kontzejuak, kultura eta ekonomia aldetik espazio honi etekin hobea ateratzeko asmoz, kontratu edo hitzarmenak egiten ahalko ditu partikularrekin, entitateekin edo arte taldeekin, erabilera lagatzeko eta arautzeko, dela une jakin batzuetarako, dela manera jarraikian eta/edo luzarorako (konparazio batera, hiruhilekorako, seihilekorako, denboraldirako, urtebeterako, etab.).

–Horrelako lagapenak akordio idatzien bidez eginen dira eta egokitzat jotzen diren konpentsazio bideak zehaztuko dira.

–Lagapen horien ordutegia eta baldintza teknikoak Kontzejuak ezarriko ditu.

–Espazio hau bizilagunek erabiltzeko lagatzen ahalko da, ordenantza honen 11. eta 12. artikuluetan zehazturiko irizpideen barnean.

C.3) Erabilera anitzeko 2. aretoa (txikia):

–Espazio hau erabiliko da erabilera anitzeko 1. aretorako ezarri diren irizpide berekin.

–Luze-zabalen eta ezaugarrien aldetik zein diren bertan egiteko jarduera egokienak, haiexetarako erabiliko da.

–1. aretoarekin batera erabiltzeko xedea izanen du, komenigarritzat jotzen denean.

21. artikulua. Zer premia dauden, zer espazio dauden erabilgarri eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen, halakoxeen araberako erantzuna emanen zaie espazioak lagatzeko eskabideei.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, Kontzejuaren gizarte etxearen erabiltzailea den partikular edo talde bakoitzak bertako espazioak erabiltzeko jardueren egutegia eta ordutegiak aurkeztuko ditu. Ordutegiok bat egin beharko dute kultur guneak oro har irekitzeko eta ixteko dituen ordutegiekin.

Orobat, gizarte etxean adina lokal ez badago eskatzen duten guztiei lagatzeko, lokalen erabilera nori lagako zaion erabakitzeko honako alderdi hauek hartuko dira aintzat: Artikan edo udalerriko edozein herritan erroldatutako kide gehien dituen taldeei emanen zaie lehentasuna; gisa berean, aintzat hartuko da eta taldea lehenesteko arrazoi izanen da, laga zaizkion lokalak erabili eta gero taldeak kultur ekintza edo jarduerak antolatu izana edo halakoetan parte hartu izana, herriari eta/edo udalerriari nolabait helaraziz lokala erabili duen bitartean egindako kultur lanaren emaitza. Lokala erabili eta gero ez bada parte hartu inongo kultur ekimenetan, lokala beste talde eskatzaile batzuei lagako zaie.

22. artikulua. Kontzejuaren gizarte etxeko espazioak lagatzeko, baldintza hauek ezartzen dira:

a) Erreserba pribatuak egin daitezke Kontzejuaren bulegoetan, telefonoz edo posta elektronikoz. Eskabide kopurua bat izanen da urte naturalean eta pertsonako. Erreserbak egiteko epea hilaren 15etik 22ra izanen da, biak barne. Erreserbak hurrengo hilabeterako eska daitezke soilik. 15a edo 22a jaieguna bada, hurrengo laneguna hartuko da egun balioduntzat. Dagokion tasa ordaindu beharko da erreserba baieztatu ondotik adierazitako egunetan. Zenbateko hori ez da itzuliko, ez bada erreserba bertan behera uzten dagokion eguna baino 4 egun baliodun lehenago, 14:00ak baino lehen.

–Haurren urtebetetze-ospakizunak egiteko erreserben kasuan (12 urtetik beherako haurrak betiere), guraso edo legezko tutoreetako batek egin beharko du erreserba, eta bat eskatzeko eskubidea egonen da seme edo alaba bakoitzeko, urte naturalaren barnean, urteak betetzen diren hilerako edo hurrengorako.

Egun bererako batek baino gehiagok eskatzen badute gizarte etxearen erreserba pribatua, zozketa bidez erabakiko da.

Erabilera publikoko erreserba bat egonez gero gizarte etxea erabiltzeko, horrek lehentasuna izanen du erabilera pribatuko baten gainetik.

Hilaren 22aren ondoren, asteburuetarako ez diren erreserba eskaerak bertatik bertara izanen dira irmoak.

Eskabidean honako agiri hauek erantsiko dira, nahitaez:

–Eskabidea egiteko berariazko inprimakia, zuzen betea. Inprimaki hori Kontzejuaren bulegoan egonen da eskatzaileen eskura.

Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen NANaren edo IFZaren fotokopia.

–Familia liburuaren fotokopia.

b) Lagapenak erabaki idatzi baten bidez eginen dira, eta halakoa eskatzaileari helaraziko zaio.

c) Eguna edo ordutegia aldatzeko eskaerak, bai eta jadanik baimendutako jarduera bakoitzaren denbora luzatu edo laburtzekoak, Kontzejuko administrariak ebazten ahalko ditu, aurretik kontzejuburuak haien berri jakinda, programazioa eta espazioen erabileren koordinazio zuzena aintzat hartuz, baldin eta aldaketa horiek ez badute funtsean aldatzen jarduera baimenduaren izaera.

d) Ez partikularra izan ez taldea izan, inolako erabiltzailek ez du lokaletako giltzarik izanen, Kontzejuak baimentzen duenetan izan ezik.

e) Erabiltzaileen kontura izanen dira:

–Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea, behar denean.

–Egile eskubideak ordaintzea, behar denean.

–Administrazio baimenak eskuratzea.

–Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatzea eta desmuntatzea, Kontzejuak antolaketan zerikusirik ez duenean.

f) Kontzejuak baimendutako langileek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta desmuntatzeko lan guztiak, eta horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak bete beharko dituzte entitate antolatzaileek.

g) Jarduera bat burutzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak ongi erabiltzeko maneran gelditzen diren, jarduera hasi aurretik zeuden egoera berean.

h) Ahalik eta lasterrena jakinaraziko da eragiten edo atzematen den kalte oro.

VII. KAPITULUA

Zehapenak

23. artikulua. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

a) Entitate antolatzaile guztiek (bakarkakoak zein taldeak izan) beren gain hartuko dituzte eskatzen zaizkien erantzukizun zibilak, penalak, administratiboak, zerga edo lan arlokoak nahiz beste mota bateko guztiak, eta haien kontura izanen dira oso-osorik haien erantzukizun horien ondoriozko kalte-galeren ordainak, Kontzejua horietatik arrunt salbu utzirik.

b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.

c) Kontzejuak ez du inongo erantzukizunik izanen publikoak egiten dituenengatik, entitate antolatzailearena izanen baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izanik ere kalte horien arrazoiak. Horretarako, Kontzejuak likidazioa aurkeztuko dio, salbu eta bera zuzenean arduratzen bada konponketak egiteaz, Kontzejuak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta haren adostasunarekin.

24. artikulua. Honako hauek arau-haustetzat joko dira:

a) Jabetzaren kontrako falta eta delituak.

b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez bezala erabiltzea.

c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan kalteak eragitea.

25. artikulua. Kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte ezarriko dira aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak.

26. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen bidetik izapidetu eta betearaziko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenbizikoa.–Kontzejuko Batzarrari dagokio ordenantza honetan jaso ez diren kasuak ebaztea, bai eta zalantza sortzen duten artikuluen azken interpretazioa ematea ere, halakorik sortzen bada.

I. ERANSKINA

Artikako Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxea erakusketa areto gisa erabiltzeko erregelamendua

Artikako Kontzejuak bere erakusketa aretoa lagako du erakusketa artistikoak, kulturalak, soziokulturalak, historikoak edo artisautzazkoak ikusgai jartzeko. Hura erabiltzeko, baldintza hauek bete behar dira:

1. Eskaera.

Erakusketariak aretoa erabiltzeko eskaera eginen du idatziz, eta horretarako erregelamendu honi eransten zaion inprimakia bete eta Artikako Kontzejuko Erregistroan aurkeztuko du.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Historia profesionala.

b) Egindako erakusketen zerrenda.

c) Eskuratutako sarien zerrenda.

d) Prentsako iruzkin kritikoak.

e) Erakutsi beharreko obraren txosten fotografikoa (gutxienez ere 10 argazki, gutxienez ere 9 x 12 cm-ko tamainakoak).

f) Egindako erakusketen katalogoen laginak.

2. Iraupena:

Erakusketek, normalean, 30 egun iraunen dute gehienez ere. Data horiek kalitatearen eta aretoaren irizpidearen arabera erabakiko dira.

Irekitzeko orduak ikusgai jarriko dira jendearendako.

3. Eskaeren onarpena:

Eskaerak onartzeko kontuan hartuko dira erakusketariaren curriculum vitaea, obraren kalitatea, haren originaltasuna eta abar.

Nolanahi ere, Kontzejuak eskubidea izanen du halako obra batzuk ez onartzeko.

Erakusketen egutegia urtekoa da (urtarriletik abendura). Programazioa aurreko urteko irailetik abendura bitarte prestatuko da, jasotako eskaerekin.

4. Garraio eta asegurua:

Bidaltzeko eta itzultzeko gastu guztiak erakusketariaren gain egonen dira; hark bere kasa eta bere kontura aseguratzen ahalko ditu obrak, hala nahi badu.

5. Erantzukizuna:

Artikako Kontzejuak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, baldin eta istripu, lapurreta, sute, atentatu edo bestelako arrazoiren batengatik obrak osorik edo parte batean suntsitzen badira.

Erakusketariak edo lagapenaren titularrak Artikako Kontzejua osotara salbuetsiko du sorturiko erantzukizun orotatik, egin beharreko jarduera gauzatzeari eragin dion zeinahi inguruabar eta gorabeheraren ondorioz halakorik sortuz gero, eta espresuki uko eginen dio aipatu Kontzejuaren aurrean akziorik egikaritzeari, kalte-galeren ordaina barne.

6. Muntatze-lanak:

Kontzejuak ez du langile espezializaturik izanen erakusketa muntatzeko eta desmuntatzeko. Ez da aldaketarik onartuko baldin badakar aretoko apaingarriak aldatzea edo haren paretak honda ditzaketen materialak erabiltzea.

Artistak eskura izanen du aretoko materiala, eta erabili ondoan berak arduratu beharko du bere lekuan uzteaz.

7. Publizitatea:

Artikako Kontzejuak erakusketa iragartzeko txartel bat eta kartel bat argitaratuko ditu, egoki deritzon eran, osotara bere kontura eta erakusketariarekin adostuta, edo bestela aukera emanen dio berak bere kasa eta bere kontura argitaratzeko, are erakutsitako obraren katalogo bat editatzeko ere. Nolanahi ere, erakusketariak egiten duenaren berri emanen dio Kontzejuari eta hark zehazten dizkion ezaugarriak, maketa eta formatua onartu beharko ditu, halakorik zehaztuz gero.

Lagapenaren titularrak publizitate osagarria egiten ahalko du bere kasa.

8. Aretoko gastuak:

Aretoa dohainik lagatzen ahalko da, hala komeni bada, erakusketaren ezaugarriak direla medio.

Kontzejuak baimena emanda, erakusketariak bere kontura hartzen ahalko ditu nahi dituen segurtasun neurriak. Alde horretatik gertatzen diren gorabehera guztiak erakusketariak hartuko ditu bere gain, Kontzejuak batere ordaindu beharrik gabe kalte-galerengatik.

9. Jurisdikzioa:

Erregelamendu hau aplikatzeak ekartzen dituen auzietan, erakusketariak men eginen dio Iruñeko auzitegi eta epaitegien jurisdikzio eta eskumenari, beste guztiei uko eginda.

Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Artikako Kontzejuak ebazten duena bete beharko da eta ezin izanen da haren erabakiaren aurka jo.

10. Baldintzak jakin, onartu eta sinatzea:

Baldintza hauek jakin eta onartzeak berekin ekarriko du Artikako kultur eta gizarte etxeko erakusketa aretoaren erabilera lagatzeko hitzarmena sinatu beharra eskatzaileari lagapena esleitzen zaion unean, eta men egitea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzeko Ondasunen gaineko Erregelamenduan (280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) ezarritako manuei, horren ondorioz gorabeherarik gertatuz gero.

II. ERANSKINA

Artikako Kontzejuaren María Domínguez gizarte etxea erakusketa areto gisa erabiltzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2004806