107. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BAZTAN

Deialdia, Berdintasuneko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Aldi baterako lan-kontratuarekin ariko da, B mailakoa izanen da
eta euskarazko C1 jakite-maila izanen du

Baztango Udaleko alkateak, Alkatetzaren 2020ko maiatzaren 4ko 107/2020 Ebazpenaren bidez, onetsi zuen deialdi bat, Baztango Udalaren zerbitzuko Berdintasuneko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko. Teknikaria aldi baterako lan-kontratuarekin ariko da. Jarrain zehazten dira deialdiaren oinarriak.

Baztanen, 2020ko maiatzaren 7an.–Alkatea, Joseba Xabier Otondo Bikondoa.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Baztango Udalaren zerbitzuko Berdintasuneko teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea. Aldi baterako lan-kontratuarekin ariko da, B mailakoa izanen da eta euskarazko C1 maila izanen du ahozkoan eta idatzian. Deialdia garatuko da honako hauen arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko gradua, unibertsitateko diploma, ingeniaritza edo arkitektura teknikoko titulua edo horien baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik, eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea. Espainiako nazionalitatea ez izanik, parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

f) Euskarazko C1 maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako bat –2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa–), edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulu bat, edo, bestela, izangaiak behar den hizkuntza maila duela frogatzeko berariaz deituko den proba gainditzea.

2.2. Aurreko baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

2.3. Aurreko baldintzak deialdian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Baztango Udaleko Erregistroan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik. Eskabidea zuzenean Baztango Udaleko Erregistroan aurkeztu ez den kasu guztietan, eta administrazio eraginkortasuna dela-eta, Udalari horren berri eman beharko zaio baztan@baztan.eus helbide elektronikoaren bidez, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barrenean.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Baztango Udalaren bulego orokorretan edo Internet bidezko www.baztan.eus helbidean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.3. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Nortasun agiri nazionalaren edo haren agiri baliokideren baten kopia konpultsatua.

–Eskatzen den titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko maneran izanen dela adierazten duen agiriarena.

–Baloratuko diren merezimenduak frogatzeko agirien jatorrizkoa edo kopia konpultsatua.

Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan ukatu gabe, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta, legokiekeen erantzunbeharra.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsukeria antzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Baztango Udaleko alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko du Baztango Udaleko iragarki-taulan eta www.baztan.eus orrian argitara dadila.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, Baztango Udaleko alkateak ebazpena emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Baztango Udaleko iragarki-taulan eta www.baztan.eus orrian argitara dadila.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Oianko Garde Jaunsaras, Baztango Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Joseba Otondo Bikondoa, Baztango Udaleko alkatea.

Epaimahaikidea: Idoia Goikoetxea Gomez, Altsasuko Berdintasuneko teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Irune Gaston Ripa, Atarrabiako Berdintasuneko teknikaria.

Epaimahaikidea: Zaloa Basabe Gutierrez, Iruñeko Berdintasuneko teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Nerea Álvarez Arruti, Nafarroako Berdintasunerako Institutukoa.

Epaimahaikidea: Elena Urtasun Lasa, Baztango Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Ana Larruy Alaña, Baztango Udaleko langileen ordezkaria.

Epaimahaikide-idazkaria: Iulen Urbiola Loyarte, Baztango Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Beñat Ripodas, Zubietako eta Iturengo Udaletako idazkaria.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan litezke haien ordezkoak.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioaldiko proba bakoitzari nota jarri ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, www.baztan.eus orrian eta Baztango Udalaren iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioa:

6.2.1. Oposizioko probak oinarri honetan adierazitakoak izanen dira, 6.2.3 puntuan adierazitako ordenan eginen dira, eta deialdiaren II. eranskineko gai-zerrendan adierazitako gaiei buruzkoak izanen dira.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

6.2.2. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

6.2.3. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

a) Lehenengo proba.

Proba teoriko-praktikoa izanen da, eta test motako 40 galderari erantzun beharko zaie gehienez ere, idatziz, deialdi honen II. eranskineko zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Proba hasi baino lehen zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsen penalizazioa.

Ariketa horretan gehienez ere 40 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

b) Bigarren proba.

Praktikoa izanen da, eta deialdi honen II. eranskineko zerrendako gaiei buruzko kasu praktiko bat ebaztzi beharko da. Ariketa hori egiteko izangaiek zenbat denbora izanen duten adieraziko du epaimahaiak hura hasterakoan.

Ariketa horretan gehienez ere 30 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 15 puntu lortzen ez dituztenak.

6.2.4. Oposizioko probak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.3. Proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak parte-hartzaileek lortutako puntuazioak paratuko ditu Baztango Udalaren web orrian (www.baztan.eus), eta bost egun naturaleko epea emanen du, interesdunek balorazio horri buruzko erreklamazioak aurkez ditzaten eta beren eskubidearen alde komeni zaiena alega dezaten.

6.4. Lehiaketaldia: 30 puntu eskuratuko dira gehienez ere.

Lan esperientzia eta prestakuntza baloratuko dira, irizpide hauen arabera:

–Lan esperientzia: 20 puntu.

  • Berdintasuneko agente gisa administrazio publikoan egindako zerbitzua: 4 puntu urte bakoitzeko.
  • Berdintasuneko teknikari gisa entitate pribatuetan egindako zerbitzua: 2 puntu urte bakoitzeko.

Zerbitzu urteak osoak ez badira, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren hartuko da kontuan, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.

–Prestakuntza: 10 puntu.

  • Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko agente izateko unibertsitateko graduatu ondokoa, edo generoari buruzkoa (gehienez ere 8 puntu).
  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ikastaro bukatuak: 0,1 puntu 10 orduko (gehienez ere 2 puntu).

Oposizioaldiko bi probak gainditu dituztenei baizik ez zaizkie baloratuko merezimenduak, eta izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko dira horretarako.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio epaimahaiak argitaratuko du, www.baztan.eus web orrian eta Baztango Udalaren iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta, horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du.

8.–Izendapen proposamena.

8.1. Izendapen proposamena eginen da aurreko apartatuan xedatutako ordenaren arabera.

8.2. Hautatutako izangaiak bi asteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, deialdia egiten duen Administrazioaren kontratazio proposamena onartzen duenetik hasita. Ez bada hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiei egiten ahalko die kontratua, hautapen prozesuan ateratako puntuazio hoberenaren ordenari jarraituz.

9.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko dira hautapen prozesuan parte hartu duten pertsonekin:

–Hautapen prozesuaren lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

Poltsatik deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.

Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

10.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da deialdia egin duen udal organoari zuzenduta, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Jarritako edozein errekurtso jartzea zein ebaztea Udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen prozesuaren berri emateko eta interesdunak epatzeko ondorioetarako.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta 4/2019 Foru Legea, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarakoa.

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

3.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

4.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

5.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

6.–Berdintasun-printzipioa giza eskubideei buruzko nazioarteko itunetan. Emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).

7.–Tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako Europako Gutuna.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa.

9.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzkoa.

10.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

11.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

12.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa.

13.–Genero berdintasuna Nafarroako toki entitateetan. Udalaren berdintasun arloetako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea.

14.–Genero berdintasunerako udal ordenantzak. Haiek egiteko, kudeatzeko eta ebaluatzeko jarraibideak.

15.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. Ekintza plana.

16.–Erakundeen arteko III. Akordioa, Nafarroan emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean koordinatzeko.

17.–Lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko tokiko itunak.

18.–Emakumeek Nafarroako Foru Komunitateko politika publikoetan parte-hartze sozial eta politikoa izateko 2018-2020 aldirako Estrategiak.

19.–Baztango Udalaren egoera emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan: berdintasunaren arloko diagnostikoa eta I. Berdintasun Plana (2015-2018).

III. ERANSKINA

Dei egiteko arau orokorrak

1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

Izangaiak honela lokalizatuko dira:

–Kontratazioa presakoa ez bada, lokalizatzeko lau saio eginen dira 2 egunean.

–Lanpostuan gehienez bi egunean hasi behar bada, lokalizatzeko bi saio eginen dira egun berean, tartean gutxienez 2 ordu utzita.

–Lanpostuan gehienez 24 orduren buruan hasi behar bada, izangai guztiei segidan deituko zaie, une horretan kontratazio zerrendan duten hurrenkeraren arabera, proposatutako kontratua onartzeko izangai eskuragarria aurkitu arte.

2. Lokalizatzeko lehen saioa telefonoz deituta eginen da, eta bigarrena, beharrezkoa balitz, mezu elektronikoa bidalita.

3. Betiere, dei bakoitza artxibo batean jasoko da, hura zer egoeratan, zer egunetan eta zer ordutan egin den adieraziz. Langileen ordezkariek sarbide zuzena izanen dute artxibo horretan.

4. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa/k denari/direnei deituko zaio/e, harik eta eskaintzen den/diren lanpostua/lanpostuak bete arte. Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da.

6. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta ez den 6 hilabeteko edo sei hilabete baino gehiagoko kontratuetarako edo lanpostu hutsak betetzeko, edo lanaldia luzatzeko.

7. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangaia aldi baterako kontratu baten bidez lanpostuan aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 15 eguneko epearen barnean, lanpostu berdintsua aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, dei egiten zaion mementoan baldintza hauek betetzen badira:

a) Dei egiten den mementoan indarra duen zerrenda batean egotea izangaia.

b) Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.

8. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

a) Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

b) Aldi baterako ezintasun egoeran badago edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia badu.

c) Zaindu behar badu 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa zein adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat iragan arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.

e) Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturaletan bada.

f) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

9. Kasu guztietan agiri bidez frogatu behar da badela arrazoi bat, 15 egun naturaleko epean, ukoaren lanpostua eskaintzen den egunaren biharamunetik hasita.

Zerrendetatik baztertzea

Honako hauek izanen dira izangaiak deia ekarri duen zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoi batengatik.

c) Probaldia ez gainditzea, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna badaude.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

f) Lanpostua bertan behera uztea.

g) Kontratua amaitzea diziplina espediente baten tramitazioaren ondorioz, amaiera onesten duen ebazpen irmo batekin bururatzen bada.

h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa; hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar. Betiere, zerbitzuaren arduradunaren txosten arrazoitua eta langileen ordezkariekiko adostasuna egon behar dira.

Iragarkiaren kodea: L2004814