107. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

14E/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 27koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako laguntzen 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 504267.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira, baita aurrekontu erabilgarriaren menpe ere. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua edo jarduerak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia, interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 75.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren funtzionamendurako laguntzen 2020ko deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-4816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak

2020

75.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko martxoaren 27an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

2020. URTEAN NAFARROAKO MUSEOEN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORREN FUNTZIONAMENDURAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren 2020. urteko funtzionamendurako.

Laguntza hauek entitatearen funtzionamendurako, haren eraikinen mantentze-lanetarako eta bildumaren kontserbaziorako bideratuko dira.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 75.000 euro bideratuko dira, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-4816-333100 partidaren kargura.

3.–Laguntzen helburua.

Eskatzen ahal diren laguntzak bi motakoak dira:

–Funtzionamendurako laguntza. 9.000 euroko laguntza finkoa entitatearen funtzionamenduaren eta eraikinaren mantentze-lanen ondoriozko gastuetarako, irizpide honen arabera:

  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak diruz lagunduko dira, lanaldi osoa izan nahiz partziala.
  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuek jasoko dute dirulaguntza.

Laguntza hau 11.1 puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera emanen da, atal honi esleitutako dirua agortu arte, hots, 63.000 euro, betiere eskaeran aurkezten den aurrekontutik datorren defizita gainditu gabe.

  • Bildumaren prebentzioko kontserbazio lanetarako laguntza. Laguntza honen kopurua ez da finkoa, eta 11.2 puntuan lortzen den balorazioaren lehentasun ordenaren arabera emanen da, atal honi esleitutako dirua agortu arte, hots, 12.000 euro, honela:
  • Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 3.000 euro proiektuko.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, deialdi honetan ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak kenduta.

  • Azkeneko proiektuari soberako gerakina ematen ahal zaio.

Eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu prebentzioko kontserbazioaren laguntza modalitatean, dirulaguntzen deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen ere 11.2 puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari, proiektuen arteko lehentasun-hurrenkerari jarraikiz. Onuradun berari beste proiektu baterako dirulaguntza emanen zaio, bakar-bakarrik, baldin dirulaguntzak banatzeko lehenbiziko fasea itxi ondoren aurrekontuan diru erabilgarririk gelditzen bada.

Diruz lagunduko diren lanak exekuzio fasean edo bukaturik egon daitezke, baina, betiere, 2020. urtean egin beharko dira.

Funtzionamendurako laguntza finkoetarako esleitutako kopurua (63.000 euro) osorik banatzen ez bada, gelditzen den hondarra erabiliko da prebentzioko kontserbazio lanetarako laguntzen aurrekontua handitzeko.

Prebentzioko kontserbaziorako lanetarako zenbatekoa osorik esleitzen ez bada, erabilgarri dagoen saldoa baliatuko da esleipenaren lehenbiziko fasean laguntza finkorik lortu ez duten eskatzaileei emateko. Hala ere gerakinik badago, proportzionalki banatuko da onuradunen artean, 11.1 puntuko baremoa aplikatuta lortutako puntuazioaren arabera.

4.–Gastu diruz lagungarria.

Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuko kontzeptuei badagokie inolako zalantzarik gabe. Gastuak ez dira dirulaguntzaren xede izanen baldin beste deialdi batzuetan jaso badira, hain zuzen ere museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunderako eta inbertsiorako jarduera eta jarduketetarako beste deialdi batzuetan.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.–Onuradunak.

Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzapeko museoak.

–2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan funtzionamendurako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

6.–Baldintzak.

Eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak.

b) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

7.–Dokumentazioa.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2019. urteari dagozkionak.

Memoriak atal hauek bildu beharko ditu, 11.1.b) oinarriaren arabera baloratuko baitira:

–Erakundearen jarduera: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Egindako hobekuntzak: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.

–Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–2019. urtean denera izandako bisitarien kopurua, publikoaren datuak biltzeko Museoen Zerbitzuaren Eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.

–Hizkuntzen erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileentzako arreta.

–2020. urterako jardueren plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2020rako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina. Aurrekontua). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak funtzionamendurako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

–Laguntzaren xedeko bildumen prebentzioko kontserbazio lanen zerrenda edo horren proiektua, dagokion aurrekontuarekin. Proiektu hori aurkeztea aukerakoa da.

8.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta jaiegunak barne), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

9.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den fitxaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

10.–Tramitazio faseak.

10.1. Akatsak zuzentzea eta aurretiko ebaluazioa.

Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Zerbitzuak tramitatuko ditu.

Kultura eta Kirol Departamentuko Museoen Zerbitzuko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Dirulaguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Zerbitzuak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea emanen dio (larunbatak eta jaiegunak barne), akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak dokumentazioa epearen barrenean aurkezten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskatzaileak eskabidean (I. eranskina) adierazten duen helbide elektronikora.

10.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua:

Batzordeburua:

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Batzordekide-idazkaria:

–Juana María Marco Goñi andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Carmen Valdés Sagüés andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Batzordekideak:

–Pilar Cabodevilla Górriz andrea, Museoen Zerbitzuko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako tituluduna.

–Ana Berta Balduz Azcárate andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea. Ordezkoa: Violeta Romero Barrios andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

–Mikel Zuza Viniegra jauna, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea. Ordezkoa: Ioar Cabodevilla Antoñana andrea, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko Museoen Batzordeko kidea.

Batzordeak 11. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, hamabost egun naturaleko epean gehienez, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Zerbitzuak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

11.–Balorazio irizpideak.

11.1. Onartzen diren funtzionamendu gastuetarako laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 20 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu.

b) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2019. urtean kultura arloan egindako bidea (50 puntu gehienez), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 15 puntu. Honako hauek baloratuko dira: bisita gidatuak, material didaktikoa, tailerrak, audiogidak, webgunea eta sare sozialak, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunak, beste erakunde batzuekiko lankidetza, zabalkunde jarduera eta jarduketak, lanen mailegua eta beste.

–Erakundean egindako hobekuntzak: gehienez 15 puntu. Erakundeak egindako hobekuntzak ebaluatuko dira: eraikinean, bilduma egonkorrean, erakusketa iraunkorrean; kontserbazio eta zaharberritze lanak.

–Jendearendako ordutegia: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat orduz irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisitari kopurua: 5 puntu gehienez, Museoen Zerbitzuaren publikoaren datuak biltzeko Eskuliburuan agertzen denaren arabera.

–Euskararen erabilera: gehienez 5 puntu. Kontuan hartuko da haren erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileendako arreta.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea: 5 puntu gehienez. Kontuan hartuko da haien erabilera honako hauetan: seinaleztapena eta errotulazioa, bisita gidatuak, zabalkunde euskarriak, webgunea, gizarte sareak eta erabiltzaileendako arreta.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-garapenean egiten duen ekarpena (30 puntu gehienez), honen arabera:

–5.000 biztanletik beheitiko udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 30 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 20 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du dirulaguntzak emateko lehentasun-hurrenkera laguntza finkoen modalitaterako.

11.2. Onartzen diren bildumen prebentzioko kontserbazio gastuetarako eskaerak 20 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Prebentzioko kontserbaziorako aurkeztutako proiektua nola egokitzen den museoko bildumaren edo bilduma museografiko iraunkorraren behar eta ezaugarrietara (gehienez 10 puntu).

b) Proiektuaren kalitatea: metodologia, ekipoa, antolakuntza eta kronograma (gehienez ere 10 puntu).

11.2 puntuko balorazioan gutxienez 10 puntu (%50) lortzen ez dituzten prebentzioko kontserbazioko proiektuek ez dute laguntzarik jasoko. Baremo hau aplikatuz eskatzaileek lortzen duten puntuazioak ezarriko du dirulaguntzak emateko lehentasun-hurrenkera prebentzioko kontserbazio proiektuen modalitaterako.

Lehenbiziko fasean, onuradun bakoitzak aurkezten duen proiektu bakar bati emanen zaio laguntza, hain zuzen ere 11.2 puntuko balorazio irizpideak aplikatuz puntuaziorik handiena lortzen duenari. Behin lehenbiziko fasea bukaturik, aurrekonturik badago, eskatzaile berberari beste proiektu baterako dirulaguntza ematen ahalko zaio.

12.–Ebazpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez emanen da laguntza, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

13.–Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, agiri hauek aurkeztuta 2020ko azaroaren 16ra arte, egun hori barne:

–2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte honako hauetarako egindako gastuen eta diru-sarreren frogagiriak:

  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik goiti duten zentroak: plantillan komisariotzaren arloan dauden langileen gastuak, lanaldi osoa izan nahiz partziala.
  • Urteko aurrekontua 50.000 eurotik beheiti duten zentroak: langileen, horniduren, mantentze-lanen eta zerbitzu profesionalen gastuak.
  • 2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean eginiko gastuak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta egon behar dutenak (azaroaren 16a baino lehen).
  • Prebentzioko kontserbazio proiektuen kasuan, egindako jarduketaren memoria aurkeztuko da.
  • Jardueren memoria, 2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko datuekin. Urteko memoria osoa, hau da, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko datuak jasotzen dituena, aurkezteko azken eguna 2021eko urtarrilaren 31 izanen da.

14.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epeak.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–3. eranskina betetzea (justifikazio-kontua). Bertan, funtzionamenduko gastu eta diru-sarrera guztien datuak jasoko dira, eta horrekin batera, fakturak eta banku-frogagiriak aurkeztuko dira.

–Frogagiriak 2020an datatuak izan beharko dira, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (2020ko azaroaren 16ra arte, egun hori barne). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak.

Zeharkako zergak ez dira dirulaguntzaren xede izanen, eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak izan beharko direla (gastuak urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte, eta ordainketak 2020ko azaroaren 16ra arte). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

15.–Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

15.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta lege horren 4. artikuluan adierazitako pertsona edo entitateren batek egiten baditu. Ondorio horretarako, eskatzaileek 5. eranskina beteko dute.

15.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

15.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

16.–Onuradunek bete beharrekoak.

–Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ezarritako jarraibide teknikoekin.

–Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, justifikazioa egiten den egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari. Aldaketa horiek egiteko, erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzea webgunean, testu honen ondoren: Laguntzailea.

–Sarreran, ikusteko moduan adieraztea Nafarroako Gobernuak laguntza eman duela.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (4. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, dirulaguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Ezarritako epean aurkeztea gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta urteko jardueren memoria.

17.–Baldintzak ez betetzea.

16. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

18.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin haien zenbatekoek ez badute gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den zenbatekoa eta beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko dirulaguntzari muga bat ezarriko zaio, jarduerak ez dezan superabitik izan.

19.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

1. ERANSKINA

Eskabidea.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

3. ERANSKINA

2020rako aurrekontua.

Justifikazio-kontua, 2020.

4. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

5. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2004758