106. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 19a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

20/2020 FORU AGINDUA, maiatzaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ondoriorik gabe uzten baita Berriobeitiko “El Toro” hotelari osasungintzarako emandako gaikuntza.

Martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren bidez, giza baliabideen eta baliabide materialen arloko neurri batzuk hartu ziren COVID-19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko. Agindu horren 9. eta 10. artikuluetan aukera ematen zaie autonomia erkidegoetako osasun arloko agintariei espazio publiko edo pribatuak osasungintzarako gaitu ditzaten, eta behar diren neurriak har ditzaten pertsonak, ondasunak eta lekuak babesteko.

Halaber, agindu horren 12. artikuluan ezartzen denez, autonomia erkidego bakoitzean osasun arloko eskumenak dituzten agintariek emanen dituzte behar diren ebazpenak, xedapenak eta interpretazioko jarraibideak, beren jarduketa esparruaren barnean bermatze aldera agindu horretan ezarritakoa betetzen dela.

Martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduaren bidez, eten egin zen ostatu turistikoko establezimenduak jendearentzat irekitzeko aukera, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10.6 artikuluarekin bat. Errege dekretu horren bidez, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratu zen, eta martxoaren 27ko 476/2020 Errege Dekretuaren bidez haren indarraldia luzatu zen.

Halaber, etete horrek ez du eragozten autonomia erkidegoetako osasun arloko agintariek zenbait lokaletan osasungintzarako espazioak gaitu ahal izatea, martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, horixe xedatzen baita Osasun Ministerioak 2020ko martxoaren 23an emandako Instrukzioan, zeinaren bidez interpretazio irizpideak ezarri baitziren COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Zehazki, martxoaren 19ko SND/257/2020 Aginduaren aplikazio eremuan sartutako lokalei aplikatzen zaie hori (paradoreak barne), betetzen badituzte osasun arreta emateko beharrezkoak diren baldintzak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun sistema indartu beharra zegoen, COVID-19an positibo eman duten pazienteak artatzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak deklaraturiko pandemiaren ondoriozko premiei erantzute aldera. Horretarako, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 27ko 8/2020 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez baimentzen baitzen Iruñerriko zenbait hotel osasungintzarako gaitzea, besteak beste “El Toro”.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txosten teknikoaren arabera, une hauetan ez da beharrezkoa aipatu hotela osasungintzarako erabiltzea, SARS-CoV-2 pandemia dela-eta izandako kutsatzeen bilakaeran beherakada gertatu baita, eta ez dago osasun dispositibo gehiago erabiltzeko eskaerarik, ezta behar asistentzialik ere. Horrenbestez, bidezkoa da Berriobeitiko “El Toro” hotelari osasungintzarako emandako gaikuntza bukatutzat ematea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Ondoriorik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren martxoaren 27ko 8/2020 Foru Aginduak Berriobeitiko “El Toro” hotelari osasungintzarako baimendutako gaikuntza. Foru agindu horren bidez baimendu zen Iruñerriko zenbait hotel osasungintzarako gaitzea, besteak beste “El Toro”.

2. Foru agindu hau jakinaraztea aipatu hoteleko kudeatzaileari, eta igortzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeatzailetzara, Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, Profesionalen Zuzendaritzara, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasuneko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Foru agindu hau sinatzen den unetik hasita egonen da indarrean.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004986