100. ALDIZKARIA - 2020ko maiatzaren 14a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

396/2019 apelazio-errekurtsoa

Virginia Arias López de Lacalle, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den 396/2019 apelazio-errekurtsoan epaia eman da 2019ko abenduaren 23an, eta irmo geratu da. Haren xedapen zatian erabaki da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea 2017ko apirilaren 18ko 188/2017 Epaia, 556/16 apelazio-errekurtsoan emandakoa; ebazpena irmo geratu da eta haren idazpurua eta epaitza, hitzez hitz, hauek dira:

“188/2017 apelazio-epaia.

Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna. Magistratuak: Antonio Rubio Pérez jauna eta María Jesús Azcona Labiano andrea.

Iruñean, 2017ko apirilaren 18an.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, aipatutako magistratuek osatutakoak, aztertu du 556/2016 apelazioko erroilu hau, 2016ko irailaren 23ko epaiaren kontra auzkeztutako apelazio-errekurtsoa bideratzeko eratu zena; aipatutako epaia eman zen Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak emandako autoetan, 386/2015 prozedura laburtuan, zeina bideratu baitzen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorearen irailaren 15eko 1583/2015 ebazpenaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bideratzeko. Ebazpen horren bidez hutsik deklaratu zen ordezko irakasle lanpostu bat, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko Osasun Zientzietako Departamentuko Fisioterapiaren jakintza-arlokoa. Aldeak hauek dira: apelazio egilea, .......................... jauna, Ana Muñiz Aguirreurreta prokuradoreak ordezkatua eta José Luis Beaumont Aristu letraduak zuzendua; eta apelatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lucía Irene Jimeno Sanz de Galdeano letraduak ordezkatu eta zuzendua; hortaz, honakoetan oinarrituta ebatzi dugu:

Epaitza:

Baiesten da apelazio-errekurtso hau, idazpuruan identifikatu dena:

1. Apelatutako epaia errebokatzen dugu.

2. Partez baiesten dugu demanda, eta baliogabe deklaratzen dugu errekurritutako Ebazpenaren bigarren apartatua (Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen 1583/2015 Ebazpena), ordenamendu juridikoaren kontrakoa delako.

3. Baliogabe deklaratzen dugu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2009ko otsailaren 25ean hartutako Erabakiaren bidez, onartu zuen Irakasleen eta Ikertzaileen Kontrataziorako Erregelamenduaren 29.2.4 artikulua.

4. Deklaratzen dugu errekurtsoaren egileak eskubide duela Nafarroako Unibertsitate Publikoak bete dezan demandaren II. oinarri juridikoaren 2.5 apartatuan eta epai honen laugarren puntuko hirugarren eta azken hirugarren paragrafoetan eskatzen dena.

Aipatutako guztia lehen auzialdiaren eta apelazioaren kostuak ez alde bati ez besteari ezarri gabe.

Honako hau irmo geratuta, hirugarren apartatua argitara bedi Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 72.2 artikuluan aurreikusi bezala.

Beraz, epai honen bidez, hori erabaki, agindu eta sinatzen dugu.”

–2017ko maiatzaren 17an argitze-autoa eman zen 188/2017 epaiari buruz; hona hemen, hitzez hitz, haren xedapen zatiaren edukia;

“Xedapen zatia:

Horiek horrela, erabaki da:

Lehen adierazitako epaiaren idazpuruan egindako akatsa zuzentzen da, eta testu hau izan behar du: “... Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorearen irailaren 15eko 1583/2015 ebazpenaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bideratzeko. Ebazpen horren bidez hutsik deklaratu zen ordezko irakasle lanpostu bat, Osasun Zientzietako Departamentuko Fisioterapiaren jakintza-arlokoa, Gorputz eta Kirol-hezkuntzaren jakintza-arlokoa.”; gainerako erabakiak beren horretan uzten dira.

Ebazpen honen aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.”

–Horrez gain, 188/2017 epaiaren aurrean beste argitze-auto bat eman zen 2017ko ekainaren 14an, zeinaren xedapen zatiaren edukia hau baita, hitzez hitz;

“Xedapen zatia:

Horiek horrela, erabaki da:

Zuzentzen da lehen aipatutako epaiaren idazpuruan egindako akatsa, hasiera batean 2017ko maiatzaren 17ko argitze-autoan zuzendu zena, eta testu hau izan behar du: “... Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektorearen irailaren 15eko 1583/2015 ebazpenaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bideratzeko. Ebazpen horren bidez hutsik deklaratu zen ordezko irakasle lanpostu bat, Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko Osasun Zientzietako Departamentuko Gorputz eta Kirol-hezkuntzaren jakintza-arlokoa.”; gainerako erabakiak beren horretan uzten dira.

Ebazpen honen aurka ezin da inolako errekurtsorik jarri.

Halaxe erabaki, agindu eta sinatu dute idazpuruan adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 eta 107.2 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

Iruñean, 2020ko apirilaren 29an.–Justizia Administrazioaren letradua, Virginia Arias López de Lacalle.

Iragarkiaren kodea: J2004778