10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

234E/2019 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana; honen bidez, ingurumen ukipenetarako baimena ematen zaio proiektu honi: Irurtzun-Iruña CTO3 zirkuituko 13,2 kV-eko aireko linea eraberritzea Otxobi TZ eta 1301. euskarriaren artean, Itzako udal-mugartean. Sustatzailea I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2019ko abuztuaren 16an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari sarrera eman zitzaion Ingurumen Zuzendaritza Nagusian. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan aurreikusitako jarduketaren helburua da lehendik baden linea eraberritzea, linea horren zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Azken 1.195 metroko tartea modernizatuko da Otxobiko transformazio zentroraino. Horretarako, linea berria jarriko da egungoaren ordez. Trazaduran aldaketa txikiak eginen dira eta euskarri gutxiago jarriko dira, gaur egungo arau teknikoetara egokitutako tipologiakoak.

Linea berriak hamabi euskarri izanen ditu. Horietatik 10 berriak dira, eta 2 (1301 eta 1317) lehendik daude. Gaur egungo lineako euskarriak desmuntatu eginen dira, aipatutako biak salbu. Linea berriak egungo adar berak izanen ditu. Linea amaierako euskarria aldatuko da Otxobin, han terminalak eta autobalbulak instalatuko dira, eta euskarrietako batean SLB ebakigailua instalatuko da.

Proiektuan abifauna babesteko zenbait neurri aurreikusten dira; besteak beste, eroaleetako balizak, metro bateko estekatze-isolagailuak, babes eta maniobra elementu alderantzikatuak, zubi isolatuak etab.

Muntatu edo desmuntatu behar diren euskarrietara iristeko eta aurreikusitako gainerako lanak egiteko, oro har, hainbat erabilera dituzten lurzatietatik sartu beharko da, batez ere larre eta sastrakadietatik; baliteke ezponda eta lur-erauzketa txikiak egin behar izatea.

Espedientean Itzako Udalak eman duen aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena eman du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat, baina baimena emateko zenbait baldintza ezarri ditu.

Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du aurkeztutako dokumentazioan aski ingurumen informazio ageri dela adierazteko proiektua bateragarria dela ingurune naturalarekin eta proposamenaren aldeko txostena eman du, hura gauzatzean aplikatu beharreko neurriak gaineratuz.

Espedientean dauden txostenak ikusita, adierazitakoarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 10.3 artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: Irurtzun-Iruña CTO3 zirkuituko 13,2 kV-eko aireko linea eraberritzea Otxobi TZ eta 1301. euskarriaren artean, Itzako udal-mugartean. Sustatzailea I-De Redes Eléctricas Inteligentes SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Abifauna babesteko honako neurri hauek aplikatuko dira, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan partez proposatu direnak:

  • Proiektuan jasota dagoen moduan, isolagailuak U70YB20 motakoak izanen dira, eta hegaztiak ez pausatzeko PECA-1000 elementua izanen dute metro batetik gorako isolamenduarekin, edo antzekoa.
  • Eroaleak gurutzeen azpitik igarotzeko isolagailu bertikalek gutxienez 0,7 metroko isolamendua izanen dute.
  • Gauza bera eginen da ganga gisako gurutze edo armatuetarako, isolagailu esekiekin; eroalea ongi isolatuko da 1,00 metroko tartean lotune bakoitzaren alde banatan (grapa barne).
  • Babes edo maniobra elementuak alderantziz paratuko dira, behar adinako tartea utzita euskarrietako burualdetik.
  • Talka egiteko arriskua murrizteko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea osoan. Balizak hiru eroaleetan jarriko dira, 15 metro bakoitzeko, baina txandakatuz; horrela, baliza baten eta bestearen arteko ageriko distantzia 5 metrokoa izanen da.

–Euskarri berriak muntatu eta instalatzeko eta ziurrenik gaur egungo euskarriak desmuntatzeko, larre eta sastrakadiak dituzten lurzatiak gurutzatu beharko dira, eta baliteke lurzati horiek ukitu behar izatea, are ezpondak eginez obrako behin-behineko sarbideetarako (bereziki 1309., 1305. eta 1302. euskarrietan). Ukipen horiek ahalik gehien arindu beharko dira, eta lanak planifikatu behin-behineko sarbiderik ireki behar ez izateko moduan edo, hori posible ez bada, sarbideen luzera eta lur-erauzketen beharra murrizteko moduan.

–Aurreko baldintza behar bezala bete dadin, eta trazadurako punturen batean inausketak eta mozketak beharrezkoak diren aztertze aldera, obrak hasi aurretik zuinketa bisita bat eginen da Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileekin (Iruñeko barrutia, gmapamplona@navarra.es, 948 188 690 telefonoa).

–Nolanahi ere, obrak egin ondoren, irekitako behin-behineko sarbideetako ezpondak eta euskarri berrien inguruak lehengoratuko dira, eta, beharrezkoa izanez gero, lehengoratutako zona horiek landareztatuko dira, landare belarkarak ereinez.

–Obrak sorrarazitako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo direnak sare elektrikora lotzea.

–Herri-lurren Atalak bere txostenean adierazitakoarekin bat etorriz (2019-11-05):

“Nahitaezko desjabetzeaz baliatzen badira, ez da beharrezkoa izanen kontzejuek inolako baimenik eskatzea atal honi (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.4 artikulua).

Horrela ez balitz, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak lanen eraginpean gelditzen diren lurrak erabiltzeko baimena eman beharko luke. (...) azken kasu horretan (...) Kontuan hartuta Iberdrola Distribución Eléctrica SAU sozietateak gauzatu nahi duen jarduketak herri-lurrak ukituko lituzkeela, kontzejuak, obra lizentzia eman baino lehen, aipatu lurrak okupatzeko baimena lortu beharko luke Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bitartez. Horretarako, nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztu beharko lituzke, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz”.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 10.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Itzako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Iruñeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 13an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F1916130