10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURCHANTE

Ordenantza, Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa arautzen dituena jarduera sailkatuetarako, obretarako eta jarduerak abiarazteko. Behin betiko onespena

Murchanteko Udalak, 2019ko irailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza hau: Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa arautzen dituena jarduera sailkatuetarako, obretarako eta jarduerak abiarazteko.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Murchanten, 2019ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Luis Sancho Martínez.

ORDENANTZA, ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA ETA AURRETIAZKO KOMUNIKAZIOA ARAUTZEN DITUENA JARDUERA SAILKATUETARAKO, OBRETARAKO ETA JARDUERAK ABIARAZTEKO

ZIOEN AZALPENA

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentarauak, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoa baita, berarekin ekarri du, bere transposizioaren bidez, arau esparrua aldatzea, establezimenduak ezartzeko eta zerbitzuak emateko askatasunarekin lotutako alderdietan, eta, halaber, berarekin ekarri du esparru juridiko berri bat, prozedura administratiboaren oinarrizko alderdiak aldatu dituena.

Tokiko araubidea arautzen duen antolamendu juridikoak ez dio entzungor egin aldaketa eta berrikuntza juridikoaren prozesu horri, zeina hasi baitzen Zerbitzu Jardueretarako Sarbide Libreari eta Haietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea onestearekin batera. Lege hartan jada ikusten zen beharrezkoa zela prozedurak eta tramiteak berrikustea, sinplifikatzeko, baita beste prozedura eta tramite batzuekin ordeztea ere, hain nekagarri izan ez zitezen, zerbitzu jarduera batean hasteko eta aritzeko interesa dutenendako.

Zehazki, abenduaren 22ko 25/2009 Legeak eta Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak hainbat legezko xedapen aldatu zituzten Europar Batasuneko arau hori txertatzeko.

Aldaketa horien artean, nabarmendu beharra da Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikuluaren idazketa berria, aurretiazko komunikazioa, erantzukizunpeko adierazpena eta ondorengo kontrola ezarri baititu esku hartzeko baliabide arrunt gisa toki esparruan. Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikulua ere, araubide juridikoan erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa sartu baitzituen.

Figura berri horiek ez dira aurretiazko baimenak edo lizentziak bezalakoak; izan ere, figura berriekin Administrazioaren kontrola aurkeztu ondoren gertatzen da, hau da, jarduera hasi ondoren. Hala, Toki Araubideko Oinarrien Legearen 84 ter artikuluak espresuki adierazten du ezen toki entitateek behar diren komunikazio prozedurak ezarri eta planifikatu behar dituztela, gaikuntza ematen duten aurretiazko baimenik behar ez duten jardueretan aritzeko, eta egiaztatze prozedurak ere ezarri eta planifikatu behar dituztela, ikusteko ea bete ote diren jarduera horretan aritzeko legeria sektorialak ezarritako beharkizun zehatzak.

Arautze egokiaren printzipioek agintzen duten bidetik, berrikusketan eta ebaluazioan aplikatuko dira, orain arte bezala, beharraren eta proportzionaltasunaren irizpideak, baita ex post kontrolerako bitarteko egokiena ezartzeko ere. Ildo horretan, erantzukizunpeko adierazpena justifikatuko da baldin beharkizunak ezartzen badira establezimenduaren/jardueraren titularrarendako, zeinak bere gain hartuko baitu horiek indarraldi osoan betetzeko ardura, eta baldin, babestu nahi den interes orokorraren arrazoiengatik, beharkizun horiek berekin badakarte geroko egiaztatze bat, aurretiazko komunikazioaren araubidea baino zorrotzagoa. Azken hori erreserbatuko da kontrol neurriak eskatzen ez dituzten jarduketetarako, aurretiazko beste jarduketa batean jadanik kontrola gauzatu delako edo aldaketarik izan ez delako aurreko egoerarekin alderaturik edo, establezimenduan produzitzen edo ematen diren ondasun eta zerbitzuen hartzaileen eskubideak babesteko, beharrezkoa izateagatik jarduketaren titularraren gainean kontrola mantentzea.

Ildo horretan, 19/2012 Legegintzako Errege Dekretuak eta Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko 12/2012 Legeak erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa bezalako figurak ezartzen ditu zenbait jarduera ekonomikotarako, eta administrazioa behartzen dute tramitatzera irekierak, lan mota batzuk eta jarduera zehatz batzuen titulartasun aldaketak, figura berri horien bidez.

Orobat, azken urteetan promulgatutako zenbait foru legek transposizioa egin dute arlo honetan. Horietako batzuk dira, esaterako, 15/2009 Foru Legea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzkoa; 6/2010 Foru Legea, hainbat foru lege aldatu dituena 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzearren, eta 7/2010 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duena 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzearren.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren bidez, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak onetsi ziren, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz, foru agindu horren I. eranskinean jasotzen den moduan (93/2006 Foru Dekretuaren bidez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen). Foru agindu hartan ezartzen da nahitaezkoa dela jarduera sailkatu batzuk tramitatzea erantzukizunpeko adierazpenaren bidez edo aurretiazko komunikazioaren bidez, eta Udalaren irekitzeko baimenaren ordez ezartzen dela jarduera sailkatua abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena.

Ildo beretik doa martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legearen onespena. Foru lege horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea aldatzen du, eta 189 ter artikuluan sartzen ditu erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar dituzten egintzak. Horiek aurkezteak jardueraren titularrari ahalbidetuko dio adierazitako hirigintzako jarduketa egitea.

Hala, Murchanteko Udalak uste du beharrezkoa dela ordenantza hau egitea eta onestea, non zehaztuko baitira figura berri horietarako prozedurak eta geroko kontrola.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Ordenantza honen xedea da alderdi orokorrak arautzea Udalaren esku-hartze prozedurei aplikatzekoa zaien araubide juridikoan, Murchanteko establezimendu edo lokalei eta zenbait obrari dagokienez, erantzukizunpeko adierazpenarekin eta aurretiazko komunikazioarekin loturik; izan ere, prozedura horiek eskatzen dira honako hauek hasi eta garatzeko: 12/2012 Legearen eranskineko merkataritzako txikizkako jarduerak, 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskineko jarduera sailkatuak, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluko obrak. Orobat, hori aplikatuko da indarreko legerian egiten diren aldaketetan, aipatutako prozedurekin loturik.

Hala, kentzen dira ordenantza honen eremuan berariaz sartzen diren udal esparruko lizentziak, aipatutako jarduerekin eta haien instalazioekin loturik, baita zenbait obrekin loturik ere, eta bermatzen da adierazpena edo komunikazioa egiten duen pertsonak bere gain hartuko duela ardura baldintza teknikoak betetzeko: segurtasunekoak, higienekoak, ingurumenekoak, osasunekoak, eta zarata eta bibrazio mailari dagozkionak. Orobat, eraikuntzako eta hirigintzako arauak, eta adierazitako edo komunikatutako jarduera eta/edo obra arautzen duten araudi berariazkoak, orokorrak eta sektorialak, ezarritako betebeharrak.

Ordenantza honen helburua da jarduera ekonomikoa bulkatzea eta dinamizatzea, eta zenbait obra egiteko eta zenbait jarduera abiarazteko tramiteak erraztea, beharrezkoak ez diren karga eta muga administratiboak kenduz, aipatutako jardueren hasierari eta gauzatzeari eragiten baitiete.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

–Erantzukizunpeko adierazpena: interesdun batek sinatzen duen dokumentua, non hark, erantzukizuna beretzat hartuta, adierazten baitu eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura erabiltzeko arauz ezarritako beharkizunak betetzen dituela, badaukala hori frogatzen duen dokumentazioa eta konpromisoa hartzen duela eskubidea aitortzen zaion edo erabiltzen duen aldi osoan betetzeko.

–Aurretiazko komunikazioa: dokumentu bat zeinaren bidez interesdunek Administrazio Publiko eskudunari ezagutzera ematen baitizkiote beren identifikazio datuak eta gainerako beharkizunak, eskatzen direnak eskubide bat erabiltzeko, jarduera bat hasteko edo eteteko, edo titulartasuna aldatzeko.

–Jarduera ekonomikoa: ondasunak ekoiztea edo zerbitzuak egitea dakarten industria edo merkataritza jarduera guztiak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduaren 22.1 artikuluan aurreikusiari jarraikiz.

–Zerbitzua: norbere konturako edozein jarduera ekonomiko, gehienetan ordainsari baten truke emana.

–Jarduera sailkatua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen IV. eranskinean eta garapeneko araudian sartutako jarduerak eta instalazioak.

–Jarduera sailkatu gabea: indarreko ingurumeneko legerian jarduera sailkatu gisa ezarrita ez dauden jarduera guztiak.

–Obra txikia: teknikoki erraza den obra, eta eraikuntzaren eta kostuaren aldetik, berriz, funts gutxikoa; normalean lan txikiak dira, konponketak, apainketak, edergarriak edo itxiturak egiteko, proiektu teknikorik eta aurrekontu handirik gabe. Ezaugarri horiek biltzeak zehazten du obra txikiaren kontzeptua. Ez dakarte inola ere bolumena, eraikitako azalera edo erabilera objektiboa aldatzea, eta ez dute eragiten inolako berregituratze, birbanatze edo funtsezko beste aldaketarik, higiezinen egiturazko elementuetan edo elementu komunetan, ezta kanpoko diseinuaren funtsezko aldakuntzarik edo etxebizitzen kopurua aldatzerik ere. Ez dute ukituko eraikinen edo instalazioen egitura (zutabeak, habeak eta abar), ezta horien bizigarritasun edo segurtasun baldintzak ere. Aitzitik, munta txikiko obrak dira, barnekoak zein kanpokoak.

–Lizentzia: edozein egintza administratibo aurretiazko kontrolerako erabiltzen dena, izaera arautua eta deklaratiboa duena, zeinaren bidez toki entitateak jarduketak baimentzen baititu, behin egiaztatu ondoren bat datozela egoki den indarreko antolamenduarekin.

–Titulartasun aldaketa: Administrazioari egiten zaion komunikazioa, zeinaren bidez ezagutzera ematen baitzaio lehendik legeztatutako jarduera baten titulartasuna eskualdatzen dela. Titulartasun aldaketaren xede den jarduera hasierako jarduera bera izan behar da. Aurreko titularraren erantzukizun eta eskubideak hartuko ditu berriak.

–Jarduera etetea: enpresa jarduerak aldi baterako bertan behera uztea. Hau da, entitateak existitzen segitzen du, baina “jarduerarik ezako” egoeran.

–Jarduera iraungitzea: jarduera behin betiko etetea, eta, hortaz, era guztietako jarduerei bukaera ematea.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

3.1.–Erantzukizunpeko adierazpenaren eta geroko kontrolaren menpe jarriko dira:

–Abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean sartutako eta III. eranskinean sartu gabeko jarduera sailkatuak ezartzea, beste leku batera eramatea edo aldatzea, modu funtsezkoan izan edo ez (foru agindu haren bidez onetsi ziren abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua). Bestela, horren ordezko edo osagarri ematen den arauari jarraikiko zaio.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan sartutako obrak, edo horren ordezko edo osagarri ematen den arauan sartutakoak.

–Edozein jarduera abiaraztea eta aldatzea, jarduera sailkatua izan nahiz ez izan.

3.2.–Aurretiazko komunikazioaren menpe egonen dira, kontuan izan gabe ea abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena edo lizentzia behar izan duten:

–Jarduera guztien titulartasun aldaketak.

–Izandako era guztietako jarduera ekonomikoak etetea eta iraungitzea.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daude establezimendu, jarduera eta obra hauek, eta aplikatzekoa den araudi sektorialaren menpe egonen dira:

1. Obrak eta/edo jarduerak, baldin horien establezimendua atxikirik badago ondare historiko-artistikoko ondasunei, multzoei edo inguruneei, eta, hortaz, babes araubide baten menpe badaude, hala ezarri baitute legeria orokor edo sektorialak, lurralde antolamenduak edo hirigintzako planeamenduak.

2. Obrak jabari publikoko eta/edo herri-lurretako ondasunen erabilera pribatiboan eta okupazioan, eta jarduera horiek zeinek berekin dakarten jabari publikoko eta/edo herri-lurretako ondasunak ukitzea edo horien erabilera pribatiboa.

3. Jarduerak edo obrak, baldin aplikatzekoa den hirigintzako araudiaren arabera erabilera debekatuak badira.

4. Obra proiektua behar duten obrak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

5. Obrak, baldin Nafarroako Foru Komunitateari badagozkio haien gaineko eskumena eta aurretiazko kontrola.

6. Hirigintzako plangintzan aurreikusitako antolamenduarekin bat ez datozen eraikinetan egin beharreko obrak.

7. Obrak, antolamenduz kanpo deklaratutako eraikinetan.

8. Behin-behineko gisa kalifikatutako obrak edo hirigintzako bestelako edozein jarduketa egitea, sektoreko legediak eta hirigintzako planeamenduak baimenduta daudelako, eten beharrekoak eta, edonola ere, eraitsi beharrekoak, inolako kalte-ordainik jaso gabe, Udalak erabakitzen duenean.

9. Eraikinen egitura eramailea (eskaileren ukipena eta behegainen eraikuntza barne) edo horien elementu komunak ukitzen dituzten obrak (salbu fatxada, estalki eta instalazioetan egiten diren obra txikiak).

10. Antzeko beste batzuk.

5. artikulua. Eredu normalizatuak.

Ordenantza honen eranskinetan dauden eredu normalizatuen arabera aurkeztu behar dira erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak.

Eredu horiek herritarren eskura egonen dira Murchanteko Udalaren webgunean, baita Udalaren bulegoetan ere.

I. TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa egiteko prozedurak: alderdi orokorrak

I. KAPITULUA

Aurretiazko kontsulta

6. artikulua. Aurkezpena eta dokumentazioa.

Interesdunek aurretiazko kontsulta egiteko eskaerak aurkezten ahalko dituzte, honako hauei buruz: jardueraren bideragarritasun urbanistikoa, egin nahi diren egokitze eta instalazio obren gaineko tramiteak eta jardueraren hasiera.

Aurretiazko kontsulta ez da izanen inola ere egokitasun teknikoaz eta hartu beharreko neurri zuzentzaileez, galarazi gabe hitzordua eskatu ahal izatea Udalaren zerbitzu teknikoekin, kontsulta tekniko zehatzak argitzeko.

Aurretiazko kontsulta horretarako, honako hauek aurkeztu behar dira:

–Udalak normalizatutako inprimakia, hirigintzako kontsultetarako.

–Deskribapen txikia, behar adina datu dituena, azalduko dituena egin beharreko jardueraren edo obren ezaugarri orokorrak, baita kokaturik dauden higiezinarenak ere.

7. artikulua. Erantzuna.

30 eguneko epean ebatziko eta jakinaraziko da kontsulta, idatziz eta/edo bide elektronikoen bitartez.

Erantzun hori ez da loteslea Administrazioarendako, eta ez du salbuesten erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztetik.

II. KAPITULUA

Arau komunak

8. artikulua. Arau komunak.

Erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa eta kasu bakoitzerako eransten den dokumentazioa Murchanteko Udalaren erregistroan aurkezten ahalko dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 35/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan ere.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ez dakar berez establezimendua eta/edo egin beharreko obrak eta/edo jardueraren hasiera bat datozenik aplikatzekoa den araudiarekin, eta ez du mugatzen Murchanteko Udalari aplikatzeko den araudi sektorialak egiaztatzeko, ikuskatzeko eta zehatzeko eta, orokorrean, kontrolatzeko ematen dizkion ahalmenen erabilera.

Erantzukizunpeko adierazpenak titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen hirigintzako jarduera egiteko, baldin behar den dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

Erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar izanik, halakorik aurkeztu gabe egiten badira jarduketak, edo jarduerak gauzatzen edo garatzen badira kautelazko etetea edo behin betikoa deklaratu arren, ondorio guztietarako ulertuko da baimen edo lizentziarik gabeko jarduketak direla, eta lizentziarik gabeko jarduera sailkatuen, obren eta erabileren lege-babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie, kasu bakoitzean egoki dena.

Erantzukizunpeko adierazpenean aurkezten diren datuak edo adierazpenak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, edo zerbait funtsezkoa falta bada, edo adierazpena aurkezten ez bada Murchanteko Udalean, horrek berarekin ekarriko du jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu ezina, egoera horren berri jakiten den unetik beretik, aparte utzirik izan litezkeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

Udalak ebazpena emanen du aipatutako inguruabarrak gertatu direla deklaratzeko, eta erabakitzen ahalko du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko uneraino, eta orobat erabaki xede berarekin bertze erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, ordenantza honen IV. tituluan ezarritako epean, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarri bezala.

Jarduera edo zerbitzu beraren inguruan lokal berean hainbat jarduketa egin behar badira, bidezko diren erantzukizunpeko adierazpenak eta/edo aurretiazko komunikazioak batera tramitatuko dira.

Murchanteko Udaleko zerbitzu teknikoek ezartzen badute ezen erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hasitako espediente bat tramitatu beharko litzatekeela lizentziaren edo aurretiazko baimen baten menpeko prozeduraren bidez, aipatutako espedientea prozedura egokira birbideratuko da, alkatetzaren ebazpenaren bidez, beharrezkoa izan gabe interesdunak berriz ere eskaera egitea, eta ebazpen hartan deklaratuko da ezin dela onartu erantzukizunpeko adierazpen edo aurretiazko komunikazio hori, eta adieraziko da ezin dela ukitutako eskubide edo jarduera gozatzen hasi behar den aginduzko lizentzia lortu gabe.

Jarduera ezin bada legeztatu, aginduko da establezimendua ixteko.

Inola ere ez da ulertuko erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez hartzen direla legeriaren kontrako edo hirigintzako planeamenduaren kontrako ahalik, eta legeriaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrako erantzukizunpeko adierazpenak eta aurretiazko komunikazioak erabat deusezak izanen dira, baldin eraginkor izateko funtsezko beharkizunak betetzen ez baditu.

Jardueren eta establezimenduen ardura duten pertsonak beharturik daude horiek behar bezalako baldintzetan gauzatu eta mantentzera, segurtasunari, osasungarritasunari, irisgarritasunari eta ingurumeneko kalitateari dagokienez, espazio publikoetan izan litekeen eragina murriztuz eta aipatutako baldintzak betetzeko behar diren teknikarik hoberenak erabiliz, horiek eskura badira.

Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren bidez egiten den jarduera edo obraren ardura dutenek betebehar berariazkoa dute jarduera edo obrako establezimenduan deklaratutako elementu eta beharkizunen frogagiriak gordetzeko, eta, behar denean, Udalaren esku jartzeko, baldin egiaztapen eta/edo ikuskapen jarduketetarako eskatzen bada.

Erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe dauden jarduerak ikuskatzeko ofizialki izendatutako langileak agintaritzaren agentetzat hartuko dira, berezko dituzten eginkizunak betetzeko, ikuskapenetarako ezarri den bezala hirigintzako eta/edo ingurumeneko legerian.

Murchanteko Udalean indarrean diren ordenantza fiskalek arautuko dituzte erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezteak ekartzen dituen tributuak.

Hilabetean behin, alkatetzari edo eskuordetutako organoari ezagutaraziko zaio zer erantzukizunpeko adierazpen eta aurretiazko komunikazio tramitatu diren Hirigintzako Departamentuan.

II. TITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak, zerbitzuak eta obrak

1. ATALA

Jarduera sailkatuak

9. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak.

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak izanen dira indarreko ingurumeneko araudiak ezartzen dituenak.

Abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren II. eranskinean zehazturik daude, gaur egun, jarduera horiek. Foru agindu horrek abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua garatzen duten arauak ezartzea du helburu, administrazioa bizkortzeko eta prozedurak errazteko arauak sartzeko asmoz; aipatutako foru dekretuak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten du.

10. artikulua. Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Egin beharreko obra eta/edo jardueraren titularrak edo sustatzaileak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena, obra eta/edo jarduera hasi aurretik.

V. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Murchanteko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera sailkatuak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

2. ATALA

Obrak

11. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak.

Indarreko hirigintzako araudiak ezarriko du zein diren erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak. Gainerako obrek lizentzia beharko dute, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 192. artikuluan xedatuarekin bat.

Ordenantza honen ondorioetarako, hona zer diren:

11.1.–Lokalak egokitzearekin lotutako obrak, txikizkako merkataritzako jarduera betetzeko eta zerbitzuak emateko, aplikatzekoa den araudi sektorialarekin bat:

Talde honetan sartuko dira lokaletako obrak baldin erakusketarako eta salmentarako azalera erabilgarriak ez badu gainditzen 12/2012 Legeak ezarritako azalera (gaur egun, 750,00 metro koadro), betiere ez badute obra proiektu bat behar, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeari jarraikiz.

Orobat, 12/2012 Legean jasotzen diren ezaugarrien antzekoak dituzten eta zerbitzuetarako diren lokaletako obrak ere sartuko dira.

11.2.–Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, eta obra txikiak:

–Etxebizitzen barneko obrak, bizigarritasun baldintzak betetzea oztopatzen ez dutenak, etxebizitzen erabilera edo kopurua aldatzea ez dakartenak edo eraikinaren elementu komunak ukitzen ez dituztenak, konparaziorako:

–Igeltserotza-lanak eta trenkadetakoak.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Barneko arotzeria aldatzea edo ordeztea.

–Tresna sanitarioak aldatzea edo ordeztea.

–Ezarpen berriak, eta instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Obrak, era guztietako lokaletan:

–Fatxadak eraberritzea.

–Estaldurak eraberritzea, konpontzea, berritzea edo aldatzea.

–Instalazioak edo azpiegiturak konpontzea, berritzea, aldatzea edo ezartzea.

–Garrantzi txikiko obrak, eta obra txikiak.

–Obrak fatxada eta estalkietan:

–Balkoiak ixtea, jabeen elkarteak eraikin osoak jarraitu beharreko modeloa onetsi ondotik, eta betiere eraikin horretarako hirigintza aldetik egiten ahal bada.

–Kanpoan galdarak jartzea (etxebizitzen balkoietan) eta/edo gasaren hodiak fatxadetan, betiere fatxadaren diseinu bateratua mantenduz.

–Olanak paratzea goiko solairuetan eta lokaletan.

–Baoak irekitzea lokalen beheko solairuan, baldin eta ez badute eraldatzen fatxadaren konfigurazio orokorra.

–Kanpoko arotzeria ordeztea.

–Fatxadak margotu, paramentuak konpondu eta fatxadako elementuak (eskudelak, moldurak eta antzekoak) konpontzea eta ordezkatzea.

–Estalkiak konpontzea, bai jarduketa puntualetan bai fatxaden zaharberritze integraletan eta estalkien teilaberritzeetan. Jarduketak diseinu bateratua eman beharko dio eraikinaren estalki edo fatxada osoari.

–Zorrotenak garbitu eta ordeztea.

–Obrak eraikinen instalazio edo azpiegitura komunetan:

–Konponketak, ordezkapen partzialak edo osoko eraberritzeak.

–Instalazio edo azpiegitura berriak ezartzea.

–Eraispen puntual txikiak, etxebizitzak edo lokalak zaharberritzeko proiektu bat idatzi aurrekoak.

–Eraberritze txikiak kanpoaldeko urbanizazioetan eta jabetza pribatuko lorategi eremuetan.

–Etxebizitzen eraikinetako atariak berritzeko obrak, soilik estaldurei, dekorazioari eragiten badiete, eta konponketak, araudiko baldintzak nabarmen aldatzen ez badituzte.

–Artikulu honetan aipatutakoen ezaugarri antzekoak dituzten obra txikiak edo garrantzi txikikoak.

11.3.–Itxiturak eta hesiak.

11.4.–Eremu publikotik ikusten diren publizitate kartelak eta errotuluak.

11.5.–Eraiki aurreko lanak, adibidez, zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

12. artikulua. Obrak egiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Titularrak edo sustatzaileak obra hasi aurretik aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Murchanteko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada erantzukizunpeko adierazpena behar duten obrak zuzen eta osoki zehazteko, edo araudira egokituko direla bermatzeko.

3. ATALA

Jarduerak abiaraztea

13. artikulua. Abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak.

Jarduera guztiak, sailkatuak izan nahiz ez izan, jarduera bat abiaraztea baldin badakarte berekin, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez tramitatuko dira.

14. artikulua. Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, eta erantsi beharreko agiriak.

Jarduera abiarazi behar denean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak edo sustatzaileak, jarduera hasi aurretik eta behin jarduera gauzatzeko behar diren baldintza sektorial guztiak beteta eta baimen guztiak eskuratuta.

VII. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Murchanteko Udalak beste agiri batzuk ere eska ditzake, kasu bakoitzerako beharrezkotzat jotzen badu, lokala eta/edo jarduera zuzen eta osoki definitzeko, edo araudira egokitzen dela bermatzeko.

II. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpenaren ondorioak eta eraginkortasuna

15. artikulua. Proiektatutako jarduera eta/edo obra hastea.

Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak interesdunari ahalmena ematen dio proiektatutako jarduera hasteko eta/edo obrak gauzatzeko, aurkezpenaren egunetik beretik edo hasierarako adierazitako egunetik, baldin Udalaren esku uzten bada legez eskatzen den dokumentazio osoa, tramitaziorako, galarazi gabe udal administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko esleituta dituen ahalmenak.

Aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan.

16. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna.

16.1.–Jarduera sailkatuak.

Jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ondoren, 2 urteko epean ez bada proiektua gauzatzen hasten, edo 3 urteko epean ez bada bukatu gauzatzea edo jardueraren hasiera, beharrezkoa izanen da proiektuaren gauzatzea hasi edo jarraitu nahi duen pertsonak jarduera sailkaturako erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

16.2.–Obrak.

Obren kasuan, interesdunak erregistroan eskabidea eskatzen duenean, ezagutzera emanen du zer egunetan aurreikusten duen obra hastea eta bukatzea, Udalak aukera izan dezan hura egiaztatzeko eta ikuskatzeko. Eskabidea Udalaren erregistroan aurkeztean ezin badira egun horiek aurreikusi, gero emanen zaizkio aditzera Udalari, idatziz, eskabide orokor baten bidez edo posta elektronikoz, ayuntamiento@murchante.com helbidera idatziz.

Nolanahi ere, obrak sei hilabeteko epean hasiko dira, erantzukizunpeko adierazpena aurkezten denetik, eta hasten direnetik hamabi hilabeteko epean bukatu beharko dira. Pertsona interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eska dezake, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Epe horiek iraganik obrak ez badira ez hasi ez gauzatu, Udalak, Alkatetzaren ebazpenaren bidez, erantzukizunpeko adierazpena eten eginen du, eta eraginkortasuna galduko du. Hortaz, obrak hasteko edo horiei segida emateko beharrezkoa izanen da erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

16.3.–Jarduerak abiaraztea (bai jarduera sailkatuak bai sailkatu gabeak).

Pertsona interesdunak jarduera hasteko data adierazi beharko du eskabidea aurkezten duenean, Udalak aukera izan dezan egiaztatzeko, hala erabakitzen bada.

Jarduera abiarazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo gelditzen bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

III. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena egiaztatzeko prozedura

17. artikulua. Ohar orokorrak.

Egiaztatzeko jarduketak dagozkien arau sektorialei lotuko zaizkie. Halakorik ez bada, titulu honetako aginduak aplikatuko dira.

Udal zerbitzu eskudunek, edo, behar denean, entitate laguntzaile baimenduek noiznahi eginen dituzte beharrezkotzat jotzen diren egiaztapen eta/edo ikuskapenak, ordenantzaren xede diren jarduerei dagokienez, indarra duen legeriak egozten dizkien eskumenak erabiliz; horretaz aparte, eskatzen ahalko dira aplikatzekoa den araudian oinarriturik edozein alderdi betetzen dela erakusten duten frogagiriak.

Egiaztapenak egiteko prozedurak, oro har, jarduketa hauek izanen ditu:

Egiaztapen aldia:

Egiaztatzea adierazitako jarduera dagoela erantzukizunpeko adierazpena behar duten kasuetan, eta jardueran aritzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

18. artikuluaren a) eta b) apartatuetan azaldutako egiaztapen aldia eginen da aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen guztietarako. Bi egiaztapen horiek ez dute egoera epaitzen, eta ez dute esan nahi establezimenduak betetzen dituela aplikatzekoa den araudiko baldintzak.

18. artikuluaren c) apartatuan azaldutako egiaztapena eginen da jarduerak abiarazteko aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen guztietan, baldin geroko ikuskapenik izan behar badute. Gainera, Udalak, egokitzat jotzen badu, erantzukizunpeko adierazpen bat teknikoki egiaztatzen ahal du, kontuan izan gabe jardueren, obren edo abiarazteen erantzukizunpeko adierazpenak diren.

Ikuskapen aldia:

In situ egiaztatzea betetzen dela erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa edo baldintzak frogatzeko agirietan adierazitakoa.

Ikuskatzeko prozedura ofizioz hasiko da, bai norberaren ekimenez bai beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz, edo hirugarrenen salaketen ondorioz.

Ikuskapenak egin daitezke:

1) Jarduera abiaraztearen ondorioz: jarduera sailkatu guztien abiaraztea ikuskatuko da. Orobat, jarduera sailkatu gabeen abiarazteak ikuska daitezke, baldin Udalak egokitzat jotzen badu, pertsonen edo gauzen segurtasunerako edo osasunerako arriskugarri izan daitezkeelako, edo Udalak erabakitako beste inguruabar batzuk direla eta.

2) Jarduera egin bitartean: edozein jarduera ikuska daiteke, kontuan izan gabe abiaraztean ikuskatu zen edo ez.

18. artikulua. Egiaztapen aldia.

Egiaztapen aldiak hiru azpifase ditu:

18.1.–Egiaztatzea ea aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren xedea sartzen ote den erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden kasuetan.

Erabakitzen bada adierazitako jarduera edo obra ez dagoela erantzukizunpeko adierazpenaren kasuen artean, eta aurretiazko baimena behar dela, ordenantza honetako arau amankomunetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18.2.–Agirien egiaztapena: egiaztatuko da ea ordenantza honek eskatutako agiri guztiak aurkeztu diren.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean adierazpena zuzen dezala, eta erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatzen den zuzenketa egin arte. Adierazpena ez bada epe horretan zuzentzen, Alkatetzaren ebazpenaren bidez hori jasoko da, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasun eza deklaratuko da, eta, behar denean, jarduera edo obra eten behar dela ere deklaratuko da.

18.3.–Egiaztatzea ea aplikatzekoa den hirigintzako araudi teknikoa eta gainerako legeria sektoriala betetzen ote diren.

Gabeziak edo ez-betetzeak ikusten badira, Udalaren zerbitzu teknikoek gabezia edo ez-betetze horiek honela sailkatuko dituzte: zuzentzeko modukoak eta ez-funtsezkoak direnak, zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak direnak eta zuzendu ezin direnak.

18.3.1.–Zuzentzeko modukoak eta ez-funtsezkoak badira, egiaztatze prozedurari jarraipena emanen zaio.

18.3.2.–Zuzentzeko modukoak eta funtsezkoak badira, aginduko da jarduera edo obra kautelaz eten dadila, alkatetzaren ebazpenaren bidez, eta 10 eguneko epea emanen da interesdunak aukera izan dezan bere eskubidearen alde komenigarriak iruditzen zaizkion alegazioak egiteko, eta epe bat akatsak zuzentzeko, ohartaraziz ezen, zuzenketarik egiten ez bada, ebazpena ematen ahalko dela ezarriz erantzukizunpeko aitorpena eraginkortasunik gabea dela, eta aginduz establezimendua behin betiko itxi dadila. Epe horiek amaituta, eta ikusirik aurkeztutako alegazioak eta egindako jarduketak, behar den ebazpena emanen da.

18.3.3.–Zuzendu ezinak badira: ebazpen arrazoitua emanen da, ezarriz erantzukizunpeko adierazpena ez dela eraginkorra, eta aginduz establezimendua behin betiko itxi dadila, edo, behar denean obra geldi dadila. Ebazpen horrek ezar dezake, egoki bada, hasieraren aurreko egoera juridikora itzuli beharra. Prozedura arintzeko, ikuskapena egitean komunikatzen ahal zaizkio interesdunari zuzentzeko moduko gabeziak eta baldintzak.

19. artikulua. Ikuskapen aldia.

Erantzukizunpeko adierazpena eta horren dokumentazioa araudiarekin bat heldu direla frogatu ondoan, jarduera in situ egiaztatuko da; horretarako, egoki den ikuskapen akta jasoko da.

Egiaztapen prozedura arindu beharrez, administrazioa sinplifikatzeko neurri hauek hartuko dira:

Ikuskapena bukatu eta behar den akta egin ondotik, horren kopia interesdunari igorriko baitzaio, proposatutako neurri zuzentzaileak hartzeko bertan ezarritako epeak kontatzen hasiko dira, aktaren dataren hurrengo egunetik kontatzen hasita, eta ez da beharrezkoa izanen horri buruzko ebazpenik ematea. Aktak geroko txosten tekniko bat aipatzen badu, hura jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen epeak.

Jardueraren badaezpadako edo behin betiko etenaren gaineko ebazpenaren aitzineko entzute epetzat hartzen dira neurri zuzentzaileak hartzeko nahiz agirien egiaztapen aldiaren ondoriozko akatsak edo baldintzak zuzentzeko emandako epeak.

20. artikulua. Ikuskapenaren aktak. Prozedura.

Ikuskapen jarduketen akta eginen da, eta hura agiri publikotzat joko da, eta zehapen prozedurei dagokien proba balioa izanen du, aparte utzirik administratuek beren eskubide edo interesen defentsan aurkez ditzaketen probak.

Aktak, gutxienez ere, X. eranskineko datuak izan beharko ditu, eta kopia bat emanen zaio interesdunari.

Ikuskapenaren emaitza aktan jasoko da, eta izan daiteke:

Aldekoa: adierazitako eta egiaztatutako jarduera eta/edo obra araudiaren arabera eta eskatu behar zaizkion baldintzen arabera gauzatzen ari bada, edo funtsezkoak ez diren gabeziak baditu.

Aktak berariaz adieraziko du ikuskapenaren akta aldekoa dela, eta jasoko dira, halakorik bada, egiaztapenetik ondorioztatutako zuzentzeko moduko akatsak, ez funtsezkoak, eta epe bat emanen da zuzenketa egiteko, aktan jasoko dena.

Emandako epea iraganik, alkatetzaren ebazpena emanen da, erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko, eta espedientea artxibatu eginen da.

Epea iraganik, zuzenketarik egin ez bada, ebazpena emanen da erantzukizunpeko adierazpenaren eraginkortasuna eta egiaztapen prozeduraren amaiera deklaratzeko, eta zehapena emanen da akatsak zuzentzeko betebeharra ez betetzeagatik.

Jarduera abiarazten bada, Udalak, 20 eguneko epean, abiarazte horren frogagiria emanen du, eta jendaurrean izan beharko da, jarduera egiten den establezimenduan.

Kontrakoa: baldin jarduerak akats funtsezkoak eta zuzentzeko modukoak baditu, edo akats zuzendu ezinak.

Aktak berariaz adieraziko du ikuskapenaren akta kontrakoa dela, eta arrazoiak agertuko dira, eta baita, egoki denean, hartu beharreko neurri zuzentzaileak eta horietarako epea ere. Aktak adieraz dezake Udalaren txosten teknikoan emanen direla arrazoiak, neurri zuzentzaileak eta epea. Txosten hori 10 eguneko epean emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Zuzendu ezin diren akatsak badaude, hori berariaz jaso behar da ikuskapeneko aktan, edo, egoki denean, aktak adierazten duen txostenean.

Ofizioz nahiz interesdunek eskaturik, ezarritako epea luza daiteke, gehienez ere hasieran emandakoaren erdia, betiere egoerak hartara behartuz gero eta hirugarrenendako kalterik sortu gabe, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluari jarraikiz.

Aurkitutako akatsek edo ez-betetzeek hala eskatzen dutenean, alkatetzaren ebazpenaren bidez jarduera kautelaz eteten ahalko da, adierazitako neurri zuzentzaileak hartzen ez diren bitartean. Ebazpen horretan, interesdunari hamar eguneko entzute epea emanen zaio.

b.1) Akatsak zuzentzeko epea iraganik, agindutako neurri zuzentzaileak hartu badira, artikulu honen a) apartatuan ezartzen den bezala jokatuko da.

b.2) Akatsak zuzentzeko emandako epea iraganda ez badira neurri zuzentzailerik hartu, alkatetzaren ebazpena emanen da, jarduera kautelaz eteteko, harik eta ezarritako epean neurri zuzentzaileak hartu arte, edo, jarduera lehenagotik eten bada, deklaratzeko eten horrek irauten duela, galarazi gabe egoki den zehapen prozedurari hasiera ematea.

Alegazioak aurkezten badira, ebazpen horretan berean ebatzi beharko dira.

Behin iraganik jardueraren etetearen jakinarazpenetik edo etenaldiaren jarraipenaren jakinarazpenetik aurrera emandako epea, ikuskapen berri bat eginen da, eta horren akta jasoko da:

–Agindutako neurri zuzentzaileak hartu badira, akta aldekoa izanen da, eta artikulu honen a) apartatuan bezala jokatuko da.

–Eskatutako neurriak hartu ez badira, akta kontrakoa izanen da, eta txosten tekniko eta juridikoa eginen da, proposatuz jarduera eten dadila, ez-betetzeengatik. Alkatetzaren ebazpena emanen da, deklaratuz egiaztapen prozedura bukatu dela eta aginduz jarduera berehalakoan eten dadila osorik edo partez (egoki dena). Gero, ebazpen hori igorriko da hirigintzako ikuskapenera eta udaltzaingora, eta, kasuak jarraipena izanez gero, egoki den zehapen prozedurari hasiera emanen zaio.

b.3) Ikuskapen aktan zerrendatutako akatsak zuzendu ezinak badira, ebatziko da deklaratuz jarduera behin betiko eten behar dela, erantzukizunpeko adierazpenak ez duela eraginkortasunik, eta kontrol prozedura bukatu dela. Espedientea artxibatu eginen da, galarazi gabe egoki izan daitekeen zehapen prozedura.

Alkatetzaren ebazpenak deklaratzen duenean jarduera behin betiko eten behar dela eta erantzukizunpeko adierazpenak ez duela eraginkortasunik, erabakitzen ahalko du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa lehengoratzera, harik eta jarduera, zerbitzua edo obra abiatu, garatu edo gauzatu aitzineko uneraino, eta orobat erabaki dezake xede berarekin bertze erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko ezintasuna, ordenantza honen IV. tituluan ezarritako epean, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarri bezala.

Prozedura honetan emandako ebazpenen aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak ebazpena eman zuen organoari zuzenduko zaizkio, aztertu eta ebatz ditzan. Proposatutako neurriak bateragarriak dira egoki den zehapen prozedura tramitatzearekin.

21. artikulua. Entitate laguntzaileak.

Udal administrazioaren entitate laguntzaile baimenduek bete ditzakete, osoki edo partez, erantzukizunpeko adierazpenean aipatutako beharkizunak eta inguruabarrak egiaztatzeko jarduera teknikoak, galarazi gabe jarduketa horiek berekin dakartzaten ahalmen publikoak funtzionario publikoek bete behar dituztela.

III. TITULUA

Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketen araubide juridikoa

I. KAPITULUA

Titulartasuna aldatzea eta jarduera etetea

22. artikulua. Aurretiazko komunikazioa behar duten jarduketak.

Jardueraren titulartasunaren aldaketa, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

Jarduera etetea eta/edo iraungitzea, izan jarduera sailkatua nahiz sailkatu gabea, kontuan izan gabe ea jardueraren abiaraztea egon den lizentziaren, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren menpe.

23. artikulua. Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, jarduera egin behar den lokalaren salerosketa, alokairu edo eskualdatze kontratua sinatzen denetik.

VIII. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Murchanteko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den titulartasun aldaketa zuzen eta osoki zehazteko.

24. artikulua. Jarduera eteteko aurretiazko komunikazioa eta erantsi beharreko dokumentazioa aurkeztea.

Jarduera eteteko aurretiazko komunikazioa gehienez ere hamabost eguneko epean aurkeztu behar da, eteten denetik hasita. Halako eguntzat hartuko da data hori non Udalaren zerbitzu teknikoek egiaztatzen duten jarduera eten edo iraungi egin dela.

IX. eranskinean ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez. Murchanteko Udalak beste agiri batzuk eska ditzake, baldin eta beharrezkoa bada aurretiazko komunikazioaren xede den jarduera etetea zuzen eta osoki zehazteko.

25. artikulua. Bete beharra eta ondorioak.

Jardueraren titulartasun aldaketen eta/edo eteteen aurretiazko komunikazioa (ordenantza honen aplikazio eremuko jarduerak ukitzen dituenean) ondorio informatiboetarako bakarrik eskatuko da.

Betebehar hori betetzen ez bada, administrazioak aukera izanen du, zuzenbideak ezartzen dituen bitartekoen bidez, zehazteko noiz izan diren gertaera horiek, egoki diren ondorioetarako, galarazi gabe horietan xedatutakoa, aplikatzekoa den zehapen prozeduran.

Aurretiazko komunikazioek kasuan kasuko legerian zehazten diren ondorioak sortuko dituzte. Haiei esker, aurkezten diren egunetik beretik eskubidea onartu edo erabiliko da edo jarduera bat hasiko. Betiere, galarazi gabe Administrazio Publikoek dituzten ahalmenak egiaztapena, kontrola eta ikuskapena gauzatzeko.

Titulartasuna aldatzen bada, aurkeztutako eta behar bezala zigilatutako dokumentazioaren kopia edo erregistro elektronikoak luzatutako ordainagiria jendaurrean egonen da jarduera egiten den establezimenduan, harik eta Udalak jardueraren abiarazteari buruzko frogagiria ematen duen arte.

26. artikulua. Dokumentazioaren eskaera.

Behin aurretiazko komunikazioa aurkezturik, Udalak egiaztatuko du ea aurkeztutako dokumentazioa osorik dagoen.

Agiri guztiak aurkeztu ez badira, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean komunikazioa zuzen dezala, eta aurretiazko komunikazioaren eraginkortasuna eten eginen da harik eta eskatzen den zuzenketa egiten den arte.

Epe horretan komunikazioa zuzentzen ez bada, aplikatzekoa den zehapen prozeduraren arabera jokatuko da.

27. artikulua. Jarduera ezaren ondorioak.

Titulartasuna aldatzeko aurretiazko komunikazioa aurkezturik, jarduera ez bada hasten edo eteten bada 2 urtetik gora, beharrezkoa izanen da jarduera berriz hasi edo hari segida eman nahi dion pertsona interesdunak erantzukizunpeko adierazpen berri bat aurkeztea.

Baldin, jarduera eten denetik, 2 urteko epean berriz hasten ez bada, beharrezkoa izanen da berriz hasteko interesdunak jarduerarako lizentzia berri bat eskatzea, eta/edo jarduera abiarazi izanaren erantzukizunpeko adierazpen berri bat, kasu bakoitzean behar dena.

Jarduera etetearen aurretiazko komunikazioa aurkezten denetik 2 urte iragan gabe, jarduerari berriz ekin nahi bazaio, jarduera berriz hasteko aurretiazko komunikazioa aurkeztu beharko da (baldin jarduera eten zuen titular berbera bada) edo titulartasun aldaketaren aurretiazko komunikazioa (titularra beste bat izan behar bada).

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

28. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Hirigintzako arau-hausteak eta legeria sektorialak araututako gainerako arau-hausteak sailkatuko eta zehatuko dira egoki den legerian ezarritakoaren arabera.

Gainera, arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honen arauak urratzen dituzten egintzak eta ez-egiteak, baita udal administrazioak edo haren mandatariek hura aplikatzean ematen dituzten agindu eta errekerimenduei ez obeditzea ere.

Arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke, hurrengo artikuluetan ezarritako tipifikazioari jarraituz, deusetan ukatu gabe arlo horretan aplika daitezkeen arauek ezar dezaketena, zehapen ahalmena udal administrazioarena den arau-hausteen sailkapenari dagokionez.

29. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

29.1.–Arau-hauste oso astuntzat hartzen dira:

–Ordenantza honetan ezarritako zehapen osagarriak ez betetzea.

–Falta astunak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

–Arau-haustearekin ondasunen edo pertsonen segurtasuna edo osotasun fisikoa arriskuan edo arrisku larrian jartzen bada, edo bizikidetza modu larrian nahasten bada, horrekin beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideen erabilerari edo jardueraren garapen normalari larriki, berehalakoan eta zuzenean eraginez.

29.2.–Arau-hauste astuntzat hartzen dira:

–Erantzukizunpeko adierazpenari eta aurretiazko komunikazioari erantsitako edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua izatea, edo zerbait falta izatea.

–Jardueran aritzea Udalean erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu gabe.

–Jardueran aritzea indarrean den araudian eskatutako baldintzak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak, bete gabe.

–Jardueran aritzea izan gabe indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan espresuki, argi eta zehatz azaltzen direnak.

–Agintaritza eskudunak jarduera eteteko aitzinetik dekretatu duelarik, agindua ez betetzea.

–Establezimendu publikoak segurtasun arloan egoera txarrean edukitzea, horrekin eskatutako segurtasun maila jaisten bada.

–Establezimenduetan, adierazitakoaz besteko jardueretan aritzea.

–Establezimenduak eta bertako instalazioak nabarmen aldatzea, baimen berririk edo erantzukizunpeko adierazpenik tramitatu gabe.

–Ezarritako neurri zuzentzaileak edo horiek gauzatzeko errekerimendua ez betetzea.

–Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

–Agintari eskudunek ikuskapen eginkizunak betetzeari trabak jartzea.

29.3.–Arau-hauste arintzat hartzen dira:

–Establezimenduak, bertako instalazioak edo baldintza teknikoak arinki aldatzea, hala adierazi gabe baimenaren espedientean, erantzukizunpeko adierazpenean edo aurretiazko komunikazioan.

–Jardueren titulartasun aldaketek behar duten aurretiazko komunikaziorik ez izatea.

–Ordenantza honetan, legeetan eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa ez betetzea, baldin eta arau-hauste oso astun edo astun gisa tipifikaturik ez badago.

30. artikulua. Zehapen ahalmenaren erabilpena.

Zehapen ahalmena erabiliko da ordenantza honetako dagokion tituluan ezarritakoari jarraituz.

Zehapen espedienteak tramitatuko dira administrazio prozedura arautzen duen legedia orokorrean eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraituz.

31. artikulua. Zehapenak.

Araudi sektorial berariazkoa izan ezean, ordenantza honetan tipifikaturiko arau-hausteak egiteak ondoko zehapenak ekarriko ditu:

–Arau-hauste oso astunak: 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 501 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste arinak: 100 eurotik 500 eurora bitarteko isuna.

32. artikulua. Zehapen osagarriak.

Ezarritako diru bidezko zehapenak ezertan galarazi gabe, ordenantza honetako arau-hausteek zehapen osagarri hauek izan ditzakete:

–Jarduerak aldi baterako etetea eta establezimenduak aldi baterako ixtea, hilabetetik hiru hilabetera bitarte arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

–Sustatzailea desgaitzea arau-haustea egin zueneko jarduera berdinean edo antzekoan aritzeko, hilabetetik hiru hilabetera bitarte, arau-hauste astunen kasuan, eta hiru hilabetetik sei hilabetera bitarte, arau-hauste oso astunen kasuan.

–Erantzukizunpeko adierazpenaren eragingarritasun eza deklaratzea, arau-hauste astunen eta oso astunen kasuan.

33. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Arau-hausteen erantzuleak izanen dira, inguruabarrak kontuan harturik, haien portaerarekin arau-hausteak egiten dituztenak, bereziki eta kasuen arabera:

–Jardueren titularrak.

–Jardueraren ustiapen tekniko eta ekonomikoaren arduradunak.

–Dokumentazio teknikoa sinatzen duten teknikariak.

Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzea zenbait pertsonari batera dagokielarik, solidarioki erantzunen dute egiten diren arau-hausteetan eta ezartzen diren zehapenetan. Pertsona juridikoak iraungitzen badira, erantzukizuna subsidiarioki eskatuko zaie haien administratzaileei.

Arau-hausteen erantzuleak teknikariak badira eta horiek lanbidean aritzeko kidetuta egon behar badute, egitate horiek dagokion elkargo profesionalari jakinaraziko zaizkio, bidezko neurriak har ditzan zehapen prozeduraren tramitazioaren ondorioz, ezertan ukatu gabe udal administrazioak ezartzen ahal dizkien zehapenak.

34. artikulua. Zehapenen graduazioa.

Arau-hauste mota bakoitzari dagokion zehapena ezartzeko, proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta, nolanahi ere, honako mailaketa irizpide hauek kontuan hartuko dira:

–Arau-haustearen larritasuna.

–Nahita ari izana.

–Kalteak nolakoak diren.

–Berrerortzea.

–Berregilea izatea.

–Ogibidea, lanbidea edo ohiko jarduera dela-eta norainoko ezagutza duen legezko araudiaz eta nahitaez bete beharreko lege teknikoez.

–Arau-haustetik ateratako onura edo, hala behar bada, hura egitea etor daitekeen onura ekonomikoari begiratu gabe.

Berregilea dela ulertuko da, eite ezberdineko arau-hauste bat baino gehiago egiten baditu urtebeteko epean, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

Berrerortzetzat joko da urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea, ebazpen irmo baten bidez halakotzat jo bada.

Isunaren zehapenak ezartzeko orduan betiere kontuan hartuko da zehapena betetzea hautsitako arauak betetzea baino onuragarriagoa ez izatea arau-hauslearentzat.

Zehapenak mailakatzeko orduan, inguruabar astungarriak izanen dira:

–Pertsonen segurtasun eta osasunean, eta ingurumenean kalte egiteko arriskua.

–Araua hautsi duen jardueraren ondoriozko onura.

–Arau-haustearen eragilea nahita ari izana.

–Arau-hausteen berregilea izatea eta haietan berrerortzea, baldin eta aitzinetik horiek kontuan hartu ez badira zehatu daitekeen arau-haustea zehazteko.

–Arau-haustea egitea eremu zaratatsuetan.

Inguruabar aringarria izanen da arau-haustearen egileak, bere kabuz, neurri zuzentzaileak hartzea zehapen espedientea ireki aitzin.

35. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Halaber, arrazoitutako erabakiaren bitartez, behar diren behin-behineko neurriak har daitezke, berma daitezen ebazpenaren eraginkortasuna, prozeduraren bukaera egokia, arau-haustearen ondorioek ez irautea eta interes orokorrei eustea.

Behin-behineko neurri horiek izaten ahalko dira: establezimenduak edo instalazioak ixtea eta/edo jarduerak etetea. Neurri horiei eutsiko zaie argi eta garbi egiaztatu arte eskatutako baldintzak betetzen direla edo aurkitutako akatsak konpondu direla.

36. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Alkatetzaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz.

Ebazpenean zehaztuko da nor izanen den jarduketen instruktorea eta hura jakinaraziko zaio ustezko erantzuleari.

Instruktoreak karguen agiria idatziko du, eta zehaztuko du zein den egintzei dagokien arau-haustea, egotz daitekeen zehapena eta hori ezartzeko organo eskuduna. Ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta hark hamabost eguneko epea izanen du bidezkoak iruditzen zaizkion alegazioak aurkezteko bere eskubideen defentsan.

Instruktorearen karguen agirian ondokoa zehaztuko da:

–Egiaztatutako egintzak, betiere garrantzitsuenak nabarmenduta arau-haustearen tipifikazioari eta zehapenaren graduazioari dagokienez.

–Ustez egindako arau-haustea, urratutako agindua edo aginduak adierazita.

–Kasuan kasuko zehapena, haren graduazioa eta kuantifikazioa.

–Prozedura ebazteko eskumena izan dezakeen organoa, eta hura zer arauditan zehazten den.

–Alegazioak aurkezteko epea iraganik, eta hala balegokio, baita frogak egitekoa ere, beharrezkoak juzgatzen diren eginbideen aurretik, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du eta espedientearekin batera Alkatetzari igorriko dio. Alkateak, organo eskuduna izanik, beharrezko ebazpena emanen du edo, bestela, instruktoreari aginduko dio behar adina eginbide osagarri aurrera eramateko.

Alegazioen edo frogen ondorioz bestelako egintzak egiaztatzen badira edo karguen agirian jasotakoak baino astunagoak badira, instruktoreak interesdunari helaraziko dio karguen beste agiri bat dagokion zehapenarekin, hamabost eguneko epean bidezko iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan.

Zehapen prozedura amaitzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatziko ditu.

Ebazpenak ez du onartuko prozeduran aztertu ez den gertaerarik, zein den ere haien balorazio juridikoa.

Ebazpena betearazlea izanen da bide administratiboari amaiera ematen badio.

Zehapen prozedura ebazteko eperik luzeena, arau-haustearen kalifikazioa kontuan hartu gabe, sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea abiarazteko ebazpenaren egunetik hasita. Beste sei hilabeterako luzatzen ahal da, gehienez ere, erabaki arrazoituaren bidez betiere.

Lehen xedapen gehigarria.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez alda daitezke ordenantza honen eranskinak, baldin aldaketak berarekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

–Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berarekin ekarriko du, besteak beste, honako hauek onestea eta aldatzea: eskabideetarako eredu normalizatuak, aurretiazko kontsulta, erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa, ikuskapen aktak, prozeduraren definizioa eta erantsi beharreko dokumentazioa edo establezimenduan gorde beharrekoa, edukia zehazturik.

–Behar diren xedapenak ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.

Prozedura bat hasi bada ordenantza honek indarra hartu baino lehen, aurreko araudiak eskatutako lizentziak edo baimenak lortzeko helburuz, prozedura noiz hasi eta orduko araudia aplikatuta ebatziko da. Nolanahi ere, interesdunak, ebazpenaren aurretik, eskaeran atzera egin dezake, eta, hala, aukera dezake araudi berria aplikatzea, eta tramitazioan aurrera egitea ordenantza honetan araututako prozedura edo araubideen bidez, baldin espresuki uko egiten badio aurreko espedientea tramitatzeari, Murchanteko Udalari hala komunikatzen badio eta ordenantza honetan azaldutako prozedura bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkezten badu.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko udal xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L1915710