10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEKUNBERRI

Partaidetzazko aurrekontuen udal erregelamendua.
Behin betiko onespena

Lekunberriko Udalak, 2019ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Partaidetzazko aurrekontuen udal erregelamendua.

Hasierako onespen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 199. zenbakian, 2019ko urriaren 8an, eta jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunez, eta ez zen erreklamaziorik, eragozpenik edo oharrik aurkeztu. Beraz, Partaidetzazko aurrekontuen udal erregelamendua behin betiko onetsita geratu da.

Horrenbestez, haren testua osorik argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Lekunberrin, 2019ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

Partaidetzazko aurrekontuen erregelamendua

LEHEN TITULUA

Oinarrizko printzipioak

Printzipioen adierazpena.

–Prozesu irekia eta unibertsala.

Partaidetzazko aurrekontuak irekiak eta unibertsalak izanen dira Lekunberrin erroldatutako herritar guztientzat. Parte-hartzaile bakoitzak erabakitzeko ahalmen bera du, adinaren arabera adostutako murrizketak izan ezik. Boto-ematea unibertsala izanen da (pertsona bat, boto bat).

–Prozesu plural eta askotarikoa izanen da.

Lekunberriko udalerriaren pluraltasunaren eta aniztasunaren isla izanen dira Partaidetzazko aurrekontuak.

–Prozesu argi eta gardena.

Partaidetzazko aurrekontuak herri-ezagutzakoak izanen dira, eta haien garapena, erregelamendua eta edukiak gardenak izanen dira. Prozesuan erabilitako hizkuntza eta materialak ahalik eta argienak izanen dira herritar guztien ulermena eta parte-hartzea errazteko.

–Prozesu akordatu eta adostua.

Partaidetzazko aurrekontuak adostasunetik eta erabakiak hartzetik abiatuta artikulatuko dira, herritarren ahalik eta adostasun maila handienarekin.

–Deliberazio-prozesu bat, autoerregulatua.

Partaidetzazko aurrekontuak sortutako erregelamenduaren bidez arautuko dira. Arau multzo hori dokumentu batean jasoko da (“Autoerregelamendua”), eta dokumentu horrek Partaidetzazko aurrekontuaren prozesuaren arauak ezartzeko balioko du, haren urrats eta ekintza guztietan.

–Prozesu aholku-emaile eta loteslea.

Partaidetzazko aurrekontuek herritarren iritziak kontuan hartuko dituzte; bestetik hartzen diren azken erabakiek lotura politikoa izanen dute, eta urteko udal aurrekontuan sartuko dira.

–Prozesu kokudeatua eta erantzunkidea.

Partaidetzazko aurrekontuek prozesuaren erantzukizun eta kudeaketa partekatua bultzatuko dute, herritarren eta tokiko administrazioaren artean.

–Prozesu dinamikoa eta malgua.

Partaidetzazko aurrekontuak malgutasunez eta etengabe egokituko dira Lekunberriko testuingurura, bertako biztanleetara, parte-hartzaile zuzenetara eta prozesuaren garapenera.

–Prozesu sozialki bidezkoa eta solidarioa.

Partaidetzazko aurrekontuek, beren garapenean eta proposamenetan, justizia sozialeko eta iraunkortasuneko irizpideak jasoko dituzte, Lekunberriko udalerriari eta bertako biztanleei mesede eginen dietenak.

–Prozesu irisgarria.

Partaidetzazko aurrekontuek Lekunberriko biztanle guztiei erraztuko diete prozesura iristeko bidea izatea, berdintasun-baldintzetan.

–Prozesu integratzailea eta inklusiboa.

Partaidetzazko aurrekontuek parte-hartze sozialeko esparru bat sortu nahi dute, non Lekunberriko herritarrak aktibo eta partaide sentituko diren beren udalerriko bizitza politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalean.

–Prozesu ekitatiboa eta berdintasunezkoa.

Partaidetzazko aurrekontuek gizon eta emakumeentzako ekitatea eta berdintasuna bultzatuko dituzte prozesuaren etapa guztietan eta urteko udal aurrekontuan sartutako proposamenen garapenean, behin Udaleko osoko bilkurak onetsitakoan.

–Prestakuntza- eta hezkuntza-prozesu bat.

Partaidetzazko aurrekontuek gizartean parte hartzeko gaitasunak ikasteko eta garatzeko gune izan nahi dute.

–Prozesu jasangarria (ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik).

Partaidetzazko aurrekontuek prozesuaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatuko dute etapa guztietan eta urteko udal aurrekontuan sartutako proposamenen garapenean, behin Udaleko osoko bilkurak onetsitakoan.

BIGARREN TITULUA

Antolaketa

Lurralde egitura.

1. artikulua. Lurralde eremua.

Prozesuan Lekunberriko udalerriaren lurralde eremu osoa dago sartuta.

Antolaketa egitura.

2. artikulua. Parte-hartzaileak.

Prozesuan hiru biztanleria talde egonen dira, udalerriarekiko duten erantzukizunari dagokionez: herritarrak, teknikariak eta politikariak.

Lekunberrin erroldatuta dagoen edonork parte hartu ahal izanen du (eztabaidatu, proposatu, erabaki) Partaidetzazko aurrekontuan. Erroldatu gabeko egoiliarrek modu aktiboan parte har dezakete prozesuan, hitzarekin baina botorik gabe.

Pertsona guztiek egin ahal izanen dituzte Partaidetzazko aurrekonturako eskaerak eta proposamenak, adin mugarik gabe. Hala ere, 14 urtetik gorako pertsonek soilik (urte horretan betetzen dituztenek barne) hartu ahal izanen dituzte Partaidetzazko aurrekontuari buruzko erabakiak.

Beharrezkotzat jotzen den prozesuaren uneetan (proposamenak aurkeztea, bozketak, etab.), parte-hartzaileek beren burua egiaztatu eta dokumentatu beharko dute, agiri hauetakoren bat aurkeztuz: NANa, pasaportea, AIZ edo gidabaimena. Dokumentu horiek baliozkoak izan beharko dute, indarrean egon beharko dute.

3. artikulua. Herritarren Batzarra.

Herritarren Batzarra Partaidetzazko aurrekontuen prozesuari buruzko elkartruke, azterketa, erabaki eta eztabaidarako gunea da.

Herritarren batzarretan “hitza” izanen dute nahi duten guztiek, baina ez botoa. Batzarretan hartzen diren erabakiak bozkatzeko beharrezkoa izanen da Lekunberrin erroldatuta egotea eta 14 urtetik gorakoa izatea (urte horretan betetzen dituztenak barne).

Herritarren batzarrek, beharrezkoa izanez gero, Udaleko Talde Teknikoaren laguntza eta aholkularitza izanen dute.

Partaidetzazko aurrekontuen prozesuan beharrezkotzat jotzen diren herritarren batzar guztiak eginen dira.

Talde teknikoko pertsonek eta Udaleko osoko bilkurak izendatutako zinegotziek koordinatuko dute batzarra.

4. artikulua. Mahai teknikoa.

Mahai teknikoak kide hauek izanen ditu:

Lekunberriko Udaleko teknikariak: Udaleko arkitektura taldea + udal idazkaritza.

Hiru zinegotzi, Udalaren osoko bilkurak izendatuak: 2 LTkoak eta 1 EH-Bkoa.

Herritarren Batzarreko bizilagun hautetsiak (ezin izanen dute proiektuetan parte hartu)

HIRUGARREN TITULUA

Proposamenak eta haien lehenespena

Proposamenak.

5. artikulua. Proposamenen ezaugarriak.

Proposamenak Lekunberriko Udalari edo/eta haren populazioari zuzenduko zaizkie. Proposamen baten muga egonen da herritar bakoitzeko edo herritarren talde bakoitzeko.

Uneko urteko aurrekontu-ekitaldian, urte naturalean edo dagozkion luzapenetan gauzatu beharko dira.

Proposamenak jendaurrean ikusgai daudenean, anonimoak izanen dira.

6. artikulua. Proposamenak aurkeztea.

Herritarren proposamenak ezarritako epearen barruan aurkeztuko dira, parte hartzeko espazioen bidez eta proposamenak biltzeko kanal eta espazioen bidez.

Proposamenak aurkezteko, oinarrizko inprimaki labur eta erraz bat emanen da, ezaugarri nagusiak azaltzeko: proposamenaren izenburua, justifikazioa, helburuak, deskribapena, gutxi gorabeherako aurrekontua eta aukerako datuak.

Proposamenak proposatzen dituzten pertsonekin identifikatuko dira, eta parte-hartzaileak egiaztatu eta dokumentatu egin beharko dira (NANaren, pasaportearen, AIZren edo gidabaimenaren bidez). Kasu guztietan, proposamenak aurkezten dituen pertsonaren datu hauek jasoko dira formularioan: egiaztagiriaren zenbakia, adina eta sexua.

14 urtetik beherako pertsona bada (urte horretan 14 urte betetzen dituzten pertsonak barne), proposamena pertsona adindun batek aurkeztu beharko du.

Bizilagun batek bere proposamena udaletxean aurkeztu ezin duenean, beste pertsona bati baimena eman ahal izanen dio bere izenean aurkez dezan.

Proposamenen inprimakia Lekunberriko udaletxeko bulegoetan jaso ahal izanen da. Udalaren webgunetik ere deskargatu ahal izanen da. Kanpoan geratuko dira inprimaki ofizialean aurkezten ez diren proposamenak.

Proposamenak aurkezteko, proposamenen formularioa behar bezala beteta entregatu beharko da Lekunberriko udaletxeko bulegoan.

Formularioaren betetzea errazteko, Udaleko langileek laguntza emanen dute proposamenak inprimakiaren eredura eramateko orduan. (Ikus 2. eranskina).

Proposamenen lehenespena.

7. artikulua. Proposamen guztiei aplika dakizkiekeen irizpideak.

Partaidetzazko aurrekontuen mahai teknikoak baloratuko du zein proposamenek betetzen dituzten Partaidetzazko aurrekontuetan sartzeko irizpideak. Honako irizpide hauek betetzen dituzten proposamenak sartuko dira:

Proposamena Lekunberriko udalerriari (osorik edo zati batean) eta/edo bertako biztanleei zuzentzen zaie.

Proposamena udal esparrukoa eta eskumenekoa da.

Proposamena uneko urteko aurrekontu-ekitaldian gauzatuko da.

Proposamenak udalerriaren beharrei erantzuten die.

Proposamena zehatza, determinatua eta ekonomikoki ebaluatzeko modukoa da.

Proposamena ezin izanen da ezein pertsonarekiko diskriminatzailea izan, generoa, arraza, adina eta abar direla eta.

Irizpideetako bat betetzen ez duen proposamena Partaidetzazko aurrekontuetatik kanpo geratuko da aldi baterako, eta beti emanen zaie aukera eta orientazioa sustatzaileei beren proiektuaren edukian edo forman egindako akatsak konpontzeko eta haien parte-hartzea ahalbidetzeko, betiere Partaidetzazko aurrekontuen espiritua errespetatuz.

Partaidetzazko aurrekontuetan sartutako proposamen multzo bat proposamen bakar batean bateratu daitezke, baldin eta berdinak edo elkarren osagarriak badira eta Partaidetzazko aurrekontuen mahai teknikoak hala irizten badio.

Partaidetzazko aurrekontuetan sartzen diren proposamenak zabaldu eginen dira, eta jendaurrean eta modu anonimoan azalduko dira.

Hala ere, proposamenak aurkezten dituzten pertsonek aukera izanen dute beren proposamena nahi bezala iragartzeko.

8. artikulua. Proposamenak lehenestea.

Herritarren proposamenak lehentasun-ordenaren arabera hautatu eta lehenetsiko dira (handienetik txikienera), horietako bakoitzak lortutako guztizko puntuazioaren arabera, bi sistemaren bidez:

Partaidetzazko aurrekontuen printzipio eta irizpide teknikoen puntuazioa.

Herritarren zuzeneko bozketa.

Proposamen bakoitzak lortzen duen guztizko puntuazioa sistema horietako bakoitzari esleitutako ehunekoaren araberakoa izanen da:

Partaidetzazko aurrekontuen printzipio eta irizpide teknikoen puntuazioa proposamenaren puntuazio osoaren %25 izanen da.

Herritarren zuzeneko bozketa proposamenaren puntuazio osoaren %75 izanen da.

Aurkeztutako proposamen kopuruaren arabera, mahai teknikoak erabakiko du bozketa-txanda bakarra edo bi bozketa-txanda egin, aukeraketa zehatzagoa egiteko.

Herritarren zuzeneko bozketatik lortutako emaitzak haztatu ondoren, printzipio eta irizpide teknikoekin batera, proposamenak antolatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera proposamenen lehentasuna handienetik txikienera ordenatuz. (Ikus 3. eranskina).

LAUGARREN TITULUA

Prozesuaren ebaluazioa eta Autoerregelamenduaren aldaketa

Autoerregelamenduaren ebaluazioa eta aldaketa.

9. artikulua. Prozesuaren ebaluazioa.

Partaidetzazko aurrekontuen prozesua aztertzeko, azken ebaluazio hauek eginen dira:

Bizilagunen ebaluazioa, Partaidetzazko Aurrekontuen Lantaldearen bilera baten bidez.

Partaidetzazko aurrekontuen prozesuan zehar autoerregelamenduari egindako zuzenketak edo ekarpenak.

Ebaluazio horien emaitza prozesu osoaren amaierako memorian jasoko da.

10. artikulua. Autoerregelamenduaren aldaketa.

Autoerregelamendua aldatzeko, prozesu osoaren amaierako memoria hartuko da kontuan.

Ebaluazioen emaitzak aztertu ondoren, Partaidetzazko Aurrekontuen Lantaldeak autoerregelamenduaren balizko aldaketak planteatuko ditu, Partaidetzazko aurrekontuen prozesu berriari begira.

BOSGARREN TITULUA

Prozesu osoan egin beharreko mugarri bakoitzaren datak

1. Herritarren Batzarra: 2019ko irailaren 16an, 19:30ean.

2. Oinarrien azalpena: Irailaren 17a.

3. Proposamenak aurkeztea: Azken eguna urriaren 4a izanen da.

4. Mahai teknikoaren bilera: urriaren 8an, 11:00etan.

5. Proposamenak zuzentzeko aldia: urriaren 18ra arte.

6. Mahai teknikoaren bilera: Urriaren 22an, 11:00etan.

7. Bozketa: urriaren 28tik urriaren 31ra.

ERANSKINAK

Eranskinetako sarrera.

Lekunberriko Partaidetzazko aurrekontuen autoerregelamenduaren eranskinak ezin izanen dira aldatu prozesu osoa amaitu arte; une horretan, ebaluazioen emaitzak aztertu ondoren, Lantaldeak autoerregelamenduaren balizko aldaketak planteatuko ditu, Partaidetzazko aurrekontuen prozesu berriari begira.

1. ERANSKINA

Hauek dira 2019ko Partaidetzazko aurrekontuen prozesura irekitako udal gastuaren zenbatekoak: 15.000 euro (BEZa barne).

2. ERANSKINA

Proposamenak aurkezteko inprimakia

IZEN-DEITURAK:

NANa:

TELEFONOA:

E-MAILA:

DATA:

PROIEKTUAREN ARRAZOIA:

PROIEKTUAREN AZALPENA:

AURREKONTUA:

3. ERANSKINA

Partaidetzazko aurrekontuen printzipio
eta irizpide teknikoen puntuazioa

Lantaldeak emanen du proposamen bakoitzari dagokion Partaidetzazko aurrekontuetako printzipio eta irizpide teknikoen puntuazioa.

Estrategikoa eta jarraitua (3 puntu bitarte).

Proposamenak jarraipena, iraupena eta inpaktua izan ditzake hurrengo urteetan.

0 urte eta 1 urte bitarte: 0 puntu.

1 urte eta 5 urte bitarte: 1 puntu.

5 urte eta 10 urte bitarte: 2 puntu.

10 urtetik gora: 3 puntu.

Sozialki zuzena (3 puntu bitarte).

Proposamenak Lekunberriko zenbat biztanleri eragiten dien.

Biztanleen %0tik %25era: 0 puntu.

Biztanleen %26tik %50era: 1 puntu.

Biztanleen %51tik %75era: 2 puntu.

Biztanleen %76tik %100era: 3 puntu.

Irisgarria eta solidarioa (6 puntu bitarte).

Behar handia duten udalerriko herritarrentzako edo esparruentzako proposamena da.

Udalerrian premia handiena duten biztanleak: Adin-taldeak (haurrak, gazteak, adinekoak), desgaitasuna duten pertsonak (fisikoa, psikikoa edo sentsoriala), aukera gutxiago dituzten kolektiboak (langabeak, etorkinak, gutxiengo kulturalak) eta abar.

–Garrantziaren-urgentziaren balorazio teknikoa:

Esku hartu beharrik ez: 0 puntu.

Esku hartu beharra: 1 puntu.

Esku-hartze garrantzitsua: 2 puntu.

Esku-hartze urgentea: 3 puntu.

Udalerrian behar handiena duten udalerriko espazioak eta eremuak.

–Garrantziaren-urgentziaren balorazio teknikoa:

Esku hartu beharrik ez: 0 puntu.

Esku hartu beharra: 1 puntu.

Esku-hartze garrantzitsua: 2 puntu.

Esku-hartze urgentea: 3 puntu.

Ekitatiboa eta berdintasunezkoa (1 puntu bitarte).

Proposamenak emakumeen eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna bultzatzen du. Emakumeen eta gizonen parte-hartzea, erantzunkidetasuna eta presentzia orekatua indartzen ditu. Kontziliazio pertsonalerako beharrak kontuan hartzen ditu (genero desberdintasunak etxeko eta zaintzako lanen banaketan). Emakumeen ekarpenak ikusarazten ditu. Hezkidetza sustatzen du. Beste batzuk.

Ez: 0 puntu.

Bai: 1 puntu.

Integratzailea eta inklusiboa (1 puntu bitarte).

Proposamenak herritarren parte-hartzea eta artikulazioa bultzatzen ditu. Herritarren ehun autonomoa, parte-hartzailea eta konprometitua sortzen laguntzen du. Udalerriko hainbat sektore eta gizarte-talderen arteko komunikaziorako edo koordinaziorako espazioak eta bideak indartzen ditu. Demokrazia parte-hartzaileko ekimenak edo espazioak bultzatzen ditu udalerrian.

Ez: 0 puntu.

Bai: 1 puntu.

Prestakuntzakoa eta hezkuntzakoa (1 puntu, gehienez).

Proposamenek on egiten diote herritarren ikaskuntza eta trebakuntza prozesuei. Lagungarria da udalerriaren garapenerako beharrezkoak diren gaitasunak (jarrerak, trebetasunak eta kontzeptuak) barneratzeko.

Ez: 0 puntu.

Bai: 1 puntu.

Ingurumen-jasangarritasuna. Ingurumen-inpaktua Lekunberrin (4 puntura arte).

Proposamenak Lekunberriko ingurumen-alderdien gaineko inpaktua minimizatzen du edo ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak jasotzen ditu. Jarduera batek ingurunean sortzen duen eragina da ingurumen-inpaktua. Horrek esan nahi du inpaktu negatiboak (kaltegarriak) eta positiboak (onuragarriak) daudela.

–Ingurumenaren gaineko inpaktu negatiboa: 0 puntu.

–Ingurumen-inpaktu negatibo apala (edo dagoen inpaktua gutxitzen du): 1 puntu.

–Ingurumen-inpakturik ez: 2 puntu.

–Ingurumen-inpaktu positiboa: 4 puntu.

Mantentze-kostua (4 puntu bitarte).

Proposamenak ez du mantentze-kosturik edo ahal den kostu txikiena dauka.

Urteko kostuaren %10etik gorako kostua: 0 puntu.

Urteko kostuaren %10etik beherako kostua: 1 puntu.

Urteko kostuaren %5etik beherako kostua: 2 puntu.

Ez du kosturik: 3 puntu.

Kostuak murrizten ditu: 4 puntu.

–Baliabide propioen erabilera (1 puntu bitarte).

Proposamena herrian dauden baliabideak (azpiegiturak, materialak, langileak eta abar) erabiliz gauza daiteke. Proposamenaren kostua kalkulatzeko, udal-gastua jasoko litzateke.

Ez: 0 puntu.

Bai: 1 puntu.

Euskara. Hizkuntza-normalizazioa (2 puntu bitarte).

Proposamenek hizkuntza normalizatzeko prozesuak bultzatzen dituzte, hezkuntza prozesuekin edo euskara herriaren edota bere herritarren egunerokoan integratuz.

Ez: 0 puntu.

Bai: 2 puntu.

Proposamen berriak (1 puntu bitarte).

Proposamena berria da, eta aurreko urteetako Partaidetzazko aurrekontuetan ez du onurarik izan.

Ez: 0 puntu.

Bai: 1 puntu.

4. ERANSKINA

Proiektu irabazlea ezarrita dagoen 15.000 euroko kopurura iristen ez bada eta, beraz, soberakinik badago, soberakina puntuazio-ordenaren arabera eskainiko zaie gainerako proiektuei, beren proiektua gauzatzeko zenbateko hori erabili nahi badute ere.

Proiekturen bat 15.000 eurotik gorakoa bada, bideragarritasun- eta finantzaketa-plan bat aurkeztu beharko da.

Proiektu irabazlea gauzatzeko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, izendatzen denetik kontatzen hasita. Epe hori jakinarazpenik edo justifikaziorik gabe gainditzen bada, Mahai Teknikoak erabakiko du luzapena ematen duen ala ez, eta proiektu irabazleari dagokion aurrekontu-zuzkidura baliogabetzea erabaki ahal izanen du, lehiaketaren baldintzak ez betetzeagatik.

Iragarkiaren kodea: L1915700