10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

269/2019 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateei (udalak eta kontzejuak) dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan obrak egiteko. DDBN identifikazioa: 490634.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, oro har, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen. Lege horren xedea zen prozeduraren kontrol eta gardentasun handiagoa lortzea, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioak betez.

Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretan, 410001-41810-7609-325106 partida sartu da, “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izenekoa. Partida hori, dirulaguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da. Partidak 250.000 euroko aurrekontua du.

Toki entitateek aukera izan dezaten 0tik 3 urtera bitartekoen Haur Hezkuntzako ikastetxe publikoak eraiki, handitu eta egokitzeko laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2020rako aurrekontuan aurreikusi diren dirulaguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateentzako (udalak eta kontzejuak) dirulaguntzen deialdia onestea, obrak egin ditzaten 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Deialdia 2020ko aurrekontuan ezarriko den partida baten kontura finantzatuko da, “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 partidaren baliokidea izanen dena, 250.000 euroko kopurura arte, gehienez.

2. Deialdi berri honen oinarri arautzaileak onestea, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez.

3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, 0-3 urteko Zikloaren eta Landa Eskolen Atalera, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Obren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 20an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko udalentzako dirulaguntzak arautzeko oinarriak. Dirulaguntzen xedea da 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, handitzeko obrak eta berritzeko inbertsioak eta obra txikiak egitea

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xedatutakoa betez, laguntzen gaineko arauak ezartzen ditu oinarri hauen bitartez:

OINARRIAK

1. Helburua.

0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan honako obra hauek finantzatzeko erabiliko dira oinarri hauetan aipatutako dirulaguntzak. Ikastetxeak berriak edo aurretik sortuak izanen dira, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuari jarraikiz (haren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa):

–0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Berritzeko obrak kanpoko eta barneko eremuetan, erabiltzaileen segurtasunean eragina dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan. Beharra egoki arrazoituko da.

Atal honetan sartzen dira, besteak beste, irisgarritasuna hobetzen duten obrak, erabiltzeko segurtasuna eta osasungarritasun-baldintzak bermatzen dituzten neurriak.

–Berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetzea bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean zuzenean eragina izanen dutenak.

Atal honetan sartzen dira, besteak beste, ikuspena hobetzeko berritze lanak, espazioak komunikatzekoak, patioetan pergolak edo estalpeak ezartzea eguzkitik eta euritik babesteko, etab.

–Babes pasiboko edo aktiboko sistemak ezartzeko inbertsioak, eraikinen efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.

Atal honetan sartzen dira, besteak beste, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko berritze lanak, hala nola isolamendu termikoak, eguzkitik babesteko kanpoko sistemak eta abar hobetzea.

–Inbertsioak barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, beharrezkotzat jotzen badira ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko.

Atal honetan sartzen dira eraikinaren instalazioekin lotutako berritze lanak. Atal honetatik kanpo gelditzen dira mantentze-lanak.

Dagokion obra edo obraren fasea 2020ko ekitaldi ekonomikoan hasi eta gauzatu beharko da.

Diruz lagundu beharreko obra guztiek Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

2. Onuradunak.

Dirulaguntza hauek eraikin horien titular diren toki entitateek (udalak edo kontzejuak) eska ditzakete.

3. Dirulaguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Diruz lagunduko den obra motaren araberakoa izanen da ikastetxe bakoitzeko gehienez emanen den dirulaguntza:

–0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obretan, 100.000 euro gehienez.

–Jada sortutako ikastetxeak handitzeko obretan, 75.000 euro gehienez.

–Kanpoko eta barneko eremuetako berritzeko gainerako obrak, eta inbertsioak kanpoko eta barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, gehienez ere 50.000 euro.

Ikastetxe bakoitzeko portzentaje diruz lagungarriak ez du gaindituko eraikitzeko eta urbanizatzeko inbertsioaren kostuaren %65, barnean direla obrako proiektuen eta zuzendaritzen zerbitzu-sariak.

Pirinioen Garapenerako Plan Estrategikoari lotuta dauden toki entitateek inbertsioaren %95 arteko dirulaguntza eskuratzen ahalko dute.

Aurrekontu-kontsignazioa izanen da dirulaguntzetarako muga.

Ez da gastu diruz lagungarritzat joko, deialdi honen ondorioetarako, balio erantsiaren gaineko zerga.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

4. Xedea.

Eranskin honen 1. oinarrian (“Helburua”) azaldutako obrak egitea aurreikusten duten jarduketak izanen dira diruz lagungarriak.

2020ko ekitaldi ekonomikoan gauzatu beharko dira obrak, egutegi honen arabera:

–2020ko irailaren 1a baino lehen hasi beharko dira.

–2020ko azaroaren 1a baino lehen burutu behar dira obrak, eta gastuen ziurtagiriak aurkeztu.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria.

Ez da diruz lagunduko beste urte batzuetan helburu bererako diruz lagundutako jarduerarik.

Ez da dirulaguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikina eta bertako instalazioak mantentzeko obrak ere.

Ez dira diruz lagungarriak izanen patioko ekipamendua (kanpoko altzariak; adibidez, jostatzeko elementuak), ezta behin-behineko elementuen instalazioa ere.

Hezkuntza Departamentuko teknikariek gainbegiratu beharko dituzte proiektuak.

Obrek hasita egon beharko dute 2020ko irailaren 1a baino lehen. Data horren aurretik hasi ez badira, toki entitateek kasuan kasuko dirulaguntzei uko egin beharko diete espresuki.

Salbuespenez, obrak 2020ko irailaren 1aren ondoren hastea onartuko da, baldin eta aldez aurretik hartzen bada gastuaren justifikazioa ezarritako epean aurkezteko konpromisoa (2020ko azaroaren 1a baino lehen).

Edonola ere, deialdi honetan emandako dirulaguntzen kasuan kasuko gastuaren frogagiriak 2020ko azaroaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Jarduketek beste administrazio edo entitate batzuen dirulaguntza jaso badute, edo jaso dezaketela aurreikusten bada, eskabidean horren berri eman beharko da, eta jasotako diru kopurua edo jasotzeko dutena jakinarazi. Halaber, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri eman beharko dute, egoera hori jakin bezain laster eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

5. Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak berrogei egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntza Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztu behar dituzte eskaerak, eta eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Proiektu teknikoaren, memoria baloratuaren edo eskatutako dirulaguntzaren xede diren obren aurrekontuaren ale bat, aurrekontua partidaka xehatuta eta, egoerak hala eskatuz gero, baita lansari teknikoen aurrekontua ere.

Eskaera arrazoitu eginen da, obra egiteko arrazoiak eta dirulaguntzaren xede diren konponbideak adierazita.

Hartan sartuko dira gaur egungo egoeraren planoak eta berritze proposamenarenak, eta zer elementutan esku hartuko den, horien egungo egoeraren argazkiak.

Diruz lagungarria den jarduketa bat baino gehiago eskatuz gero, proiektu, memoria edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira.

2. Obra gauzatzeko eta oinarri hauek betetzeko konpromisoari buruzko udal erabakia. Adieraziko da ezen azpiegiturak sortu edo egokitzeari buruz aurrerantzean eginen diren jarduketek bete beharko dituztela Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak.

3. Lurren jabetzari buruzko frogagiria (soilik finantzaketa eskaera 0tik 3ra bitartekoen ikastetxe berri bat eraikitzeko edo egun dagoen ikastetxe bat handitzeko bada) edo 0tik 3ra bitartekoen ikastetxeak dauden eraikinen jabetzari buruzko frogagiria.

4. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udalaren edo kontzejuaren aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela dirulaguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko.

5. Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako dirulaguntzei, laguntzei, diru-sarrerei edo baliabideei buruzko aitorpena, adierazita eskatutako, jasotako edo jasotzekoak diren zenbatekoak.

6. Haur eskola sortzeko hitzarmenaren datari buruzko deklarazioa, eta 2020ko urtarrilaren 1ean eskolan matrikulatuta dauden haurren kopuruari buruzkoa.

7. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Bai proiektuek bai obrek indarra duen araudiari jarraituko diote, eta Hezkuntza Departamentuko teknikarien jarraibideak betez egin beharko dira.

Laguntza jasotzen duen toki entitateak deialdi honetan ezarritako xederako erabili beharko du dirulaguntza, eta kalkulatutako obraren zatia egin eta gastua justifikatuko du ezarritako epeetan; halaber, aipatu xederako mantendu beharko du azpiegitura, haren bizitza baliagarriak iraun bitartean.

6. Lehentasun-ordena.

Deialdia lehentasun-ordena honi jarraituz ebatziko da:

–Lehenik: 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Bigarrenik: jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Hirugarrenik: berritzeko obrak (kanpoko eta barneko eremuak), erabiltzaileen segurtasunean eragin zuzena dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko Haur Hezkuntzako ikastetxeetan.

–Laugarrenik: berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetuko dela bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean eragin zuzena izanen dutenak.

–Bosgarrenik: eraikinen babes pasiboko edo aktiboko sistemak ezartzeko inbertsioak, beren efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.

–Seigarrenik: inbertsioak barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko beharrezkotzat jotzen badira.

Aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada lehentasun-ordenan (1.tik 6.era) ezarritako taldeetako bateko onuradun guztiei erantzuteko, ordena kronologikoa jarraikiz erantzunen zaie, haur eskolaren sorrera-dataren arabera (zeina jasota baitago haur eskola sortzeko hitzarmenean), aurrekontuko diru erabilgarria agortu arte.

Bi eskaera lehentasun-ordena berean badaude eta sorrera-data berekoak badira, 2020ko urtarrilaren 1ean matrikulatutako haur kopuru handiena duten eskolak lehenetsiko dira.

Toki entitateek kasuan kasuko dirulaguntza eskatuko dute, 2020an gauzatzen ahal duten obra kantitatearen arabera, betiere gastua aurkezteko azken eguna baino lehen (2020ko azaroaren 1a).

Dirulaguntza jaso baina aurreikusi eta eskatutako gastua aurkezten ez duten toki entitateek justifikatu gabeko diferentzia kobratzeko eskubidea galduko dute, salbu justifikatutako arrazoiren bat edo ezinbesteko egoeraren bat baldin badago.

7. Deialdiaren ebazpena.

Dirulaguntzak emateko eta eskaerak ezesteko ebazpena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emanen du. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, “Lehentasun-ordena” 6. oinarrian ezarritako taldeen arabera eta aurrekontu-kontsignazioa agortu arte.

Gertatuko balitz, behin dirulaguntzak onartu eta jakinarazitakoan, ikastetxeren batek uko egitea emandako laguntzei, edo obrak ez egitea edo aurreikusitako gastua ez justifikatzea azaroaren 1a baino lehen, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen litzateke (baldin eta laguntza txikiagoa esleitu bazaio behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino). Bigarrenik, erreserban dauden onuradunen eskaerak erantzunen lirateke, 6. oinarrian ezarritako lehentasun-ordenarekin bat. Kasu horretan, beharrezkoa da eskaera onetsita duten udal guztiek (erreserban daudenek barne) aurkeztea obren hasiera eta obren amaiera justifikatzen duen dokumentazioa, egindako gastuaren frogagiriak eta 8. oinarrian (“Dirulaguntzen ordainketa”) ezarritako gainerako dokumentazioa, 2020ko azaroaren 1a baino lehen.

Dirulaguntza toki entitate eskatzaile guztiei eman eta esleitu gabeko diru soberakinik badago, zenbateko lagungarriak handitzen ahalko dira, interesdunen artean hasiera batean emandako kopuruaren proportzioan, eta aurrekontuko dirua agortu arte.

8. Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauen ordainketa 2020ko aurrekontuan gaituko den “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 partidaren kargura eginen da, obrak bukatu ondoko ordainketa bakarraren bidez.

Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da ezarritako epearen barnean obrak bukatzea eta frogagiriak aurkeztea.

Dirulaguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira:

1. Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak eta argazkiak.

2. Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa adjudikaziodunak sinatuak.

3. Egindako ordainketaren frogagiria.

4. Udaleko idazkariaren ziurtagiria, obrak funts berekien bidez (edo bestelako dirulaguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta, hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

5. Udaleko idazkariaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla egiaztatzen duena, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.ñ eta 28.3 artikuluak).

6. Onuradunak azpikontrataziorik egin duen edo ez azaltzen duen adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan eta deialdi honen 12. oinarriko 2. puntuan ezarritakoaren arabera.

7. Publizitate betebeharrak bete izanaren adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

8. Harrera-akta, zuzendaritza fakultatiboak sinatua, halakorik badago, baita jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa adjudikaziodunak sinatua ere, edo, hala izan ezean, udalak emandako agiria, ziurtatzen duena obrak bukatu direla edo, bestela, aurreikusitako zatia gauzatu dela.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

9.1. Obrak gauzatzea.

2020ko irailaren 1a baino lehen, dirulaguntza jaso duten obretarako, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, obrak hasi direla justifikatzeko; bestela, obren hasiera atzeratzeko eskaera aurkeztu beharko da, eta hori organo eskudunak onetsi beharko du. Data horietako batean (2020ko irailaren 1a edo baimendutako atzerapenaren data) obren hasieraren berririk ez badago, eskaera ezetsitzat joko da, eta halaxe jakinaraziko zaie behar diren ondorioetarako.

Kanpoko inguruabarren eraginez obrak ezin badira egin, toki entitateak Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari adierazi beharko dio espresuki uko egiten diola dirulaguntzari, edo, bestela, justifikatu beharko du obrak gauzatu daitezkeela ezarritako epea bukatu baino lehen, nahiz eta ez hasi ezarritako datetan.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

9.2. Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

10. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, baldin eta haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.

11. Ikuskatzeko bisita.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta obrei buruz eskatzen zaizkien agiriak ematera.

12. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo dirulaguntzaren helburua aldatzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak bete ezean, baliteke dirulaguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke dirulaguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

Iragarkiaren kodea: F2000140