10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Behin betiko onestea ordenantza bat, arautzen duena nola eman laguntzak eta dirulaguntzak tokiko kirolariei edo klub eta elkarteei, parte hartzen baldin badute lehiaketa ofizialetan, autonomia erkidegokoetan, nazionaletan eta nazioartekoetan, ez-profesionalen sailean

Cascanteko Udaleko Osoko Bilkurak, 2019ko irailaren 30ean egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena nola eman laguntzak eta dirulaguntzak tokiko kirolariei edo klub eta elkarteei, parte hartzen baldin badute lehiaketa ofizialetan, autonomia erkidegokoetan, nazionaletan eta nazioartekoetan, ez-profesionalen sailean. (iragarkia noiz argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean: 2019ko urriaren 16a, 205. zk.).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua, osorik.

Cascanten, 2019ko abenduaren 11n.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA EMAN LAGUNTZAK ETA DIRULAGUNTZAK TOKIKO KIROLARIEI EDO KLUB ETA ELKARTEEI, PARTE HARTZEN BALDIN BADUTE LEHIAKETA OFIZIALETAN, AUTONOMIA ERKIDEGOKOETAN, NAZIONALETAN ETA NAZIOARTEKOETAN, EZ-PROFESIONALEN SAILEAN

ZIOEN AZALPENA

Cascanteko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 l) artikuluaren arabera, bere eskumenen artean du kiroletako jarduerak eta instalazioak sustatzea eta aisialdia betetzea. Era berean, lege testu beraren 72. artikulua betez, bere jarduerari eta herritar guztiek tokiko bizitzan duten parte-hartzeari buruzko informaziorik zabalena emateko betebeharra du, auzotarren interes orokorrak edo sektorialak defendatzeko elkarteen garapena bultzatuz, baliabide publikoen erabilera erraztuz eta bere jarduerak gauzatzeko laguntza ekonomikoak eskuratuz, eta gure hiria, kirola eta bizilagunen asoziazionismoa sustatzen laguntzen duten kirol ekimen eta jarduerak lagunduz.

Autonomia erkidegoko, nazioko edo nazioarteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan, goi mailakoetan edo apalagoetan parte-hartzeko Cascanteko Udalarekin inongo akordiorik izenpeturik ez duten banakako kirolariek edo tokiko kirol klubek eta kirol elkarteek izanen dituzten laguntzak argitu eta finkatzeko asmoz, egoki da deialdi bat onestea, Kirolari buruzko Foru Legearen araberakoa, klubentzako laguntzen eta dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzeko.

Ordenantza hau ematen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzeko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.1 artikuluan erregelamenduak egiteko esleitutako ahal administratiboaz baliatuta.

Administrazio publikoetako dirulaguntzen tratamendua arautzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra onetsi zen. Lege hori, berriz, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onetsi zuen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu zen.

Aipatutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (DLO) gardentasun-printzipioa aplikatzen du, eta efizientzia- eta eraginkortasun-printzipioak ezartzen ditu dirulaguntzak izapidetzean gastu publikoa kudeatzeko.

Horrela, ordenantza honek udal honen dirulaguntza-jarduera arautuko du, eta, horren barruan, aipatutako printzipioetara eta zehapen-araubidera egokitzen den zehaztuko du.

Horrek guztiak justifikatzen du araua egokitzen dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioetara eta, beraz, betetzen dela administrazio publikoek premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera jarduteko duten betebeharra.

1. artikulua. Dirulaguntzen xedea.

Ordenantza espezifiko honen bidez, udal honek dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dira. Horren helburua da Cascanteko Udalarekin inolako hitzarmenik sinaturik ez duten tokiko kirolariei, kirol klubei edo kirol elkarteei finantzaketa ematea autonomia erkidegoko, nazioko edo nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan eta Cascanteko Udaleko Kirol, Hezkuntza eta Teknologia Berrietako zinegotziak interes berezikotzat jotzen dituen beste edozein lehiaketatan parte hartzeagatik sortutako gastuak ordaintzeko.

2. artikulua. Onuradunak.

–Cascanten erroldatutako pertsona fisikoak, autonomia erkidegoko, nazioko edo nazioarteko kirol lehiaketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzen badute eta ez badira aritzen Cascanten jada egiten den kirol jarduera batean, Cascanteko Udalarekin hitzarmena duen tokiko klub baten bidez.

–Cascanten egoitza soziala duten klub eta elkarteak, kirola egiten dihardutenak eta Cascanteko Udalarekin inolako finantzaketa akordiorik edo hitzarmenik sinatuta ez dutenak.

Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak, salbu eta, dirulaguntzaren izaera dela-eta araudi erregulatzaileak salbuesten badu.

3. artikulua. Dirulaguntza ematearen hasiera eta horretarako prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokaren araubideari jarraituz izapidetuko da1. Ofizioz hasiko da beti, deialdi publikoaren bidez2, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, deitutako dirulaguntzak emateko prozedura garatuko duen deialdiari jarraituz eginen da –organo eskudunak onetsiko du deialdi hori–, eta eduki hau izanen du nahitaez:

–Dirulaguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, dirulaguntzek guztira zenbat jotzen duten, edo, bestela, dirulaguntzen zenbatespena.

–Dirulaguntzaren xede espezifikoa.

–Dirulaguntzak norgehiagoka-araubidearen bidez emanen direla adieraziko da.

–Laguntzen onuradun izateko bete beharreko baldintzak eta baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–Prozedura ebazteko organo eskuduna Alkatetza izanen da, Kirol Batzordeak aldeko irizpena eman ondoren, eta Alkatetzak tokiko gobernu-batzarrari eskuordetu ahal izanen dio eskumen hori.

–Hona eskaerak aurkezteko epea: 20 egun baliodun.

–Ebazpena emateko eta hura interesdunei jakinarazteko azken eguna.

–Eskabidearekin batera, diruz lagunduko den jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, bai eta horretarako eskatutako laguntzen edo dirulaguntzen frogagiriak ere.

–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

–Jakinarazteko edo argitaratzeko bitartekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 55.1 artikuluak ezartzen duen moduan, salbuetsi ahal izanen da, deialdian esleitutako kreditua nahikoa izanez gero, aurkeztutako eskabideen lehentasun-hurrenkera ezartzeko betekizuna, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren dagoen eskaera-kopuruari begiratuta.

4. artikulua. Prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa deialdian izendatzen den organoari dagokio. Instruktoreak datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, horiei jarraikiz eginen baita ebazpen proposamena.

Instrukzio jarduketek ondokoak hartuko dituzte barne:

–Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo dirulaguntza arautzen duten arauek eskatzen dituzten txosten guztiak eskatzea.

–Eskaeren edo eskarien ebaluazioa, kasuan kasuko dirulaguntzari buruzko arauan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Espedientea eta Kirol Batzordearen irizpena ikusita, instrukzio-organoak ebazpen-proposamena eginen dio ebazteko eskumena duen organoari.

5. artikulua. Ebazpena.

Ezin izanen da ebazpenik eman harik eta espedientean behar besteko aurrekontu-esleipena dagoela egiaztatu arte.

Ebazpen-proposamena onetsi ondoren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 88. artikuluan eta, hala badagokio, kasuan kasuko arauan edo deialdian aurreikusitakoaren arabera, organo eskudunak arrazoituta ebatziko du prozedura, eta, nolanahi ere, emandako ebazpenaren oinarriak eta onuradunek hartutako konpromisoak egiaztatu beharko dira3.

Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez. Gehieneko epe hori ebazpena jakinarazi gabe amaitzen bada, interesdunek zilegi izanen dute dirulaguntza emateko eskabidea administrazio isiltasunaren bidez ezetsitzat jotzea.

Prozedurari buruzko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Jakinarazpen edo argitalpen hori egiteko, lege horren 42., 43., 44. eta 45. artikuluetan jasotako xedapenak bete beharko dira.

6. artikulua. Balorazio-irizpideak.

Oinarri arautzaileek eskabideak baloratzeko irizpideak jasoko dituzte.

7. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

a) Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

c) Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten ahal dituztenak ere; bestetik, lehenagoko jarduketen ondorioz eskatzen ahal zaion informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari.

e) Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituela frogatzea; nolanahi ere, baimena eman ahalko zaio Udalari datu horiek lor ditzan.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala ikuskatutako bestelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

h) Behar bezala iragartzea dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzaketa publikoa izan dutela.

i) Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

8. artikulua. Zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbateko osoak ezin izanen du gainditu Cascanteko Udalaren aurrekontu-aplikazioan dagokion ekitaldi ekonomikorako esleitutako zenbatekoa.

Udalak dirulaguntzak ematea bateragarria4 izanen da beste edozein dirulaguntza edo laguntza motarekin.

Halere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

9. artikulua. Justifikazioa5 eta kobrantza.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduera egin dela eta dirulaguntza emateko helburua bete dela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko zaio Udalari.

Deialdiaren oinarriek zehaztuko dute aurkeztu beharreko dokumentazioa eta aurkezteko epeak eta modua.

Justifikazio-agiriak6, nolanahi ere, dagokion urteko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Dirulaguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko ezarritako epea luzatu ahal izanen du, oinarri arautzaileetan kontrakorik xedatu ezean. Luzapen hori ez da izanen justifikazioa aurkezteko epearen erdia baino handiagoa, eta, betiere, ez da hirugarrenen eskubideen kalterako izanen.

10. artikulua. Itzultzea.

Onuradunak helburu, jarduera eta proiektu guztiak bete beharko ditu, dirulaguntza7 emateko oinarri izan ziren jokabideak hartu beharko ditu, eta dirulaguntza dela-eta hartutako konpromisoak bete beharko ditu. Nolanahi ere, hartutako zenbatekoak guztiz edo partzialki itzultzea eta berandutze-interesa ordaintzea exigitu ahalko da, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoak izan daitezkeen akzio penalak ezertan kendu gabe.

11. artikulua. Berme-neurriak.

Dirulaguntza ematen duen organoak egokitzat jotzen dituen administrazio-kontrolak eta ikuskapenak egin ahal izanen ditu edozein unetan, aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza jasotzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Honako hauek izanen dira dirulaguntzak itzultzeko arrazoiak:

–Dirulaguntza lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

–Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua gauzatu gabe uzten denean, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

–Justifikatzeko betebeharra betetzen ez denean, edo behar bezainbat betetzen ez denean.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotako zabaltze-neurriak ezartzeko betebeharra ez betetzea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 15. artikuluetan ezarritako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu ote diren, Estatuko, Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

–Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta konpromiso horiek ikusteko badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua gauzatzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

–Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik edo nazioarteko erakundeetatik.

–Europar Batasunaren Itunaren 87. artikulutik 89. artikulura bitarte ezarritakoaren arabera, dirulaguntza itzuli beharra erabakitzea.

Onuradunak ikuskapen horretan lagundu beharko du, eskatutako datuak emanez eta, hala badagokio, jarduerak egiten diren egoitzetarako sarbidea erraztuz.

12. artikulua. Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek ematea bateragarria8 izanen da beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

Halere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

Onuradunak organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste dirulaguntza, laguntza publiko, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu direla gaztigatzeko betebeharra izanen du.

13. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzule izanen dira, egitez edo ez-egitez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean arau-hauste gisa tipifikatutako kasuetan erortzen direnak.

14. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arintzat hartzen da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako betebeharrak ez betetzea, arau-hauste horiek astunak edo oso astunak ez direnean, eta zehapena graduatzeko eragile ez direnean. Bereziki, honako hauek izanen dira arau-hauste arinak:

a) Hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatzeko kontuak epez kanpo aurkeztea.

b) Aurkeztutako justifikazio kontuak zehaztugabeak edo osatugabeak izatea.

c) Artikulu honetako gainerako paragrafoetan berariaz aurreikusi ez baina dirulaguntza jasotzearen ondorioz onuradunek bere gain hartu dituzten betebehar formalak ez betetzea, erregelamenduz ezarritako moduan.

d) Kontabilitateko edo Erregistroko betebeharrak ez betetzea, eta zehazki, ondokoak:

–Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

–Ondokoak eraman edo gordetzeko betebeharra ez betetzea: kontabilitatea, legeek ezarritako erregistroak, horien euskarri diren informatika programak eta fitxategiak eta erabilitako kodifikazio sistemak.

–Jarduera eta ekitaldi ekonomiko berari buruzko kontabilitate desberdinak eramatea, horrek entitatearen benetako egoera jakitea galarazten duenean.

–Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

e) Egiaztagiriak edo horien agiri baliokideak gordetzeko betebeharra ez betetzea.

f) Entitate laguntzaileek 38/2003 Legean ezarritako betebeharrak ez betetzea.

g) Finantzen kontrol jarduketak saihestu edo ukatzea, edo haiei trabak eta eragozpenak jartzea.

Inguruabar horiek daudela ulertuko da dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboen erantzuleak, hari horretarako jakinarazpena behar bezala eginda, udal funtzionarioen jarduketak luzatzera, oztopatzera edo galaraztera bideratutako jarduketak egin dituenean, finantza-kontroleko eginkizunak betetzean.

Besteak beste, honako jokabide hauek erresistentzia, oztopoa, aitzakia edo ezezkoa dira:

–Dokumentuak, txostenak, aurrekariak, liburuak, erregistroak, fitxategiak, frogagiriak, kontabilitate-idazpenak, programa eta artxibo informatikoak, sistema eragileak eta kontrol-sistemak eta egiaztatu beharreko beste edozein datu ez aurkeztea edo ez ematea.

–Errekerimenduren bati ez erantzutea.

–Arrazoi justifikaturik izan ezean, adierazitako lekuan eta denboran ez agertzea.

–Bidegabeki ukatzea edo eragoztea onuradunak edo erakunde laguntzaileak jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren errealitatea eta erregulartasuna behar bezala justifikatzeko zantzuak dauden negozio-lokaletan eta gainerako establezimendu edo lekuetan sartzea edo bertan egotea.

–Finantza-kontrola egiten duten kontrolatzaileak derrigortzea.

h) Laguntza emateko betebeharra duten pertsonek edo entitateek betebehar hori ez betetzea, horrek berekin badakar ezin dela egiaztatu onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa.

i) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste arintzat jotako gainerako portaerak.

15. artikulua. Arau-hauste astunak.

Portaera hauek arau-hauste astunak dira.

a) Ordenantza honek adierazitakorekin bat, organo emaileari edo entitate laguntzaileari xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera nahiz baliabide batzuk lortu direla komunikatzeko betebeharra ez betetzea, hain zuzen ere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluaren 1. apartatuaren d) paragrafoan aipatutakoa.

b) Ezarritako baldintzak ez betetzea, dirulaguntza zertarako eman den, helburu horrexen funtsa arras aldatuta.

c) Funts publikoak zertan erabili diren ez justifikatzea, behin hori egiteko ezarritako epea iragan eta gero.

d) Entitate laguntzailearen izaera eskuratzea, halakorik izateko dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatutako betekizunak faltsuturik edo halakoa izatea eragotziko zuten baldintzak ezkutatuta.

e) Entitate laguntzaileek dirulaguntzak biltzeko erabakigarriak diren baldintzak edo betekizunak benetan bete direla egiaztatzeko duen betebeharra ez betetzea, horrek dirulaguntza itzultzeko betebeharra sortzen duenean.

f) Administrazioek, organismoek eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalari informazioa emateko betebeharra duten gainerako entitateek informazioa ez ematea.

g) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste larritzat jotako gainerako portaerak.

16. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Portaera hauek arau-hauste oso astunak dira:

a) Dirulaguntza lortzea hura eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko zuten datuak ezkutatuz.

b) Dirulaguntza zertarako eman zen, bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako kopuruak, osorik edo hein batean.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean aurreikusitako kontrol-jarduketei aurre egitea, haietarako trabak jartzea, haiek eragoztea edo haiei uko egitea.

d) Entitate laguntzaileek onuradunei ez ematea, hala ezarri denean, dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan adierazitako irizpideen arabera lorturiko funtsak.

e) Europar Batasunak dirulaguntzei buruz emanak dituen arauetan arau-hauste oso astuntzat jotako gainerako portaerak.

17. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinen zehapenak:

a) Arau-hauste arin bakoitzak 75etik 900 euro bitarteko zehapena izanen du, hurrengo apartatuan xedatutakoaren kasuan izan ezik.

b) Arau-hauste hauek, kasuan-kasuan, 150etik 6.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira:

–Eragiketa bat edo gehiago doitu edo egin gabe uztea, legeek galdatutako kontabilitate eta erregistroetan.

–Kontabilitatea eta legeek ezarritako erregistroak eramateko betebeharra ez betetzea.

–Jarduera bat eta berari buruzko kontabilitate ezberdinak eramatea, eta horrek entitatearen benetako egoera jakitea eragoztea.

–Kontuak, kasuan-kasuan nolakoak diren, haien esanahiez besteko batez erabiltzea, horrek diruz lagundutako jardueren errealitatea egiaztatzea oztopatzen badu.

–Kontrol-organoek eskatutako frogak eta agiriak ez aurkeztea edo horiek ez erakustea.

–Entitate laguntzaileek ez betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan ezarritako betebeharrak.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluak aipatzen dituen laguntzeko betebeharrari eta dokumentazioa ematekoari loturik dauden pertsonek edo entitateek betebehar horiek ez betetzea, horrek berekin badakar onuradunak edo entitate laguntzaileak emandako informazioa egiaztatzeko ezintasuna.

Arau-hauste astunen zehapenak:

Arau-hauste astunak, behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak edo, entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat egiten duen, halako bi bitarte egiten ahal duen diruzko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste astunari dagokion kalte ekonomikoaren zenbatekoa erakunde laguntzaileek emandako dirulaguntzaren edo jasotako zenbatekoen ehuneko 50 baino handiagoa denean, eta 30.000 eurotik gorakoa denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 60. artikuluaren 1. apartatuaren b) eta c) letretan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen denean, arau-hausleei honako zehapen hauek ezarri ahal izanen zaizkie:

a) Administrazioarengandik edo bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, hiru urteko epean gehienez.

b) Hiru urte arteko epean Administrazioarekin edo beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, gehienez ere bost urteko epean.

Arau-hauste oso astunen zehapenak:

Arau-hauste oso astunak, behar ez bezala eskuratu edo aplikatu den edo justifikatu ez den kopuruak edo, entitate laguntzaileen kasuan, behar ez bezala aplikatu edo justifikatu diren funtsek zenbat egiten duten, halako bitik hirura bitarte egiten ahal duen diruzko isunarekin zehatuko dira.

Hala ere, ez dira zehatuko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 58. artikuluaren b) eta d) letretan jasotako arau-hausteak, baldin eta arau-hausleek zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak aldez aurretik errekerimendurik egin gabe itzuli badituzte.

Zehapen horiek ezartzeko eskumena duen organoak erabaki ahal izanen du horiek Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean argitaratzea.

18. artikulua. Indarrean sartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du beraren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea bukatzen denean.

OHARRAK:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluak ezarritakoari jarraituz, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurretik ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza adjudikatzen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Dirulaguntzei buruzko Datu Base Nazionalean argitaratu beharko da, eta haren laburpen bat Estatuko Aldizkari Ofizialean.

3. Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 62. artikuluak ezartzen duen bezala, emakidaren ebazpenean argi eta garbi identifikatu beharko dira onuradunek beren gain hartutako konpromisoak.

4. Kontuan izan behar da oinarriak ematen dituen arauan zehaztu ahal izanen dela ea dirulaguntzak bateragarriak edo bateraezinak diren helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu nazional batzuetatik edo nazioarteko erakundeetatik datozenekin.

5. Kontuan hartu beharra dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa.

6. Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 71. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio-organoak ikusten badu onuradunak aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak badaudela, horren berri emanen dio, eta hamar eguneko epea emanen dio akats horiek zuzentzeko.

7. Uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91.2 artikuluak ezartzen duen bezala, dirulaguntza eman bada izaera desberdineko inbertsioak edo gastuak finantzatzeko, emateko ebazpenean adostutako banaketara egokitu beharko da haren exekuzioa, eta, oinarri arautzaileek edo emakida-ebazpenak besterik ezartzen ez badute, ezin izanen dira kontzeptu batzuk beste batzuekin konpentsatu.

8. Kontuan izan behar da oinarriak ematen dituen arauan zehaztu ahal izanen dela ea dirulaguntzak bateragarriak edo bateraezinak diren helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu nazional batzuetatik edo nazioarteko erakundeetatik datozenekin.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Iragarkiaren kodea: L1915933