10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTZIN

Bideak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Antzingo Udalak, 2019ko irailaren 11n egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen bideak arautzen dituen udal ordenantza (erabakia noiz argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean: 2019ko urriaren 18a, 207. zenbakia).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Antzinen, 2019ko abenduaren 16an.–Alkatea, Isaac Corres López.

BIDEAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Antzingo Udalaren eskumeneko landabide publikoen sarea udalerriko herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako, abeltzaintzako eta basozaintzako lanak egiteko.

Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, honako xede hauek lortzearren:

–Antzingo udalerriko natura ondarearen balioak zaintzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko moduan mantentzea.

Horrenbestez, Antzingo Udalak ordenantza hau onetsi du.

1. artikulua. Lege oinarria.

Ordenantza honako hauetan xedatutakoaren arabera ematen da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.b) eta d) artikuluak; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 3. artikulua, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 29. artikulua.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Antzingo udalerrian dauden udal titulartasuneko bide publikoak arautzea, zaintzea, erabiltzea eta gozatzea, ibilgailuen eta pertsonen trafikoa antolatzea, eta bide horiek babestea.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, jabari eta erabilera publikoko bideak dira nagusiki nekazaritza-ustiategi edo -instalazioei zerbitzua emateko direnak, udalerriko parajeak komunikatzen dituztenak.

4. artikulua. Erabilera publikoko ondasunak.

1. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen arabera, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, udal titulartasuneko bideak erabilera publikoko ondasun, aprobetxamendu edo erabilera orokorreko ondasun gisa sailkatzen dira.

2. Bideak eta bere elementu funtzionalek okupatzen dituzten lurrak bakarrik izanen dira jabari publikokoak.

3. Nolanahi ere, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 94. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, lizentzia beharko da bideak modu arruntean eta berezian edo pribatiboan erabiltzeko.

5. artikulua. Erabilera arauak.

1. Bide publikoak pertsonak, animaliak, bizikletak eta pertsonak edo salgaiak garraiatzeko ibilgailuak igarotzeko erabiliko dira, bai eta nekazaritzako ibilgailuak finka mugakideetara igarotzeko ere.

2. Eraikuntzako makinen pasaera, kirol-probak eta material arriskutsuen zirkulazioa direla-eta arriskugarritasuneko, erabilera-intentsitateko edo antzeko bestelako inguruabar bereziak gertatuz gero, erabiltzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Udalari, dagozkion gainerako baimenei kalterik egin gabe. Kasu horretan, Udalak aldez aurretik berme nahikoak eskatu ahal izanen ditu, igarotze horrek sor ditzakeen kalte-galerei erantzuteko, bai eta egokitzat jotzen dituen mugak eta baldintzak ezartzeko ere.

3. Obra partikularren ondorioz bidean aldaketaren bat egin behar bada, interesdunak dagokion baimena eskatu eta lortu beharko du, eta aldez aurretik, eskabidearekin batera, egin nahi diren obren azalpen-memoria eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Udalak, eskaera ikusita, baldintza egokiak ezarriko ditu, eta, hala badagokio, ezarriko den zenbateko bateko abala eskatuko du sor litezkeen kalteei erantzuteko, edo aldaketa hori arrazoiak emanez ukatuko du.

4. Bideen zabalerak azaldu beharko dira, lurzatien berrantolamendu-planetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua. Kontserbazioa.

1. Udalaren titulartasuneko bideak zaintzea Udalaren ardura izanen da, bera baita bideen titularra.

2. Bideen mugakide diren finken jabe guztiek beren jabetzaren mugakide diren arekak behar bezala mantentzeko eta garbitzeko betebeharra izanen dute.

3. Ordenantza hau indarrean jarri aurretik ureztatzeko ihinztagailuak dituzten eta bideen mugakide diren finken jabeek, bideen mugatik 3 metro baino gutxiagora beharrezkoa den babesa jarri beharko dute bideetara urik ez isurtzeko, edo ihinztagailuak bidearen ertzetik 3 metrora erretiratu beharko dituzte. Inola ere ez da baimenduko bideak ureztatzea edo putzuz betetzea.

7. artikulua. Debekuak.

1. Oro har, debekatuta dago edozein ibilgailu orduko 50 km/h-tik gorako abiaduran ibiltzea udal bideetan.

2. Oro har, 50 tonako pisu-muga ezartzen da.

3. Estatuko ibilgailuen zirkulazio eta trafikoari buruzko araudian ezarritako mugak eta debekuak errespetatuko dira beti.

4. Oro har, honako hauek ere debekatuta daude:

a) Bidean oztoporen bat jartzea edo kokatzea, beste erabiltzaile batzuek hura erabiltzea eta gozatzea eragozten, zailtzen edo kaltetzen duena.

b) Edozein motatako objektuak edo likidoak botatzea.

c) Bidea hondatzea, behar bezala ez erabiltzeagatik.

d) Erabiltzaileen mugitzeko askatasuna kaltetzen duen edo bideen gehiegizko erabilera dakarren edozein ekintza.

e) Edozein motatako objektuak arrastaka eramatea.

f) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, baldin eta lan horiek bideen zorua galaraztea eta luiziak izateko edo bide horiek murrizteko arriskua badakarte. Era berean, debekatuta dago bidearen ondoan, atzeraemangunean, lubeten lur erauzketak egitea, uste baita ezin zaiela ez bideari ez arekei kalterik eragin.

g) Nekazaritzako lanak egitea bidearen ertzera dagoen distantzia errespetatu gabe, luizia edo harriak bide edo arekara eramatea dakartenak.

h) Debekatuta dago bidearen zoruan ureztatzea edo ureztatzeko ura isurtzea edozein prozedura erabiliz.

i) Bideko euri-urak ebakuatzea eragozten duten defentsak eraikitzea edo altxatzea.

8. artikulua. Erabilera mugak.

Udalak, erabilera-mugak ezarri ahal izanen ditu kasu hauetan, unean-unean eta egoera horrek irauten duen bitartean:

a) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko aldietan.

b) Zoruaren egoerak hala eskatzen duenean, tonaje-arrazoiengatik.

Kirol lehiaketak baimentzeko kasuetan (oinezko lasterketak, txirrindulariak, motoziklistak edo automobilak), bidea edo bideak erabilera orokorrera itxi ahal izanen dira, lehiaketa horiek egiteko behar den denboran.

9. artikulua. Finketarako sarbideak.

1. Udalak mugatu ahalko ditu finka pribatuetara bideetan dauden sarbideak, eta, nahitaez, sarbide horiek arrazoi teknikoengatik eraiki daitezkeen lekuak ezarri ahalko ditu.

2. Finketarako sarbideek aldez aurreko udal baimena eduki beharko dute, eta eraikitze-, mantentze- eta ordezte-gastu guztiak horien onuradunen kontura izanen dira.

10. artikulua. Atzeraemangunea.

1. Eraikinen, hesien, alanbre-hesien eta kartelen bideekiko atzeraemangunea, kasu zehatz bakoitzerako indarrean dagoen hirigintza-plangintzan xedatutakoaren eta ordenantza honetan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

2. Kasu guztietan, gutxieneko atzeraemangunea 3 metrokoa izanen da bidearen mugarekiko. Bereziki, ureztatzeko ihinztagailuak bidearen mugatik 3 metrora jarri beharko dira, gutxienez.

3. Eraikin, eraikuntza eta instalazio finkoak, hala nola transformazio-zentroak, linea elektrikoak, ureztatze-baltsak eta -etxolak eta antzekoak, bidearen ardatzetik 8 metro atzera eraman beharko direnak.

4. Debekatuta dago harlangaitzezko itxitura edo fabrika-obra egitea, salbu eta Udalaren Osoko Bilkurak abeltzaintzako ustiategietan edo arrain-espezieetan erabiltzeko balioetsi beharreko salbuespenezko kasuetan.

11. artikulua. Landaketak.

Ezin izanen da fruta- edo baso-zuhaitzik landatu bidearen mugatik 4 metro baino gutxiagora. Distantzia hori metro bat murriztuko da zuhaixkak, mahastiak eta abar landatzen direnean.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten egite edo ez-egiteak.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke, eragindako asalduraren intentsitatearen eta eragindako kalteen arabera.

1. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Edozein motatako objektuak bide gainean botatzea.

b) Lizentzia espezifikorik gabe zirkulatzea, bide bakoitzerako baimendutako tonajea gehienez ere %50 gaindituz.

c) Ordenantza honen aurkako eta legearen aurkako edozein jokabide, arau-hauste astuna edo oso astuna ez dena.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Bidean edozein objektu instalatzea, gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea kaltetzen edo zailtzen badu.

b) Kirol-lehiaketak –oinezkoenak zein txirrindularienak– antolatzea, dagokien lizentziarik gabe, bai eta pertsonen edo ibilgailuen beste edozein kontzentrazio masibo ere, herri-ekitaldi tradizionalak ez direnean.

c) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko obrak egiteko Udalak ezarritako mugak ez errespetatzea.

d) Lizentzia espezifikorik gabe zirkulatzea, bide bakoitzerako baimendutakoa baino %50 gehiagoko tonajearekin.

e) Pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat arrisku larria dakarren edozein objektu bidera edo haren mugetara botatzea.

f) Bidearen edozein erabilera komun berezi, aldez aurretik lizentziarik lortu gabe.

g) Edozein motatako objektuak arrastaka eramatea.

h) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, baldin eta lan horiek bideen zorua galaraztea eta luiziak izateko edo bide horiek murrizteko arriskua badakarte.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Bidearen gainean beste erabiltzaileek hura erabiltzea eta gozatzea eragozten duen edozein objektu instalatzea.

b) Kirol- edo automobil-lehiaketak edo edozein ibilgailu motordunenak antolatzea, dagokien lizentziarik gabe edo lizentziaren baldintzak larriki hautsiz.

13. artikulua. Neurriak.

Egindako arau-haustearen ondorioz, neurri hauek hartu ahal izanen dira, kasuaren arabera:

a) Zehapen-espedientea irekitzea eta, hala badagokio, dagokion isuna ezartzea.

b) Obra edo jarduketa berehala geldiaraztea, edo baimendu gabeko erabilerak etetea.

c) Gauzak lehengo egoerara ekartzea, arau-hauslearen kontura.

d) Obrak edo jarduketak eragindako kalte-galerengatiko kalte-ordaina.

14. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

1. Bidezkoa denean, dagokion erantzukizun zibil edo penala eskatu arren, ordenantza honetan jasotako arau-hausteak honela zehatuko dira:

Arau-hauste arinei 500 euro bitarteko isuna.

Arau-hauste astunei 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

Arau-hauste oso astunei 1.000 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

2. Isunak ordaindu ordez, Alkatetzak hala erabakita, komunitatearen onurarako lanak egin ahal izanen dira, baldin eta arau-hauslea ados badago.

15. artikulua. Zehapenen graduazioa.

1. Zehapenen zenbatekoa mailakatzeko, kontuan hartuko dira eragindako kalteen izaera, asmoa, berrerortzea eta gertatzen diren gainerako inguruabarrak.

2. Berrerorletzat joko da aurreko hamabi hilabeteetan izaera bereko arau-hauste batengatik zehapen irmoa jaso duena.

16. artikulua. Eragindako kalteak ordaintzea.

Nolanahi ere, zehatutako jokabideek udal ondasunei kalte-galerak eragin badizkiete, prozeduraren ebazpenak honako hau adierazi ahal izanen du:

Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

17. artikulua. Zehapen ahalmena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.n) artikuluaren arabera, alkateak izanen du zehatzeko ahalmena, bere eskumenen esparruan. Hargatik eragotzi gabe agintari judizialei horren berri ematea, egitateak delitu edo falta izan badaitezke.

18. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Udalak berak ofizioz abiarazita edo partikularrek behar bezala justifikatutako salaketaren bidez hasiko da.

2. Edozein pertsona natural edo juridikok du ordenantza honen aurkako arau-hausteak salatzeko eskubidea eta betebeharra. Salaketetan ustezko arau-haustetzat jotako egitateak azalduko dira, eta, hala dagokionean, espedientea irekiko da. Espediente horren ebazpena salatzaileei jakinaraziko zaie.

19. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezartzen diren zehapenak bi urteren buruan, eta arau-hauste oso astunengatik ezartzen diren zehapenak hiru urteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Zehatzeko prozedura abiatzean utziko da bertan behera preskripzioa, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

3. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

Azken xedapena.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean beraren testua osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea bukatzen denean, lege horretako 70.2 artikulurako igorpena dela-eta.

Iragarkiaren kodea: L1916104