10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Udaltzain-agenteen izendapena

Tafallako Udaleko alkateak, 2019ko abenduaren 9an, ondotik osorik argitaratzen den ebazpena eman zuen:

Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko urriaren 24an hartutako erabakiaren bitartez, deialdi bat onetsi zen Tafallako Udaltzaingoko udaltzain-agente izateko hiru lanpostu oposizio bidez betetzeko (2017ko 219. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 14koa). Ondotik, udal organo berak 2017ko abenduaren 12an hartutako erabakiaren bidez, oinarrietan atzemandako akatsak zuzendu ziren eta oinarriak aldatu (2018ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 22koa).

Deialdiaren 8. oinarriak ezartzen du ezen prestakuntza ikastaroa amaiturik epaimahaiak jendaurrean jarriko duela probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara lortzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko duela probak gainditu dituzten izangaien alde.

Deialdiaren oinarrietan ezarritako probak egin eta horiek gainditu zituen, barne igoerako txandan, Cintruenigoko Udalean jarduneko zerbitzuan dagoen agente batek, Fermín Jiménez Fernandezek, alegia. Horiek horrela, toki entitate horrek Tafallako Udalari igorri zion Nafarroako Poliziei buruzko martxoaren 23ko 8/2007 Foru Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko erabakia, izangai hori lanpostu berrian lanean hastean hutsik geldituko zen lanpostua eskaintzeko.

Identifikatutako eskabidearen ondorioz eta zortzigarren xedapen gehigarri horretan ezarritakoa betez, horren ondorioz hutsik gelditutako lanpostua eskaini zitzaion hurrenkeran ondoren zetorren izangaiari, Iñaki Ozcariz Ruizi, alegia; hortaz, azken izangai hori prestakuntza ikastaroan onartua izan zen, Tafallako Udaleko praktiketako funtzionario gisa.

Sustapen txandako bi izangaiei, Eloy López Landari eta Fermín Jiménez Fernandezi, prestakuntza ikastaroa baliozkotu ondoren, 2019ko martxoaren 27ko Alkatetzaren Ebazpenaren bitartez, eta kalifikazio epaimahai honek egindako izendapen proposamena ikusirik, Tafallako funtzionario izendatu zen Eloy López Landa, udaltzain-agente lanpostuan aritzeko, eta Fermín Jiménez Fernandezi jakinarazi zitzaion, aipatutako zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraituz, udaltzain-agente izateko izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea atzeratu eginen zirela oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatu arte, eta orduan burutuko zirela eskubide guztiekin.

Sustapen txandako izangai Eloy Lopez Landaren aldeko izendapenaren ondotik, horrek borondatezko eszedentzia eskatu zuen jabetza hartzeko unetik beretik hasita, lanpostuan egiazki aritu gabe; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Testu Bategian onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26.1.a) artikuluan ezarritakoarekin.

Horregatik, hutsik gelditutako lanpostua bete da puntuazio ordenan hurrengoa den izangaiarekin, alegia, Iosu Ojer Jimenezekin, aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 35.3 artikulua. Beraz, izangai hori izendatu da entitate honetako praktiketako funtzionario, aipatutako eszedentziarekin gelditutako lanpostu hutsa betetzeko.

Oinarri arautzaileetako 5.2.4 oinarrian jasotako prestakuntza ikastaroa bukatuta eta jaso delarik Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariaren azaroaren 27ko 150/2019 Ebazpena, zeinaren bitartez onesten baitira Polizian sartzeko 2019ko oinarrizko prestakuntza ikastaroaren kalifikazioak, izangaiek denetara lortutako puntuazioak onesteko erabakia hartu zen kalifikazio epaimahaiaren 2019ko azaroaren 28ko bilkuran, aktan jasotakoaren arabera.

Beraz, adierazitako guztian oinarrituz eta bat etorriz deialdiaren zortzigarren oinarriak ezartzen duenarekin: “Prestakuntza ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, denetara ateratzen duten puntuazioaren ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du probak gainditu dituzten izangaien alde”;

Aurrekoaren ondorioz, epaimahaiak Alkatetza honi igorri dio oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena.

Beraz, eta aurreko guztian oinarrituz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Honako izangai hauek Tafallako Udalaren zerbitzuko funtzionario izendatzea, udaltzain-agentearen lanpostuan ari daitezen: Iván Álvarez García eta Iosu Ojer Jiménez.

Bigarrena.–10. oinarrian ezarritakoari jarraituz, izangai izendatuek karguaren jabetza hartu beharko dute izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean. Horretarako, zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta zintzo beteko dituztela beren karguko eginbeharrak. Aipatu epearen barrenean izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Tafallako Udaltzaingoan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau igorri zaie, behar diren ondorioak izan ditzan, Tafallako Udaltzaingoaren Burutzari, Langileen Alorrari, eta Tafallako Udaleko Esku-hartzailetza Alorrari. Orobat, interesdunei jakinaraziko zaie.

Laugarrena.–Izendapen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Tafallan, 2019ko abenduaren 9an.–Alkatea, Jesús María Arrizubieta Astiz.

Iragarkiaren kodea: L1916200