10. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Deialdia, gizarte hezitzaileak kontratatzeko lan-poltsa bat eratzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2019ko azaroaren 5ean egin bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

“Ikusi da Tafallako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena. Haren arabera, ez dago inor aktibo gizarte hezitzaileak aldi baterako kontratatzeko poltsan, baina behar-beharrezkoa da gizarte integrazioko teknikari bat aldi baterako kontratatzea Tafallako Udalean, Haur eta Familien eta Gizarteratzeko programetan jarduten duen gizarte hezitzailearen figura ordezteko. Izan ere, ordezkapen hori nahitaez egin behar da, halaxe dago-eta jasota Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak eta Tafalla aldeko Gizarte Zerbitzuen Udalen arteko Batasunak sinatutako finantzaketa hitzarmenean.

Halaber, beharra sortu da eskolako sustatzaile bat aldi baterako kontratatzeko. Horretarako, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Hezkuntzako zuzendari nagusiak uztailaren 1ean emandako 397/2019 Ebazpenean araututako dirulaguntzen deialdia baliatu du. Ebazpen horren bidez, hain zuzen, oinarrizko gizarte zerbitzu edo gizarte zerbitzuen mankomunitateetarako laguntzak arautu ziren, figura hori kontratatzeko, eta kasu honetan 20.000 euroko dirulaguntza jaso du, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 55/2019 Ebazpenean xedatutakoraekin bat.

Ikusirik Jarraipen eta Kontrol Batzordeak egun honetan egin irizpena,

ERABAKITZEN DA:

Gizarte hezitzaileak aldi baterako kontratatzeko zerrenda bat eratzeko oinarriak onestea, horretarako deialdia eginda.

Tafallan, 2019ko azaroaren 18an.–Idazkaria, Amanda Acedo Suberbiola.

DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, IZANGAIEN ZERRENDA BAT ERATZEKO GIZARTE HEZITZAILE LANPOSTUA ALDI BATERAKO KONTRATU BIDEZ BETETZEKO TAFALLAKO UDALAREN ZERBITZURA

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da izangaien zerrenda bat eratzea Tafallako Udalaren zerbitzuko gizarte hezitzaile lanpostuak aldi baterako kontratu bidez betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, entitate horretan sortzen diren beharrei erantzutearren.

1.2. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien C mailako ordainsariak ditu lanpostuak, baita enpresaren hitzarmen kolektiboan eta plantilla organikoan soldatarako ezarritako osagarriak ere une bakoitzean betetzen den lanpostu zehatzerako.

Deialdiaren kategoriari eta une bakoitzean betetzen den gizarte hezitzaile lanpostu zehatzari (C maila) dagozkion lanak eta eginkizunak bete beharko dira.

1.3. Lortu nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa izango da lan ordutegia; betiere zerbitzuaren beharren araberakoa. Hala ere, noiznahi aldatzen ahalko du organo eskudunak, sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Prozesu honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

c) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Egokitze sozialeko goi mailako teknikariaren titulua edo integrazio sozialeko goi mailako teknikariarena izatea, edo hura eskuratzeko moduan izatea eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

f) Haurrendako eta Nerabeendako Babes Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza izango da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea eta gizakien salerosketa. Hartara, inguruabar hori frogatzeko, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe euren eskabidearen faltsukeria dela eta legokiekeen erantzunbeharra.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautaketa-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu behar dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, I. eranskinean jasotzen den eskabidearen ereduari jarraikiz.

3.2. Izangaiek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dituzte NANaren edo haren baliokidea den agiriaren fotokopia eta deialdi honetako 2.1.d) oinarrian eskatutako titulazioa, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hura lortzeko baldintzetan daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta udalaren iragarki-taulan eta udalaren web-orrian (www.tafalla.es) argitaratzeko aginduko du.

Argitaratu ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituzte edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzitakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jarriko da udalaren iragarki-taulan bai eta udalaren web-orrian ere (www.tafalla.es).

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpen berean 6. oinarrian jasotako proba hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

Mahaiburua: Jesús M. Arrizubieta Astiz, Tafallako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Marta Gómez, Tafallako Udaleko zinegotzia.

Lehen mahaikidea: M. Concepción Irisarri Zamarbide, Tafallako Udaleko gizarte langilea.

Ordezkoa: Inma Olcoz Sesma, Tafallako Udaleko gizarte langilea.

Bigarren mahaikidea: Nerea Biurrun Abaigar, Tafallako Udaleko gizarte hezitzailea.

Ordezkoa: María Pérez, Tafallako Udaleko gizarte hezitzailea.

Hirugarren mahaikidea: Ana Ibañez Areso, Artaxoako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte hezitzailea.

Ordezkoa: Pilar Areso, Zarrakazteluko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte hezitzailea.

Laugarren mahaikidea: Tafallako Udaleko langileen sindikatuetako ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen sindikatuetako ordezkariek izendatu beharrekoa.

Epaimahaiko idazkaria (hizpidearekin baina botorik gabe): Lourdes Galeano Lander, Tafallako Udaleko gizarte graduduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Tafallako Udalari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izango da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

6.1. Epaimahaiak adierazitako egunean hasiko da hautapen prozesua. Egun hori onartutakoen zerrendarekin batera argitaratu da Tafallako herriko etxeko iragarki-taulan eta www.tafalla.es web orrian. Deialdi bakarra eginen da. Izangaiak NANa edo agiri baliokidea gainean dutela agertuko dira, eta oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo era horretan nor diren frogatzen ez dutenak.

6.2. Proba teoriko-praktikoa.

Izangaiek II. eranskineko gai-zerrendatik epaimahaiak proposatutako galdera edo kasu praktiko bat garatu eta erantzun beharko dute; gizarte hezitzaileen lanari buruzkoa izango da.

Atal honetan, gehienez ere, 65 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 32,50 puntura iristen ez diren izangaiak.

Hautaprobetan, minusbaliotasuna izanik halaxe eskatzen dutenek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izango dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian zein den lortu den puntuazioa eta epeak ezarriko ditu erreklamazioak egiteko.

7. oinarria–Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Ariketen balorazioa amaituta eta izan daitezkeen alegazioak ebatzita, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

berdinketak kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez erabakiko dira. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena.

7.2. Aurkeztutako alegazioak eta egon litezkeen berdinketak ebatzi eta gero, epaimahaiak Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioa osoaren arabera ordenatuta.

7.3. Halaber, epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio oinarri honetan aipatzen den zerrendaren proposamen hori, onets dezan, hautaprobetako espediente osoarekin batera.

7.4. Alkatetzak onetsi ondoren, izangaien zerrenda Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta “www.tafalla.es” web-orrian argitaratuko da.

8. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

8.1. Zerrendan soil-soilik sartuko dira aurreikusitako proba oinarri hauetako 6.2 apartatuan ezarritakoaren arabera gainditzen duten izangaiak.

8.2. Artikulu honen bidez osatzen den zerrendak bost urteko indarraldia izango du, onesten denetik hasita.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Deitzea.

Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitu ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira.

9.2. Deiak egiteko arau orokorrak:

1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera egingo dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izango direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.

6.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

7.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak egingo dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9.3. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuarentzat ezarritako iraupena ikusita, aukera baldin badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina nolanahi ere, erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

9.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horren azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan, daukan lekua mantenduko baitu:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egongo, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte.

–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte.

–Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalean bada.

Kasu horietan izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzea eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egin bitarte, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan izango, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

9.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten dutenak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoi batengatik.

9.6. Zerrendetatik baztertzea.

Honako hauek izango dira izangaiak deia ekarri duen zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Kontratua probaldian hutsaltzea.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, baldin horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

d) Sinatutako kontratuari uko egiten badiote.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

9.7. Lan kontratuak.

Gizarte hezitzailearen lanpostuaren izangaiei administrazio kontratu bat eskainiko zaie, aldi baterako iraupena izango duena, kasuan kasuko beharraren arabera iraungo baitu, eta haren araubide juridikoak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatzeko araudia beteko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Proba teoriko-praktikorako gai-zerrenda

–15/2006 Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

–69/2008 Foru Dekretua. Gizarte Zerbitzuen Zorroa. Prestazio bermatuak eta bermatu gabeak Gizarteratzea eta Familia eta Haurrak arloetan.

–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako oinarrizko programak.

–Gizarte Zerbitzuen Zorroa – Tafallako prestazioak.

–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurren eta Nerabeen Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.

–Nafarroako Foru Komunitatean haurren babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko eskuliburua.

–Errenta Bermatua eta gizarteratzeko eskubidea.

–Nafarroako Gobernuaren mendeko programa espezializatuak gizarteratzeari eta laneratzeari buruz eta haurrei buruz: EISOL, EAIA, EAIV...

–Familiei arreta egiteko beste programa batzuk (Familia Orientazioko Zerbitzua, Familia Bitartekotzaren Zerbitzua, Familia elkartzeko gunea...).

–Gizarte esku-hartzerako oinarrizko erremintak eta tresnak.

–Administrazio prozedura; 39/2015 Legearen I., II. eta III. tituluak.

–Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduari buruzko 2568/1986 Errege Dekretua: 2. tituluko 2., 3., 4. eta 5. atalak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1915709