99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 8an hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren babesean onetsi zen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legea, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duena, toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da nahitaezkoak diren udal zerbitzuen estaldura bermatzea Foru Komunitate osoan.

Aipatu legearen seigarren xedapen gehigarriaren arabera, Inbertsioen Programak beteko dira Nafarroako Gobernuko kasuan kasuko Plan Zuzentzaileetan jasotako aurreikuspenekin bat. “Toki entitateen jarduera koordinatzearen ondorioetarako, plan zuzentzaile horien tokiz gaindiko interesaren deklarazioa eta aginduzko izaera mantentzen dira”.

Bestalde, Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legeak, 2.a) artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio plangintza orokorra egitea plan zuzentzaile baten bidez, plan horretan jasoko direlarik Nafarroako Foru Komunitatean saneamendua egiteko eskema eta oinarrizko jarraibideak.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, sektore inplikatu guztiekin egin da lan, parte-hartze prozesu zabal batean, helburu harturik Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2017-2030 Planak ahalik eta adostasun handiena izatea eta lanerako plana ezartzea hiri erabilerarako uraren zikloaren arloan, datozen urteetarako, arlo horretan onartu ohi den hierarkiarekin bat.

Planaren hasierako bertsioa jendaurrean egoteko aldia bukatuta (planarekin batera ingurumen azterlan estrategikoa ere jendaurrean izan da), planari eranskin bat gehitu zaio, aurkeztutako alegazioak eta haiei emandako erantzunak jasotzen dituena.

Bestalde, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezartzen du zer prozedura bete behar den onetsi beharreko planen “Ingurumen ebaluazio estrategikoa” deritzon horretarako.

Arau horren 21. artikuluak xedatzen du ezen organo sustantiboak, jendaurrean jarriko duela planaren hasierako bertsioa, Ingurumen azterlan estrategikoarekin batera, gutxienez ere 45 eguneko epean.

Jendaurreko epe hori bukatuta, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ingurumen-adierazpen estrategikoa eman du Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2020 Plan Zuzentzaileari buruz (240E/2019 Ebazpena, apirilaren 26koa).

Aurrekoa kontuan hartuta, Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea onesteko proposamenaren edukia ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea jendaurrean egon den aldian aurkeztu diren alegazioak baloratzea.

2. Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea onestea. Eranskinean jaso da horren laburpena.

3. Erabaki hau igortzea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea jendaurrean jartzea Gobernu Irekiaren Atarian https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/partaidetza/prozesuak/hiri-erabilerako-uraren-ziklo-integralaren-plan-zuzentzailea).

Iruñean, 2019ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1906413