Iragarkia
99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
278E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena 2018-2019rako: “Nafarroako toki entitateentzako laguntzak, landazainak kontrata ditzaten”. DDBN identifikazioa: 454789.
Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 4/2014 Foru Legearen 51. artikuluak ezartzen du zer jarduketa egiteko den beharrezkoa ehiza-barrutiek zaintza sistema bat izatea, barrutiaren kudeatzaileek jarri beharko dutena. Era berean, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko 17/2005 Foru Legearen 52. artikuluak (ehiza sustatzeko neurriak) ezartzen du Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.
Orobat, landazaina funtsezko elementutzat hartzen da toki entitateek landa esparruan egiten duten kudeaketa hoberena izan dadin. Landazainak ehizaren sektorean eta beste natura-baliabide batzuekin loturikoetan parte hartuko du, eta toki entitateei ingurumen arloan laguntza emanen. Zehazki, ehiza jarduera jasangarria izateko tresna lagungarritzat hartzen da ehizazaina, bereziki Nafarroa bezalako kasuetan, non ehiza jarduera basa faunako populazioetan oinarritzen baita. Ehizazainei eskatzen zaien prestakuntzak, barnean direla ekosistemei eta basa faunari buruzko ezagupenak, bermatu behar du titularrek egiten duten ehizaren kudeaketak babes teknikoa duela.
Aurreko deialdiek toki entitateen interesa piztu dute, eta haietan aurreikusitako finantzaketa guztia erabili da aurkeztutako eskaerei erantzuteko. Hori ikusirik, beharrezkoa da laguntza lerro honi segida ematea, toki entitateek landazainak kontratatzeagatik dituzten gastuak partez finantzatzeko. Landazainek 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte egiten dituzten zerbitzu profesionalengatik emanen da laguntza.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Honako laguntza hauen oinarri arautzaileak onestea 2018-2019rako: “Nafarroako toki entitateentzako laguntzak, landazainak kontrata ditzaten”.
Nafarroako toki entitateek 2018-2019 kanpainan landazainak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, I. eranskinean jasotzen baitira, eta ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinak onesten dira.
2. Deialdiaren onespena.
Nafarroako toki entitateek 2018-2019 kanpainan landazainak kontratatzeko laguntzen deialdia onesten da.
3. Aurrekontuko kredituak.
200.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu-aurrekontuko “Toki entitateentzako laguntzak natura-baliabideen kudeaketarako” izeneko 740002 74200 4609 456307 partidaren kargura, toki entitateek landazainak kontratatzeagatik dituzten gastuei erantzuteko.
4. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari jakinaraztea.
Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.
6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 10ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
I. ERANSKINA
Toki entitateek landazainak kontratatzeko laguntzen oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Oinarri hauen xedea da toki entitateek 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra arte landazainak kontratatzeagatik dituzten gastuen zati bat ordaintzeko dirulaguntzak arautzea. Ehiza-barrutia kudeatzeko ardura duten toki entitateen kasuan, aipatu epean ehizazainak kontratatzearen ondoriozko gastuen zati bat ordaintzeko erabiliko da laguntza.
2. oinarria.–Laguntzen helburua.
Landazainak kontratatzeko laguntzek helburu dute udal-mugarteetan edo ehiza-barrutietan landazainak edo ehizazainak era iraunkorrean egotea. Honako hauek dira haien zereginak:
–Zaintza-lana, toki entitate horietako natura-baliabideak behar bezala kontserbatzeko.
–Toki entitatearen natura-baliabideen kudeaketa, ingurumen-informazioko lanak edo ingurumenarekin lotutako beste gai batzuk.
–Barrutietako ehiza espezieen kudeaketa, toki administrazioaren, ehiztarien, nekazarien eta abeltzainen arteko lotura lana eginez.
–Nekazaritzari edo abeltzaintzari eragiten zaizkien kalteei aurrea hartzeko neurrien kontrola eta koordinazioa, bai eta ehiza espezieen kontrola eta segimendua ere, kudeaketa jasangarriko irizpideei jarraikiz.
3. oinarria.–Onuradunak.
3.1. Laguntzen onuradun izateko, toki entitateek baldintza hauek betetzen dituen landazaina izan behar dute: Nafarroako ehizazain titulua izatea, irailaren 4ko 94/2012 Foru Aginduarekin bat, edo titulu hori eskuratzeko prozesuan egotea; eta desgaiturik ez egotea ehizarekin lotutako jarduerak betetzeko.
3.2. Toki entitate onuraduneko landazainak zaintza lana edo natura-baliabideen kudeaketa lana egin dezake toki entitatearen eremuaren barruan.
4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.
Eskaerak tramitera onartuak izateko, toki entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:
4.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea. Eskabidean sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.
4.2. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, interesdunari jakinarazten zaio ezen eskaeran baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.
4.3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko zorrik ez izatea.
4.4. Ehizan aritzeko zehapenik ez izatea eskabidea aurkeztean.
5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak izanen dira 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitartean sortzen diren gastuak, landazainak eta ehizazainak kontratatzearen ondoriozkoak.
6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
6.1. Aipatu eperako soldata gordinaren %70.
6.2. Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada eta urteko lanorduak finkatuak baditu, deialdian ezarritako epeari dagokion kontratuan agertzen den zenbatekoaren %70 (BEZa kanpo).
6.3. Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.
7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.
7.1. Eskaerak aurkeztea.
7.1.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 16. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.
7.1.2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.
7.2. Eskatzen den dokumentazioa:
7.2.1. Landazainak kontratatzeko laguntza eskaera, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxa erabiliz (II. eranskina).
7.2.2. Egin beharreko lanak xehe-xehe azalduko dituen kontratua.
7.2.3. Kasua bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, frogatzen duena ehiza-barrutiaren aprobetxamendutik lortutako diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dela animalien populazio edo habitatak hobetzeko, kalteak prebenitzeko edo barrutiaren zaintza kontratatzeko. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen lehentasun irizpideen 2. atalean.
7.2.4. Kasua bada, toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, herri-lurrak ehiza-habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duena. Ziurtagiria aurkeztu ezean, ez da punturik emanen lehentasun irizpideen 3. atalean.
8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.
8.1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek.
8.2. Aplikatuko diren lehentasun irizpideak:
8.2.1. Eskaeren hurrenkera emandako puntuen arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera:
ATALA | KONTZEPTUA | PUNTUAZIOA |
1 | Ehiza-barrutia kudeatzeko ardura duten toki entitateak | 35 |
2 | Azken bost urteetan ehizaren ondoriozko diru-sarreren %25 baino gehiago inbertitu dutela frogatzen duten toki entitateak (inbertsioak konputagarria behar du izan, Ehizaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8. artikuluari jarraikiz) | 20 |
3 | Herri-lurrak ehiza-habitata hobetzeko asmoz laga direla frogatzen duten toki entitateak | 20 |
4 | Ehiza espezieek (bereziki untxiek eta/edo basurdeek) sortzen dituzten kalteei dagokienez bereziki kalteberak diren toki entitateak. Zerrenda zehaztua III. eranskinean dago | 15 |
5 | Laguntzen deialdi honen aurretik natura-baliabideak kudeatzen dituen landazain edo ehizazaina duten toki entitateak | 10 |
8.2.2. Puntuazio bera lortzen duten eskaeren kasuan, toki entitatearen azaleraren irizpidea aplikatuko da (azalera txikiena duenak lehentasuna izanen du).
8.2.3. Lehentasun-ordenaren arabera esleituko da aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.
9. oinarria–Ebaluazio organoa.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.
10. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.
10.1. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari igorriko.
10.2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.
10.3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
10.4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
10.5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak betetzen dituela laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.
11. oinarria.–Ebazpena.
11.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.
11.2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.
11.3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.
11.4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.
11.5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauek ebazpena emateko ezartzen duten epean.
12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.
Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.
13. oinarria.–Ordainketa eskaera: egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.
2019ko azaroaren 8ra arte, egun hori barne, onuradunek justifikatu beharko dituzte egin dituzten gastuak eta ordainketak. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Landazaina lan-kontratu bidez kontratatu bada, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarteko nomina guztien fotokopia, edo soldata gordinaren zenbatekoa kobratu duela justifikatzen duten beste agiri ofizial batzuena.
–Landazaina zerbitzuak emateko kontratu bidez kontratatu bada, 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarteko fakturak, izan jatorrizkoak nahiz fotokopiak. Egindako gastua ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.
14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
Egiaztagiriak azterturik, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.
Ordainketa bakarrean pagatuko da.
15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.
15.1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak bete beharko dituzte.
15.2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.
15.3. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
15.4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
15.5. Entitate onuradunak beharturik daude gardentasun betebeharrak konplitzera, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten guztiek bete beharrekoak baitira, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin bat eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuari jarraikiz.
Ondorio horietarako, entitate onuradunek IV. eranskineko adierazpena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta, eta adierazpenean aipatzen den informazioa ere bai, beharrezkoa bada. Ingurune Naturalaren Zerbitzuari zuzendurik aurkeztuko da, hilabeteko epean, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Gardentasun betebeharrak bete ezean, esleitutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da.
16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
16.1. Laguntza eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.
16.2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.
Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbidean (http://notificaciones.060.es) eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.
17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.
Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.
Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedaturikoarekin bat. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzak ematen ditu, gizarte onurako edo onura orokorreko lanak eta zerbitzuak egiteko. Bada, entitate onuradunak zehaztu beharko du laguntza horiek eskatu dituen edo eman dizkioten, eta argitu beharko du laguntza horiek babestuko luketen kontratuen hartzaileak eta hemen ezartzen diren laguntzek babestuko luketen kontratuen hartzaileak pertsona berak diren: haien izenak, IFZ, laguntza zer alditarako eskatu den eta laguntzaren zenbatekoa, ordurako ezagutzen badu.
18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egozten zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
Dirulaguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.
II. ERANSKINA
Toki entitateentzako laguntza eskaera, 2018-2019an landazainak kontratatzeko (PDFa).
III. ERANSKINA
Untxiek eta/edo basurdeek kalteak sortzeko arrisku handiena duten toki entitateen zerrenda
–Abartzuza.
–Aberin.
–Ablitas.
–Aguilar Kodes.
–Oibar.
–Andosilla.
–Anue.
–Aranguren.
–Arellano.
–Arguedas.
–Arroitz.
–Azagra.
–Barillas.
–Buñuel.
–Cabanillas.
–Cadreita.
–Caparroso.
–Cárcar.
–Cascante.
–Castejón.
–Gazteluberri.
–Cintruénigo.
–Errege Bardea.
–Corella.
–Cortes.
–Deikaztelu.
–El Busto.
–Eneritz.
–Eulate.
–Ezkabarte.
–Faltzes.
–Fitero.
–Fontellas.
–Funes.
–Fustiñana.
–Galar.
–Galipentzu.
–Itzagaondoa.
–Larraga.
–Leatxe.
–Legarda.
–Leotz.
–Lodosa.
–Longida.
–Los Arcos.
–Mañeru.
–Mélida.
–Mendigorria.
–Milagro.
–Elo.
–Monteagudo.
–Murchante.
–Murillo el Cuende.
–Erriberri.
–Oloritz.
–Azkoien.
–Petilla Aragoi.
–Pitillas.
–Gares.
–Ribaforada.
–San Adrián.
–Sartaguda.
–Sesma.
–Tafalla.
–Tebas-Muru Artederreta.
–Tutera.
–Tulebras.
–Urraulgoiti.
–Urrotz-Hiria.
–Valtierra.
–Viana.
–Villatuerta.
–Deierri.
IV. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1906498
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
