99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

481/2019 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2019an abeltzaintza lehiaketen antolaketarako laguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 453446.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduaren bidez, arauak ezarri ziren abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak ematearen gainean.

Aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari laguntza honen berri eman zitzaion. Organo horrek adierazi zuen Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren inprimakia jaso zuela, eta goian aipatutako arau-proiektua erregistratu, SA.45058 (2016/XA) laguntza zenbakiarekin.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31ra artekoa dela, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko deialdia onetsi nahi du 2019rako. Aipatutako erregelamenduaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2019an abeltzaintza lehiaketen antolaketarako dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 30.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Abere azokak eta lehiaketak” izeneko 710004 71310 4609 412200 partidaren kargura.

4. Deialdi honetan aplikatzekoak dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 7ko 189/2016 Foru Aginduan ezarritako oinarri arautzaileak. Foru agindu horren bidez, abeltzaintza lehiaketak antolatzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 2an.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1906193