99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Behin Udaleko Osoko Bilkurak, legezko den quorumarekin, 2019ko martxoaren 7an hasiera batez onetsita, eta jendaurreko epea inolako erreklamaziorik aurkeztu gabe iragan eta gero, behin betiko onetsita gelditu da Iruñeko bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen ordenantza. Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 13an.–Alkate Udalburua, Joseba Asiron Saez.

BIDE PUBLIKOAN KIOSKOAK INSTALATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Bide publikoan prentsa- eta ostalaritza-kioskoak instalatzeari buruzko jarduna erregulatzea dauka xede Bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen Ordenantzak, zeina 2015eko 95. Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 19koan, argitara eman baitzen.

Jardun hau berriki arautu bada ere, errealitateak egiaztatu du ezinezkoa dela aipatu testuaren xedapen gehigarria eta iragankorra betetzea, eta, horrez gain, Alor eskudunak agerian utzi ditu instalatu beharreko kioskoak zedarritzeko eta homologatzeko dauden zailtasunak.

Kontuan hartuta beharrezkotzat jotzen dela jardun honen praktikaren modernizazioa sustatzea eta Iruñeko herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzea, egun indarrean den testuan aldaketak egin behar dira, honako hauei buruz: instalazioen homologazio-prozedura, lizitazio-prozedura, hirian diren hiru kioskoen egoeraren erregularizazioa, eta, baita ere, testua berdintasun-araudiaren arabera egokitzea hizkuntza inklusiboa txertaturik.

Ordenantzak xede dauka merkataritza biziberritzea eta erakargarriagoak bilakatzea hiriko erabilera publikoko guneak. Hala, prentsa-kioskoak paratzeak aldizkako argitalpenak eskuratzea erraztuko die herritarrei, beste hainbat hiritan gertatzen den bezala, eta, halakoak dauden guneetara jende gehiago etorrita, lagungarria izanen da gune horien merkataritza-birgaikuntzarako. Bestetik, ostalaritza-kioskoak erabilera publikoko guneen osagarri gisara bakarrik proposatzen dira, gune horiek erakargarriagoak bilakatzen ahal dituzten heinean. Beraz, prentsa-kioskoak hiriko merkataritzaren arloko ohiko jardueratzat jotzen dira, gainerakoak bezalakoak –betiere xedapen-testuan ezarritako mugekin bat–, eta ostalaritza-kioskoek, berriz, helburua dute klase horretako behar beste saltokirik ez duten parke, plaza eta antzeko guneak erakargarriagoak egitea, haietan halako saltokiak paratzeak balio erantsia ekartzen ahal diolakoan gune publikoari.

Horrekin guztiarekin bat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako Barne Merkatuko Zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentarauak eta horren transposizioak Estatuko eta Erkidegoetako legeetara agindu bat jasotzen dute non tokiko ordenantzak berraztertzera behartzen baita, baldin eta aipatu araudiak ezarritako parametroekin bateraezinak diren baimen-araubide bereziak edo betekizunak biltzen badituzte.

I. TITULUA

Xedea eta eremu publikoari buruzko baldintzak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede dauka udal-jabari publikoko lurzoruetan kiosko iraunkorren instalazioa gobernatu behar duen araubide juridikoa ezartzea.

2. artikulua. Definizioak eta erabilera-araubide orokorra

1.–Ordenantza honen ondorioetarako, kioskotzat joko dira, oro har, erabilera publikoko bide eta guneetan paratutako hiri-instalazio iraunkorrak, Udalak homologatuak, non helburua baita merkataritza-jarduera bat garatzea –beste ezein jardueraren mendekoa izan ez eta administrazio-emakida baten menpe dagoena, erabilera publikoko ondasunen erabilera pribatiboa eta ezohikoa dela bide–.

2.–Prentsa-kioskoen kasuan, administrazio-emakidaren gehieneko epea 20 urtekoa izanen da kasuan kasuko kioskoaren lehen okupazioaren emakidaduna izan eta hasierako inbertsioa egiten duenarentzat –jarduera abiarazteko azpiegitura eta instalazioak paratze aldera–, eta epe hori luzaezina izanen da.

Kioskoa paratzeko hasierako inbertsiorik gabeko emakiden gehieneko epea 7 urtekoa izanen da, eta luzaezina.

3.–Ostalaritza-kioskoen kasuan, aurreko atalean ezarritako emakida-epe berberak aplikatuko dira, salbu eta kioskoek komunak eduki behar badituzte –komun publikorik ez dagoelako kokaleku duten parke, lorategi edo dena delakoan–. Halako kasuetan, 7 urte luzatzen ahalko da hasierako emakida –egin behar den inbertsioak zenbat jotzen duen–, eta, horrenbestez, emakida hori, gehienez ere, 27 urtekoa izaten ahalko da.

Behin administrazio-emakidaren epearen indarraldia bukatuta, obrak eta instalazioak Udalari itzuliko zaizkio, eta kokagunea hutsik jotzen ahalko da –eta lehia publikoan eskaini–.

II. TITULUA

Kioskoen ezaugarriak eta funtzionamendu-baldintzak

LEHEN ATALA

Ezaugarriak

3. artikulua. Ezaugarriak.

Hona Ordenantza honen xedea diren kiosko-motak:

1. Prentsa-kioskoak. Haien helburua egunkarien, aldizkarien eta aldizkako beste argitalpenen salmenta da, edozein euskarritan.

Prentsa-kioskoetan, baimenduta egoten ahalko da egunkariak, aldizkariak eta aldizkako beste argitalpenak edozein euskarritan saltzea, jardun nagusi gisara, eta horrekin batera, produktu osagarri batzuk ere saltzea, hala nola loreak, litxarreriak eta fruitu lehorrak –azken bi horien kasuan, establezimendu baimenduek ontziraturik eta bermatuta produktua ezin dela manipulatu–, garraio- zein telefono-txartelak eta beste hainbat salgai, baldin eta osagarri gisara saltzeko modukoak badira eta Udalak haiek saltzeko baimena ematen badu.

2. Ostalaritza-kioskoak. Tabernetan saltzen diren produktu berberak saltzekoak dira. Haietan zerbitzatu beharreko produktuek ez dute behar ezein prestakuntza edo manipulaziorik, industria baimenduak aurrez kozinatuak izan daitezkeelarik.

Ostalaritza-kiosko bat paratzeko administrazio-emakidak berekin ekarriko du baimena jabetza publikoko alde mugatu baten erabilera pribatiborako, kioskoaren ondoan eta ustiapenaren mesedetan. Alde hori erabili beharko da dela terraza bezala dela beste zenbait elementu gisa –baldin eta halakoak jardueraren osagarri badira eta jasota badaude Bide publikoan terrazak eta merkataritzari zein ostalaritzari loturiko bestelako elementuak jartzea arautzen duen Ordenantzan–. Ezinen da paratu ezein elementu iraunkorrik, ezta elementuen hedadura aldatu ere, salbu baldintza-agirian aurreikusita badago edo sanferminetan edo bestelako ekitaldietarako bada, eta ezinen da haietan ezein jarduerarik egin, terraza-zerbitzuez edo Udalak baimendutakoez beste.

Kioskoetan garatzen diren jarduerak eta haietan saltzen diren produktuek beraiei dagozkien arau erregulatzaileak bete beharko dituzte, eta, betiere, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestekoak.

4. artikulua. Kiosko-mota homologatua.

1. Kiosko iraunkor guztiek bat etorri beharko dute Iruñeko Udalak homologatutako ereduetako batekin.

Homologazioa eginen da behin organo eskudunak onetsitako kokapen bakoitzerako lizitazioan parte hartzeko interesa aurkeztu duten eskaera guztiak jaso eta gero.

2. Prentsa-kioskoak lau motatakoak izaten ahalko dira, eta haien oinplanoen neurriak hauek izanen dira:

a) I. mota: gehieneko azalera, 6 m².

b) II. mota: gehieneko azalera, 8 m².

c) III. mota: gehieneko azalera, 10 m².

d) IV. mota: gehieneko azalera, 12 m².

Ostalaritza-kioskoak hiru motatakoak izaten ahalko dira, eta haien oinplanoen neurriak hauek izanen dira:

a) I. mota: gehieneko azalera, 6 m².

b) II. mota: gehieneko azalera, 12 m².

c) III. mota: gehieneko azalera, 30 m².

Neurri horiek handiagotu egiten ahalko dira, komunak jarri behar badira.

5. artikulua. Erabilera publikoko eremu eta guneetako baldintzak.

1. Bide eta eremu libreak kioskoekin okupatzeak honako arau orokor hauei eginen die men:

a) Ez da sortu behar arkitektura-oztoporik.

b) Kioskoek ez dituzte oztopatu behar eraikinen, lokalen, instalazio publikoen edo esparru itxien sarbideak, eta ez dituzte zaildu edo eragotzi behar udal-zerbitzu edo –emakidakoak izaki jada bide publikoan dauden elementuak ikustea eta zuzen erabiltzea, hala nola zirkulazio-seinaleak, erlojuak, kale-informazioko gailuak, telefono-kabinak eta abar.

c) Kioskoek oinezkoen pasabideetako seinaleak errespetatu behar dituzte espaloietan, galtzadetan eta abarretan, bai eta zerbitzu publikoetako ibilgailuetarako geralekuak eta udal-markesinak ere.

d) Merkataritza-lokalen eta etxebizitzen aurrean, kioskoek halako eran egon behar dute kokatuta non ez baitute ahalbidetuko sarbidea hurbileko eraikinen goiko solairuetara.

e) Oinezkoen igarobideak errespetatu behar dira (oinezkoen pasabideak, ibiak), eta halakoak ezin dira aldatu, kiosko baten instalazioaren ondorioz.

f) Kioskoak paratzean, edonola ere, gainerako espaloietako ezaugarri beretako zoladura erabili behar da.

g) Ezin da kioskorik paratu galtzadetan edo ibilgailuak aparkatzeko lekuetan.

h) Kioskoek ez diote kalterik egin behar bide-segurtasunari (ikuspena gutxiagotuz, gidariei arreta galaraziz...), eta ez dute gehiegi oztopatuko oinezkoen zirkulazioa.

i) Kioskoek ez dute eraginen hurbileko eraikin eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa).

j) Kioskoek ez dute galaraziko edo modu larrian oztopatuko hiri-ekipamenduen edo –altzarien (bankuak, iturriak, telefono-kabinak, etab.) erabilera.

2. Kioskoek honako neurri hauek bete behar dituzte distantziei dagokienez:

a) Kiosko bat halako eran kokatu behar da non haren atzeko aldea paralelo egonen baita espaloiko zintarriarekin, eta, gutxienez, zintarritik 50 zentimetrora, aparkatutako ibilgailuetako bidaiarien sarrera-irteerak ez oztopatze aldera, ez bada hesi babesgarria dagoela, orduan 10 zentimetrora egon beharko baitu, gutxienez.

b) Kioskoek, gutxienez, hiru metroko tartea utzi behar dute libre oinezkoak ibiltzeko, kioskoaren eraginpeko eremuaren eta eraikinen fatxada-lerroaren artean.

c) Debeku da paratzea baimendu gabeko eguzki-oihalak, eta, edonola ere, halakoak paratzekotan, estalkiaren hegalaren pean paratuko dira, eta haren diseinuan integratuta. Kiosko batek markesina badu, horren irtenguneak ez du inoiz hartu behar galtzadaren proiekzioa, eta haren altuerak espaloitik 3 metrotik gorakoa izan behar du.

d) Kioskoek, gehienez ere, 3,5 metro altu izan behar dute, zorutik estalkiaren puntu garaienera.

e) Igarotzeko guneen eta galtzadaren artean berdegunerik edo lurrezko gunerik duten espaloietan, bai eta pasealekuetan ere, gutxienez 0,50 metro utzi behar da kioskoen atzeko aldetik gune horiek zedarritzen dituzten zintarrietaraino, edo, pasealekuen kasuan, haien ertzeraino.

f) Ibietaraino gorde beharreko tarteak 5,00 metrotik gorakoa izan behar du.

g) Oinezkoen pasabideetaraino, hondakin-edukiontzietaraino eta zerbitzu publikoko ibilgailuetarako geralekuetaraino 3,00 metrotik gorako tartea utzi behar da.

h) Espaloiaren zabaleraren arabera, honako kiosko-mota hauek paratzen ahalko dira oro har, aurreko artikuluan aipatutakoen artetik:

–Espaloiek 3,50 eta 4’50 metro bitarteko zabalera edukiz gero: prentsa-kioskoak, I. eta II. motetakoak.

–Espaloiak 4,50 metrotik gora zabal izanez gero: prentsa-kioskoak, I., II. eta III. motetakoak.

–Bulebar, plaza, lorategi eta antzeko tokietan: prentsa-kioskoak, I., II., III. eta IV. motetakoak.

–Kale eta oinezkoendako guneetan, kasuak banaka aztertu beharko dira, kontuan harturik zabalera, oinezkoentzako funtzionaltasuna, eraikinen sarbideak, begi-inpaktua, bateragarritasuna beste zenbait merkataritza-erabilerarekin eta antzeko inguruabarrak, kiosko-eredurik egokiena eta haren instalazioaren bideragarritasuna zehazte aldera.

i) Ostalaritza-kioskoen kasuan, aztertuko da zein den kiosko-mota homologatu egokiena toki bakoitzerako, inguruneko ezaugarri fisikoen arabera.

Gorde beharreko distantziak honela neurtuko dira: kioskoak aipatu toki horietatik hurbilen duen aldea abiapuntu harturik eta kioskoa irekita dagoela, hau da, besoak zabalduta.

Egun bide publikoan dauden kioskoak lehenagoko arauei lotuko zaizkie distantziei dagokienez, baina edozer dela kausa mugitzen badituzte, artikulu honetako distantziei buruzko arauei egin beharko diete men, salbu 19. artikuluan aurreikusitako kasuan.

6. artikulua. Esleitu daitezkeen kokalekuak

Kioskoak paratzeko kokaleku berrien zerrenda egitean, zehaztapen hauek hartuko dira kontuan:

a) Kioskoentzat, oro har:

–Ukitutako biztanleguneetako beharrak.

–Kiosko bat non paratu behar den eta gune edo sektore horretan unean-unean indarra duten hirigintza-zehaztapenak.

b) Prentsa-kioskoentzat: Kiosko bat paratzeko, gutxienez 150 metroko distantzia gorde beharko da beste kiosko bateraino edo gehien bat prentsa saltzen duen lokal bateraino.

Distantziak oinezkoen igarobideetan barna neurtuko dira espaloietan edo oinezkoen pasabideetan, eta zuzen, lurrezko gune eta parkeetan.

Sanferminetan, egunkariak kalean saltzeko baimenek 150 metroko distantzia hori gorde behar dute jada paratuta dauden prentsa-kioskoetaraino.

Udal-jabari publikoko lurzoruetan zenbat kiosko esleitu eta para daitezkeen, eta non, Iruñeko Udalean hori egitea zeini egokitu eta Zinegotzitza edo, behar izatera, organo eskudun horrek zehaztuko du. Ezin izanen dira onetsi kokaleku berri gehiago harik eta aurrekoak noiz onetsi eta orduz geroztik bost urte igaro arte.

Kokalekuen zerrendan hutsik daudenak jasoko dira, bai eta, halakorik badago, sortu berriak ere.

c) Ostalaritza-kioskoen kokapena Udalaren Osoko Bilkurak finkatuko du, eta dinamizatu beharrekotzat jotzen diren guneetan eginen da.

Baldin eta kiosko bat jartzeko kokagunea ostalaritzako establezimendu batetik 150 metro baino hurbilago badago, kontratu-agiriak jasoko du eskubide gehigarri bat emanen zaiola lizitazioan, dela kontzeptu hori medio puntuazioa bereganatzekoa, dela kioskoa lehentasunez eskuratzekoa, eroslehentasuna edo sesta-ematea baliatuta.

Distantziak oinezkoen igarobideetan barna neurtuko dira espaloietan edo oinezkoen pasabideetan, eta zuzen, lurrezko gune eta parkeetan.

7. artikulua. Kokaleku hutsak.

Halakotzat jotzen dira jabari publikoko emakidadunak izaki emakida iraungi zaielako esleitzeko moduan dauden kokalekuen zerrendan jasota gelditzen direnak.

BIGARREN ATALA

Funtzionamendu-baldintzak

8. artikulua. Kioskoetan salmenta garatzeko era.

Jardunean egon bitartean, kioskoen ateek haien alboetan bilduta egon behar dute edo luzetara hedatuko dira espaloiaren zintarriarekin paralelo, ontzat ematen dela trebeska paratzea oinezkoen igarobideen noranzkoarekiko, baldin eta zabalera libreko hiru metroko arauzko distantziari eusten bazaio oinezkoen pasaera ahalbidetzeko, eta ez badute gainditzen, inola ere, kioskoa paratzeko dagoen tokiaren %50a.

Salgai dauden produktuak kioskoaren barnean biltegiratuko dira, eta bakarrik onartuko da erabilera publikoko zorua okupatzea prentsa-kioskoetan instalazioaren kontra bermatutako produktuekin.

9. artikulua. Armairuak eta aire girotuko ekipoak.

Armairuak, halakorik bada, kiosko itxiaren barnealdean egon behar dute, kiosko homologatuaren beraren diseinuan integratuta, halako eran non haien existentziak ez baitu ekarri behar azalera gehiago okupatzea.

Eredu homologatuaren diseinuan aurreikusten bada, aire girotuko ekipoak instalatzen ahal dira, halako eran non, aurreko kasuan bezala, haien existentziak ez baitu ekarri behar kiosko homologatuak azalera gehiago okupatzea.

10. artikulua. Harguneak.

Kasuan kasuko administrazio-emakidaren titularraren kontura joanen dira kioskoen hoditeriak eta harguneak, hala nola argindar-, telefono- eta ur-hornidurakoak, saneamendukoak eta beharrezkoak izan daitezkeen bestelakoak, eta, edonola ere, lurpean.

Harguneetako zerbitzu-kontratuak –saneamendukoak, argindar–, telefono- eta ur-hornidurakoak edo antzeko beste batzuk- ere administrazio-emakidaren titularraren kontura joanen dira, eta zerbitzuen hornitzaileak diren konpainiekin egin behar dira.

III. TITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Eskubideak.

Titularrak edukiko du administrazio-emakidaren gozamena, eta, horrenbestez, haren jarduerari ekiteko eskubidea, Ordenantza honek aitortutako bermeekin eta emakidak indarrean dirauen bitartean.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Udalak indarrik gabe uzten ahal du emakida bat haren mugaeguna baino lehen, baldin eta hori egitea bidezkoa bada gerora sortutako interes publikoko inguruabarrak direla medio, eragindako kalteak ordainduta baldintza-orrian aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua. Betebeharrak.

1.–Kalterik egin gabe betebehar orokorrei edota Ordenantza honen aplikazioak eragiten dituenei, baimen baten titularrak betebeharra du egoera onean edukitzeko –garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez– okupatzeko baimenduta duen zorua eta instalazioa bera zein horren elementu osagarriak, horretarako behar beste bitartekoak baliatuta, hala nola paperontziak, hautsontziak, etab.

2.–Kioskoen inguruak garbitu behar dira establezimendua itxi eta ordubetean, ezertan galarazi gabe gunea une oro higiene-baldintza egokietan edukitzeko dagoen betebeharra.

3.–Instalazioen titularrek aseguru bat kontratatu behar dute jarduerak eragindako erantzukizun zibilari erantzute aldera.

4.–Ez da onartuko kanpoaldean barrarik edo zerbitzuko bestelako elementurik paratzea, eta zerbitzua kioskotik bertatik eman beharko da. Halaber, ez da onartuko produktu edo materialik biltegiratu edo pilatzea kioskoaren ondoan, ezta instalazioek eragindako hondakinik ere, hori guztia, estetika-, apaindura- eta higiene-arrazoiak direla medio.

Ezin dira ainguraketarik egin zoladuran, salbu emakidan jasotzen dena.

5.–Titularrak erantzun beharko du instalazioen erabilera normalak zein anormalak eragin ditzaketen kalte-galera guztiez, istripuez, ezbeharrez eta abarrez, eta dagokion erantzukizun zibila hartu beharko du bere gain.

6.–Administrazio-emakidaren titularrak kioskoaren Identifikazio Fitxa paratu beharko du begi-bistan, bertan datu hauek adierazita:

–Titularraren datuak.

–Kokalekua.

–Baimendutako salmenta-jarduera.

–Emakidaren data.

–Indarraldia.

7.–Administrazio-emakidaren titularren kontura joanen dira altzariak erostea nahiz kioskoak paratu eta irekitzeko egin beharreko obrak.

13. artikulua. Funtzionamendu-ordutegia.

Kioskoetako salerosketa-ordutegiak, oporraldiak eta atsedenaldiak merkataritza arautzen dituzten legeen arabera finkatuko dira.

Sanferminetarako eta beste zenbait data berezitarako, Udalak beste funtzionamendu-ordutegi batzuk ezartzen ahalko ditu.

14. artikulua. Publizitatea kioskoetan.

Kioskoak, zertarako diren diseinatuak eta helburu horretarako erabiltzeaz gain, klase orotako publizitate-adierazpenetarako euskarri bezala ere balia daitezke, baina espresuki debekatuta dute erakustea arlo hauetan aplikagarri diren legeen kontrakoa izateagatik zilegi ez den publizitate-mota oro.

Horri doakionez, publizitatea bakarrik paratzen ahalko da Udal honek kiosko-ereduen diseinuan horretarako gordetako euskarrietan, eta ez da inola ere paratuko beste egitura osagarririk hura erakusteko.

IV. TITULUA

Emakidak onartzea

15. artikulua. Kokalekuen onespena.

1. Behin auzo-elkarteei, sektoreko ordezkariei eta, nolanahi ere, merkatari-elkarteei adituta, Udalak erabakiko du kokalekuen zerrenda hasiera batez onestea.

2. Hasierako onespena hilabetez jarriko da jendaurrean, eta epe horretan beren burua ukitutzat jotzen dutenek egoki jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahalko dituzte. Behin jendaurreko epea amaituta, eta aurkeztutako alegazioak aztertu eta gero, Udalak kioskoetarako kokalekuen behin betiko zerrenda onetsiko du.

16. artikulua. Lizitazioa.

1. Gonbidapena parte hartzera.

Behin betiko kokapenen zerrenda ikusirik, deialdian zehaztu beharreko epe bat irekiko da, interesdunek eskaera bat aurkez dezaten geroko lizitazioan parte hartzeko interesa agertuta, non zehaztuko baitute kioskoa zehazki zein kokapenetan jarri nahi duten.

2. Behin lizitazio-prozeduran parte hartzeko interesa agertu duten eskaerak jasota, Udalak kioskoen homologazioa onetsiko du gutxienez eskaera bat jaso duten kokapen orotarako, eta argitara emanen du kokapenak esleitzeko lizitazioa Nafarroako Kontratazioaren Atarian.

Inguruabar hori, halaber, geroko lizitazioan parte hartzeko interesa agertuta eskaera aurkeztu duten pertsonei jakinaraziko zaie.

3. Behin kokapenak esleituta eta hori gauzatu denetik aurrera, esleipendunek hiru hilabeteko epea edukiko dute jasotako emakida gauzatzeko, hau da, kioskoa paratzeko eta irekitzeko.

Baldin eta epe hori iragaten bada betebehar horri heldu gabe, administrazio-emakida atzera botatzen ahalko da –betiere, interesdunari entzun eta gero–, eta beste lizitatzaile bati esleitzen ahalko zaio, baldintza-agirian xedatutakoarekin bat.

17. artikulua. Eskatzaileen betekizunak eta jarduera garatzeko era.

1.–Lizitazioan edozein pertsonak parte hartzen ahalko du, baldin eta betekizun hauek betetzen baditu –legeek ezarritakoez gain–:

a) Pertsona fisikoa izatea, adin nagusikoa, eta jarduteko gaitasun betekoa.

b) Eskatzailea ez aritzea ezaugarri berberetako beste kiosko baten ustiaketan, ez eta prentsa-kioskoan garatu behar duenarekin bateraezin den beste jarduera edo lanbide batean ere.

c) Ezindurik ez egotea kiosko batean salmentan aritzeko.

d) Eskatzaileak konpromiso hartzea kioskoan hark berak jarduteko, betiere ezertan galarazi gabe harekin beste pertsona batzuk aritu ahal izatea eskuarki –aurrerago deskribatzen diren baldintzetan–.

Ezin daitezke inola ere emakiden titular izan kontratu publikoei buruzko arauetan kontratatzeko aurreikusitako debeku edo bateraezintasunetako batek ukitzen dituen pertsonak.

2.–Emakidadunek jarduera haiek beraiek garatzeko duten betebeharrari itzuri gabe, ohiko laguntzaileak edukitzen ahalko dituzte ustiapenean, baina halakoak edukiz gero hori gaztigatu beharko diote Udalari hamabost eguneko epean –bi parteen arteko lan-harremana noiz hasi eta hurrengo egunetik kontatuta–, eta ziurtatu beharko dute harreman horrek bete egiten dituela indarrean dauden arau guztiak, zergei, lan-baldintzei eta gizarte segurantzari dagokienez.

Baja gertatzen bada, edo lan-harremana aldatzen bada emakidadunaren eta laguntzaileen artean, hori ere gaztigatu beharko zaio Udalari hamabost eguneko epean –aldaketa noiz gertatu eta egun horretatik kontatuta–.

18. artikulua. Ofiziozko lekualdaketak.

Lekualdaketak egitea erabakitzen ahalko da, gerora sortutako interes publikoko inguruabarrak direla medio eta hirigintza-gaietan eskuduna den alorrak aurrez txostena emanda. Halako lekualdaketak dagokion Zinegotzitzak edo, behar izatera, organo eskudunak aginduko ditu, ebazpen baten bidez, lekualdaketa behin-behinekoa edo behin betikoa den erabakita. Udalaren kontura joanen dira halako lekualdaketek eragindako gastuak.

19. artikulua. Behin-behineko lekualdaketak.

Behin-behineko lekualdaketetan, ez dira kontuan hartuko Ordenantza honetan ezarritako distantzia-arauak kioskoa leku berrian behin-behinean kokatzeko orduan.

Behin-behineko lekualdaketak indarrean iraunen du, bakarrik, lekualdaketa eragin zuen interes publikoa asetzeko behar den aldian. Interes publiko hori lekualdaketa onesteko erabakian zehaztuko da. Behin lekualdaketa eragin duten inguruabarrak amaituta, eta posiblea bada, kioskoa jatorrizko lekuan paratuko da berriro.

20. artikulua. Behin betiko lekualdaketak.

Behin betiko lekualdaketetan, aplikagarriak izanen dira orokorrean Ordenantza honetan ezarritako distantzia-arauak.

21. artikulua. Emakidadunek eskatutako lekualdaketak.

1. Salbuespen gisara, administrazio-emakida baten titularrak egindako lekualdatzeko eskaerak baimentzen ahalko dira, aurrez hirigintza-gaietan eskuduna den alorrak txostena emanda.

2. Helmugako kokalekua Ordenantza honetan aipatzen den kokalekuen zerrendetako bat izanen da, dela hutsik dagoen bat dela sortu berri den bat, baina inola ere ez da izanen beste kiosko batek betetzen duena, hori jardunean ari bada, behar bezala baimendutako pertsona baten ardurapean.

3. Eskaera bat baloratzeko orduan, kontuan hartuko dira interesdunak azaldutako arrazoiak, bai eta honako meritu hauek ere: eskatzailearen administrazio-emakidaren antzinatasuna, salaketarik ez izatea kioskoaren ustiapenari dagokionez eta egunean edukitzea tributu- eta zerga-betebeharrak.

4. Baldin eta titular batek baino gehiagok –lekualdaketa-eskaera egin eta baiezkoa jaso dutenen artean– erakusten badu interesa kokaleku jakin batekiko, eta guztiak baldintza berberetan badaude, zozketa publiko baten bitartez emanen da baimena.

5. Lekualdaketari dagozkion gastuak eskatzailearen kontura joanen dira, eta hark egoera onean eta erabiltzeko prest utzi beharko du lekualdatu arte okupatutako tokia.

22. artikulua. Administrazio-emakidaren titulartasunaren eskualdaketa.

Kontratazio-agiriek emakidaren lagapena baimentzen ahalko dute, indarreko legeei men eginik eta halako eran non, nolanahi ere, lagapen-hartzaileak eduki behar baitu lagatzaileari galdatutako kaudimen bera.

23. artikulua. Administrazio-emakiden iraungipena.

Administrazio-emakida bat iraungiko da honako kasu hauetan:

1. Epea amaitzen denean.

2. Emakida zer ondasunen gainean egin den eta hori desagertzen bada.

3. Ondasunaren desafektazioa dela medio.

4. Emakidadunak uko egiten badio emakidari.

5. Ebazpen judizial baten ondorioz.

6. Interes publikoko arrazoiak direla medio.

7. Kioskoa itxita edukitzen bada hilabetean baino gehiagoan, arrazoia justifikatu gabe.

8. Baldin eta kioskoa lekualdatzeko beharra delarik –hirigintzako edo beste edozein motatako arrazoiek eraginda– titularrak ez badu onartzen kokaleku berria.

9. Titularrak kioskoa ez badu berritu edo lehengoratu, Udalak hala egiteko eskatuta.

10. Baldin eta administrazio-emakida egin eta gero titularra erortzen bada kontratatzeko ezarritako debekuetako batean.

11. Titularrak betetzen ez badu administrazio-emakida eskuratzeko ezarritako betekizunetako bat.

12. Emakida berreskuratzen bada.

13. Beste edozein arrazoirengatik, baldin eta jasota badago esleipena egiteko lehiaketa publikoa arautzen duen baldintza-agirian.

V. TITULUA

Zehapen-araubidea eta legaltasuna berrezartzekoa

24. artikulua. Ikuskapena.

Udalak ikuskapen- eta zaintza-eginkizunak gauzatuko ditu, eta begiratuko du Ordenantza honetan jasotako arauak zorrotz bete daitezen jardueraren garapenean eta gainerako aginduetan.

25. artikulua. Arauz kanpoko instalazioak.

Baldin eta kioskoak edo beste elementu batzuk administrazio-emakidan ezarritako baldintzei lotu gabe badaude instalaturik, Udalak erabakia hartuko du egintza horiek berehala eteteko. Administrazio-emakidaren titularrak ekiten ez badio instalazioa erretiratzeari edo hura egokitzeari administrazio-emakidan ezarritako baldintzen arabera, agindutakoaren ordezko betetzeari ekinen zaio, kautelaz eta berehalakoan.

26. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Kioskoen ordutegiak ez betetzea.

b) Baimendutako kokagunetik at edukitzea mahaiak, aulkiak edota elementu osagarriak.

c) Ez edukitzea okupatutako gunea behar bezain apain eta garbi.

d) Egunero ez garbitzea okupatutako gunea.

e) Kioskoan ikusgai ez edukitzea derrigorrezko identifikazio-fitxa.

f) Ez betetzea emakidan edota Ordenantza honetan ezarritako baldintzak, baldin eta hori ez bada jotzen arau-hauste astun edo oso astuntzat.

3. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Baimendu gabeko bestelako elementuak paratzea.

b) Men ez egitea instalazioa erretiratzeko Udalaren errekerimenduei.

c) Markatutako aprobetxamenduaren ezaugarriei lotu ez eta baimendutakoa baino toki gehiago erabiltzea.

d) Xedatutakoa ez betetzea, gune eta pasabide libreak zedarritzen dituzten neurriez bezainbatean.

e) Segurtasun-baldintza egokietan ez edukitzea kioskoak eta haien inguruko aldeak.

f) Elementu osagarriak paratzea kioskoen egituran bertan edo inguruetan; eta aldaketaren bat egitea Udalak homologatutako ereduetan.

g) Publizitatea paratzea homologazio-agirian finkatutako neurriak gaindituta, edo baimendu gabeko publizitatea paratzea bete gabe utziz Ordenantza honetan aurreikusitakoa.

h) Ez betetzea udal-organo eskudunek emandako aginduak kiosko bat lekualdatzeko Ordenantza honetan aurreikusitako kasuetan.

i) Hiru arau-hauste arin egitea urtebetean.

4. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Gune publikoetan edo haietan dauden instalazio eta elementuetan –higigarri zein higiezinetan– hondamen larri eta nabarmenak eragiten dituzten ekintzak, ez badira hiri-segurtasunaren nahasmenduen ondoriozkoak.

b) Berariaz baimendutakoaz besteko edozein jarduerari ekitea.

c) Kioskoa paratzea emakidan ezarritako baldintzei lotu gabe.

d) Paratzen den kioskoa berariaz homologatutako ereduez edo diseinuez bestekoa izatea.

e) Ez betetzea kiosko baten ordez homologatutako ereduetako baten arabera beste bat paratzeko eginbeharrari, xedapen iragankorrean araututako salbuespenezko administrazio-emakidak direla medio ezarritakoari alegia.

f) Kiosko bat paratzea Ordenantza honetan distantziei buruz ezarritako arauei lotu gabe.

g) Kiosko bat paratzea halako eran non oztopatu edo eragozten baititu udal-zerbitzu edo instalazioak izaki bide publikoan paratuta dauden elementuak ikustea edo zuzen erabiltzea.

h) Emakida baten lagapena egitea lege-baldintzak bete gabe.

i) Kioskoa ordeztea udal-baimenik gabe.

j) Hiru arau-hauste astun egitea urtebetean.

27. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen kontrako arau-hausteak isun bidez zehatuko dira, honako eskala honekin bat –ezertan galarazi gabe, betiere, galda daitezkeen gainerako administrazio– zein ondare-erantzukizunak, eta horien artean, betearazpen subsidiarioa, horretara behartua dagoenaren kontura–:

a) Arau-hauste arinen kasuan, 300 eta 1.000 euro bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunen kasuan, 1.000 eta 3.000 euro bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso astunen kasuan, 3.000 eta 6.000 euro bitarteko isuna eta administrazio-emakida errebokatzea.

28. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1. Zehapenak bateragarri dira bidezkoa izan daitekeen legeztapenarekin, eta ez daude hari lotuak, ezta baimendu gabeko aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko tasari eta errekarguei ere.

2. Halaber, ikuskapenak egiaztatzen badu egiten ari dela baimendua baino aprobetxamendu handiagoa, alde batera utzita irekiko den zigor-espedientearen ondorioz etor daitekeena eta interesduna behartu ahal dela emakida moldatzera hura zer baldintzatan eman eta horien arabera, bide publikoaren gehiegizko okupazioari dagokion tasa likidatuko da, instalazioak baimendu gabe zenbat iraun eta denbora-tarte horretakoa.

3. Ez da arau-hauste jarraitutzat joko arau bera hainbat aldiz haustea, eta arau-hauste horietako bakoitza zein bere aldetik zehatuko da.

29. artikulua. Mailakatze-irizpideak.

Zehapenak jartzerakoan, behar bezalako proportzioa gorde behar da egindako arau-haustearen astuntasunaren eta ezarritako zehapenaren artean, eta ezarri behar den zehapenaren maila zedarritzerakoan administrazio-prozedura erkidegoari buruzko legeetan jasotako irizpideei heldu behar zaie, bai eta jurisprudentzian oro har onartutakoei ere.

30. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Ordenantza honetan erregulatutako arau-hausteek honela preskribatuko dute: oso astuntzat jotakoek, hiru urtera; astunek, bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

Epe horiek hasiko dira zenbatzen zehagarria den egintza noiz gertatu eta hortik aitzina, edo bestela, hauste-aldia amaituta, arau-hausteak jarraituak badira.

31. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenen preskribatze-epeak aurreko artikulukoak berak izanen dira, zehapen-ebazpena irmoa noiz jo eta hortik aitzina.

32. artikulua. Jardueraren aldi baterako etena.

Ebazpenaren eraginkortasuna gordetze aldera, gaian eskudun diren agintariek ixten ahalko dituzte behar diren baimenak ez dituzten kioskoak, edo haien funtzionamendua eteten ahalko dute akatsak zuzendu edo baldintzak bete arte, arau-hauste astunen kasuan.

Neurri horiek arrazoitutako erabaki baten bidez hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza hau indarrean sartu eta, gehienez ere, sei hilabeteko epean, Iruñeko Udalak ostalaritza- eta prentsa-kioskoen kokapenak onetsiko ditu, Ordenantza honetan jasotako baldintzak betez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau indarrean sartzearekin batera, hiru hilabeteko epe luzaezina irekiko da zenbait izatezko egoera erregularizatzeko, halakoak non zenbait interesdun administrazio-emakidaren titular izan gabe kioskoaren titularraren eginkizunetan ari baitira. Horretarako, eskabide bat aurkeztu beharko dute, eta harekin batera, hurrengo paragrafoetan adierazitako inguruabarrak eta 17. artikuluan jasotako betekizunak egiaztatzeko behar diren agiriak. Baldin eta aipatutako pertsona interesdun horiek ez badute erregularizazioa eskatzen, instalazioa kendu beharko dute bide publikotik, errekerimenduan horretarako ezarriko den epean.

Haien egoera legalizatzen ahalko da, horretarako ezohiko administrazio-emakida emanez, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

1. Kasuan kasuko eskatzaileak konpromisoa hartu behar du jarduera hark berak garatzeko –betiere ezertan galarazi gabe harekin beste pertsona bat aritu ahal izatea ohiko laguntzaile gisara, behar bezala baimenduta–, eta batera ez egiteko kiosko batean saltzeko jardunean eta beste irabazizko jarduera batean –dela bere kontura, dela besteren kontura–.

2. Eskatzaileak gutxienez azken sei urteetan etengabean aritu behar izan du kioskoan. Hori egiaztatzeko, ezinbestean aurkeztu beharko du Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emana duela ziurtatzen duen agiria.

Xedapen Iragankor hau oinarri hartuta erregularizatzen diren administrazio-emakidak ezohikoak, pertsonalak eta eskualdatu ezinak izanen dira, eta bakarrik izanen dute indarra titularra erretiroa hartzeko legezko adinera iritsi arte, emakidaren ezohiko izaera jakinarazten den unean zer adin dagoen indarrean eta horretara bitarte. Behin erretiroa hartzeko legezko adin hori iritsita, emakida behin betiko iraungiko da, eta eskubideak automatikoki Iruñeko Udalera itzuliko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean sartutakoan, indarrik gabe geldituko da Bide Publikoan Kioskoak Instalatzea Arautzen duen Udal Ordenantza (2015eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 19koa).

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta biharamunean sartuko da indarrean.

Iruñeko Bide publikoan kioskoak instalatzea arautzen duen ordenantzaren testu osoa eta eguneratua Udalaren webgunean kontsultatu daiteke (www.pamplona.es/eu).

Iragarkiaren kodea: L1906493