99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, nafar artista gazteentzako proiektu eta egonaldi artistikoen 2019ko sariketaren oinarriak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 453231.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela “artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Zehatz-mehatz, 24. artikulua Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunei buruzkoa da, eta d) letran honako hau dio: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: dirulaguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea, coworking guneak bultzatzea, arte egoitzak eta gazteen arte laborategia sortzea”.

Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Horretarako, helburu horiei erantzuten dieten programak antolatzeaz arduratzen da, hala nola artista gazteak hedatu eta sustatzea diziplina arteko jarduera artistikoak eginez, edozein sormen eta ekoizpen artistiko antzezten eta trukatzen laguntzen dutenak eta artista gazteen lanbide eta prestakuntza garapena ahalbidetzen dutenak.

Programa honen bitartez proiektu artistikoen sariketa bat onesten da, 30 urte arteko artistentzat (adin horretakoak barne), arte plastikoen, ikus-entzunezko arteen edo arte eszenikoen arloan. Bost proiektu aukeratuko dira, eta horietako bakoitzagatik egileek 800 euroko saria jasoko dute, arte zentro batean egonaldi artistikoa egiteko eskubideaz gain. Egonaldiaren xedea saritutako proiektua garatzea izanen da.

Bost egonaldi artistiko horietako lau aldi berean eginen dituzte sariketa irabazten duten lau artistak Uharteko Arte Garaikide Zentroan, 2019ko abuztuan. Artista bakoitzak bere proiektua landuko du, eta harremanak sor daitezke egonaldian dauden beste artistekin. Bosgarren egonaldi artistikoa sei astekoa izanen da, Bordeleko Fabrique Pola izeneko zentroan. Zentro horretan sorkuntza garaikidea eta produkzio eta zabalkunde artistikoa lantzen dira; arte plastiko eta eszenikoekin eta ikusizko arteekin lotutako 19 egitura dira bertako biztanleak, 9 artista ari dira egonaldia egiten, eta produkziorako 3 lantegi ditu, egiturek kudeatuak. Arte zentro horrek harremanak ditu Uharte Zentroarekin, eta unean uneko akordioak ezartzen dituzte, lanaren kalitaterako eta elkarren intereseko sinergietan lan egiteko.

Uharteko Arte Garaikide Zentroa hautatu da egonaldi artistikoak egiteko, Nafarroako Foru Komunitatean arte garaikideko erreferentziako zentroa eta jarduera hau betetzeko tokirik egokiena delakoan. Programa berekiak ditu, eta beste zentro, erakunde, jaialdi eta abarrekin elkarlanean eratutako beste batzuk ere bai, eta esperimentazio eta ikerketa artistikoa du xede.

Uharteko Arte Garaikide Zentroa produkzio, esperimentazio eta ikerketa artistikoetara bideratutako zentro bat da.

Zentro horrek programa honen behar eta helburuei erantzuten diela ulertzen da, eta, halaber, ezin hobea dela egonaldi artistikoak egiten dituzten artisten jarraipena eta tutoretza egiteko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Artista gazteentzako proiektu eta egonaldi artistikoen 2019ko sariketaren oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

2. 10.000 euroko (hamar mila euro) gastua baimentzea programaren antolaketa orokorrari dagozkion gastu guztiei aurre egiteko. Zenbateko horretatik, 4.000 euro sariketa irabazten duten proiektuen sarietan erabiliko dira, eta “Sariak, lehiaketak eta sariketak” izeneko A50003 A5220 4809 232100 diru partidari egotziko zaizkio; gainerako 6.000 euroak programa antolatu eta garatzeko gastuak ordaintzeko erabiliko dira, eta “Sustapen programak: gazteen artea, elkartasuna, kontsumoa eta bestelakoak” izeneko A50003 A5220 2269 232104 diru partidari egotziko zaizkio.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Eranskina

Artista gazteentzako proiektu eta egonaldi artistikoen 2019ko sariketan parte hartzeko oinarri arautzaileak

Sarrera eta helburua.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak proiektu artistikoen sariketa baterako deialdia egin du, arte plastikoen, ikus-entzunezko arteen eta arte eszenikoen arloan, nafar artista gazteak sustatzeko asmoz diziplina arteko jarduera artistikoak eginez, edozein sormen eta ekoizpen artistiko plazaratzen eta trukatzen laguntzen dutenak eta artista gazteen lanbide eta prestakuntza garapena ahalbidetzen dutenak.

Hori dela eta, proiektu artistikoak hautatzeko prozesu bat eginen da, bost proiektu saritzeko.

Sariketa irabazten duten bost artistetako bakoitzak, diru-sariaz gain, arte zentro batean egonaldi artistiko bat egiteko aukera irabaziko du.

Bost proiektu hautatuko direnez saritzeko, 5 egonaldi artistiko emanen dira. Egonaldi artistiko horietako lau Uharteko Arte Garaikide Zentroan eginen dira, eta bosgarrena, berriz, Bordeleko Fabrique Pola izeneko zentroan.

Egonaldi artistiko horietan, artista bakoitzak bere proiektuan eginen du lan, eta harremanak sor daitezke besteekin.

Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez antolatzen duen sariketa honetan parte hartzeak berarekin dakar jarraian adierazten diren oinarriak onartzea.

Sariketako parte-hartzaileak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek parte hartzen ahalko dute sariketan, eta, horrenbestez, egonaldi artistiko bat lortzen:

a) Nafarroako Foru Komunitatean jaioak izatea edo bertan bizitzea. Egoera hori agiri bidez frogatu beharko da.

b) Gazteak izatea, hau da, hogeita hamaika (31) urte baino gutxiago izatea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 13. artikuluan dirulaguntzaren onuradun izateko aurreikusitako debekuren bat dutenak ezin izanen dira irabazle hautatu, ezta egonaldi artistikoa lortu ere, eta, horretarako, hala jasotzen duen erantzukizunpeko adierazpena izenpetu beharko da.

Sariaren eta egonaldi artistikoaren onuradunek lehen aipatutako baldintzak bete beharko dituzte lanaren aurkezpen publikoa egin arte, behin egonaldia bukatuta, salbu eta adinarena.

Eskabideak aurkezteko data.

Sariketan parte hartzeko interesa duten pertsonek oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik 2019ko ekainaren 14a bitarte aurkezten ahalko dituzte eskabideak.

Eskabideak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Navarra Arena Pabilioia, Kirolaren Etxea, 1. solairua. Aizagerria plaza 1. 31006 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Izena emateko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki hori Gazteriaren web-orritik ere deskarga daiteke: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/residencias-artisticas-1).

–Artistaren nortasun agiri nazionalaren edo Atzerritarrak Identifikatzeko Zenbakiaren fotokopia.

–Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo, egoiliarrak ez badira, Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, nafar izaera zibila duela adierazten duena.

–Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

–Txostena, aurreko lanak azaltzen dituena (Interneten bidez aurkeztuz gero, pdf formatuan aurkeztu beharko da). Txostenak 15 orri izanen ditu, gehienez.

–Sariketara aurkezten den proiektua, egonaldian garatu nahi dena. Interesak, abiapuntua, arrazoiak, gastuen aurreikuspena eta egutegia, etab. (gehienez ere 5 orri, irudiak barne).

–Zer egonalditan parte hartu nahi den zehaztea (bietara aurkeztuz gero, bi eskabide aurkeztu beharko dira). Aukeratutako egonaldia Bordeleko Fabrique Pola zentrokoa baldin bada, azaldu beharko da zein den zentro horretara joateko arrazoia eta zer lan garatu nahi den bertan.

–Banku-transferentzia bidez ordaindu izanaren justifikazioa: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

–Dokumentazioa aurkezteko modua:

• Hainbat euskarritan aurkezten ahalko da (USBa, CDa, DVDa, bestelakoak).

• Proiektua deskargatzeko URL lotura eransten ahalko da. Halaber, proiektua WeTransfer edo Dropbox bidez bidaltzen ahalko da.

Epaimahaia.

Sariketako epaimahaiak kide hauek izanen ditu, Uharteko Arte Garaikide Zentroko Zuzendaritzakoak eta Gazteriaren Zuzendariordetzakoak, kontuan hartuta kultura kudeaketarekin, produkzio eta bitartekaritza artistikoarekin eta/edo arte produkzio eta sustapenerako laborategi eta guneekin duten lotura:

Epaimahaiko idazkaria Gazteriaren Zuzendariordetzari atxikitako norbait izanen da; hitza izanen du, baina botorik ez, eta ahalmena oinarri hauek ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen aferak ebazteko.

Epaimahaiak ebaluatuko ditu aurkeztutako proiektuak, eta erabakia gehiengoari jarraituta hartuko du; egokitzat jotzen duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du. Parte hartzen dute proiektu guztien artean bost hautatuko ditu, egonaldi artistikoak lortuko dituztenak, hain zuzen ere. Honela eginen da hautaketa: Uharteko Arte Garaikide Zentroko egonaldi artistikoa hautatzen duten eskatzaile guztien artean lau proiektu hautatuko dira, balorazio onena jasotzen dutenak. Era berean, egonaldi artistikoa Bordeleko Fabrique Pola zentroan egitea aukeratu duten eskatzaileen artean bat hautatuko da, balorazio onena duena.

Hautapen prozesua.

Epaimahaiak balorazio irizpide hauen arabera hautatuko ditu proiektuak:

–Proiektuaren kalitate artistikoa eta eskatzailearen ibilbidearen koherentzia (20 puntu).

–Nola egokitzen den aurkeztutako proiektua deialdi honen ezaugarrietara (15 puntu).

–Bordeleko testuinguruarekin duen lotura (Fabrique Pola zentroko egonaldirako aurkeztu diren proposamenetan soilik) (10 puntu).

–Bideragarritasuna, baliabide ekonomikoari eta egutegiari dagokienez (15 puntu).

Epaimahaiak bere deliberazioen akta egin, eta sariak ematea proposatuko du, justifikatu ondoren erabakia, loteslea izanen dena.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira diru-sariak nahiz egonaldi artistikoak.

Diru-sarien zenbatekoa.

Saritutako bost proiektuetako bakoitzari 800 euroko saria egokituko zaio. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoak %19ko atxikipena izanen du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan.

Epaimahaiaren deliberazioak eta erabakia jasotzen dituen akta da emandako sariak justifikatzen dituen dokumentazioa, sariaren ordainketa egiteko.

Gehienez ere bost sari emanen dira.

Sariak eta egonaldi artistikoak eman eta ordaintzeko ebazpena jendaurrean jarriko da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan (Navarra Arena Pabilioia, Kirolaren Etxea, 1. solairua. Aizagerria plaza 1, 31006 Iruña), eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren web-orrian. Parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa zabaltzearren bakar-bakarrik.

Egonaldi artistikoak.

Uharteko Arte Garaikide Zentroan garatu beharreko lau egonaldi artistikoak aldi berean eginen dira 2019ko uztailaren 29tik irailaren 1era (bi datak barne).

Bordeleko Fabrique Pola zentroan egin beharreko egonaldi artistikoa (Zebra 3.org) 2019ko irailaren 9tik urriaren 13ra bitarte eginen da.

Bi arte zentroek lanerako gune bat jarriko dute egonaldia eginen duten artistentzat, bai eta beren bitarteko tekniko eta teknologikoak ere, proiektua garatzeko beharrezkoak diren materialekin batera. Horrez gain, artisten tutoretza, jarraipen eta akonpainamendurako zerbitzua emanen da.

Parte hartzeko baldintzak.

Deialdian aurkezteak berarekin dakar oinarri hauek eta konpromiso hauek onartzea, egonaldi artistikoei dagokienez:

–Egonaldian dagoen bitartean, artistak Uharteko Arte Garaikide Zentroan edo Fabrique Pola zentroan ezarri beharko du bere lan gunea.

–Egonaldia bukatutakoan, artistak bere lanaren aurkezpen publikoa eginen du Uharteko Arte Garaikide Zentroan edo Fabrique Pola zentroan, bi aldeek Gazteriaren Zuzendariordetzarekin adosten duten formatuarekin, eta Uharteko Arte Garaikide Zentroaren programazioan sartuko da.

–Egonaldia egiten duen artistak, hura bukatu ondoren, bere proiektuari buruzko memoria bat aurkeztu beharko du Gazteriaren Zuzendariordetzan.

–Egonaldia Fabrique Pola zentroan egiten duenak lanaren aurkezpen publikoa eginen du bi aldeek erabakitzen duten moduan, eta memoria bat aurkeztuko du.

–Egonaldiak lotura baldin badu lan baten produkzioarekin edo argitalpen batekin, Nafarroako Gobernuko Kirolaren eta Gazteriaren Institutua agertu beharko da kredituetan, aldez aurretik jakinarazita. Uharteko Arte Garaikide Zentroaren eta Fabrique Pola zentroaren (Zebra 3) lankidetza agertu beharko da, kasuan kasukoa.

Gorabeherak.

Sariketan egon daitezkeen gorabeherak eta oinarri hauek aurreikusi gabeko kontu guztiak Gazteriaren Zuzendariordetzak ebatziko ditu.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egon daitezkeen kontuak ebazteko.

Gazteriaren Zuzendariordetza salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egin dezaketen edozein plagiogatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik. Era berean, artisten egonaldi artistikoei dagokienez, ez du inolako erantzukizunik izanen egonaldiaren beraren gainean, arte zentroen erantzukizuna baizik ez baita izanen.

Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Programaren eta haren oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak

Programa honen eta haren oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Inskripzioak.

Izena emateko orria:

https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/egonaldi-artistikoak

Informazio gehiago:

Gazteriaren Zuzendariordetza. Gazteen artea. Egonaldi artistikoak.

Yanguas y Miranda kalea 27. Iruña

Telefonoa: 848 423 900.

Mugikorra: 650 801 364.

Mail: encuentros@navarra.es

Twitteren. @juventud–na

Facebook Juventud - Gazteria

Instagram: @juventud–na

Iragarkiaren kodea: F1906194