Iragarkia
99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
MIRAFUENTES
Ordenantza, Administrazio elektronikoa arautzen duena. Behin betiko onespena
Mirafuentesko Udalak, 2018ko azaroaren 9an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Administrazio elektronikoa arautzen duen ordenantza. Hura 2019ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 22an, eta ez denez haren aurkako oharrik edo erreklamaziorik egin, behin betiko onetsitzat jotzen da, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei jarraikiz.
Mirafuentesen, 2019ko apirilaren 24an.–Alkate udalburua, Roberto Larrión Otermin.
ORDENANTZA, ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA. MIRAFUENTESKO UDALA
ZIOEN AZALPENA
Azkenaldi honetan, Mirafuentesko Udalak kezka etengabea izan du herritarrari zerbitzu hobea emateko, administrazioan kalitate politikak aplikatuz zerbitzuan bikaintasuna erdiesteko teknika gisa. Alde horretatik, Udalean uste osoa izan da beti ezen herritarrarentzako laguntza egokiak, zerbitzuaren kalitatearen oinarria izanik, zerbitzuaren beraren aitzinamendua dakarrela, erabiltzailearekiko komunikazioa hobetzen baitu eta lagun egiten baitu hark eskatzen dituen gaien ebazpen eraginkorrean, murriztuz administrazioak berak halako zerbitzu bat ematean dituen kostuak eta, aldi berean, proiektatuz haren irudi hobea herritarren aitzinean.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 2003ko erreformaren ondoren, 70 bis artikulua sartu zuen legegileak. Artikulu horren hirugarren apartatuak berariazko agindua jasotzen du batik bat toki entitateei zuzendua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatzeko, erraztearren parte-hartzea eta bizilagunekiko komunikazioa, dokumentuen aurkezpena, eta herritarrek egin ahal izateko administrazio tramiteak, inkestak eta, hala behar badu, kontsultak.
Legezko manu horren bidez zehaztu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan ezarritako mandatua toki entitateentzat, erabat onartzen duena herritarrak administrazioarekin baliabide elektronikoez harremanetan jartzeko duen eskubidea, eta horrek esan nahi du, era berean, Mirafuentesko Udalak herritarrarekin komunikatu eta harremanetan jartzeko bide hori ezarri behar duela, bide berri horretatik ere bultzatuz zerbitzuaren kalitate politika berak, orain arte oinarri izan direnak Udalak harrera egiteko erabilitako bestelako bideetan.
Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez, herritarrei aitortzen zaie administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea, eta administrazio publikoei behartzen zaie informazioaren teknologiak erabiltzera lege honetan ezarritakoarekin bat, betiere segurtatuz bere eskumenen barnean kudeatzen diren datu, informazio eta zerbitzuen eskuragarritasuna, irisgarritasuna, osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa (11/2007 Legea indarrik gabe gelditu zen 2016ko urriaren 2an, urriaren 1eko 39/2015 Legearen ondorioz, salbu eta honako hauei buruzkoan, 2018ko urriaren 2ra arte indarrean egonen baita: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikoa eta fitxategi elektroniko bakarra).
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen arautze berria urrats erabakigarria da Administrazio modernoa eta informazioaren gizartean erabat integratua lortzeko bidean.
Hori guztia kontuan izanik, Mirafuentesko Udalak, erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko ahalmenak erabiliz, legezko betebehar horren jakitun eta herritarrari administrazioa hurbiltzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko aukera bikaina dela ziur izanik, ordenantza hau onetsi du kanal telematikoa abian jartzeari begira, berak bere gain hartu behar dituen konpromiso eta betebeharrak zehazteko, herritarrak Udalaren zerbitzuak erabiltzeko hirugarren bide gisa.
Horrenbestez, ordenantza honek ezartzen du arau-esparrua, non Mirafuentesko Udalak hartzen baitu konpromisoa bultzatzeko administrazio bat, eskura dituen baliabide elektronikoak erabiliko dituena, herritarren eta beren administrazioaren arteko harremana errazteko, izan dadin eskuragarria, erraza, erabilgarria, erosoa, arina, segurua, konfidentziala eta ingurune teknologiko berrietara egokitua. Horrela hobetuko da herritarrari ematen zaion zerbitzua, eta hura aise iritsiko Udal Administraziora egunak dituen 24 orduetan eta asteak dituen zazpi egunetan.
Ordenantza honek, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluarekin bat, printzipio hauek betetzen ditu: premia, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.
Ordenantzak atariko titulu bat, bost titulu, hiru xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta lau azken xedapen ditu.
Atariko tituluan definitzen dira ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua, eta administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.
Lehenbiziko tituluan jasotzen dira herritarraren eskubideak eta betebeharrak administrazio elektronikoari dagokionez, eta zerbitzu elektronikoetara sartzeko sistemak.
Bigarren titulua, ordenantzaren eduki nagusia jasotzen duena, administrazio elektronikoaren araudi juridikoari buruzkoa da; bertan, besteak beste, funtsezko alderdi hauek arautzen dira: Udalaren egoitza elektronikoa, haren edukia eta herritarren eskura jarri beharreko informazioa adieraziz, herritarren eta administrazio honen identifikazio-sistemak, Udalaren erregistro elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna.
Hirugarren titulua agiri eta fitxategi elektronikoei buruzkoa da.
Laugarren tituluak beste administrazio publikoekiko harreman elektronikoak ditu xede.
Bosgarren tituluan administrazio prozedura elektronikoa arautzen da.
ATARIKO TITULUA
Xedapen orokorrak
I. KAPITULUA
Xedea eta aplikazio eremua
1. artikulua. Xedea.
1. Ordenantza honek baliabide elektronikoen erabilera arautzen du Mirafuentesko Udal administrazioaren esparruan, herritarrek aukera izan dezaten Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzeko; horretaz gainera, administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea ere arautzen du.
2. Horren ondorioz, hona hemen ordenantzaren xedea:
–Zehaztea administrazio elektronikoa Mirafuentesko Udalaren esparruan garatzeko beharrezko printzipio orokorrak, arlo honen gainean eskumena duen erkidegoko eta Estatuko legerian xedatuarekin bat.
–Ezartzea herritarraren eta Udalaren artean baliabide elektronikoen bitartez ezartzen diren harremanak arautzeko eskubide eta betebeharrak.
–Arautzea baliabide elektronikoak erabiltzeko baldintzak eta horren ondorioak administrazio jardueraren eremuan eta, bereziki, administrazio prozedurak tramitatzean.
2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.
1. Ordenantza hau aplikatuko zaie Mirafuentesko Udala osatzen duten organo eta langile guztiei.
2. Herritarrei ere aplikatzen ahalko zaie ordenantza (halakotzat hartuz pertsona fisiko eta juridiko guztiak), Udal honekin baliabide elektronikoen bidezko harremanak dituztenean, bai eta gainerako administrazio publikoei ere, Mirafuentesko Udalarekin harremanetan jartzean.
3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.
1. Ordenantza aplikatuko da udal administrazioak parte hartzen duen jarduketetan, baliabide elektronikoen bidezkoetan, eta, zehatz-mehatz, honako hauetan:
–Herritarren eta udal administrazioaren arteko harreman juridiko-administratiboetan.
–Herritarrak administrazio honen eskura dagoen informazio publiko administratiboari eta datu administratiboei buruzko kontsultak egitean.
–Baliabide elektronikoen bidezko tramitaziora ekarritako administrazio tramite eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.
–Administrazioak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioa tratatzean.
2. Ordenantza honetan ezarritako printzipioak honako hauetan aplikatuko dira halaber:
–Administrazio honen eta gainerako administrazio publikoen arteko baliabide elektronikoen bidezko harremanetan.
–Herritarren eta administrazio honen arteko harremanetan, administrazio-zuzenbideari ez lotuetan.
–Abisu eta gorabeherak jakinaraztean, kexak aurkeztean, iradokizunak egitean, Udaleko organoei galderak egitean, eta berariaz arautu gabeko eskaera eta bestelako parte-hartzeetan.
II. KAPITULUA
Printzipio orokorrak
4. artikulua. Administrazio elektronikoaren printzipio orokorrak.
Udal administrazio honen jarduketak, oro har, eta administrazio elektronikoa bultzatzeari buruzkoak, bereziki, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa bete beharko du, bai eta honako printzipio orokor hauek ere:
–Herritarrarentzako zerbitzuaren printzipioa: informazioa, eta tramite eta prozedura administratiboak elektronikoki jasotzea bultzatuko duena, modu eraginkorragoan gauzatzeko honako printzipio konstituzional hauek: administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.
–Sinplifikazio administratiboaren printzipioa: prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzea, eta herritarrarentzako zerbitzua hobetzea xede izanen dituena; horretarako, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren efizientzia aprobetxatuko da eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira, eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko, araudi aplikagarriarekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.
–Bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa: bitarteko elektronikoen benetako erabilera bultzatuko duena Udalaren jarduera guztietan, eta, bereziki, herritarrarekiko harremanetan; horretarako, behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak erabiliko dira, eraginkorrak izan daitezen, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzea bultzatzeko pizgarriak ezarriko dira.
–Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko duena, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Hala, garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak, eta bereziki saihestuko da interes orokorretik aldentzen diren sektore pribatuarekiko kontzertazioak. Bereziki sustatuko da kode irekiko softwarearen erabilera administrazio elektronikoan.
–Elkarreragingarritasun printzipioa: elkarreragingarritasun estandarren erabilera bermatuko duena, eta begiratuko, erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, honako irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, alkatetzak beharrezkoak diren elkarreragingarritasun arau tekniko guztiak onetsiko ditu, ordenantza hau behar bezala garatzeko, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazioaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
–Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa: Udal administrazioak, administrazio elektronikoa bultzatzean, herritarraren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna babesa bermatuko ditu, datuen babesari buruzko araudian, Segurtasun Eskema Nazionalean eta konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan.
–Gardentasunaren eta publizitatearen printzipioa: haren artxiboetan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, publizitate eta gardentasunik handiena erraztuko da, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeriarekin eta gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.
–Eraginkortasun, efizientzia eta ekonomia printzipioak, baliabide elektronikoak udal administrazioan ezartzean. Bereziki, honako irizpide hauei jarraituz eginen da:
- Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.
- Zein populazio taldetarako den.
- Zerbitzuaren prestazioarekin lor daitezkeen hobekuntzak.
- Harreman sistemak integratzea herritarrekin eta Udaleko informazio sistemekin.
- Epeak eta erantzuteko denborak murriztea.
- Eskatzen den ahalegin teknikoaren, antolaketazkoaren eta ekonomikoaren maila, eta lan-zamen banaketa eta barneko komunikazioen arrazionalizatzea.
- Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.
–Lankidetzaren printzipioa: herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzeko helburuarekin, Udalaren administrazioak hitzarmenak, akordioak eta kontratuak eginen ditu elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkide eta bezeroekiko harremana errazteko.
–Parte-hartzearen printzipioa: bitarteko elektronikoen erabilera bultzatuko du parte-hartze eskubideak gauzatzeko, batik bat eskaera eskubidea, entzutea eta informazio publikoa izateko eskubideak, herritarren ekimena, kontsultak eta abisu, kexa, erreklamazio eta iradokizunen aurkezpena. Halaber, udal administrazioak eztabaida publikoa eta ideia eta iritzien adierazpena bultzatuko ditu, baliabide elektronikoen berezko tresna ezberdinen bitartez, kontuan hartuz fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak.
5. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipio orokorrak.
Interes orokorreko informazio administratiboaren eta udal administrazioak jendaurrean jarri beharreko informazioaren baliabide elektronikoen bidezko zabalkundea printzipio hauen arabera eginen da:
–Irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioa: sistema errazen erabilera bermatuko duena, herritarrarentzako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko. Irizpide bateratuen erabilera bultzatuko du informazioa bilatu eta ikusteko, informazioaren hedapena ahalik eta hobekien egin ahal izateko, irisgarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz.
Orobat, administrazio honek desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jarriko ditu pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitorturiko irizpide eta estandarrei jarraikiz.
–Informazioaren zehaztasun printzipioa: informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatzen du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki bera, egiazkoa eta doia izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan buruz buru egiten den harrera edo beste baliabide tradizionalen bidez egiten dena.
–Eguneratze printzipioa. Administrazio honetako organoek eguneratua izanen dute informazio administratibo eskuragarria, kanal elektronikoen bitartez. Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.
–Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia den informazio-baliabideei dagokienez, legezko xedapenekin bat guztion eskura dagoen informazio administratiboa lortzea bermatuko duena, inolako aurretiazko identifikaziorik eskatu gabe.
6. artikulua. Herritarrak prozedura administratiboetan elektronikoki sartzearen printzipioak
Udalaren administrazioaren esparruan, izapide administratiboak modu elektronikoan eginen dira printzipio orokor hauen arabera:
–Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa. Baliabide elektronikoak erabiltzeagatik ez dute diskriminazio edo murrizketarik jasanen herritarrek administrazio honekin dituzten harremanetan. Ildo horretan, administrazioarekiko komunikazio elektronikorako sistemak lege maila duen arau batek halaxe zehazten duenean soilik izanen dira nahitaezkoak eta esklusiboak administrazioen arteko harremanetan, bai eta harreman juridiko eta zerga harremanetan eta maila bereziko harremanetan ere, aplikatu beharreko arau juridikoen arabera.
–Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa. Trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezarriko dira, herritarrak noiznahi, eta bitarteko elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukituriko pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.
–Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa. Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, baliabide baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez jarraitu ahalko du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira. Tramitazio elektronikora ekarritako tramite eta prozedurak, ekartze prozesuan zehaztutako bide eta baliabide elektronikoen bidez egiten ahalko dira, ordenantzaren hamargarren kapituluan ezarritakoarekin bat.
7. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza sustatzeko printzipioak, administrazio elektronikoaren arloan.
Udal honen administrazioaren esparruan, administrazioen arteko lankidetza printzipio orokor hauen araberakoa izanen da:
–Administrazioen arteko lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa. Herritarrarendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan eraginkortasuna hobetzeko xedez, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko duena, ordenantza honetan ezarritakoak gauzatze aldera, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak.
Horretaz gainera, printzipio hau betetzeko, toki entitateak:
Erkidegoaren esku eta, bereziki, toki entitateen eta gainerako administrazio publikoen esku jarriko ditu bere administrazio elektronikoko aplikazioak.
Argitara emanen ditu beste administrazio publikoekin sinatutako akordio eta hitzarmenak.
–Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioak. Udal administrazioak beste administrazio publikoei aukera emanen die herritarren gainean euskarri elektronikoan dituen datuetan sartzeko, eta datu horietan segurtasun eta osotasun berme handienekin sartzeko beharrezko baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian zehaztutakoaren arabera. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazioek, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez, ez dituzte eskuratuko haiek arautzen dituen araudiaren arabera herritarrari eskatzen dizkiotenak baizik. Datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna izanen da datu horietarako sarbiderako baldintza, jadanik aipatutako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren baldintzetan edo hala zehazten badu legearen mailako arau batek, eskatutako datu edo dokumentuei aplikatzen ahal zaizkien arauen arabera murriztapenik izan ezean. Bitarteko elektronikoen bidez egin eta jaso ahalko da baimen hori.
LEHEN TITULUA
Herritarraren eskubide
eta betebeharrak administrazio elektronikoari dagokionez
8. artikulua. Herritarraren eskubideak.
Ordenantza honen esparruan, herritarrei aitortzen zaizkie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako eskubideak, bai eta beste arau batzuetan aitortzen zaizkienak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea.
b) Udalari bitarteko horien bidezko harremana exijitzeko eskubidea, eta agiriak formatu elektronikoen bidez jasotzeko eskubidea.
c) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko eskubidea.
d) Informazio administratiboa, erregistroak eta artxiboak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko eskubidea.
e) Parte hartzeko eskubidea Udalaren erabakiak hartzeko prozesuetan eta haren kudeaketa hobetzean bitarteko elektronikoen bidez, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.
f) Administrazio elektronikoa erabiltzean prestakuntza eta euskarria eskura izateko eskubidea.
g) Administrazio elektronikoan sartu eta hura erabiltzeko eskubidea, edozein izanik ere erabiltzen diren tresna teknologikoak.
h) Datu pertsonalen konfidentzialtasunerako eta babeserako eskubidea, eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak, bereziki, emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzekoa.
i) Toki entitatearekiko komunikazioen pribatutasunerako eta segurtasunerako eskubidea, bai eta toki entitateak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.
j) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak toki entitateak formatu elektronikoan kontserbatzeko eskubidea.
9. artikulua. Herritarren betebeharrak.
1. Administrazio jardueran eta Udal administrazioarekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzean, herritarrak eginbehar hauek ditu administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu egokia eta kudeaketa bermatu beharrez:
–Administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak borondate onaren printzipioaren arabera erabiltzea.
–Udal administrazioari informazio egiazkoa, osoa eta zehatza ematea, zertarako eskatzen den, horrexen araberakoa.
–Bere nortasuna adieraztea baliabide elektronikoen bidez Udal administrazioarekiko harremanetan hark halaxe eskatzen duenean.
–Zaindu egin behar ditu bitarteko elektronikoen bidez Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.
–Errespetatzea pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.
2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/14 Legearen 14. artikuluak honako hau ezartzen du: pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera. Pertsona bakoitzak edozein unetan aldatu ahalko du Udalarekin komunikatzeko aukeratu bidea.
Betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/14 Legearen 14.2 artikuluarekin bat, administrazio prozedura bat tramitatzeko, administrazio publikoekiko harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzera beharturik egonen dira gutxienez honako subjektu hauek:
–Pertsona juridikoak.
–Nortasun juridikorik gabeko entitateak.
–Nahitaez elkargokide egitea eskatzen duen lanbide-jardueraren bat egiten dutenak, administrazio publikoekin lanbide-jarduera hori gauzatzean egiten dituzten tramite eta jarduketetarako. Betiere ulertuko da talde horretan sartzen direla notarioak, jabetza-erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.
–Administrazioarekiko harreman elektronikoa izatera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.
–Administrazio publikoetako langileak, enplegatu publiko izateagatik haiekin egiten dituzten tramite eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamendu bidez zehaztu bezala.
Udalak ezarri ahalko du nahitaezkoa dela bitarteko elektronikoen bidez jartzea harremanetan, bai prozedura batzuetarako, bai eta, beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera duten pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere.
3. Udal administrazioak begiratuko du betebehar horiek betetzen direla, aplikatzekoa den araudian jasotzen denaren eta ordenantza honetan ezartzen denaren barrenean.
10. artikulua. Zerbitzu elektronikoetan sartzeko sistemak.
Udal administrazioak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoetan sartzea, hainbat kanaletako sistemaren bidez, eta honako baliabide hauekin gutxienez:
–Buruz buruko harrerarako zehazten diren bulegoak: ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.
–Sarbide-puntu elektronikoak, hain zuzen ere zerbitzu eta erakunde eta menpeko entitateek sortu eta kudeaturiko egoitza elektronikoak dira, herritar guztien eskura daudenak, komunikazio sareen bidez.
–Sarbide-puntu nagusiaren bidez, herritarrak, udal administrazioarekin eta bere erakunde eta entitateekin dituen harremanetan, dagoen informazio guztia eta eskura dauden zerbitzu guztiak eskuratu ahal izanen ditu; hauxe da: http://www.Mirafuentes.es.
–Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten neurrian, herritarrari aurreko ataletan aipatu informazio eta zerbitzu elektronikoetan sartzeko.
BIGARREN TITULUA
Administrazio elektronikoaren araubide juridikoa
I. KAPITULUA
Egoitza elektronikoa
11. artikulua. Egoitza elektroniko nagusia.
1. Mirafuentesko Udalaren egoitza elektronikoa eratu da, Interneteko helbide honetan eskura dagoena: www.Mirafuentes.es. Helburua da herritarrei eskaintzea Udalaren administrazioa osatzen duten organo guztietarako sarbide elektronikoko gune orokorra.
Egoitza elektronikoa Mirafuentesko Udalaren Interneteko atarian kokatuko da, haren titulartasuneko sarbide elektronikotzat ulertuta, eta aukera emanen du argitara eman informazio guztian eta egoitza elektronikoan bertan sartzeko Interneten bidez.
2. Egoitza elektronikoaren titulartasuna Mirafuentesko Udalarena da.
3. Udala arduratuko da sartutako informazioaren osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz, eta haren bidez eskura ditzaketen zerbitzuez, gardentasun, publizitate, erantzukizun, kalitate, segurtasun, erabilgarritasun, irisgarritasun, neutraltasun eta elkarreragingarritasun printzipioei jarraituz.
4. Egoitza elektronikoan beti identifikatuko da egoitzaren organo titularra, bai eta iradokizunak eta kexak egiteko eskura dauden baliabideak ere.
12. artikulua. Kalitatea, erabilgarritasuna eta irisgarritasuna.
1. Udalak bere egoitza elektronikoan eskura jartzen den informazio guztiaren kalitatea zainduko du, eta behar bezala identifikatuko eta aipatuko du zein den kanpoko iturrietatik jasotakoaren jatorria.
2. Udalak ez du inolako erantzukizunik bere mende ez dauden kanpoko iturrietatik eskuratu ahal den informazioaren gainean, ezta administrazio hau osatzen duten entitate eta erakundeei loturik ez dauden pertsonek Udalaren egoitza elektronikoaren bidez adierazten dituzten iritzien gainean ere.
3. Udala arduratuko da herritarrek erraz erabiltzeko modukoak izan daitezen bere egoitza elektronikoaren diseinua eta menuen egitura; horretarako, webguneen erabilgarritasuna hobetzeko zehaztutako metodologiei eta arauei jarraituko die.
4. Udalaren egoitzak beteko ditu administrazio publikoentzat gomendatzen diren irisgarritasun, erabilgarritasun eta kalitate estandarrak, eta ahal bezainbat bermatuko du irisgarriak izan daitezen, estandar ireki gisa eratu baitira, ordenantza honen xede diren zerbitzuak, informazioak, tramiteak, prozedurak eta transakzioak edo, hala behar denean, herritarrek oro har erabiltzen dituzten bestelakoak.
5. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko maneran. Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo haren zerbitzuetariko bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko maneran, horren berri eman beharko zaio herritarrari, ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dituen ordezko baliabideak zein diren adierazita.
13. artikulua. Informazio administratibo eskuragarria.
1. Egoitza elektronikoan, herritarren eskura jarriko da zerbitzuen zerrenda eta haietan sartzeko modua, eta Udal Administrazioaren gainerako sarbide-puntu elektronikoekin gutxienez koordinaturik egonen da.
2. Egoitza elektronikoan sartzen diren eduki eta zerbitzuak gaztelaniaz egonen dira.
3. Egoitza elektronikoaren bidez herritarrek sarbidea izanen dute, nahi dutenean, honako informazio honetan:
–Antolaketaren eta interes orokorreko zerbitzuen gaineko informazioa; bereziki, honako honena:
- Antolaketa eta haren eskumenak, nahiz haren erantzuleen identifikazioa, haren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak, eta egitura horretan egiten diren aldaketak.
- Bere esku utzitako edo hartutako zerbitzuak.
- Kokalekuei dagozkien datuak, esan nahi baita, posta helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoaren helbidea.
- Egoitza elektronikoaren mapa.
- Interes orokorrekotzat hartzen diren beste jakingarri batzuk, eta legeak edo erregelamenduek eskatzen dituztenak.
–Udalaren gardentasunaren atarian ageri den informazio administratiboa, gutxienez ere betez Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeko eskakizunak.
–Administrazio elektronikoari buruzko informazioa; bereziki, honako honi buruzkoa:
- Baliabide elektronikoen bidez tramitatzen dituzten prozedura administratiboak, oinarrizko baldintzak eta ebazteko eta jakinarazteko epeak adierazita, bai eta isiltasunaren zentzua ere.
- Erabil daitezkeen sarbide elektronikorako eskubideen zerrenda; bereziki, herritarrek erabil ditzaketen bitarteko eta bide elektronikoak.
- Egoitza elektronikoan onartzen diren sinadura elektroniko aurreratuko sistemen zerrenda.
- Erregistro elektronikoa, egoitza elektronikoaren data eta ordu ofizialak adierazita, haren eraketaren xedapena edo xedapenak, organo arduraduna eta aurkez daitezkeen dokumentuak adierazita, bai eta herritarrek erregistro horretan elektronikoki erabil ditzaketen eskubideak ere.
- Kexak eta iradokizunak aurkeztu eta tramitatzeko bidea.
- Nahitaezko klausulak, erantzukizunari, datuen babesari eta kalitateari buruzkoak, egoitza elektronikoaren titularrari eta hartan dagoen informazioari lotuak.
- Interneteko bestelako egoitza edo helbide elektronikoen estekak, interes berezikoak, egoitza elektronikoaren titularraren eskumenen eremuari dagokionez.
- Gehien erabiltzen diren bilatzaileak eta maiz egiten diren galderen zerbitzua (FAQ).
- Irisgarritasunari eta ikusmen estandarrei buruzko informazioa.
14. artikulua. Ediktuen taula elektronikoa.
1. Legezko edo erregelamenduzko xedapen baten ondorioz Udalaren ediktuen taulan argitara eman behar diren egintza eta komunikazioak, ediktuen taula elektronikoan argitaratu ahalko dira, horren ordez edo modu osagarrian.
2. Herritarrak ez du bere nortasuna egiaztatzeko sistema berezirik beharko, sarbidea izateko ediktuen taula elektronikoan.
3. Ediktuen taula elektronikoa Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
4. Ediktuen taula elektronikoak edukiko ditu bere egiazkotasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna bermatzen duten sistema eta mekanismoak. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.
5. Ediktuen taula elektronikoa eskura egonen da egunaren 24 orduetan, urteko egun guztietan, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Arrazoi teknikoak direla-eta ediktuen taula elektronikoa ez dela ibiliko aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emanen zaie behar den denboraz, taulan kontsultarako eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.
15. artikulua. Herritarren karpeta.
1. Udalaren egoitza elektronikoak eremu bat izanen du, «herritarren karpeta» izenekoa; hartan, haren titularrak baizik ez du sarbidea izango, eta horretarako nortasuna autentifikatu egin beharko du, egoitza elektronikoan sinadura elektroniko aitortuko sistemetariko bat erabiliz.
2. Herritarren karpetaren bidez, pertsona fisikoek eta haien ordezkari erregistratuek sistema eta prozesu telematikoak erabili ahalko dituzte komunikatzeko baliabide gisa, besteak beste, zerbitzu hauetarako:
–Udal administrazioaren datu baseetan erregistraturik dagoen pertsonaren informazio partikularrean sarbide izateko.
–Udal administrazioaren gaineko informazio orokorrean modu pertsonalizatuan sartzeko.
–Administrazio eragiketak eta tramiteak egiteko, udal administrazioak ezari-ezarian herritarraren karpetan sartzen dituen prozedurei buruz.
3. Norbera herritarraren karpetaren erabiltzaile bilakatzen da hartarako sarbidea duenean eta erabiltzen duenean; izaera hori bereganatzeko, suposatzen da aurretik irakurri eta onartu direla Udalaren egoitza elektronikoan argitaraturiko arau eta baldintzak. Herritarren karpetan sarturik ulertuko da erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzen dituela sartzeko unean egoitza elektronikoan erabiltzeko argitaraturik dauden arau eta baldintza guztiak.
4. Udalak herritarraren karpeta erabiltzeko arau eta baldintzak aldatzen baditu, aldaketaren berri eman beharko du egoitza elektronikoan. Herritarra ados ez badago herritarren karpeta erabiltzeko arau eta baldintza berriekin, utzi beharko du Udal administrazioarekin komunikatzeko baliabide hori.
16. artikulua. Leihatila bakarra.
1. Egoitza elektronikoan, leihatila bakarra jarriko da herritarren eskura; haren bidez, zerbitzu-emaileek jarduera batean sartu eta hura gauzatzeko behar diren informazio eta inprimakiak eskuratzen ahalko dituzte.
2. Leihatila horren bidez, zerbitzu-emaileei jakinaraziko zaizkie agintari eskudunek beren eskaerei buruz eman ebazpenak eta gainerako komunikazioak.
17. artikulua. Egoitza elektronikoko edukietan sartzea.
1. Udalak, bere egoitza elektronikoan, agiri elektronikoak bilatzeko mekanismo egokia jarriko du herritarren eskura, jada amaitutako administrazio prozedurei buruzko kontsultak egiteko aukera izan dezaten.
Araudi aplikagarriarekin bat, ez dagoenean agiri zehatz batean berehala sartzerik, herritarrak automatikoki egiten ahalko du agirian sartzeko eskaera, zeina segituan iritsiko baitzaie agiriaz arduratzen diren Udalaren zerbitzuei.
2. Herritarrek, administrazio publikoei aplikagarri zaien araudiari jarraikiz, libreki kontsulta ditzakete Udalak pilatutako agiri elektronikoak, kontsultaren egunean amaituta dauden prozedurei buruzkoak. Aipatu kontsultarako eskubidea arduraz eta behar bezala erabiltzen dela bermatzeko, herritarrek Udalak zehaztutako baliabide elektronikoen bidez identifikatu beharko dute, eskatzailearen nortasuna eta eskatu informazioa jasota gelditu daitezen.
3. Agiri izendunetan, pertsonen intimitateari buruzko datuak dituztenetan eta amaitu gabeko espedienteetan, administrazio publikoei kasu bakoitzean aplikagarri zaien araudian ezarritako baldintzak egiaztatzen dituzten pertsonek baino ezin izanen dute sartu. Kontsultarako eskubidea legez horretarako gaituta dauden herritarrek darabiltela bermatzeko, Udalaren zerbitzuek identifikatzeko eskatuko diete, ordenantza honetan aipatu identifikazio segururako edozein prozedura elektronikoren bitartez.
4. Interesdunek, amaitu gabeko espedienteei buruzko informazioan sartu nahi badute, beren herritarren karpetaren bidez eginen dute. Espedientea osatzen duten agirietan berehala sartzen ahalko da, horretarako aukera dagoenean ordenantza honetan xedatuarekin bat; bestela, erabiltzaileak haietan sartzeko eskaera egiten ahalko du, zeina berehala iritsiko zaion espedientearen organo edo unitate arduradunari.
5. Sartzeko eskubidea ezin izanen da erabili administrazio publikoei aplikagarri zaien araudian halaxe ezarrita duten espedienteekin. Aplikagarri den araudiarekin bat, fitxategi eta agirietan sartzea xedapen espezifikoei jarraituz egin behar denean, indarreko legeriak kasu bakoitzerako eskatzen dituen baldintzak egiaztatzen dituzten pertsonek baino ez dute horretarako aukerarik izanen.
6. Herritar guztiek izanen dute aukera, identifikatu beharrik izan gabe, arestiko paragrafoetan aipatzen ez den edozein informaziotan sartzeko egoitza elektronikoaren bidez. Zehazki, herritar guztiak libreki sartzen ahalko dira, identifikatu beharrik izan gabe, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aipatutako informazioan.
Udalak pertsonalak ez diren datuak eskatu ahalko ditu bere egoitza elektronikoko informazioan sartzeko eragiketetan, estatistika ondorioetarako bakarrik edo Udalaren zerbitzuak hobetzeko; datu horien ekarpenak ez du inola ere baldintzatuko Udalaren informazioan sartzea.
18. artikulua. Segurtasuna.
1. Egoitza elektronikoaren segurtasuna bermatuko da, azaltzen den informazioaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko.
2. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izanen ditu, baldin eta beharrezkoak badira. Nolanahi ere, egoitza elektronikoa erabiliko da norbere burua identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, webgunearen autentifikaziorako ziurtagiri aitortua edo kalifikatua, edo horren baliokidea erabiliz.
3. Herritarrak Udalaren administrazioarekin izanen duen harremana errazteko ematen dituen datuek, hala nola telefono zenbaki, helbide elektroniko eta bestelakoek, bai eta Udalak arloz arlo berri eman diezaion herritarrak hautatzen dituen bideek ere, segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun bermeak izanen dituzte, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian xedatuarekin bat.
4. Segurtasun mekanismoek aktibatuta egon beharko dute beti iragarki-taularekiko konexioetan, haren edukiaren egiazkotasuna eta osotasuna bermatzeko, bai eta herritarren karpetarekikoetan ere; azken horietan, gainera, konfidentzialtasun kodetzea ere beharko da.
II. KAPITULUA
Identifikazioa eta autentifikazioa
19. artikulua. Prozedurako interesdunen identifikazio sistemak.
1. Udalak administrazio prozedurako interesdunen nortasuna egiaztatu beharko du, frogatuz, kasuan kasu, haren Nortasun Agiri Nazionalean edo identifikazio-agiri baliokidean ageri diren izen-deiturak edo sozietatearen izena.
2. Interesdunek, Udalaren aurrean elektronikoki identifikatzeko, beren identitatea ziurtatzeko aukera ematen duen edozein sistema erabiltzen ahalko dute, aldez aurretik erregistratzea eskatzen duena. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:
–Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek” emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.
–Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortuetan edo kalifikatuetan oinarritutako sistemak, aipatu ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek” emanak badira.
–Gako itunduko sistemak eta Udalak ontzat eman dezakeen edozein sistema, hark ezarritako modu eta balditzetan, baldin eta administrazioak onartzen badu.
20. artikulua. Administrazio publikoek onartzen dituzten sinadura sistemak.
1. Interesdunek edozein bitarteko erabiltzen ahalko dute sinatzeko, baldin eta haren bidez ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren egiazkotasuna, bai eta dokumentuaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.
2. Interesdunek Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek onetsiko dira sinatzeko:
–Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek” emanak badira. Ondorio horietarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan sartuta ulertuko dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.
–Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kalifikatuko eta aurreratuko sistemak, ziurtagiriak “Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek” emanak badira.
–Udalak ontzat ematen duen beste edozein sistema, eta ezartzen dituen modu eta balditzetan. Zehazki, ahaleginak eginen dira aurreko artikuluan aurreikusitako identifikatzeko sinadura sistemak onartzeko, interesdunek adierazitako borondatearen eta adostasunaren egiazkotasuna ziurtatzeko aukera ematen badute.
3. Interesdunek artikulu honetan ezarritako sinadura sistemaren bat erabiltzen dutenean, beren nortasuna egiaztatutzat ulertuko da, sinadura sistemaren beraren bidez.
21. artikulua. Identifikazio eta sinadura bitartekoen erabilera administrazio prozeduran.
1. Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, nahikoa izanen da interesdunek aldez aurretik beren nortasuna egiaztatzea, ezarritako edozein identifikazio bitartekoren bidez.
2. Udalak honako prozedura hauetarako baino ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:
–Eskaerak egiteko.
–Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.
–Errekurtsoak jartzeko.
–Akzioetan atzera egiteko.
–Eskubideei uko egiteko.
22. artikulua. Ahalordetzeen erregistro elektronikoa.
1. Udalak ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorra izanen du, eta hartan inskribatu beharko dira, gutxienez, administrazio prozedura batean interesdun izan eta Udalaren administrazioaren aurrean beraren izenean, aurrez aurre edo elektronikoki, jarduteko ordezkari baten alde apud acta ematen diren izaera orokorrekoak.
Ahalordearen askiestea ere jaso beharko da.
2. Udalaren ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorrak eta partikularrek elkarreragingarritasun osoa izan behar dute beren artean, eta bermatuta izan behar dute interkonexioa, bateragarritasun informatikoa, eta orobat haietan sartzen diren eskaera, idatzi eta komunikazioen transmisio telematikoa.
Ahalordetzeen erregistro elektroniko orokorraren bidez, baliozko moduan egiaztatu ahal izanen da Udalaren administrazioaren aurrean hirugarren baten izenean jarduten dutenen ordezkaritza, kontsulta eginez antzeko beste administrazio erregistro batzuetan, merkataritza erregistroan, jabetzaren erregistroan eta notario protokoloetan, elkarreragingarritasuna baitute lehenengoekin.
3. Erregistro elektroniko orokorrean egiten diren erregistroek informazio hau jaso beharko dute gutxienez:
–Ahalorde-emailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena; nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo dokumentu baliokideren bat.
–Ahalordedunaren izen-deiturak edo sozietatearen izena; nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo dokumentu baliokideren bat.
–Inskripzio data.
–Zenbat denborarako ematen den ahalordea.
–Ahalorde mota, ematen dituen ahalmenen arabera.
4. Erregistro elektroniko orokorrean erregistratzen diren ahalordeek mota hauetakoren batekoak izan beharko dute:
–Ahalorde orokor bat ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan edozein administrazio jarduketatan eta edozein administrazioren aurrean.
–Ahalorde bat ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan edozein administrazio jarduketatan Udalaren administrazioaren eta mendeko entitate edo erakunde jakin baten aurrean.
–Ahalorde bat ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan ahalordean zehaztutako tramite jakin batzuetarako bakarrik.
Inskriba daitezkeen ahalorde-ereduei egokituko dira ahalordeok eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak ezarritakoaren araberakoak izanen dira.
5. “Apud acta” ahalordetzea emateko, agerraldi elektronikoa egin beharko da dagokion egoitza elektronikoan, ordenantza honetan ezarritako sinadura elektronikorako sistemak erabiliz, edo agerraldi pertsonala egin beharko da erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
6. Erregistroan inskribatutako ahalordeek bost urterako baliozkotasuna izanen dute gehienez, inskripzioa egiten den datatik aurrera. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, nolanahi ere, ahalorde-emaileak errebokatzen edo luzatzen ahalko du ahalordea. Ahalorde-emaileak erregistroari emandako luzapenek bost urterako baliozkotasuna izanen dute gehienez, inskripzioa egiten den datatik aurrera.
7. Ahalordea inskribatzeko, errebokatzeko, luzatzeko edo salatzeko eskaerak edozein erregistrotara zuzendu daitezke. Eskaerok idatziz jasota gelditu behar dute ahalordeak ondorioak dituen mendeko entitate edo erakundearen erregistroan, eta inskripzioa egiten den datatik aurrera izanen dituzte ondorioak.
23. artikulua. Udalaren administrazioaren identifikazio-sistemak.
1. Udalak sinadura elektronikoaren legeriak eskatutako baldintzak biltzen dituen ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoa erabiliko du identifikatzeko. Ziurtagiri elektroniko horiek identifikazio fiskaleko zenbakia eta dagokion izendapena jasoko dituzte, bai eta titularraren nortasuna ere, behar izatera, administrazio organoen zigilu elektronikoaren kasuan. Udalak erabilitako zigilu elektronikoen zerrenda publikoa izanen da eta eskuragarria baliabide elektronikoen bidez, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek egiten dituzten pertsonak barne; gainera, neurri egokiak hartuko dira zigilu elektronikoaren egiaztapena errazteko.
2. Udala identifikatutzat ulertuko da, Interneten duen atarian berea balitz bezala argitara ematen den informazioari dagokionez.
24. artikulua. Administrazioaren jarduketa automatizaturako sinadura sistemak.
1. Administrazioaren jarduketa automatizatutzat ulertzen da Udalak, administrazio prozedura baten esparruan, baliabide elektronikoak bakarrik erabiliz egindako edozein egintza edo jarduketa, baldin eta hartan zuzenean esku hartu ez badu enplegatu publiko batek.
2. Administrazio jarduketa automatizatuaren kasuan, aitzinetik ezarri beharko da zein organok duen eskumena zehaztapenak, programazioa, mantentzea, gainbegiratzeak eta kalitate kontrola egiteko, eta, hala behar badu, informazio sistemaren eta haren iturri kodearen ikuskaritza egiteko.
Orobat adieraziko da, inpugnazioez den bezainbatean, zein den erantzuletzat hartuko den organoa.
3. Administrazio jarduera automatizatuan eskumena erabiltzean, Udalak zehaztuko du zein kasutan erabiliko diren sinadura elektronikoaren sistema hauek:
–Administrazio publiko, zuzenbide publikoko entitate, erakunde publiko edo organoaren zigilu elektronikoa, sinadura elektronikoari buruzko legediak ezarritako baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuan oinarritua.
–Egiaztapen-kode segurua, administrazio publikoari, zuzenbide publikoko entitate, erakunde publiko edo organoari lotua, ezarritako modu eta baldintzetan, betiere agiriaren osotasuna egiaztatzeko aukera egonik dagokion egoitza elektronikoan sartuz.
25. artikulua. Administrazio publikoen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa.
1. Udalaren jarduketa, baliabide elektronikoak erabiltzen dituenean, organoaren titularraren edo enplegatu publikoaren sinadura elektronikoaren bidez eginen da oro har.
2. Udalak zehaztuko du zein diren haren langileek erabili beharreko sinadura elektronikoko sistemak, zeinen bidez batera identifikatzen ahalko diren lanpostuaren edo karguaren titularra eta zer organotan egiten duen lan. Segurtasun publikoko arrazoiak direla medio, sinadura elektronikoko sistemetan enplegatu publikoaren identifikazio profesionaleko zenbakia baino ez da aipatuko.
3. Udalak beren eginkizunak gauzatzeko identifikazio eta autentifikazio mekanismoak behar dituzten hautetsien eta Udaleko edozein langileren esku jarriko du administrazioko langileei dagokien ziurtagiri elektronikoa.
III. KAPITULUA
Erregistro elektronikoa
26. artikulua. Erregistro elektroniko orokorraren eraketa, kudeaketa eta erabileraren araubide orokorra.
1. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatua betetzeko, Udalaren erregistro elektroniko orokorra eratu da, herritarrek edo udal administrazioko organoek berek hura erabil dezaten telematika bidez eskaerak, idatziak eta komunikazioak aurkezteko.
2. Erregistro elektroniko orokorrean, aurkezten diren edo Udalaren edozein organotan jasotzen diren agiri guztien erregistroa idatziko da. Halaber, hartan idatziko da beste organo edo partikularrei zuzendutako agiri ofizialen irteera.
3. Udalaren erregistro elektroniko orokorrak bete beharko ditu datu pertsonalak babestearen arloko legerian ezarritako segurtasun berme eta neurriak.
4. Erregistro elektronikoa eskura egonen da uneoro Udalaren egoitza elektronikoan. Erregistro telematikoaren bidez, agiri elektronikoak telekomunikazioko sare irekien bidez sartu ahalko dira urteko egun guztietako 24 orduetan, salbu eta arrazoi teknikoen ondoriozko etenaldirik bada, egoitza elektronikoan bertan adieraziko dena. Halaber, erregistro-unitate telematikoaren funtzionamenduan planifikatu gabeko etenaldirik bada, inguruabar horren berri ematen duen mezu bat bistaratuko da, ahal izanez gero.
5. Udalaren eskumeneko prozedurak hasteko herritarren esku jarritako inprimaki elektronikoak eta, kasua bada, aplikazio informatikoak, hari lotu ahalko zaizkio zuzenean, berme eta baldintza formal guztiak betetzen badira agiriak aurkeztean eta dagokion hartu-agiria jasotzean.
Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan agertuko da bertan has daitezkeen tramiteen zerrenda eguneratua.
6. Alkatetzari dagokio erregistro elektronikoa zuzendu eta sustatzea, hura mantentzeko eta etorkizuneko berrikuntza teknologikoetara egokitzeko behar diren ekintzak bultzatuz.
27. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.
Udal erregistro elektronikoak honako eginkizun hauek izanen ditu:
–Udal administrazioari edo beste administrazio publikoei igorritako eskaera, idatzi eta komunikazioak hartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazi bezala.
–Herritarrek eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu izanaren ziurtagiriak sortzea; sistema informatikoak berak sortuko ditu automatikoki.
–Jakinarazpen abisuak sortzea, interesdunek jakin dezaten eskura dituztela, herritarren karpetan, Udalaren administrazioko organoek egiten dituzten komunikazio eta jakinarazpen telematikoak.
–Udal administrazioko organoek interesdunei zuzendutako idazki eta jakinarazpenak igortzea.
–Urte naturalari dagozkion eskabide, idazki eta komunikazio telematikoen sarrera eta irteera idazpenen fitxategi informatikoa mantentzea eta kontserbatzea.
28. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.
1. Erregistro elektronikoak bermatuko du honako hauek adieraztea egiten den idazpen bakoitzean: zenbakia, dokumentu mota adierazten duen epigrafea, dokumentua aurkeztu den eguna eta ordua, interesdun edo administrazio-organo igorlea, hala badagokio, eta pertsona edo administrazio-organo hartzailea, eta erregistratutako idazki edo komunikazioaren edukiaren aipamena.
Horretarako, hartze-agiri bat sortuko da automatikoki; agiri hori dagokion dokumentuaren kopia autentifikatua izanen da, eta honako hauek adieraziko ditu: dokumentua aurkeztu den eguna eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia, eta bestelako dokumentuen egiaztagiriak, halakorik bada, dokumentu horien osotasuna bermatzeko eta baita atzera bota ez direla egiaztatzeko ere.
Hartze-agiriok hartzaileari helaraziko zaizkio, herritarren karpetaren bidez, Udalaren egoitza elektronikoan, hartutako dokumentuaren idazpena egin eta segituan.
2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraituko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da. Erregistro-tramitea bukatuta, dokumentuak luze gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.
3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 16.4 artikuluarekin bat, erregistro elektronikoa guztiz elkarreragingarria izanen da beste administrazio publikoetako gainerako erregistro elektronikoekin, haien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatuz, bai eta erregistroko idazpenak aurkezten diren dokumentuak modu telematikoan bidaltzeko aukera emanez.
4. Udalean aurrez aurre aurkezten diren dokumentuak digitalizatu egin beharko dira, ordenantza honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak Udalak gorde behar baditu, edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa bada.
5. Udalarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen subjekturen batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, hura zuzendu eta elektronikoki aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.
29. artikulua. Idazpen elektronikoen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa.
1. Erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak bermatuko du egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez.
2. Organo eskudunei, erregistro elektronikoaren bitartez, idazki, eskabide eta komunikazioak igortzen zaizkienean tramita ditzaten edo hauek interesdunei igortzen dizkietenean, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira ez daitezen komunikazioak atzeman edo aldatu, baimenik gabe eskuratu eta, orobat, datu pertsonalen babesa berma dadin, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz.
3. Halaber, erregistro elektronikoaren euskarria den sistema informatikoak hartan sartu nahi duten herritarrei eta Udaleko organoei jakinaraziko die idazkiak, eskaerak eta komunikazioak telematikoki aurkeztean, beren datu pertsonalak administrazio organoen esku jarriko direla horiek hartu eta tramitatzeko.
30. artikulua. Epeen zenbaketa erregistro elektronikoan.
1. Udalak argitaratuko du zer egun eta ordutan dauden zabalik agiriak modu elektronikoan aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatuz.
2. Erregistro elektronikoa, epeen zenbaketarako, sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan oinarrituko da, eta behar diren segurtasun neurriak izanen ditu bere segurtasuna bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egonen da.
Erregistro elektronikoko epeen zenbaketa arau hauen araberakoa izanen da:
–Aukera emanen du dokumentuak urteko egun guztietako eguneko hogeita lau orduetan aurkezteko.
–Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik egon ezik.
–Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.
–Udalak bete behar duen epeen zenbaketaren hasiera erabakiko da Udaleko erregistro elektronikoan aurkeztu ziren data eta orduak aintzat hartuz. Betiere, epeen kontaketaren hasierako dataren berri eman beharko zaio dokumentua aurkeztu zuenari.
3. Egoitza elektronikoan erabakiko da artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako zein diren baliogabetzat jotzen diren egunak, udalerriaren lurralde-eremuari eta lan-egutegi ofizialari kasu emanez.
IV. KAPITULUA
Jakinarazpen elektronikoen betekizunak eta eraginkortasuna
31. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egiteko baldintza orokorrak.
1. Jakinarazpenak baliabide elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta, betiere, interesduna haiek bide horretatik jasotzera behartuta dagoenean. Aurrekoa gora-behera, Udalak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egin ahalko ditu honako kasu hauetan:
–Interesduna edo bere ordezkaria bat-batean agertzen denean Udaleko bulegoetan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.
–Administrazioaren jardunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa denean jakinarazpena zuzenean ematea jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek.
Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliodunak baldin eta honako hauek idatziz jasotzeko aukera ematen badute: jakinarazpena bidali dela edo erabiltzeko moduan jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo bertan sartu dela, eduki guztia, eta bidaltzailearen eta hartzailearen nortasun fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.
Jakinarazpen elektronikoak jasotzera beharturik ez dauden interesdunek edozein unetan erabaki eta jakinarazi ahalko diote Udalari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hurrengo jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko edo bide horien bidez egiteari uzteko.
Udalak ezarri ahalko du nahitaezkoa dela jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea prozedura batzuetarako, bai eta pertsona fisikoen zenbait kolektiborentzat ere, hain zuzen ere beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo egiaztaturiko beste arrazoiren batengatik, behar diren bitarteko elektronikoez baliatzeko aukera dutela frogatutzat jotzen denean.
Modu osagarrian, interesdunak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa ematen ahalko ditu, artikulu honen seigarren apartatuan araututako abisuetarako, baina ez jakinarazpenetarako.
2. Ez dira inolaz ere bitarteko elektronikoen bidez eginen honako jakinarazpen hauek:
–Jakinarazi beharreko egintzak formatu elektronikora bihurtu ezin diren elementuak dituenean.
–Behartuta daudenen aldeko ordainketa bitartekoak dituztenak, esaterako, txekeak.
3. Interesdunak eskatuta hasitako prozeduretan, hark horretarako adierazitako bidea erabiliz eginen da jakinarazpena. Jakinarazpena elektronikoa izanen da, administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta badago.
Jakinarazpena eskaeran adierazi bezala egiterik ez denean, horretarako egokia den edozein tokitan eginen da, eta interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena hartu izana, eta noiz jaso duen, jasotzailearen nortasuna eta jakinarazitako egintzaren edukia frogatzen duen edozein bideren bitartez.
4. Interesdunak edo haren ordezkariak administrazio jarduketa baten jakinarazpenari uko egiten badio, halaxe jasoko da espedientean, jakinarazpen saiakeraren inguruabarrak eta erabilitako baliabidea zehaztuz, eta tramitea burutzat joz eta prozedura jarraituz.
5. Interesdunari jakinarazpena zenbait bideren bitartez egiten zaionean, lehenengo jakinarazpenaren data hartuko da aintzat.
32. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak.
1. Baliabide elektronikoen bidezko jakinarazpenak Udalaren egoitza elektronikoan agertzearen bidez eginen dira, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bitartez, edo bi sistemen bidez.
Horretarako, egoitza elektronikoan agertzea ulertuko da interesdunak, edo haren ordezkariak –behar bezala identifikatuta– jakinarazpenaren edukian sartzea.
2. Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak egintzat joko dira haien edukian sartzearekin bat.
Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.
3. Udala behartuta dago jakinarazpena egitera gehienez ere hamar eguneko epean, egintza ematen den datatik aurrera; betebehar hori betetzat joko da jakinarazpena Udalaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean eskura jartzearekin bat.
4. Interesdunek aukera izanen dute jakinarazpenetan sartzeko administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikotik; sartzeko atari gisa erabiliko da.
33. artikulua. Helbide elektronikoaren bidezko jakinarazpena.
Honela eginen da helbide elektronikoaren bidezko jakinarazpena:
–Erregistro elektronikoaren bidez, interesdunei beren informaziorako jakinarazpen-abisua igorriko zaie, eurek Udalaren administrazioari emandako helbide elektronikora; abisuaren bidez, interesdunei ohartaraziko zaie beren izenean jakinarazpen bat dutela, bai eta hura zer web-orritan sartuz eskuratzen ahal duten ere.
–Interesduna jakinarazpen elektronikoko orrialdean sartzen ahalko da, aurrez erabiltzaile ziurtagiriaren bidez identifikatuz.
–Jakinarazpen elektronikoko orri horren bidez, jakinarazpenaren edukian sartu ahalko da; hartan adieraziko dira jakinarazpena egiten duen administrazio organoaren edo entitatearen izendapena, jakinarazpen dokumentu motaren erreferentzia, espedientearen zenbakia, eta irteera data eta erregistroa.
–Jakinarazpen orrian sartzean, interesdunaren ekipamenduan agertuko da egitekoa den jakinarazpenaren edukiko informaziorik garrantzitsuena, hartan azaltzen diren datuak egiaztatu ahal izan ditzan, onartu baino lehen. Informazio hori “jakinarazpenaren entregatze-agiria” izeneko dokumentu elektronikoaren bidez emanen da, eta interesdunak hura inprimatzeko aukera izanen du, informazio ondorioetarako gorde dezan.
–Interesdunak jakinarazpena onartuz gero, haren dokumentuetan sartuko da, eta horiek inprimatzeko aukera izaten ahalko du.
–Administrazio espedientean jasoko da jakinarazpen elektronikoa onartu den ala ez, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako ondorioak sortuko ditu.
34. artikulua. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpena.
1. Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazioaren jarduketaren edukira sartzen da Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
2. Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, baldintza hauek bete beharko ditu:
–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, bertara sartzean administrazioaren jarduketaren jakinarazpena jasoko duela adieraziko duena.
–Dagokion informazio sistemak jasoko du edukian sartu dela, bai eta zer egun eta ordutan sartu ere.
III. TITULUA
Dokumentu eta artxibo elektronikoak
35. artikulua. Dokumentu elektronikoak.
1. Udalaren administrazio-dokumentu publikoak dira udal administrazioko organoek balioz eginikoak. Udalak administrazio agiriak idatziz eginen ditu, oro har, baliabide elektronikoen bidez, salbu eta haien izaerak eskatzen badu modu egokiagoan adierazi eta jaso behar direla.
2. Baliozkotzat jotzeko, agiri elektronikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Edozein eratako euskarri elektronikoan artxibaturik izatea informazioa, identifikatzeko eta bereiziki tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.
–Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.
–Eman diren uneari buruzko denbora-erreferentzia bat izatea.
–Eskatzen diren gutxieneko metadatuak izatea.
–Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.
Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion dokumentu elektronikoak.
3. Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik izanen Udalak egin eta informazio hutserako argitaratzen diren dokumentu elektronikoek eta, orobat, administrazio espediente baten parte ez direnek. Dokumentu horien jatorria beti identifikatu beharra dago.
36. artikulua. Administrazio publikoek eginiko kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna.
1. Udalak erabakiko du zer organok dituen eskumenak administrazio-dokumentu publiko edo pribatuen kopia autentikoak egiteko. Dokumentu pribatuen kopia autentikoek ondorio administratibo hutsak dituzte. Administrazio publiko batek egindako kopia autentikoak baliozkoak izanen dira gainerako administrazioetan.
Udalak eguneraturik edukiko du erregistro bat, edo beste sistema baliokide bat, kopia autentikoak egiteko gaituta dauden funtzionarioak agertuko dituena; horrek eta gainerako administrazio publikoetakoek guztiz elkarreragingarriak izan behar dute, eta interkonektaturik egon, gaikuntza horren baliozkotasuna egiaztatzeko.
2. Administrazio-dokumentu publiko edo pribatu baten kopia autentikotzat joko da Udalak egindakoa, edozein euskarritan eginda dagoela ere, bermatzen badira organo egilearen identitatea eta dokumentuaren edukia.
Kopia autentikoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun berak izanen dituzte.
3. Kopia elektronikoen edo paperezkoen identitatea eta edukia bermatzeko eta, beraz, kopia autentikoak direla bermatzeko, Udalak bete beharko ditu Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean, Segurtasunaren Eskema Nazionalean eta haiek garatzeko arau teknikoetan ezarritakoa, eta orobat arau hauek:
–Jatorrizko dokumentu elektroniko baten edo kopia elektroniko autentiko baten kopia elektronikoek, formatu-aldaketa izan edo ez, berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta dokumentua kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.
–Paper-euskarria edo digitaliza daitekeen beste euskarri ez-elektroniko bat duten dokumentuen kopia elektronikoen kasuan, dokumentuak digitalizatu egin beharko dira, eta kopiek berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta dokumentua kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.
–Digitalizazioa prozesu teknologiko bat da, zeinaren bitartez paper-euskarria edo beste euskarri ez-elektroniko bat duen dokumentu bat dokumentuaren irudi kodetu, leial eta osoa duen fitxategi elektroniko bihurtzen baita.
–Dokumentu elektronikoen paper-euskarriko kopiek adieraziko dute kopia direla, eta elektronikoki sortutako kode bat edo beste egiaztatze-sistema bat izanen, aukera emanen duena kopiaren autentikotasuna kontrastatzeko, kopia egin duen organo edo erakunde publikoaren fitxategi elektronikoetan sartuz.
–Paperean diren jatorrizko dokumentuen paper-euskarriko kopiak administrazioaren esku dagoen dokumentu elektronikoaren paperezko kopia autentiko bat eginez emanen dira, edo, bestela, jatorrizko dokumentuaren kopia autentikoa daraman agerbide elektroniko baten bitartez.
4. Interesdunek noiznahi eskatu ahalko dute emateko Udalak baliozki egindako administrazio-dokumentu publikoen kopia autentikoak. Udalari zuzenduko zaio eskaera, eta, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak salbuespen, hamabost eguneko epea emanen da, eskaera erregistro elektronikoan jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
Era berean, Udalak eman beharko ditu interesdunek aurkezten dituzten eta administrazio-espediente batean sartuko diren paperezko edozein dokumenturen kopia elektroniko autentikoak.
5. Udalak kopia elektroniko autentikoak ematen dituenean, halaxe adieraziko da espresuki kopiaren dokumentuan.
6. Notario-dokumentu publiko, erregistro-dokumentu publiko eta dokumentu judizial publikoen eta aldizkari ofizialen kopia autentikoak emateko modua bakoitzaren legeria espezifikoaren araberakoa izanen da.
37. artikulua. Administrazio prozeduran interesdun direnek ekarritako dokumentuak
1. Interesdunek administrazio-prozedurara ekarri beharko dituzte Udalak aplikatzekoa den araudiaren arabera eskatzen dituen datu eta dokumentuak. Komenigarritzat jotzen duten beste edozein dokumentu ere ekar dezakete interesdunek.
2. Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek eginak diren dokumentuen kopiak ekartzera, nahiz dokumentu horiek prozeduran aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, interesdunak adostasuna adierazi badio dokumentu horiek kontsultatzeari edo ateratzeari. Interesdunek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman dutela ulertuko da, ez badute prozeduran aurkakotasun espresa adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresa adierazi beharra.
Interesdunaren aurkakotasunik ez bada, Udalak elektronikoki eskuratuko ditu dokumentuak, bere sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.
Nahitaezko txosten bat lehendik egina duenean prozedura tramitatzen ari den administrazio-organoaz beste batek, hamar eguneko epean bidali beharko du hark, eskatzen denetik aurrera zenbaturik. Epe hori betetakoan, interesdunari jakinaraziko zaio ekar dezakeela txosten hori edo geldi daitekeela organo eskudunak bidaltzeko zain.
3. Udalak ez die interesdunei eskatuko jatorrizko dokumentuak aurkezteko, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudiak ez duen hala agintzen.
Era berean, Udalak ez die interesdunei galdatuko aplikatzekoa den araudiak eskatzen ez duen edo interesdunak lehendik administrazioren bati ekarria dion datu edo dokumenturik. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Udalak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datuen bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun espresik jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresa ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.
Salbuespenez, Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatu ahalko dio interesdunari ekar ditzala.
4. Baldin eta, salbuespenez, Udalak eskatzen badu jatorrizko dokumentu bat aurkezteko eta hura paperean badago, interesdunak kopia autentiko bat lortu beharko du, ordenantza honetan adierazitako betekizunen arabera, elektronikoki aurkeztu baino lehen. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori.
5. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Udalak eskatu ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatu ahalko du.
6. Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren eremuan bakarrik izanen dute eraginkortasuna.
7. Interesdunak izanen dira aurkezten dituzten dokumentuen egiazkotasunaren erantzule.
38. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.
1. Udalak artxibo elektroniko bakarra izanen du amaitutako prozeduretako dokumentu elektronikoetarako, aplikatzekoa den araudian ezarri bezala.
2. Agiri elektronikoak gordeko diren formatuak bermatu beharko du dokumentuaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, bai eta haiei kontsulta egin ahal izatea, igarotzen den denbora igarota. Edozein kasutan, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera bermatuko da, aplikazio ezberdinetatik sarbidea izan dezaten. Dokumentu horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.
3. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa. Bereziki, bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legerian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako dokumentu elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi-zikloari buruzko berezitasunekin bat.
4. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, dela formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko. Edozein kasutan, datuak beste formatu eta euskarri batzuetara pasatzeko aukera bermatuko da, aplikazio ezberdinetatik sarbidea izan dezaten.
IV. TITULUA
Lankidetza harremanak beste administrazio publiko batzuekin
39. artikulua. Datuen truke elektronikoa komunikazio-ingurune itxietan.
1. Udalaren eta beste administrazio publiko batzuen komunikazio-ingurune itxietan helarazitako dokumentu elektronikoak baliozkoak izanen dira igorleen eta hartzaileen autentifikazio eta identifikaziorako.
2. Komunikazioetan parte hartzen duten pertsonak Udalekoak badira, azken horrek zehaztuko ditu komunikazioa arautuko duten baldintzak eta bermeak eta, gutxienez, jasoko dituzte igorle eta hartzaile baimenduen zerrenda eta trukatuko diren datuen nolakotasuna.
3. Parte-hartzaileak beste administrazio publiko batetakoak badira, aipatu baldintzak eta bermeak haien artean izenpetutako hitzarmenaren bidez ezarriko dira.
4. Edonola ere komunikazio-ingurune itxien segurtasuna eta eskualdatzen diren datuen babesa bermatu beharko dira.
40. artikulua. Sinadura elektronikoaren segurtatze eta elkarreragingarritasuna.
1. Udalak erabaki ahalko du zein tramitek eta txostenek eduki behar duten sinadura elektroniko aitortu edo kalifikatua eta aurreratua, sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutakoak.
2. Elkarreragingarritasuna erraztu eta dokumentu elektronikoen egiaztatzea ahalbidetzeko, Udalak ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako zigilu elektronikoa gainjarri ahalko du, ziurtagiri elektroniko aitortu edo kalifikatuetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak ez diren beste sistema batzuk erabiltzen dituenean administrazio publikoei igortzeko edo haien esku jartzeko elektronikoki sinatutako dokumentazioa.
41. artikulua. Datuen transmisioa administrazio publikoen artean.
1. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoarekin bat, Udalak eskura dituen interesdunen datuetan sartzeko aukera emanen die gainerako administrazio publikoei, betiere zehaztuz datu horietan ahalik eta segurtasun, osotasun eta eskuragarritasun handienaz sartzeko baldintzak, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak.
2. Datu horien eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da, izan ere gainerako administrazio publikoek beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabaki beharrez haiek arautzen dituen araudiaren arabera interesdunari eskatzen dizkiotenak baizik ez dituzte eskuratuko.
3. Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu eta dagokion eremuan behar dituen teknologiak sartuko, bere sareen interkonexioa ahalbidetzeko, sortze aldera administrazio publikoen informazio sistemak elkarrekin lotzen dituen komunikazio sare bat, haien artean trukatu ahal izateko informazioa eta zernahi zerbitzu, bai eta ahalbidetzeko ere Europar Batasuneko eta beste estatu kideetako erakunde sareekiko interkonexioa ere.
4. Bereziki, Udalak Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala hartu beharko du aintzat, informazioaren, formatuen eta aplikazioen segurtasun, kontserbazio eta normalizazio arloko irizpide eta gomendioen multzoa denaz bezainbatean.
5. Horretaz gainera, Segurtasunaren Eskema Nazionalari ere jarraituko dio, baliabide elektronikoak erabiltzeko segurtasun politika bat izate aldera, betiere erabat errespetatuz tratatutako informazioaren segurtasuna behar bezala bermatzen duten gutxieneko oinarrizko printzipioak eta osoki betez baldintzak.
42. artikulua. Sistemak eta aplikazioak berrerabiltzea.
1. Udalak eskatzen duten administrazio publikoen esku jarriko ditu haren zerbitzuek garatutako aplikazioak, edo haiek kontratatutakoak, zeinen jabetza intelektualeko eskubideen titular baita, salbu eta lotzen zaien informazioa arau baten babes bereziaren xede bada, ukatu gabe lagatako aplikazioen erosketa edo fabrikazio kostuaren eragina, eta iturri ireki direla, baldin eta horrek administrazio publikoaren funtzionamenduan gardentasun handiagoa badakar edo herritarrak informazioaren gizartean txertatzea sustatzen badu.
2. Udalak, aplikazio bat erosi, garatu edo haren bizi-ziklo osoan mantendu baino lehen, bai bere bitartekoen bidez bai dagokion zerbitzuak kontratatuz eginda ere, hura berrerabiltzeko irtenbiderik, gauzatu nahi diren premiak, hobekuntzak edo eguneratzeak guztiz edo zati batean estaltzen ahal dituenik, baldin eta elkarreragingarritasuneko eta segurtasuneko baldintza teknologikoek horretarako bidea ematen badute.
43. artikulua. Administrazioen arteko teknologia transferentzia.
Udalak aplikazioen direktorioak egunean izanen ditu, libreki berrerabiltzeko, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean xedatuarekin bat. Direktorio horiek guztiz elkarreragingarriak izanen dira Estatuko Administrazio Orokorraren direktorio orokorrarekin, bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa bermatze aldera.
V. TITULUA
Administrazio prozedura elektronikoa
44. artikulua. Espediente elektronikoa.
1. Administrazio-espediente elektronikoa da jatorri hori duten dokumentu eta jarduketen multzo ordenatua, administrazio-ebazpenaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena eta hura betearazteko eginbideak ere jasotzen dituena.
2. Espedienteak formatu elektronikoa izan behar du, eta haren osagai izan behar duten dokumentu, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatuko da, eta barnean dituen dokumentu guztien aurkibide zenbakitu batekin joanen, bidaltzen denean. Espedientean jaso behar da, orobat, harturiko ebazpenaren kopia elektroniko ziurtatua.
Aurkibide zenbakitu horrek bermatuko du espediente elektronikoaren osotasuna eta aukera emanen du hura behar den guztietan berreskuratzeko; onargarria izanen da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.
3. Interesdunari espedienteak igorri beharrean, erabat legezkoa izanen da espediente elektronikoa haren eskura jartzea; interesdunak kopiak paperean ateratzeko eskubidea izanen du.
4. Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat bidali beharra dagoenean, Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasunari buruzko Arau Teknikoetan ezarritakoaren arabera bidaliko da, osorik, orrialdeak zenbakiturik, autentifikaturik eta dituen dokumentu guztien aurkibide orobat autentifikatu batez lagundurik. Aurkibide hori autentikatzeak bermatuko du sortutako espediente elektronikoa osorik eta aldaezina izatea sinatzen denetik, eta aukera emanen du behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria da dokumentu bera espediente elektroniko desberdinetan egotea.
5. Ez da administrazio-espedientearen parte izanen informazio lagungarria edo osagarria, hala nola aplikazio, fitxategi eta datu-base informatikoetakoa, ohar, zirriborro, iritzi, laburpen, komunikazio eta txostenetakoa, izan txostenok barrukoak edo administrazio-organo edo entitateen artekoak eta, orobat, administrazio publikoek emandako balio-judizioak, non eta ez diren prozedurari amaiera ematen dion administrazio-ebazpena baino lehen eskatutako txostenak, nahitaezkoak eta aukerakoak.
45. artikulua. Administrazio prozedura hastea.
1. Tramitazio elektronikoan sartutako prozedura administratiboak baliabide elektronikoen bidez hasi ahalko dira alderdi batek eskaturik, ordenantza honetan arautu den erregistro elektronikoan ereduaren araberako eskabidea aurkeztuz.
2. Aurreko atalean aipatutako eskabide elektronikoek sinadura elektronikoa izan beharko dute, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 70. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak ere.
3. Interesdunak behar diren edo komenigarritzat jotzen dituzten dokumentuen kopia digitalizatuak eransten ahalko ditu; horien jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko du sinadura elektroniko aurreratuko sistemaren bidez. Udalak edozein unetan eskatzen ahalko dio interesdunari jatorrizko dokumentua edo informazioa erakusteko, eta orobat, dagokion artxiboari eskatzen ahalko dio aurkeztutako kopien edukia jatorrizkoarekin erkatzeko. Kopia horiek aurkezteak esan nahi du administrazioari baimena ematen zaiola dokumentu horietan jasotako informazio pertsonalean sartu eta hura erabiltzeko.
4. Haien erabilera erraztu eta bultzatzeko, eskaera egiteko sistema normalizatuek izan ahalko dituzte egiaztapen automatikoak, aurkeztutako informazioa bere sistemetan edo beste administrazio publiko batzuen sistemetan jasotako datuekin bat heldu ote den ikusteko, eta are eskaini ahalko ere galdetegi elektronikoaren eremuak beteta, osorik edo partez, interesdunak informazioa egiazta eta, hala behar badu, alda eta osa dezan.
46. artikulua. Prozeduren tramitazio elektronikoa.
1. Administrazioko tramiteak baliabide elektronikoen bitartez egiteko onesten diren programa, aplikazio eta sistema informatikoek honako hauek bermatu beharko dituzte: epeen kontrola, data eta ordua agertzea, eta jarduketen arduradunen identifikazioa. Gainera, espedienteen tramitazio hurrenkera errespetatu beharko dute.
2. Administrazioko organoek bermatuko dute interesdunei entzuteko eskubidea eta herritarrei informazio publikoa emateko eskubidea baliabide elektronikoen bidez gauzatzeko aukera egotea, bidezkoa denean.
3. Interesdunak tramitazioaren egoerari buruzko informazioa eskatu eta lortu ahalko du sartutako tramiteetan ezarritako modalitateez baliatuz.
4. Udalak interesdunari tramitazioaren egoerari buruzko abisuak igorri ahalko dizkio, interesdunak harremanetarako adierazi dizkion helbide elektronikoetara.
47. artikulua. Administrazio prozeduraren instrukzioa.
1. Baliabide elektronikoen bidez tramitaturiko administrazio prozedura batean, interesdunaren jarduketa guztiek eta dagozkion administrazio egintzek bete beharko dituzte legeak orokorki ezartzen dituen baliozkotasun irizpideak; horretaz gainera, luzatu eta jaso beharko dira ordenantza honetan arautzen den erregistro elektronikoaren bitartez.
2. Ordenantza honetan komunikatzeko eta jakinarazteko ezartzen diren baliabideak erabiliko dira interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartu beharrez baliabide elektronikoak erabiltzen direnean. Halakorik gertatuko da interesdunek alegazioak aurkezteko duten eskubidea erabiltze aldera, hori noiznahi egiten ahal baitute ebazpen proposamenaren aitzin, edo bidezko denean, entzute tramitearen bitartean.
3. Bai ziurtagiri eta dokumentu elektronikoetan bai datuen igorpenetan, haien luzapena, tratamendua eta ondorioak ordenantza honen araberakoak izanen dira, hertsiki loturik datu pertsonalak babesteko araudiari, baita administrazio prozedurari aplikatzen ahal zaizkion gainerako arauei ere.
Paperezko ziurtagiri bat dagozkion datuen igorpenarekin ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da horien titularrak igorpena espresuki baimentzea, datu pertsonalei buruzko araudiak ezartzen duenarekin bat, lege mailako arau batek ezartzen dituenetan izan ezik. Baimenik ematen ez badu, interesdunak behar den ziurtagiria eskatu beharko du, eta hura aurkeztu.
4. Administrazio prozedura elektroniko batera ekartzen bada berarekin ikusteko duten paperezko edo bestelako euskarri fisikodun dokumenturik, erregistro elektronikoan prozedura horri dagokion zenbakia eta erregistro kode bana-banakoa jaso beharko dira.
5. Udalak bultzatuko du baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharrean interesdunak erantzukizunpeko adierazpena egin dezan, bertan adierazita baldintza horiek betetzen direla eta Administrazioak eskatuta behar diren agiriak aurkezteko konpromisoa hartzen duela.
48. artikulua. Administrazio prozedura amaitzea.
1. Kasu bakoitzean eskuduntzat hartzen den organoaren nortasuna bermatuko da prozedura bati baliabide elektronikoen bidez amaiera ematen zaionean.
2. Prozedura elektroniko bati amaiera ematen dion egintzak edo ebazpenak beteko ditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako baldintzak, eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen organo administratiboak onartutako sinadura elektronikoa izanen du.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehendabiziko xedapen gehigarria.–Aplikatzeko, garatzeko eta abian jartzeko gaikuntza.
1. Alkatetza gaitu da bidezko diren jarraibideak hartu ahal izan ditzan, ordenantza hau egiazki aplikatze eta garatze aldera.
Bigarren xedapen gehigarria.–Idazkaritzaren goi-mailako kudeaketa eta zuzendaritza. Udaleko Idazkaritzari dagokio Udalean administrazio elektronikoaren benetako ezarpenaren goi kudeaketa eta zuzendaritza eta, bereziki, Udalaren fede publikoarekin duten lotura zuzena izateagatik, gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioei erreserbatua, honako hauei buruzko alderdiena: egoitza elektronikoa, ediktuen taula elektronikoa, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, jakinarazpen elektronikoak eta agiri elektronikoak.
Hirugarren xedapen gehigarria.–Langileen prestakuntza eta herritarrei zuzendutako kanpaina.
1. Udalak bultzatuko du bere zerbitzuko langileen prestakuntza, bere jardueretan baliabide elektronikoak erabil ditzaten.
2. Udalak beharrezko informazio kanpainak gauzatuko ditu, herritarrek ordenantza honen aurreikuspenak ezagut ditzaten.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Xedapen iragankorra.–Tramite eta prozedurak administrazio elektronikora ekartzea.
1. Udalak progresiboki ekarriko ditu tramitazio elektronikora tramite eta prozedura administratiboak, ordenantza honetan ezarritako printzipio orokorrei eta prozedurari jarraituz, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen babesean.
2. Betiere, ekarpenak egina behar du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean sartu baino lehen, honako hauei dagokionez: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektronikoa eta fitxategi elektroniko bakarra.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.–Tramite eta prozedura berriak.
Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta tramite administratibo berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek jaso beharko dute horiek baliabide elektronikoen bidez tramitatzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.
Azken xedapenetan bigarrena.–Arauak egokitzea.
Udalak bere arauak egokitzeko konpromisoa hartzen du, ordenantza hau abian jartzeko, betiere udal aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera.
Azken xedapenetan hirugarrena.–Administrazio prozedura erkidearen arloko legeen aplikazioa.
Ordenantza honetan ezarritakoa aplikatuko da, honako hauetan ezarritakoa deusetan ukatu gabe: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta haiek garatzeko eman daitezkeen gainerako arauak.
Azken xedapenetan laugarrena.–Indarra hartzea.
Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 eguneko epean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1905666
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
