99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

32/2019 FORU AGINDUA, apirilaren 30ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, Arte Gaztearen 2019ko Topaketak izeneko programaren oinarriak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 453199.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua arlo horretako erakunde eskuduna da, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legean ezarritakoaren arabera, zeinak 3. atalean Gazteriaren arloko politikak lantzen baititu. Haren 27. artikuluak (“Gazteak eta kultura”) honako hau dio 1. apartatuan: “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, arlo horietan eskudunak diren departamentuen bitartez eta indarra duen araudiarekin bat, gazteen kultura eta sormena sustatzeko politikak gauzatuko ditu”.

Halaber, argigarria da 27. artikuluaren 2. apartatua –f) letra–, adierazten baitu gazteei zuzentzen zaizkien kultur politika horien xedeetako bat dela “artista gazteei laguntza ematea berariazko programen bidez eta Nafarroako Foru Komunitateko kultur eskaintza orokorrean sartuz”.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuan xedatutakoak sendotu egiten du eskumen hori, bai eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beraren estatutuek ere (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak), gazteriaren esparruari berariaz heltzeko. Zehatz-mehatz, 24. artikulua Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalaren eginkizunei buruzkoa da, eta d) apartatuan honako hau dio: “Gazteen kultur sormena eta artean duten parte-hartzea bultzatzea ekintza hauen bidez: dirulaguntzetarako deialdiak, lehiaketak egitea, coworking guneak bultzatzea, arte egoitzak eta gazteen arte laborategia sortzea”.

Haren xede orokorra da herritar gazteen eskubideak babestea, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean askatasunez eta eraginkortasunez parte hartuz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardunez.

Horretarako, helburu horiei erantzuten dieten programak antolatzeaz arduratzen da, hala nola artista gazteak hedatu eta sustatzea diziplina arteko jarduera artistikoak eginez, edozein sormen eta ekoizpen artistiko antzezten eta trukatzen laguntzen dutenak eta artista gazteen lanbide eta prestakuntza garapena ahalbidetzen dutenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Arte Gaztearen Topaketak izeneko programa hogeita hamahiru urtean egin da, eta hainbat arte modalitate bildu ditu: musika, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak eta diseinua. Hori guztia egin da, “gorantz doan arte berria” deritzonaren bilakaera gisa eta kultura ezberdinak bateratu eta integratzearen ondorioz eta elementu berriak, arte eta kultura arloko kanonen artean egon ohi ez zirenak, gehitzearen ondorioz.

Asko dira edizio horietan guztietan parte hartu duten artistak, hautatu ondoren sariak irabazi dituztenak. Programak topaketa sareak sortu, eta artistak gure mugetatik kanpo hedatzen lagundu du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Arte Gaztearen 2019ko Topaketak izeneko programaren oinarri arautzaileak onestea, baita foru agindu honi erantsi zaizkion gainerako eranskinak ere.

2. 87.800 euroko (laurogeita zazpi mila eta zortziehun euro) gastua baimentzea Arte Gaztearen 2019ko Topaketak izeneko programaren antolaketa orokorrari buruzko gastu guztiei aurre egiteko.

Zenbateko horretatik, 62.800 euro programa antolatzeko eta garatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Gobernuaren 2019rako aurrekontuko partida ekonomiko honi egotziko zaizkio: A50003 A5220 2269 232104 partida, “Sustapen programak: arte gaztea, elkartasuna, kontsumoa eta beste batzuk”.

25.000 euro modalitate bakoitzari dagozkion sariak finantzatzeko erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren 2019rako aurrekontuetako “Sariak, lehiaketak eta txapelketak” izeneko A50003 A5220 4809 232100 partida ekonomikoaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek guztiak https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

ARTE GAZTEAREN 2019KO TOPAKETAK IZENEKO PROGRAMAREN XXXIV. EDIZIOAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Atarikoa

Nafarroako Gobernuak, Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez, Arte Gaztearen 2019ko Topaketak antolatzen ditu honako modalitate hauetan: arte plastikoak eta ikusizkoak, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, musika eta moda diseinua.

Arte Gaztearen Topaketen helburuak, artista gazteak topatzeko aukera emateaz gain, honako hauek dira: lanen sorkuntza eta ekoizpena bistaratzea eta artisten prestakuntzan laguntzea, bai eta ere elkarrizketarako eta ezagutzaren trukerako guneak sustatzea diziplina orotako artista gazteen artean.

Topaketak garatzeko estrategiaren barruan, erakusketak, emanaldiak eta eztabaidak eginen dira. Horietan, lan guztiak islatuko dira jendearentzat zabalik dauden jarduera paralelo batzuetan, zeinetan partaidetza bidezko prestakuntza artistikoa eta arteen arteko elkarrizketa funtsezko osagai izanen baitituzte.

Hautatutakoek aukeratu diren lanen aurkezpen eta defentsa publikoa eginen dute, hautatutako guztien bertaratze eta parte-hartzearekin.

Topaketetan zehar lantegiak, tutoretzak eta prestakuntzarako beste mekanismo batzuk eginen dira, modalitate guztiak aintzat hartuz. Hori guztia Uharteko Zentroan eginen da.

Arte Gaztearen Topaketak programa urtero egiten da, eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen du.

2019ko urriaren 3tik 13ra eginen dira.

Arau orokorrak.

Nafarroako Gobernuak Gazteriaren Zuzendariordetzaren bidez antolatzen duen “Arte Gaztearen 2019ko Topaketak” programan parte hartzeak berarekin dakar jarraian adierazten diren oinarriak onartzea.

Xedea.

Oinarri hauen xedea da “Arte Gaztearen 2019ko Topaketak” programan parte hartzeko baldintzak ezartzea; programa horren bidez, Gazteriaren Zuzendariordetzak jardun artistikoa, artea ekoizteko espazioak, haren prozesuak eta ikerketa agertu eta horiei buruzko eztabaida egin nahi du. Horrez gain, lagundu nahi da arte komunitatearen sarea sortzen, elkarreragiten duena eta proiektuak eta ideiak trukatzen dituena.

Modalitateak.

“Arte Gaztearen 2019ko Topaketak” programaren XXXIV. edizioko modalitateak honako hauek dira:

–Arte eszenikoak:

Edozein kolektibok edo artistak parte hartzen ahal du, dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkoaren edo lengoaia eszeniko garaikideei eta arte biziei loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proiektua, muntaia edo lan batekin.

–Arte plastikoak eta ikusizkoak:

Edozein kolektibok edo artistak parte hartzen ahal du, arte plastiko eta ikusizkoen esparruan arte garaikidearen lengoaiarekin loturiko lan batekin, modalitate horretatik eratorritako zeinahi teknikarekin egindako lan edo proiektu baten bidez.

–Ikus-entzunezkoak:

Edozein kolektibok edo artistak parte hartzen ahal du ikus-entzunezko lan edo proiektu batekin, zinemako pantailetan, telebistan, ordenagailuetako aplikazioetan edo gailu elektroniko mugikorretan ematekoa.

–Musika:

Musikariek, bakarkakoek edo kantautoreek, edo zeinahi estilo eta joeratako banda edo musika taldeek parte hartzen ahal dute, edozein musika formatutan.

–Moda diseinua:

Diseinatzaileek edo kolektiboek parte hartzen ahal dute, modaren alorrarekin lotura duten janzkera eta/edo osagarrien diseinuzko lan edo bildumekin.

Parte-hartzaileak.

Deialdian parte hartzen ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituzten gazte guztiek:

–Nafarroako foru izaera zibila edukitzea, edo Nafarroako Foru Komunitatean jaioa izatea edo bizitzea, eta 16tik 30 urte bitarte izatea, biak barne, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako beteak.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 adin horretatik gorakoak edo behekoak izaten ahalko dira.

–Taldea edo kolektiboa izanez gero, parte hartzen dutenen %33 Nafarroatik kanpokoak izaten ahalko dira.

–Taldeko edo kolektiboko ordezkaritzat joko da eskaera sinatzen duen pertsona.

Inskripzio-eskaerak eta obren aurkezpena.

Eskabideak Nafarroako Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren erregistroan aurkezten ahalko dira (Nafarroa Arena kiroldegiko 1. solairua - Aizagerria plaza 1, 31006 Iruña), baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion ziurtagiriaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun berean, programa kudeatzen duen organoari (Gazteriaren Zuzendariordetza) iragarri beharko dio mezu elektroniko baten bidez (encuentros@navarra.es) eskaera igorri duela. Bi beharkizun horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskabideak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

Arte Gaztearen Topaketak programan inskribatzeko eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta ekainaren 24an amaituko da.

Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Izena emateko inprimakia, behar bezala betea. Inprimaki hori Gazteriaren web-orritik ere deskarga daiteke:

https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu/gazte-arte-topaketak

–Artistaren nortasun-agiri nazionalaren edo AIZren fotokopia, baita, hala bada, taldean edo kolektiboan parte hartzen duten pertsona guztien nortasun-agiriena ere.

–Nafarroan jaio ez diren egoiliarren kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko bizilekuaren frogagiria edo Erregistro Zibilak emandako ziurtagiria, nafar izaera zibila duela adierazten duena.

–Curriculum artistikoa, artistaren edo taldearen ibilbidea zehazten duena.

–Txostena (formatu elektronikoan aurkeztuz gero, pdf formatuan aurkeztu beharko da). Txostenak 15 orri izanen ditu, gehienez. Txostenaren espezifikotasunak modalitate bakoitzarekin bat etorriko dira, eta agiri honen eranskinetan zehaztuko dira.

–Dokumentazioa aurkezteko modua:

• Paperean edo formatu elektronikoan aurkezten ahalko da, jaisteko esteka bat bidalita.

• Ezin izanen dute programan parte hartu dokumentazioa aurkeztu ez duten pertsonek, oinarrietan adierazi bezala.

Epaimahaia.

Gazteriaren Zuzendariordetzak izendatuko ditu modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten pertsonak. Entzute handikoak diren eta kultur kudeaketa, ekoizpen eta bitartekotza artistikoari eta/edo artea ekoizteko eta sustatzeko laborategi eta espazioei lotuta dauden adituen eta profesionalen artean hautatutako pertsonek osatuko dituzte epaimahaiak.

Modalitate bakoitzak hiru pertsonak osatutako epaimahai bat eta idazkaritza bat izanen ditu; azken hori Gazteriaren Zuzendariordetzari atxikitako pertsona batek hartuko du bere gain, hitza izanen du, baina botorik ez, eta ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen ahal diren kontu guztiak ebazteko.

Batzordekideak ez badaude edo eri badaude, Gazteriaren Zuzendariordetzak izendatutako ordezkoak arituko dira haien ordez.

Epaimahaiak programan parte hartzen duten pertsona eta kolektiboen lanak eta proiektuak ebaluatuko ditu. Ondoren, erabakia hartuko du gehiengoari jarraituta, eta egokitzat jotzen duen aholkularitza teknikoa eskatzen ahalko du. Gainera, epaimahaiaren lana izanen da hautatutako artisten norbanakoen tutoretzak eta lantegiak egitea. Halaber, amaierako jaian eta sari ematean ere parte hartuko dute.

Hautatze prozesua.

Balorazioa kalitate artistikoan, esperimentazioan eta ikerketan oinarrituko da.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak lehen aukera bat eginen du aurkezten diren eskabideen artean. Hautatu diren artistek deialdian aurkeztu dituzten proiektuen jendaurreko aurkezpena eta defentsa eginen dituzte, modalitate bakoitzari hobekien egokitzen zaion formatuan.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak bere deliberazioen akta egin, eta sariak ematea proposatuko du, bere erabakia justifikatuta.

Sariak-Laguntzak.

Modalitate bakoitzeko hiru sari daude:

1. saria: 2.500 euro.

2. saria: 1.500 euro.

3. saria: 1.000 euro.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira sariak.

Deliberazioak biltzen dituen akta eta epaimahaiaren epaia sariak emateko moduaren justifikazioak dira.

Sariak emateko ebazpena jendaurrean jarriko da, bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko iragarki-taulan (Nafarroa Arena kiroldegiko 1. solairua - Aizagerria plaza 1, 31006 Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere: http://www.nafarroa.es/home_eu/Servicios/. Parte-hartzaile guztiei posta elektronikoz jakinaraziko zaie, baina informazioa zabaltzearren bakar-bakarrik.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren berrogeita bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, sariei dagokien zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuta egonen da %19an.

Jarduerak egiteko datak eta espazioa.

Obren jendaurreko aurkezpena, lantegiak, topaketak eta jarduerak 2019ko urriaren 3tik 13ra izanen dira.

Tutoretzak eta lantegiak Uharteko Zentroan izanen dira. Jendaurreko aurkezpenak zenbait espaziotan izanen dira, zer aurkezten den, eta horren arabera: arte plastikoen eta ikusizkoen erakusketak Uharteko Zentroan, ikus-entzunezko proiekzioak Nafarroako Filmotekan, kontzertuak eta emanaldiak Civivoxen eta kontzertu-aretoetan eta moda diseinua Baluarten.

Sari banaketa urriaren 19an eginen den azken festa batean izanen da, non artistek eta epaimahaiko kideek parte hartuko baitute eta hautatutako obrak proiektatuko baitira.

Gorabeherak.

“Arte Gaztearen Topaketak” programan egon daitezkeen gorabeherak eta oinarri hauek aurreikusi gabeko kontu guztiak Gazteriaren Zuzendariordetzak ebatziko ditu.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzak ahalmena izanen du oinarri hauen interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan egon daitezkeen kontuak ebazteko.

Gazteriaren Zuzendariordetza salbuetsita egonen da parte-hartzaileek egin dezaketen edozein plagiogatik edo jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen legediaren edozein urraketagatik sortzen den edozein erantzukizunetatik.

Datuen babesa.

Datu Pertsonalen Babesari buruzko abanduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen dutena betez, parte-hartzaileek emandako datuak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartzen ahalko dira, programarekin zerikusia duten gaitasunak eta eginkizunak dituzten pertsona eta entitate guztiekin komunikazioak eta informazio trukeak errazteko asmoz. Edonork bere eskumeneko informazioari buruzko datuetan sartu, zuzendu, ezereztu eta aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko ditu. Horretarako, idatziz zuzendu beharko zaio Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, agiri honen amaieran aipatzen den helbidera.

Harreman iraunkorrak.

Gazteriaren Zuzendariordetza. Yanguas y Miranda kalea, 27. 31003. Iruña.

Telefonoa: 848-423900 848-427841.

encuentros@navarra.es

Esteka: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/eu

II. ERANSKINA

BERARIAZKO OINARRIAK

Arte eszenikoen lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Edozein konpainiak, kolektibok edo artistak hartzen ahalko du parte, haren lana lengoaia eszeniko garaikideekin eta arte biziekin lotuta badago. Horretarako dantzaren, antzerkiaren, performancearen, zirkoaren edo modalitate honekin loturiko beste zeinahi joeraren esparruko proiektua, obra edo muntaia prestatuko du.

Berariazko dokumentazioa-dosierra.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

–Obraren laburpena.

–Obraren fitxa artistikoa.

–Obraren fitxa teknikoa.

–Proiektua Interneten ikusteko esteka edo bideo-grabaketa.

–Proiektuari buruzko dokumentazio osagarria, nondik norakoa ulertzen laguntzen duena.

–Antzeztu beharreko obraren berezitasunaren ondoriozko berariazko beharrak.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea. Epaimahaiak artistek aurkeztu dituzten dokumentazioa eta aurkeztutako lanen bideograbaketak baloratuko ditu, eta gehienez ere 15 proposamen hautatuko ditu.

–2. fasea. Artistek 2019ko urrian antzeztuko dituzte hautatutako lanak. Proposamenen nolakoaren arabera, antzezpenerako espazioak Iruñeko Civivox, Uharteko Zentroa edo beste bat izan daitezke.

–Hautatutako artisteekin koordinazioa izanen da, talde bakoitzak antzeztu beharreko obraren datak eta ordua adosteko, baita antzezpenerako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek espazio horietan erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

–Bilera bat eginen da epaimahaiko kideen eta proiektua aurkeztu duten artista hautatuen artean, iritzia eta pentsamendua sortzen laguntzeko, eta ideia eta ikasketa berriak agertzen laguntzeko.

–3. fasea. Epaimahaiak lan sarituen epaia emanen du.

–Uharteko Zentroan prestakuntzarako eta eztabaidarako jarduera osagarriak gauzatuko dira hautatutako pertsonekin.

Epaimahaia.

Emi Ecay. Goi mailako tituluduna zuzendaritza eszenikoan eta dramaturgian. Antzerki zuzendaria eta antzezlea. Praktika eszenikoari buruzko lantegiak ematen ditu estatu guztian zehar.

Gabriel Villota. Arte Ederretako irakaslea eta Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Artista eta ikusizko arteei buruzko jardueren antolatzailea. Bere azken lanen artean aipatzekoak dira zinemari eta dantzari buruzko zenbait testu.

Ghislaine Verano. Iruña. Dantzari eta koreografoa. Inmediaciones jaialdiaren zuzendarietako bat da eta PIG kolektiboko kidea da. Hau emakumezko ikertzaileen eta sortzaileen biltzar bat da, non eszenarekin eta gorputzarekin loturiko arte-lengoaiak lantzen baitira. Akonpainamendu taldeko kidea da programan PICA (irudimen kolektiboa eta ikerketa artistikoko prozesuak lantzeko programa). Los Plastones taldeko kidea da.

III. ERANSKINA

Arte plastiko eta ikusizko arteen lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Edozein kolektibok edo artistak parte hartzen ahal du, arte plastiko eta ikusizkoen esparruan arte garaikidearen lengoaiarekin loturiko obra edo proiektu bat aurkeztuta, arlo hauetakoren batekoa: pintura, eskultura, grabatua, argazkia, teknologia berriak, bideoartea, perfomancea, instalazioa edo modalitate honen barruko beste edozein teknika edo formatu.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

–Aurkeztutako obraren edo proiektuaren irudiak, haren nondik norakoa ulertzea ahalbidetzen dutenak.

–Aurkezten den obraren fitxa teknikoa, neurriak, muntaia egiteko argibideak eta behar espezifikoak zehaztuz, beharrezkoa bada.

–Obra bistaratzeko estekak sar daitezke.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea. Epaimahaiak proiektuen dosierrak baloratuko ditu eta gehienez ere 15 lan hautatuko ditu.

–2. fasea. Hautatutako obren erakusketa bat eginen da Uharteko Zentroan, urriaren 4tik 13ra.

–Hautatutako artistekin koordinatuko da proiektu edo artelan bakoitza, nola aurkeztu eta muntatuko den eta zer baldintza tekniko dituen. Artelanen bilgarri guztiek egileen izen eta deiturak agertu behar dituzte. Lanak hartzen dituzten bilgarri guztiek egileen izen eta deiturak agertu beharko dituzte.

–Bilera bat eginen da epaimahaiko kideen eta proiektua aurkeztu duten artista hautatuen artean, iritzia eta pentsamendua sortzen laguntzeko, eta ideia eta ikasketa berriak agertzen laguntzeko.

–3. fasea. Epaimahaiak lan sarituen epaia emanen du.

–Uharteko Zentroan prestakuntzarako eta eztabaidarako jarduera osagarriak gauzatuko dira hautatutako pertsonekin.

Epaimahaia.

Julie Laymond. Bidart. Coop-Bidarteko komisarioa eta zuzendaria. Arte garaikidea sustatzen duen kooperatiba, bulkada profesionala duen kooperatiba batean artistak, antzezleak eta musikariak bildu nahi dituena, sormenaren eta artearen alorreko profesionalen eskubideak defendatzeko. Kooperatibismoa gizarte ekonomiaren joera berri bat den aldetik.

Iker Serrano. Iruña. Artista plastikoa. 2011ko Topaketen irabazlea. Basauriko Arizko Dorreko erakusketen koordinatzailea.

Txuspo Poyo. Altsasu. Artista eta ikertzailea. Metodologia prozesal bat erabiltzen du, muntaiaren zentzu oso zorrotzarekin, elkarren ondoko istorioak marrazteko, ikerketatik eta belaunaldiz belaunaldi hibridoki gurutzatzen diren zenbait gertaeraren azterketatik abiatuz.

IV. ERANSKINA

Ikus-entzunezkoen lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Edozein kolektibok edo artistak parte hartzen ahal du ikus-entzunezko lan edo proiektu batekin, zinemako pantailetan, telebistan, ordenagailuetako aplikazioetan edo gailu elektroniko mugikorretan ematekoa.

Obrak fikziozkoak, dokumentalak edo iragarkiak izan daitezke, bideo euskarrian, 2-D eta 3-D animazioan, bideojokoan, interaktiboan edo ikus-entzunezko teknikak erabiltzen dituen beste edozein euskarritan eginda.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

–Aurkeztutako obraren laburpena.

–Hiru eta sei fotograma artean, beren fitxa teknikoarekin, iraupena eta hedapenerako formatua zehaztuta.

–Proiektua Interneten ikusteko esteka.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzen dutenak.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea. Proiektuak lehenagotik ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira, eta epaimahaiak 10 lan hautatuko ditu gehienez.

–2. fasea. Obra hauek jendaurreko proiekzio publiko batean ikusiko dira, 2019ko urriaren 3an, Nafarroako Filmotekan.

–Bilera bat eginen da epaimahaiko kideen eta proiektua aurkeztu duten artista hautatuen artean, iritzia eta pentsamendua sortzen laguntzeko, eta ideia eta ikasketa berriak agertzen laguntzeko.

–3. fasea. Epaimahaiak lan sarituen epaia emanen du.

Epaimahaia.

Garbiñe Ortega. Gasteiz. Punto de Vista Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria.

Alberto Cañada. Iruña. Nafarroako Filmotekako programazio zuzendaria. Idazlea eta zinema iruzkingilea.

Blanca Oria. Iruña. Editorea eta zineman espezializatutako kazetaria. Dokumental batzuen egilea eta Anime (FAN) Jaialdiaren zuzendaria.

V. ERANSKINA

Musikako lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Edozein musika estilo edo joeratako bakarkako musikariek edo kantautoreek, edo banda edo musika taldeek hartzen ahal dute parte.

Talde edo musikari bakoitzak gutxienez 20 minutu dirauen errepertorio propioa eduki behar du, musikaren esparruko edozein musika edo soinu formatutan.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

–Proiektuaren fitxa teknikoa: taldeko kideak, instrumentuak, behar berariazkoak, eta abar.

–10 minutu inguruko grabazioa mp3 formatuan.

–Beste material batzuk eransten ahalko dira, obra edo proiektua ulertzen laguntzeko.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea (hautapena) Aurkeztutako grabazioak baloratu ondoren, epaimahaiak 10 musika proiektu hautatuko ditu, gehienez, finalaurrekoetan aritzeko.

–2. fasea (finalaurrekoak) Hautatutako artistek zuzeneko emanaldiak emanen dituzte 2019ko urriaren 3tik 13ra, orain zehaztugabe dauden tokietan (finalaurrekoak). Toki hauek proiektu bakoitzaren izaerari egokiak izan daitezen saiatuko da.

–Artista bakoitzarekin koordinatuko dira emanaldiaren egunak eta tokiak, baita emanaldirako behar diren baldintza teknikoak ere; dena den, horiek espazio horietan erabilgarri dauden baliabide teknikoetara egokitu beharko dira.

–Bilera bat eginen da epaimahaiko kideen eta proiektua aurkeztu duten artista hautatuen artean, iritzia eta pentsamendua sortzen laguntzeko, eta ideia eta ikasketa berriak agertzen laguntzeko.

–3. fasea. Epaimahaiak lan sarituen epaia emanen du.

Epaimahaia.

La Furiaren arraza-eraginak agerikoak dira (runba, soula, kopla eta kopla-kantariak, rapa maite ditu). Nerea Loron “La Furia”. Cascante 1983. Raperoa. Bi disko egin ditu: “No hay clemencia” (2013) eta “Vendaval” (2017). Ahalduntze feministaren eta raparen lantegiak ematen ditu, gazteentzat.

Ioseba Irazoki. Bera. Musikaria, gitarra jotzailea, konpositorea. Esperimentaziotik sustraietara saltoka ibili ohi da, eta alderantziz. ‘Bas(h)oan’ proiektuaren sortzailea. Proposamen harrigarri eta ezberdin bat. Tradizioa eta garaikidetasuna, dena era unibertsalean tratatua.

Juanjo Eslava. Gijón. Nazioartean ezagunak diren taldeekin lan egiten du, baita musika tradizionala lantzen duten hainbat herrialdetako musikariekin ere. Konpositorea-ikertzailea den aldetik, instrumentu-keinuari buruzko ikerketa-proiektu bat egin du Ircam (Paris) institutuarekin eta Kunitachi-College-of-Music (Tokio) unibertsitatearekin batera.

VI. ERANSKINA

Moda diseinuaren lehiaketaren oinarriak

Xedea.

Diseinatzaileek edo kolektiboek parte hartzen ahal dute, modaren alorrarekin lotura duten janzkera eta/edo arroparen diseinuzko lan edo bildumak aurkeztuta.

Berariazko dokumentazioa.

Oinarri orokorretan eskatzen den dokumentazioaz gain, aurkezten den dosierrak hauek edukiko ditu:

Diseinu-proiektu sortzaile bat, honako hauek edukiko dituena:

–Ikusizko panel bat, aurkezten den proiektua eta bere xehetasun teknikoak azaltzen dituen testuarekin.

–Proiektuaren plangintza, ilustrazioren batekin.

–Desfilea aurkezteko berariazko beharren azalpena.

Lehiaketaren garapena.

–1. fasea. Epaimahaiak dosierrean aurkezten diren proiektuak baloratuko ditu, eta gehienez ere 10 bilduma aukeratuko ditu.

–2. fasea. Hautatutako artistek beren proiektua aurkeztuko dute Baluarten urrian eginen den desfile batean.

–Hautatutako diseinatzaileek eraman beharko dituzte beren jantziak desfilea egiteko aukeratzen den tokira.

–Diseinatzaileek beren diseinuak jantziko dituzten modeloak izanen dituzte eskura, baita ile-apainketa eta makillaje zerbitzuak eta aldagelak ere.

–Bilera bat eginen da epaimahaiko kideen eta proiektua aurkeztu duten artista hautatuen artean, iritzia eta pentsamendua sortzen laguntzeko, eta ideia eta ikasketa berriak agertzen laguntzeko.

–3. fasea. Epaimahaiak bilduma sarituen epaia emanen du.

Epaimahaia.

Karlota Laspalas. Iruña. Diseinatzailea. Moda Diseinuko unibertsitate karreraren koordinatzailea Creanavarran. Nazio mailako hainbat sari irabazi ditu. Bildumak Amsterdam, Berlin, Gorizia, Madril, Murtzia, Bilbo eta Bartzelonan.

Mikel Colás. Iruña. Diseinatzailea. Bildumak aurkeztu ditu Cibeles-Madril, Mercedes Benz Fashion Week; Texmedin Design Challenge Saria, Moda Diseinuaren Saria Nafarroako Arte Gaztearen Topaketetan. Ehun natural eta jasangarrien alde egiten du. Erabiltzen dituen material guztiak Espainian eginda daude. Jantziak Nafarroako lantegi txikietan prestatzen ditu.

Miriam Ocáriz. Bilbo-1968. Arte Ederretako lizentziaduna. Gaur egungo disenatzailerik abangoardistenetako bat.

Iragarkiaren kodea: F1906195