99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei oporren programetarako dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena 2019. urterako. DDBN identifikazioa: 447197.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Halaber, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, agintari publikoek urritu fisikoak, zentzumenezkoak eta psikikoak tratatzeko, bizkortzeko, integratzeko eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. “Bermatu gabeko prestazioak” izeneko II. eranskinean, 14. puntuko B) apartatuan, desgaitasunak dituzten pertsonen arloko gizarte zerbitzuetako entitateentzako dirulaguntzak ezartzen ditu, eta xedatzen, baliabidearen helburua dela desgaitasunak dituzten pertsonen autonomia pertsonala sustatu eta mendekotasunerako aurreneurriak bultzatzeko programak gauzatzea eta horrelako programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateetan elkartegintza sustatzea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak norgehiagokako araubidea ezartzen du. Horren arabera, honakoa joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza adjudikatzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratu den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko da.

Irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei oporren programetarako dirulaguntzak emateko deialdiren oinarriak onestea 2019. urterako. Foru agindu honen I. eranskinean ageri dira oinarriak.

2. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuaren aurrekontuko “Oporren programa” izeneko 920005-93100-4819-231B41 partidaren kargura.

Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu partidan aurrekontu erabilgarri gehiagorik badago deialdiaren banatzeko ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak handitzen ahalko dira.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 29an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Desgaitasunak dituzten pertsonen arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei 2019. urteko oporren programetarako dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1.–Xedea, aplikazio-eremua eta programa motak.

1.1. Xedea.

Foru agindu honen xedea da desgaitasunak dituzten pertsonen arloan soilik ari diren gizarte ekimeneko entitateentzako dirulaguntzak arautzea. Dirulaguntza horien bidez, autonomia pertsonala sustatzea eta mendekotasuna prebenitzea helburu duten oporren programak finantzatzen lagunduko da.

Helburua da desgaitasunak dituzten pertsonen bizitza independentea erraztea eta horien integrazio pertsonal eta sozial handiena lortzea, oporretako txandak eginez irisgarritasun handieneko baldintzekin, pertsonei aisiaren eta kulturaren ondasunak eskuratzen laguntzeko eta ahaideen eta zaintzaileen atsedenaldia ahalbidetzeko.

Horrez gain, programek honako hauetan lantzea dute helburu: taldeak sortzea, talde horietako kideen parte-hartzea eta elkarlana handitzea, parte-hartzaileen gaitasun soziala garatzea eta horien integrazioa sustatzea. Hori guztia Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatzen dituen prestazio, programa eta zerbitzuen osagarri izanen da.

1.2. Aplikazio-eremua.

Deialdi honetako dirulaguntzak desgaitasunak dituzten pertsonen arloan soilik ari diren irabazi-asmorik gabeko Nafarroako elkarte eta entitateentzat dira.

1.3. Aurkeztuko diren programa motak.

Opor eta turismo programa, desgaitasunak dituzten pertsonen integrazio pertsonal eta sozial handiena lortzeko helburua duena oporretako ahalik eta txanda normalizatuenak eginez, pertsonei aisiaren eta kulturaren ondasunak eskuratzen laguntzeko eta beren ardurapean desgaitasunak dituzten pertsonak dituzten familien atsedenaldia ahalbidetzeko.

2.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako, guztira, 100.000 euro bideratuko dira, 2019ko gastuaren aurrekontuko “Oporren programa” izeneko 920005-93100-4819-231B41 partidaren kargura.

3.–Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Haien beharrak asetze aldera desgaitasuna duten pertsonen arloan soilik ari diren gizarte ekimeneko Nafarroako entitateak, irabazi-asmorik ez dutenak, izan daitezke oinarri arautzaile hauetan aurreikusten diren dirulaguntzen onuradun.

Entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea edo ordezkaritza iraunkor bat izatea lurralde horretan. Azken kasu horretan, Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik egon behar dute gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin, eta behar adinako egitura eta antolaketa izan behar dute, gauza izan daitezen erabakiak hartzeko eta deialdi honetan aurkeztutako proiektuak autonomiaz kudeatzeko.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Erakundearen helburua izatea, bere estatutuen arabera, desgaitasuna duten pertsonentzako eta/edo haien familientzako jarduerak egitea.

e) Funts berekietatik eta/edo beste dirulaguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

f) Zergei buruzko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea, edo, bestela, entitate horiekin ordainketa geroratu edo zatikatzeko itun bat lortzea.

g) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

h) Desgaitasunaren arloan ari diren entitateentzako dirulaguntzen 2019ko deialdiaren barnean, “Programen garapena” izeneko modalitatean dirulaguntza jaso izana.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza horiek guztiak, baita diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean ere.

4.–Dirulaguntzaren xedeko programaren betebeharrak.

4.1. Entitateek honako definizio hauek hartuko dituzte kontuan, aurkeztutako programan agertu beharko direnak:

Programa: programatzat jotzen da txanden multzoa.

Txanda: pertsona talde zehatz eta homogeneo batek toki eta egun jakin batzuetan egiten duen oinarrizko unitatea da. Horrek esan nahi du plazak kostu bera duela taldeko kide guztientzat. Txanda bakoitzean irteera-egunak zein itzulera-egunak ere sartuko dira, eta ostatu-gauak txanda bakoitzaren egunak baino bat gutxiago izanen dira.

Programaren koordinatzailea: oporren programa orokorra planifikatu, antolatu eta ebaluatzen duen pertsona. Horrez gain, txandak gainbegiratzen ditu eta haietan lagundu.

Txandako arduraduna: txandako arduradun orokor diharduen pertsona da, dirulaguntza hartzen duen entitateak izendatua. Txanda bakoitzean koordinatzaile arduradun batek egon beharko du nahitaez.

Monitoreak: txandako arduradunarekin elkarlanean, taldea koordinatzeko eta txanda antolatzeko lanak egiten dituzten pertsonak dira, programaren helburuak betetzeko. Aldi berean, eguneroko bizitzako jardueretan lagunduko diete onuradunei, hala behar dutenean.

Monitoreak boluntarioak izan daitezke, entitateak edo desgaitasuna duen pertsonak eskainiak.

4.2. Dirulaguntza jasotzeko, programek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen 1. oinarrian jasotako deialdiaren xederako egokiak izatea.

b) Funts berekietatik eta/edo beste dirulaguntza publiko edo pribatu batzuetatik heldu den finantzaketa izatea.

c) Aseguru poliza izatea, honako hauek estaliko dituena gutxienez: zaurituen edo gaixoen osasun garraioa, ospitalean dagoen asegurudunaren laguntzaile edo ahaide baten joan-etorrien eta egonaldiaren gastuak, asegurudun zendua eramatea, garraiobideen istripuetarako asegurua eta asegurudunaren erantzukizun zibil pribatua (erantsi).

d) Entitate eskatzaileak programa bakar bat aurkeztuko du. Beharrezko diren txandetan egituratuko da aipatu programa, talde hartzailearen arabera. Gehienez zortzi egun iraunen dute txandako, eta entitatearen estatutuetan aipatutako desgaitasuna duten Nafarroako Foru Komunitateko pertsonentzat izanen dira.

e) Salbuespen gisa, onuradunen lehen mailako ahaideak joaten ahalko dira txandetara, familia taldearen kohesioa indartzeko. Pertsona horiek plazaren kostu osoa ordainduko dute, salbu eta beharrezko laguntzaile gisa joaten baldin badira.

f) Txanda bakoitzean honako hauek egotea: txandako arduraduna, diruz lagundutako entitatea ordezkatuz arituko dena, eta monitore lanetan aritzeko gai diren pertsonak, kopuru egokian, parte hartzaile kopurua eta desgaitasun eta mendekotasun motak kontuan hartuta.

g) Txanda bakoitzean desgaitasunak dituzten 8 pertsona gutxienez eta 30 gehienez egotea; salbuespen gisa eta behar bezala arrazoituz gero, pertsona gutxiago edo gehiago hartzen dituzten txandak antolatzen ahalko dira.

h) Onuradunek parte hartzeagatik ordaindu beharreko kuota ezartzea. Koordinatzaileak eta monitoreek ez dute kuota hori ordaindu behar.

4.3. Entitateen ardurapekoak izanen dira honako hauek:

a) Garraio enpresak kontratatzea, plazak erreserbatzea, ostatua eta zerbitzua ematea.

b) Kasuan kasuko egutegia antolatzea.

c) Kasuan kasuko aseguruak kontratatzea.

d) Oporraldietan egitekoa den jardueretarako programa ezartzea.

e) Programa gauzatzeko behar diren langileak kontratatzea.

f) Behar diren boluntarioen parte-hartzea eta prestakuntza erraztea.

g) Programa hedatu eta argitaratzea, bertan parte hartzeko erraztasunak emateko.

h) Erabiltzaileak hautatzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak aldez aurretik ezarri eta ezagututako irizpideei eta prozedurei jarraikiz .

i) Erabiltzaile bakoitzak txanda bakar baterako dirulaguntza izanen du. Beste txanda batzuetako inskripzioa ez da finantzatuko, beste elkarte baten bidez parte harturik ere. Bi txandatan edo gehiagotan dirulaguntza jasoz gero, erabiltzaileak jasotako zenbatekoaren proportzioa itzuliko du.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Entitate interesdunek horretarako prestatu diren ereduen araberako eskaera aurkeztu beharko dute. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea 7) eta erakunde beraren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

Eskaerak toki hauetan aurkez daitezke: Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulegoen bidez, administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietan, edo telematika bidez Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari igorrita.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Oporren programaren berariazko agiriak:

a) Dirulaguntzarako eskabidea.

b) Entitatearen 2018an diruz lagundutako oporren programaren memoria teknikoa.

Deskribapenak gehienez ere hogei folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak. DIN A4 neurrikoak izanen dira, bi aldeetatik inprimatuak (20 folio, 40 alde). Azala eta aurkibidea ez dira sartzen kopuru horretan. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute oinetan, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

c) Diruz lagundutako oporren programaren emaitza-kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Eskaera aurkeztu aurreko urteari buruzko agiriek –a), b) eta c) puntuetan eskatutakoek– aurtengo deialdi guztietarako balio dute. Ez da beharrezkoa agiri horiek aurkeztea baldin eta aurreko ekitaldiko dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epean aurkeztu badira, edo aurtengo deialdi batean, hau baino lehen.

d) Oporren programaren deskribapen teknikoa. Honako hauek jaso beharko ditu:

–Izena.

–Helburuak.

–Egutegia.

–Plaza kopurua, txanden, destinoen eta ostatu motaren arabera banatuta.

–Txanden iraupena.

–Gauzatuko diren jarduerak.

–Giza baliabideak (zehaztu langile kontratudunak diren, boluntarioak eta abar).

–Erabiltzaile motak eta behar duten sostengua.

–Onuradunak hautatzeko irizpideak.

–Jarduera hedatzeko sistemak.

–Ebaluazioaren aurreikuspena (adierazleak eta abar).

Deskribapenak gehienez ere hogei folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak. DIN A4 neurrikoak izanen dira, bi aldeetatik inprimatuak (20 folio, 40 alde). Azala eta aurkibidea ez dira sartzen kopuru horretan. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute oinetan, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

e) Dirulaguntzaren xedeko programaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

Txanda bakoitzaren gastuak honela multzokatuko dira:

–Zuzenean aritzeko langileak, oporren programaren koordinatzailea barne.

–Ostatua eta mantenua.

–Garraioa.

–Jarduerak.

–Oporretarako berariazko aseguruak.

–Administrazio eta kudeaketa gastuak. Programaren aurrekontu osoaren gaineko %10 onartuko da, gehienez ere, kontzeptu horrengatik.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak zorrotz betetzen direla frogatzeko ere.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitzen zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

7.–Arau orokorrak: dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazioa.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Balorazioak fase bakarra izanen du, eta aurkezturiko programa baloratuko da bertan.

Fase hori baztertzailea izanen da, eta dauden 70 puntuetatik 42 edo gehiago lortzen dituzten programek baizik ez dute finantzaketa jasoko.

8.–Balorazio irizpideak.

Erabiliko diren balorazio irizpideak hauek izanen dira:

1. irizpidea. Programa teknikoki osoa eta arrazoitua da, eta barne egitura argia, koherentea eta sendoa du: datu teknikoak argi azaldu eta idatzi dira, eta egokitzen dira deialdian xedatutakora (10 puntu).

KONTZEPTUA

SARTU BEHARREKO KODEA

PUNTUAZIOA

1.1. Programa, teknikoki, osoa da

1

10

1.2. Informazio osatugabea aurkeztu du

2

5

1.3. Ez du inolako deskripziorik egin

3

0

2. irizpidea. Oporren programari buruz baloratu beharreko alderdiak (40 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

KODEA

PUNTUAZIOA

2.1. Programaren diseinua eta gauzatzea (10 puntu)

Entitate bakar batek diseinatu eta gauzatutako programa

BAI / EZ

5

Bi entitatek batera diseinatu eta gauzatutako programa

BAI / EZ

10

2.2. Onuradunak hautatzeko, irizpideak eta/edo baremoak aplikatzen dira, desgaitasun handiena agertzen duten egoerak, behar ekonomikoak eta familiaren atseden beharra lehenesten dituztenak

BAI / EZ

5

2.3. Programa desgaitasuna izan baina entitate kudeatzaileko kide ez direnentzako ere izatea

BAI / EZ

5

2.4. Programaren hedapena Foru Komunitate osoan egitea

BAI / EZ

5

2.5. Parte-hartzaileei jarduketa protokoloak ematea

BAI / EZ

5

2.6. Generoaren faktorea kontuan hartzeko neurriak sartzea

BAI / EZ

2

2.7. Kalitate adierazleak erabiltzea, parte-hartzaileen gogobetetasun-mailari lotutakoak

BAI / EZ

3

2.8. Programaren exekuzioaren justifikazio tekniko eta ekonomiko zuzena

BAI / EZ

5

3. irizpidea. Kofinantzaketa (20 puntu gehienez).

Baloratuko da eskura dauden baliabideen araberako programa bat gauzatzeko gaitasuna.

KONTZEPTUA

PUNTUAZIOA

Kofinantzaketa oso txikia (%10 baino gutxiago)

0,00

Kofinantzaketa neurrizkoa (≥%10 eta <%20)

5,00

Kofinantzaketa onargarria (≥%20 eta <%40)

10,00

Kofinantzaketa ona (≥%40 eta <%60)

15,00

Kofinantzaketa oso ona (≥%60 eta <%70)

17,15

Kofinantzaketa hobeezina (≥%70)

20,00

9.–Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

42 puntutik gorako programa guztiek jasoko dute dirulaguntza. Honako zenbateko hauek ordainduko dira pertsona eta gau bakoitzeko:

DIRULAGUNTZAREN MODULUA

ZENBATEKOA PERTSONAKO/GAUEKO

Desgaitasuna duten pertsonak, laguntzailea behar dutenak

88 euro

Desgaitasuna duten pertsonak, laguntzailerik behar ez dutenak

48 euro

Laguntzailearen beharra baloratuko da mendekotasuna aitortua duten onuradunen kasuetan soilik.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aurreikusten den gehieneko dirulaguntzaren eta dirulaguntzarako eskaeraren arabera esleituko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira.

10.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Halaber, aldatutako proiektuaren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino, salbu eta instrukzio organoak onartutako aurrekontura egokitzen bada.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adierazita. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, ematen diren dirulaguntzen gaineko ebazpenak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako iragarki-taulan (González Tablas kalea 7, Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka (berariazkoa edo presuntziozkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

11.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, kasu guztietan beharrezkoa izanen da irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan ezarritakoa betetzea, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela justifikatu ondoren, eranskin honen 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraituz, aurreikusten da dirulaguntzaren aurrerakinak ordaintzen ahalko direla, baldintza hau betez gero:

Entitateak ordainketa aldez aurretik egiteko eskatu izana. Horretarako, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat entitatearen izenean dauden banku-kontuak agertzeko, banku-kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat (kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena), edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

Aurreko apartatuan eskatutako baldintza betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

a) Ematen den dirulaguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, dirulaguntza emateko ebazpena sinatzen denean.

b) Ematen den dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da: lehenbizikoa, dirulaguntza emateko ebazpena sinatzearekin batera, eta hurrengoa, edo hurrengoak, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokion exekuzioaren justifikazio ekonomikoa egin ondoren.

13.–Justifikazioa.

13.1. Justifikazio partzialak.

Gastuak frogatu ondotik dirulaguntzaren ordainketa jasotzen duten entitateek, ordainketa bakarrean nahiz zatika ordaindu badira ere, gastu horien azken justifikazioa aurkeztu beharko dute aurtengo abenduaren 15ean beranduenez.

Dirulaguntza ordainketa aurreratu bakar baten bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztu beharko dute 30 eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera.

Dirulaguntza zatikako ordainketa aurreratuen bidez jasotzen duten entitateek justifikazio partziala aurkeztuko dute ordainketa baten gastua justifikatzen duten bakoitzean. Lehendabiziko justifikazio partziala aurtengo irailaren 30a baino lehenago aurkeztu beharko da. Azken ordainketa egiteko, aurretiko justifikazioa aurtengo abenduaren 15ean aurkeztuko da beranduenez.

Justifikazio partzialetarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Programaren bilakaeraren berri ematen duen tarteko txosten labur bat.

Gehienez ere bost folio izanen ditu (10 alde), zenbakiak behar bezala jarrita. DIN A4 neurrikoak izanen dira, bi aldeetatik inprimatuak (5 folio, 10 alde). Azala eta aurkibidea ez dira sartzen kopuru horretan. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute oinetan, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

b) Jasotako dirulaguntzari aplikatu zaizkion gastuen zerrenda, kontzeptuka, non agiri zenbakia, kontzeptua, jaulkitzailea, data eta zenbatekoa zehaztuko baitira. Zerrenda horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira, gastuen zerrendako hurrenkerari jarraituz. Gastuen zerrenda hori entitateek telematika bidez igorriko dute, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu. Egiaztagiri gisa, bankuko kontu-laburpenak, ordainagiriak eta fakturak onartuko dira bakarrik, eta horietan jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi baitzen.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidali beharko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, haiei dagozkien aldaketak barne (baldin badaude), eta onartu den dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu dela egiaztatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeko.

13.2. Azken justifikazioa.

2020ko urtarrilean entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztuko ditu jarduera egin dela justifikatzeko:

a) Lehenago aurkeztu ez badu, eta azken ordainketa justifikatzeko, jasotako dirulaguntzari aplikatu zaizkion gastuen zerrenda, kontzeptuka, oinarri honen 13.1.b) apartatuan azaltzen den bezalaxe prestatua.

b) Diruz lagundutako programaren memoria teknikoa.

Deskribapenak gehienez ere hogei folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak. DIN A4 neurrikoak izanen dira, bi aldeetatik inprimatuak (20 folio, 40 alde). Azala eta aurkibidea ez dira sartzen kopuru horretan. Letra mota: Arial edo antzekoa, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte bakuna. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute oinetan, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

c) Diruz lagundutako programaren erabiltzaileen zerrenda, generoaren eta txandaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programaren emaitza-kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen kapituluan gastu guztiak zehaztuko dira, honela taldekatuta:

–Zuzenean aritzeko langileak, oporren programaren koordinatzailea barne.

–Ostatua eta mantenua.

–Garraioa.

–Jarduerak.

–Oporretarako berariazko aseguruak.

–Administrazio eta kudeaketa gastuak.

e) Diruz lagundutako programaren guztirako gastuaren zerrenda, euskarri informatikoan. Aipatu zerrendari entitatea ordezkatzen duen pertsonaren erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko zaio, datuak egiazkoak direla azaltzen duena.

Halaber, entitateak instrukzio organoaren eskura utziko ditu jatorrizko fakturak.

14.–Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Programa gauzatzea entitatearen eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu moduan.

b) Eranskin honen 13. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Deialdi honen kargura finantzatutako programa edo jarduerei buruzko informazio, zabalkunde eta publizitate lan guztiek uztailaren 2ko 212/2010 Foru Aginduan xedatutakoa bete beharko dute.

d) Laguntza ematen duen organoak eta indarrean dagoen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

g) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

h) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15.–Gardentasuna.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3 c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien zenbatekoak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio-zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan izaten den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azkeneko urteko kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du noiz eta Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak betetzen direla frogatze aldera.

Errekerimenduan horretarako emandako epea hura bete gabe iraganik, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin eta entzunaldia eman ondoren. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.

16.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

16.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, hirugarrenekin hitzartzea, haiek gauzatu dezaten, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Entitateek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, idatzizko kontratua sinatu beharko da azpikontratazioa egin ahal izateko.

16.2. Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko du entitate onuradunak dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapenaren arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean.

17.–Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek diruz lagundutako programaren edukia aldatzeko eskatu beharko dute, baita hura gauzatzeko modua eta epeak ere, kasu hauetan:

a) Programaren garapena aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideak modu efizientean erabiltzearen ondorioz, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta, gerakin horiek diruz lagundutako programaren jarduerak handitzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere diruz lagundutako programa egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

18.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren beharkizunak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak borondatez eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

19.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

20.–Deialdiaren eta bere oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

21.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1904416