99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Aldaketa, Cascanteko hirigune historikoan eraikinak egin eta zaharberritzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantzarena. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2019ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Cascanteko hirigune historikoan eraikinak egin eta zaharberritzeko dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza (iragarkia 2019ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 1ean).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua, osorik:

CASCANTEKO HIRIGUNE HISTORIKOAN ERAIKINAK EGIN ETA ZAHARBERRITZEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1.–Zioen azalpena.

Cascanteko Udalak, Hirigintzako zinegotzitzaren bitartez, abian jarri nahi ditu hainbat neurri, etxebizitzak, lokalak eta elkarteen egoitzak herriko hirigune historikoan eraiki eta zaharberritzen laguntzeko.

2.–Xedea.

Ordenantza honen xedea da laguntzak arautzea, herriko hirigune historikoan honelako obrak gauzatu daitezen sustatzeko:

–Partzialki edo osorik zaharberritu eta/edo moldatzea etxebizitzak, merkataritzako edo negoziorako lokalak, profesionalen bulegoak eta elkarteen egoitzak (fatxadak eta estalkiak konpontzea, berreraikitzeak, egiturak edo inguratzaileak sendotu eta indartzea, irisgarritasuna hobetzeko egokitzapenak).

–Oin berriko eraikinak egiteko obrak orubeetan.

–Eraikinak handitzea.

–Lehendik dauden eraikinak ordeztea (eraitsi eta berriz eraikitzea). Ez da dirulaguntzarik emanen eraikinen eraispen oso edo partzial hutserako, salbu eta obrak eraikinen edo lurzatien hirigintza-egokitzapena egiteko aukera ematen badu, planeamenduaren aurreikuspenekin bat.

Ordenantzan xedatuaren ondorioetarako, Cascanteko hirigune historikotzat jotzen da Hiri Antolamenduko Udal Plan Orokorrean halaxe mugatutako eremua (gaur egungo alde zaharra).

3.–Onuradunak, onuradun izateko bete beharreko baldintzak eta baztertzeak.

Laguntzen onuradun izan daitezke honako hauek: herriko hirigune historikoko eraikin, etxebizitza edo lokalen jabe edo sustatzaile diren pertsona fisiko edo juridikoak, baita ez direnak ere, badirenen baimen espresa dutenak obrak egiteko, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

Ezinen dira laguntzen onuradun izan Udalarekiko zerga arloko betebeharren ordainketak egunean ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

Diruz lagungarri izateko, eta aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, eraikuntzak honako hauetan xedatua bete beharko du: aplikatzekoa den ordenamendu juridikoa, indarreko hirigintza planeamendua, eta zaharberritzeari, bizigarritasunari eta, oro har, hirigintzari buruzko araudia.

Obrak ez dira babestuko, Udaleko zerbitzu tekniko eskudunek edo haiekin parekatuek nahitaezkotzat jotzen dituztenak egiten ez badira.

4.–Zenbatekoa.

Laguntzen deialdia urtekoa izanen da eta ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da. Gehieneko aurrekontu-kontsignazioa izanen du dagokion ekitaldirako, eta Cascanteko Udalak aurrekontuan horretarako gaitzen duen aurrekontu-aplikazioaren kargura izanen da.

5.–Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak eta zenbatekoak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa obren gauzatze materialaren kostuaren %2aren parekoa izanen da.

Ez dira dirulaguntzaren xede izanen Balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak badira, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa-mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, gauzatze materialaren kostuan sartzen ez badira.

6.–Eskabideak aurkezteko epea, tokia eta izapidetzea.

Onuradunek ordenantza honetako laguntzak eskatu beharko dituzte obrak bukatutakoan eta obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu ondotik. Hura teknikari eskudun batek sinatua egonen da eta bertan baieztatu beharko da obrak emandako lizentziaren arabera egin direla eta, kasua bada, aurkeztutako proiektuaren arabera.

Eskatzaileak sinatutako eskabidea aurkeztuko dute interesdunek.

Eskaerak Cascanteko Udalaren erregistro orokorrean aurkezten ahalko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatu beste edozein bideren bitartez.

7.–Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskabidea, Cascanteko Udalari zuzendua.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia, eta eskaeraren xede den eraikinaren jabetza edo horren gaineko eskubidea frogatzen duen eskritura, kontratua edo agiria.

c) Udalaren obra-lizentzia edo agiri baliokidea, Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren ordainagiria.

d) Cascanteko Udalarekiko zerga betebeharrak ordainduta dituela dioen ziurtagiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen dituela dioena (I. eranskina).

f) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak inolako debekurik ez duela dioena (I. eranskina).

g) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, deialdian parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri eman beharko da (I. eranskina).

h) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

i) Obra bukaerako ziurtagiria edo adierazpena, zein dagokion, huraxe.

Udalak edozein dokumentazio eskatu ahalko du, argigarria bada edo espedientea ebazteko interesekoa.

8.–Eskabideen akatsak zuzentzea.

Ordenantza honetan eskatzen diren dokumentu eta frogagirietakoren bat aurkezten ez bada, espedientea tramitatzen ari den organoak interesdunari jakinaraziko dio hamar egun naturaleko epea duela agiri horiek aurkezteko, eta ohartaraziko dio hori egin ezean eskabidea tramitatzeko eskubidea galduko duela eta besterik gabe eskaera artxibatu eginen dela.

9.–Ebazteko prozedura eta epea.

Eskabideak aurkezten diren ordenan ebatzi eta tramitatuko dira espedienteak, banakako ebaluazioaren araubidean, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Cascanteko Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako agiriak; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Ebaluaketa bukatuta, ebazpen proposamena Hirigintza Batzordera igorriko da, eta horrek txosten loteslea eginen du. Alkate udalburuari dagokio aurkeztutako eskaeren gaineko ebazpena ematea, aipatu batzordearen txostenari jarraikiz. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

10.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40., 41., 42. eta 43. artikuluetan agindutakoarekin bat.

11.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14.1 artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta ebazpen honetan aipatzen diren bestelakoak bete beharko dituzte.

a) Ordenantza honetan ageri diren dirulaguntzak jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo eskudunari frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Espainiako nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamena eman baino lehen, zerga guztiak pagatu eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eguneratuak dituela frogatzea, arauz ezarri bezala eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedatua deusetan galarazi gabe.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Lege honen 18. artikuluko 4. idatz-zatian ageri diren hedapen neurriak hartzea.

i) Lege honen 37. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko dirua itzultzea.

12.–Laguntzen lehia, gehieneko zenbatekoa, bateraezintasuna eta “de minimis” araubidea.

Deialdiko dirulaguntzaren xedeko jarduerak bateragarriak izanen dira beste edozein administrazio publikok edo entitate publikok zein pribatuk helburu bererako ematen dituen dirulaguntzekin. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezinen da izan onuradunak gauzatuko duen jardueraren kostua baino handiagoa, berez edo bestelako administrazio publikoen edo erakunde pribatu nahiz publiko, nazioko nahiz nazioartekoen laguntza edo dirulaguntzekin batera.

Deialdiko dirulaguntzak “de minimis” motako laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an eman 1407/2013 Erregelamenduan xedatuarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

13.–Laguntzak ezereztea, arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, datuak ezkutatzen badira, datu faltsuak edo desitxuratuak ematen badira, edo laguntzak emateko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatuz gero, emandako onurak ezeztatuko dira, eta gainera:

a) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta, beraz, premiamenduzko administrazio prozeduraren bidez eskatzen ahalko dira.

c) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu edo likidatzeko Administrazioak duen eskubidea.

d) Itzulketa eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo ezeztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

14.–Jardueraren finantzaketa publikoaren publizitatea.

Dirulaguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera dirulaguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Cascanteko Udalak finantzatu dituela.

15.–Datu pertsonalen babesa.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoaren arabera, eskatzaileek emandako datuak Cascanteko Udalak tratatzen ahalko ditu, ordenantzaren xede diren laguntzak tramitatze aldera.

Halaber, eskatzaileek datuetan sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko, eramateko eta ahaztuak izateko eskubidea erabiltzen ahalko dute Udalaren erregistro orokorrean.

16.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdiaren aurka, bai eta bere oinarrien eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den udal organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hau, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu, eta biharamunetik hasita zenbatuko da.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2019ko apirilaren 16an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

Iragarkiaren kodea: L1905415