99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47/2019 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu haren bidez ezartzen da sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaien dirulaguntzaren araubidea, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruan oinarrituta.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren ekainaren 16ko 26E/2017 Foru Aginduaren bidez ezartzen da sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaien dirulaguntzaren araubidea, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruan oinarrituta.

Nafarroako langileen laneko osasunaren eta lan baldintzen gainean geroz eta ardura handiagoa dago, eta hala gauzatu da Nafarroako Lan Osasunaren 2017-2020 Ekintza Planean. Horrekin lotuta, Nafarroako zein estatuko gainerako enpresetako laneko ezbeharretan izan den gorakadak gomendatzen du bereziki aitortzea gizarte eragileen papera eta erakunde sindikal nagusien ekintzarako gaitasuna enpresetara iristeko orduan, eta laneko arriskuak identifikatzeko zein langileei berariazko aholkularitza emateko orduan.

Laneko arriskuen prebentzioan eragile ugarik dute zer egina. Batetik, enpresaburua dago, bere zerbitzuko langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko obligazioa duena lanari dagozkion alderdi guztietan, eta, hortaz, laneko arriskuen ebaluazio zuzena egin beharra duena. Bestetik, langileak eta haien ordezkariak daude, eskubidea dutenak nork bere lanean dituen arriskuei buruzko informazioa jasotzeko, baita segurtasun-arauak betetzeko behar den materiala eman dakien ere. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 5.1.b) artikuluak honela dio: “Prebentzio-politika gauzatzeko, enpresaburuek eta langileek parte hartuko dute, ordezkaritza handieneko enpresaburuen eta sindikatuen erakundeen bidez”.

Arau bereko 14. artikuluak, berriz, honako hau ezartzen du: “Langileek eskubidea dute laneko segurtasun eta osasun-arloan benetako babesa izateko” eta “enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu beharko ditu, lanarekin zerikusia duten alde guztietan”. Prebentzio politikak Nafarroan gauzatzerakoan, egokitzat jo da sindikatu nagusiek laneko ezbehar-tasaren kontra borrokatzeko dauzkaten bitartekoak indartzea, erakunde horiek Nafarroako enpresa gehienetara iristeko gaitasuna dutelako beren ekintza sindikalaren bitartez eta, hartara, ordezkaritza handieneko sindikatuek derrigorrez erabili beharra dute beren ordezkagarritasunagatik ematen zaien dirulaguntzaren portzentaje bat laneko arriskuen prebentzioaren alorreko ekintza berariazkoak gauzatzeko.

Horregatik egokitzat jotzen da foru agindu bat onestea haren bitartez aldatzeko 26E/2017 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaien dirulaguntzaren araubidea Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 26E/2017 Foru Agindua, ekainaren 16koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen den sindikatuei beren jarduera arruntak gauzatzeko ematen zaien diru-laguntzaren araubidea, Nafarroan lortutako ordezkari kopuruaren arabera. Horrela idatzita geldituko da:

Lehenik. 4 bis artikulua gehitzen da. Hauxe da testua:

“Laneko arriskuen prebentziorako berariazko jarduketak.

Nafarroako enpresetan eta Administrazio Publikoetan ordezkarien %10 edo gehiago erdietsi duten erakunde sindikalek nahitaez bideratu beharko dute jasotako dirulaguntzaren gutxieneko ehuneko bat laneko arriskuak prebenitzeko jarduketak egitera Nafarroan kokatuta dauden enpresa eta lantegietan. Ehuneko hori urtero zehaztuko da, deialdia onesten denean.

Gastu diruz lagungarria izanen da sindikatuaren plantillan laneko kontratua duten eta laneko arriskuak prebenitzeko alorrekoak diren teknikari propioen langileria gastua, beren jarduera Nafarroan kokaturiko enpresa eta lantegietan gauzatzen dutenean.

Era berean, diruz lagungarriak izanen dira jarduketa hauei loturiko zeharkako gastuak, prebentzioaren alorrekoak (paper-gauzak, kartelak, eskuorriak, aretoen alokairua...).

Inola ere ez da diruz lagungarria izanen enpresa aholkulariak edo kanpo aholkularitzak kontratatzea jarduketa egiteko, ukatu gabe unean-unean kontrata daitezkeela profesionalen zerbitzuak hitzaldiak edo prestakuntza ikastaro berariazkoak emateko, sektore jakin baterako.”

Bigarrenik. 7 bis artikulua gehitzen da. Hauxe da testua:

“Laneko arriskuak prebenitzeko berariazko jarduketei dagozkien gastu diruz lagungarrien frogagiriak.

Foru agindu honetako 4 bis artikuluan aipaturiko erakunde sindikalek laneko arriskuak prebenitzeko ataleko gastu diruz lagungarriak frogatuko dituzte ondoko agiriak aurkeztuz:

a) Laneko arriskuen prebentzioaren alorreko teknikari propioen langileria gastuetarako.

1. I bis inprimakia, eta bertan, dirulaguntza honi dagozkion laneko arriskuen prebentzioaren alorreko langile tekniko propioen izen-deituren zerrenda eta kualifikazioa.

2. I. inprimakian zerrendatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioei dagozkion frogagiriak.

3. Nominen eta Gizarte Segurantzaren ordainagirien frogagiriak.

b) Prebentzioaren alorreko jarduketei loturiko gastu ez zuzenetarako:

1. II bis inprimakia, zeinak barnean hartzen baitu prebentzioaren alorreko jarduketei loturiko gastu ez zuzenen zerrenda.

2. II bis inprimakian zerrendatutako gastuei dagozkien fakturak eta ordainagiriak, onuradunaren izenean egindakoak.

3. Gastu horien ordainagiriak.

c) Azalpen memoria, onuradunak Nafarroan kokatuta dauden enpresa eta lantegietan gauzatutako laneko arriskuen prebentzioaren alorreko berariazko jarduketak jasotzen dituena, zehatz adieraziz jarduketen eta egotzitako gastuen arteko lotura.”

Hirugarrena. Lehen xedapen gehigarriko c) letrak testu berria du, eta horrela geldituko da:

“c) Foru agindu honen 4 bis artikuluan adierazitako erakunde sindikalek, guztira jasotako dirulaguntzatik, laneko arriskuen prebentziorako berariazko jarduketak egitera bideratu behar duten gutxieneko ehunekoa”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 8an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1906567