Iragarkia
99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikarien 19 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
2019ko apirilaren 16an, Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak deialdia onartzea erabaki zuen, hurrengoaren arabera
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren zerbitzura Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikari lanpostuan aritzeko 19 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, funtzionario araubidekoak eta C mailakoak. Prozedura honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Lanpostuak Gizarte Ekintzako Alorrari atxikiak dira, eta plantilla organikoan honako zenbaki hauekin identifikatuta daude: 302300-7, 302300-18, 302300-19, 302300-20, 302300-38, 302300-39, 302300-40, 302300-41, 302300-42, 302300-43, 302300-54, 302300-55, 302300-56, 302300-57, 302300-58, 302300-59, 302300-60, 302300-61 eta 302300-62. Honako txanda hauetan banatuko dira:
–8 lanpostu txanda irekian.
–9 lanpostu igoera-txandan.
–2 lanpostu erreserba-txandan desgaitasun bat duten pertsonendako.
1.3. Igoera-txandako lanposturen bat hutsik geldituz gero, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Orobat, desgaituendako erreserba-txandako izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, hutsik gera daitezkeen lanpostuak dagokien txandako lanpostuei gehituko zaizkie, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.
Bestalde, igoera txandako edo desgaituendako erreserba-txandako probak gainditzen duten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuetan lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehian arituz eta guztira lortutako puntuazioari jarraikiz.
Bestalde, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzeko aukera izanen dute, aurreko paragrafoarekin zehaztutakoarekin bat, deialdiaren 7.2 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiek.
1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditzute izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaizkio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriko 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepioko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.
Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Honako titulu hauetakoren bat edukitzea, edo horietako bat erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko mugaegunean: Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikaria, Gizarte Egokitzapeneko Teknikari Espezialista komunitaterako zerbitzuen adarrean, Gutxitu Psikikoen Hezitzaile Teknikari Espezialista osasun adarrean edo horien baliokide den titulu bat.
Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, horien homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.1.2. Igoera-txandako izangaiendako berariazko betekizunak.
Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan.
b) Deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragokoak izatea.
c) Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.
2.1.3. Berariazko betekizunak desgaitasuna duten pertsonei erreserbatutako txandako izangaientzat.
Desgaitasuna duten pertsonendako erreserba-txandako izangaiek, 2.1.1 atalean adierazitako betekizunez gain, desgaitasuna aitortuta izan beharko dute, %33 edo gehiagoko graduan.
2.1.4. Haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekin ohiko harremana edukitzea eskatzen duten lanpostuetara sartzeko ezinbestekoa da epai irmo baten bidez kondenarik jaso ez izana sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik edo gizakien salerosketagatik.
Betekizun hori egiaztatzeko Giza Baliabideetako Idazkaritza Teknikoari baimena eman beharko zaio egiaztagiri hori eska diezaion Sexu-delitugileen Erregistro Zentralari, edo abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuak araututako Sexu-delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko egiaztagiria aurkeztu.
2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.
Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 7.2 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.
2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 atalean ezarritako dokumentazioa, zeina aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaera formalizatzean.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, http://www.pamplona.es/eu webgunean.
Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
3.2.1. Izena emateko eskubide tasa gisa Iruñeko Udalari 15,00 euro ordaindu izana egiaztatzeko frogagiria. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geratuko da.
Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:
–Izangaiaren izen-abizenak.
–NAN/IFZ.
–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.
–Kontzeptua: Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikarien oposizio-deialdia.
3.2.2. Deialdiaren 2.1.1.c) atalean eskatutako tituluaren fotokopia, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena.
3.2.3. Deialdi honen 6.3.1 puntuan ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak.
3.2.4. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak gehitu beharko dizkiote eskaerari, baldin eta Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira.
3.2.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, haien eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.
3.2.6. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek izan daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak ekarriko ditu.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Idoia Saralegui San Sebastián andrea, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako alorreko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Miguel Ángel Gurbindo Marín, Nafarroako Gobernuko Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordea.
–Epaimahaikidea: Maite García Areso, Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizateko Programen arduraduna.
Epaimahaikide ordezkoa: Nafarroako administrazio publikoetako esku-hartze sozialeko profesional bat.
–Epaimahaikidea: Miriam Arregui San Martín, Iruñeko Udaleko Erdi Mailako tituluduna, Gizarte Laneko osagarriarekin.
Epaimahaikide ordezkoa: Rubén Hernández Imirizaldu, Nafarroako Gobernuko Zaintzako Bulegoburua.
–Epaimahaikidea: María José Elverdin Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Ignacio Pascual García González, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Marta Martínez Llobet, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Lehiaketa-oposizioaren garapena.
6.1. Lehiaketa-oposizioa bi alditan eginen da, lehenbizi lehiaketa eta gero oposizioa.
6.2. Oposizioa 2019ko azarotik aurrera hasiko da.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta Iruñeko Udaleko iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 orduko epearekin.
Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo Gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.3. Lehiaketa-aldia.
6.3.1. Lehiaketa-aldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 15 puntu banatuko dira; bertan baloratuko dira alegatutako merezimenduak, izangaiek behar bezala egiaztatuak, honako baremo honekin bat:
a) Antzeko eginkizunetan emandako zerbitzuak (gehienez, 7 puntu):
1.–Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, gizarteratze edo antzeko funtzioetan: 0,40 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 5 puntura bitarte.
2.–Administraziotik kanpoko enpresetan emandako zerbitzuak, gizarteratze edo antzeko funtzioetan: 0,20 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 5 puntura bitarte.
Oharrak:
a) Urte-kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio (zenbatu beharreko gutxieneko aldia: hilabete oso bat).
b) Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, dagokion zatia deskontatuko da.
c) Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.
d) 6.3.1.a) letrako 1 eta 2 zenbakietan lortutako puntuazioaren batura gehienez ere 7 puntu izanen da.
b) Gaiarekin lotutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu izana (gehienez, 5 puntu).
1.–Goi Mailako Lanbide Heziketako titulua edo horren baliokidea, gizarte esku-hartze edo gizarteratze arloan: Puntu 1 titulazio bakoitzeko, gehienez ere 2 puntura bitarte. Ez dira kontuan hartuko deialdian parte hartzeko nahitaez eskatutako titulazioak.
2.–Diplomatura, Gradua edo Lizentzia Gizarte Hezkuntzan, Gizarte Lanean, Psikologian edo Magisteritzan: 2 puntu titulazio bakoitzeko, gehienez ere 2 puntura bitarte. Ez dira kontuan hartuko deialdian parte hartzeko nahitaez eskatutako titulazioak.
3.–Gizarteratze edo gizarte esku-hartze alorreko master ofizialeko titulazioa: 2 puntu titulazio bakoitzeko, gehienez ere 2 puntura bitarte.
4.–Gizarteratze eta gizarte esku-hartzeari buruzko ikastaroetan parte hartu izana, 30 orduz edo gehiagoz: 0,10 puntu kreditu bakoitzeko (10 eskola-ordu), gehienez ere 2 puntura bitarte.
Oharrak:
a) Ez dira zenbatuko egindako ordu-kopurua adierazita ez duten ikastaroak, ezta 30 eskola-ordu baino gutxiagokoak ere.
b) 6.3.1.b) puntuko 1, 2, 3 eta 4 zenbakietan lortutako puntuazioaren batura gehienez ere 5 puntu izanen da.
c) Honako hizkuntza hauen ezagupena, ofizialki egiaztatuta (gehienez, 3 puntu):
1.–Euskara: Gehieneko puntuazioa, 2,10 puntu.
a.–B2 maila: 1,68 puntu.
b.–C1 maila: 2,10 puntu.
2.–Ingelesa: Gehieneko puntuazioa, 1,68 puntu.
a.–B2 maila: 1,34 puntu.
b.–C1 maila: 1,68 puntu.
3.–Frantsesa: Gehieneko puntuazioa, 1,68 puntu.
a.–B2 maila: 1,34 puntu.
b.–C1 maila: 1,68 puntu.
Oharrak:
a) Hizkuntza bakoitzean maila gorenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inolaz ere batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
b) 6.3.1.c) letrako 1, 2 eta 3 zenbakietan lortutako puntuazioaren batura gehienez ere 3 puntukoa izanen da.
Tituluak eta egiaztagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daude, zeinak ezartzen baititu euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Hizkuntza bakoitzean maila gorenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inolaz ere batuko hizkuntza bati dagozkion bi mailako puntuazioak.
6.3.2. Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak aurreko puntuan jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.
Aldi honen amaieran, Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu), eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, noiz argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina, izangaiek eskubidez komeni zaiena alegatu dezaten.
Behin Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurrean aurkezturiko erreklamazioak ebatzita, Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.
6.4. Oposizio-aldia:
6.4.1. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.4.3 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Oposizioko bigarren ariketa plika-sistemaren bidez eginen da.
6.4.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
6.4.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:
a) Lehen ariketa.
Ariketa teorikoa. Izangaiek Deialdi honen II. Eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko 100 galdera –test modukoak– gehienez erantzun beharko dituzte idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak 0,10 puntuko zigorra izanen du.
Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 12,50 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
b) Bigarren ariketa.
Ariketa teoriko-praktikoa. Idatziz garatu eta ebatzi beharko dira Deialdi honen II. Eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutako galdera eta kasu teoriko-praktikoak. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.
Bigarren ariketa honetan gehienez ere 45 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 22,50 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
c) Hirugarren ariketa. Proba psikoteknikoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko saileko langileek eginen dituztenak; baztertzaileak dira eta izangaiek lanpostua betetzeko dituzten gaitasunak baloratuko dituzte. Ariketa honen gehieneko puntuazioa 15 puntu izanen da, eta bazterturik geratuko dira 7,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
6.4.4. Behin ariketa bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 eguneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.
7.–Izangai gaindituen zerrenda, izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituztenen izangaien zerrenda, txanden eta eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, lehiakide bakoitzak lehiaketa-aldian eta oposizioko ariketetan lortutako kalifikazioak batuta, eta zerrenda hori Tokiko Gobernu Batzarrera bidaliko dio, espediente osoarekin batera eta puntuazio handiena erdietsi duten izangaien (zenbat plaza eskaini eta horiek betetzeko beste) izendapen-proposamenarekin batera.
Puntu-berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dituztenen alde ebatziko da. Berdinduta jarraitzen badute, lehenengo proban puntu gehien lortu dituztenen alde ebatziko da, eta hala ere berdinduta segitzen badute, izangaien adina hartuko da kontuan, zaharrenaren alde.
Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.
7.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:
A) Iruñeko Udalaren edota haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidea.
b) Eskatutako tituluaren agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo hori erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.
c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
d) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.
e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituzten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoak.
C) Izangaiak Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak badira, eskatzen zaizkien eta espedientean jasota ez dauden agiriak aurkeztu beharko dituzte, hala badagokie.
D) Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek egiaztatu beharko dute desgaitasun hori bateragarria dela deialdiaren xede den lanpostuarekin. Bateragarritasun hori ofizioz eginen dute Udaleko zerbitzu medikuek, eta espedienteari erantsiko zaio.
7.3. Epe horretan, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ezin izanen dira izendatu, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1 oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.
8.–Lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Giza Baliabideetako Zuzendariak aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duten izangaiak deituko ditu lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldi bakar eta publikora, horretarako bete beharreko 19 lanpostuen zerrenda argitaratuta, izangaien zerrendatik lanpostu hutsa aukeratzeko duten lehentasun-hurrenkeraren arabera, txandak eta puntuazio-hurrenkera kontuan hartuta.
Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
Aipatu ekitaldi horretan izangaiek adierazi beharko dute oposizio-lehiaketara ateratako lanpostuetatik zein nahiago duten.
8.2. %33ko edo hortik goragoko desgaitasun aitortua dutenek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurrean, kontuan hartu gabe zein txandatan aritu diren.
Aurrekoa gorabehera, baldin eta aipatu desgaitasuna duten izangaiak egon eta horrek eragina badu lanpostu hutsetako eginkizunak betetzeko baldintzetan, hautaketa egin baino lehen esleituko zaizkie haien desgaitasuna kontuan harturik egokien direnak, horri buruz Udalaren mediku-zerbitzuak ematen duen txostenarekin bat.
8.3. Bestalde, probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda libreko izangaien aurrean, deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, 8.2 puntuan jasotako salbuespenarekin.
9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Erabaki bidez Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikari aritzeko lanposturako, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen dutenei.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta ordutik aitzina.
Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 7.4 zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.
9.3. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.
10.–Jarduketen publizitatea.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:
–Lanposturik gabe gainditu dituzten izangaien zerrenda.
–Hautapen-prozesuko lehenengo bi ariketak gainditu duten izangaien zerrenda.
12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.
12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen lehenengo bi ariketak gainditu dituztenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:
–Eskatutako tituluaren agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo hori erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria.
Ebazpen hori argitara emanen da, dagozkien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.
Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak eta eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legozkiokeen erantzukizuna.
12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, halakorik balitz, aldi baterako kontratazioko honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean) eta Udalaren webgunean–:
a) Lanposturik gabe gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Hautapen-prozesuko lehenengo bi ariketak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez dutenak.
12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, lehenengo bi ariketetan lortutako puntuazio altuenaren arabera. Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.
13.–Errekurtsoak:
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.
Iruñean, 2019ko apirilaren 16an.–Batzarreko idazkaria, Joxe Abaurrea.
I. ERANSKINA
Eskabide orria (PDFa).
II. ERANSKINA
Gaitegia
1. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoen hautaketa. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Egoera administratiboak. Lanpostu-hornikuntza. Eskubideak eta betebeharrak.
2. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. Datuen babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia.
3. 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
4. 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa eta gaiarekin loturiko aurreragoko xedapenak onesten dituena.
5. 32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen programa arloan.
6. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
7. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
8. 15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, gizarteratzeko eta Errenta Bermatua eskuratzeko eskubideak arautzen dituena.
9. 26/2018 Foru Legea, apirilaren 25ekoa, gizarteratzeko eta Errenta Bermatua eskuratzeko eskubideak garatzen dituena.
10. 130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, gizartetik bazterturik dauden pertsonei zuzendutako gizarteratze eta laneratze egitarauak garatzeko laguntza ekonomikoak arautzen dituena. Gizarte Enplegu Babestua.
11. 94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako gizarteratzeko enpresen kalifikazio, erregistro eta laguntzen araubidea arautzen dituena.
12. 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.
13. 15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzkoa.
14. Iruñeko Udalaren Udal-antolaketari buruzko Dekretua.
15. Iruñean bazterketa larria jasaten dutenendako programa arautzen duen ordenantza.
16. Iruñeko Udalaren ordenantza, aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko.
17. Iruñeko Udalean gizarte zerbitzuekin loturik dagoen alorraren antolakuntza. Tresnak, programak eta baliabide sozialak.
18. Gizarte-bazterketa. Kontzeptua. Baztertutako pertsonak identifikatzeko adierazle sozialak.
19. SIDIS (Gizarteratzeko Eskubidearen informazio-sistema). EAEko gizarte-bazterketa baloratzeko instrumentu teknikoa.
20. Lagun-egite soziala gizarteratze prozesuetan esku hartzeko metodo gisa: definizio adostua, ezaugarriak, faseak.
21. Nafarroako Gizarteratzeko Plan Estrategikoa 2018-2021.
22. Ijitoen garapenerako estrategia 2018-2021.
23. Iruñeko Udalaren Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldea (EISOL).
24. Nafarroako Foru Komunitatean Familiari, Haurtzaroari eta Nerabezaroari Laguntzeko II. Plan Integrala 2018-2023. Nafarroako Gobernua.
25. Nafarroako Foru Komunitateko Haurtzaroa Babestearen arloko II. Prozedura Eskuliburuaren zirriborroa.
26. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetza, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Gobernuko Agentziaren baitan.
27. Iruñeko Haur eta Nerabeendako II. Udal-plana 2018-2022. Iruñeko Udala.
28. Haurrei eta Familiei laguntzeko programa Iruñeko Udalean.
29. Haurren beharrizanen teoria.
30. Tratu onen teoria. Definizioa eta oinarrizko kontzeptuak.
31. Gurasotasun positiboa. Definizioa eta oinarrizko printzipioak.
32. Etika esku-hartze sozialean.
33. Elkarrizketa teknika gisa gizarte alorreko lanbideetan.
34. Metodologia esku-hartze sozialean. Faseak.
35. Laguntza-harremana gizarte ekintzako metodologia gisa.
36. Esku-hartze integrala eta pertsonarengan zentratua.
37. Esku-hartze sozial indibiduala eta familiarra. Ezaugarriak eta eredu ezberdinak.
38. Esku-hartze soziala taldeekin. Definizioa, faseak eta erabili beharreko teknikak.
39. Komunitate-esparrua gizarte-ekintzan. Definizioa, elementuak eta mailak.
40. Teoria sistemikoa. Aplikazioa hezkuntzako esku-hartze sozialean.
41. Bitartekaritza soziala kultura-aniztasuneko testuinguruetan. Kulturartekotasuna. Helburuak, prozesua.
42. Genero-ikuspegia gizarte arloan. Hizkuntza ez sexista. Genero-eraginaren gaineko txostenak.
Iragarkiaren kodea: L1906660
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
