2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bost Legelari lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko
Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako zuzendariak deialdia onartu zuen 2019ko maiatzaren 6an
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bost legelari lanpostu mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzea, eta hura honako arau hauek xedaturikoari jarraikiz gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, hura garatu eta betearazteko asmoz lanpostuak betetzeari buruz emandako Erregelamendua, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
1.2. Deitutako lanpostuak eskuratzen dituzten langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.
Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko, inongo kasutan, parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea, horrenbestez, eskubide pasiboetako eta osasun-laguntzako araubide berberarekin jarraituko dute.
1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Indarreko araudian xedatutakoaren arabera, mailaz igotzeko lehiaketa honetan parte hartzen dutenek honako betekizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta izendapenaren unetik esleitutako lanpostuaz jabetu arte:
a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) A mailakoa izatea.
c) Izendatuta egotea lanpostu batean non hartan aritzeko bakarrik Zuzenbideko lizentzia edo gradua exijitu baita.
3.–Eskaerak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta bertan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela 2. oinarrian exijitutako baldintzak.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
3.2. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira. Ez da beharrezkoa izanen alegatutako merezimenduen jatorrizko agiriak edo horien kopia kautoak aurkeztea administrazio publiko batek emaniko agirien kasuan, ezen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat, baimena ematen zaio Iruñeko Udalari horiek egiaztatzeko agiria egin duen administrazioari igorritako ofizio baten bidez.
Ez da aurkeztu beharko Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuei dagokien dokumentazioa, datu hori jasota dagoelako jada Iruñeko Udalean.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute bost egun baliodunean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaietan inor bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Victoria Borja Etayo andrea, Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
Epaimahaiburu ordezkoa: Javier Horcada Baztán jauna, Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurako idazkaria.
Epaimahaikidea: Belén Cilveti Gubia andrea, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Fulgencio Larumbe San Martín jauna, Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoko legelaria.
Epaimahaikidea: María Gay-Pobes Vitoria andrea, Iruñeko Udaleko legelaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Juan Luis Guijarro Salvador jauna, Iruñeko Udaleko letradua.
Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide-idazkaria: Xabier Burgui Vergara jauna, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.
Epaimahaikide-idazkari ordezkoa: Marta Martínez Llobet andrea, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.
Epaimahaia onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Halaber, kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa eduki dezaten, Epaimahaiburuak eta Epaimahaikide-idazkariak, edo, bestela, haien ordezkoek, bertan egon beharko dute.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Merezimenduen kalifikazioa.
Epaimahaiak eginen du merezimenduen balorazioa, honako baremo honekin bat:
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez, 35 puntu.
b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerlanak eta bestelako merezimendu batzuk: gehienez, 25 puntu.
Izangai bakoitzak aurreko bi ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak II. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Merezimenduen balorazioaren aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.
Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Ez dira Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak frogatu behar; izan ere, jasota daude jada horiek Iruñeko Udalean.
Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduen gainean.
c) Txosten psikoteknikoa: gehienez ere 15 puntu.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak, hautaprobak egin ondoren, izangai bakoitzaren inguruko txosten psikotekniko bat eginen du, eta bertan baloratuko du izangai bakoitza deialdiaren xede den lanpostuaren izaerara eta ezaugarrietara egokitzen den. Zerbitzu horrek izangai bakoitzari txosten psikoteknikoan ematen dion puntuazioa loteslea izanen da lehiaketaren epaimahai kalifikatzailearentzat.
d) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: gehienez ere 25 puntu.
Epaimahai kalifikatzaileak egoki joz gero, proba praktikoa ahoz aurkeztu eta defendatu beharko du izangai bakoitzak, eta agerraldian hizpide har daitezke, baita ere, izangaiek aurkeztutako merezimenduak eta lehiaketaren xedea den lanpostuaren ezaugarrietarako egokitzapena.
Proba praktikoa ahoz azaldu eta defendatzera ez agertzeak berekin ekarriko du izangaia automatikoki lehiaketatik kanpo geratzea.
Proba honetan kanpoan geratuko dira gutxienez 12,50 puntu lortzen ez dituztenak.
Proba egin ondoren, izangai bakoitzaren emaitzak argitaratuko dira Udalaren webgunean eta iragarki-taulan, izangaien izena, abizenak, NANa eta puntuazioa adierazita.
Proba honen emaitzen aurka erreklamazioa paratzen ahalko da, 3 egun balioduneko epean, emaitzak Udalaren webgunean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuta.
Proba hau gainditzen duten izangaiek eskuratutako puntuazioa lehiaketaren beste ataletan lortutakoari gehituko zaio, horietako bakoitzaren guztizko puntuazioa lortze aldera.
Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinduta segituz gero, adinez zaharrena den lehiatzaileari emanen zaio lehentasuna.
7.–Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera.
Aurkeztutako erreklamazioak epaimahaiak ebatzitakoan, horrek izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, eta deialdiaren 6.d) oinarrian aipatutako proba gainditu duten izangaien zerrenda eta espediente osoa igorriko dizkio Giza Baliabideetako zuzendariari, puntuazio handiena erdietsi duten izangaien izendapen-proposamenarekin batera.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Giza Baliabideen Zuzendaritzak emandako Ebazpenaren bitartez Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko dira Epaimahaiak proposatutako pertsonak legelari-lanpostua bete dezaten.
8.2. Izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten zaienetik aitzina kontatuta. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko kategoriaz igotze honi dagozkion eskubide guztiak galduko dituzte.
9.–Izangaiek aurkeztutako agiriak.
Aurkeztutako agiriak jasotzen ahalko dira aurrez espresuki eskaturik, betiere ez bada erreklamazio edo errekurtsorik jarri. Agiriak jasotzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da, behin hiru hilabete igarota izendapen-ebazpena jakinarazi zenetik.
Aurreko paragrafoan aipatutako epean agiriak jaso ez badira, ulertuko da uko egiten zaiola horiek berreskuratzeari; hortaz, horretarako eskubidea galduko da.
Erreklamazio edo errekurtsorik egonez gero, aurkeztutako agiriak atxikiko dira horiek egiaztatu eta aztertze aldera. Agiriak jasotzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak ahalbidetzen duenean.
10.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 6an.–Giza Baliabideetako zuzendaria, Iñigo Anaut Peña.
I. ERANSKINA
Eskabidea (PDFa).
II. ERANSKINA
Merezimenduen baremoa
a) atala. Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.
1. Edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdian eskatutako maila/talde eta titulazioko lanpostuetan: puntu 1 urte bakoitzeko.
2. Edozein Administrazio publikotan emandako zerbitzuak, aurrekoez besteko lanpostuetan: 0,37 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak.
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
4. Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira. Horren ondorioetarako, ez da aintzat hartuko 96/1997 Foru Dekretuaren babesean prestakuntza eta hobekuntzarako jardueretan emandako denbora, atal honen 1. puntuan xedatutakoarekin bat baloratuko baita.
5. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntukoa izanen da.
b) atala. Prestakuntza, irakaskuntza nahiz ikerlanak eta bestelako merezimendu batzuk:
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 15 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.
5. Atal honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak ezta unibertsitatez bestekoak ere.
2. Hitzaldien edo komunikazioen aurkezpena biltzarretan edo jardunaldietan, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo saridunak egitea eta lanak aldizkari espezializatuetan argitaratzea: bi puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).
3. Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu edo/eta halakoetan irakasle jardutea: gehienez ere, bi puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.
4. Deialdian eskatutako titulazio eta espezialitate akademikoez bestelakoak: gehienez ere 2 puntu.
5. Doktore gradua deialdian exijitutako titulazioan: 2 puntu.
6. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratzekoak: besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza-bekak edo –egonaldiak eta parte hartzea kontsulta–, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: gehienez ere 2 puntu.
Oharrak, b) atal osorako:
1. Atal honetan soilik baloratuko dira deialdi honen xedea diren lanpostuekin zuzeneko zerikusia duten merezimenduak.
2. 25 puntukoa izanen da gehienez ere b) atal honi dagokion puntuazioa.
Iragarkiaren kodea: L1906358