99. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

226E/2019 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, aldeko txostena egiten duena zerriak gizentzeko instalazio baten jarduera sailkatuko proiekturako Cabanillasko udal-mugartean, Udalak ebatzi baino lehen. Instalazioaren titularra Ucar Gil, Oscar da.

Proiektuaren deskribapen laburra:

  • Cabanillasko 8. poligonoko 5211 lurzatian dagoen zerriak gizentzeko ustiategia handitzeko proiektua egin da. Honako hauek osatzen dute ustiategia: nabea (zerriak gizentzeko 1.976 toki dituena), mindak biltzeko 1.250 m³-ko idoia eta lan teknikoetarako lokala. Handitu eta gero, 2.496 toki izanen ditu. Horretarako, beste nabe bat eraikiko da, aurrekoaren aldamenean eta horrekin lerrokatua, luzeran, baita lan teknikoetarako beste lokal bat ere. Horrez gain, saneamendu-itxitura aldatuko da, eraikin berria eta elementu osagarriak (siloak, sarbideak eta maneiatzeko eremu finkatuak) mugatzeko. Animaliek 18,5 kg-ko pisua dute ustiategian sartzen direnean, eta 110 kg-koa dute hortik, hiltzeko, ateratzen direnean. “Denak barrura denak kanpora” izeneko sistema erabiltzen da ustiategian, saneamendu-hutsaldi batekin. Mindak balorizatzen dira sustatzaileak eta inguruko nekazariek landatutako nekazaritza-lurzatietan.

Jarduera Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4C eranskineko C) 3 epigrafean jasotzen direnetakoa da, eta, horregatik, jarduera sailkatuko udal lizentzia behar du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ingurumen txostena aldez aurretik emanda.

Halaber, handitzeko proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko c) epigrafean jasotzen direnetako proiektua da. Hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozeduraren arabera egin behar da.

Cabanillasko Udalak, 2019ko urtarrilaren 25ean, organo eskudun gisa aritzen zela, jarduera sailkatuko proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zituen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian, honako hauek eman zitzan espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70. artikuluan ezarritako txostena eta ingurumen eraginaren adierazpena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70. artikuluak ezartzen du ezen, Udalak ebatzi baino lehen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak txosten bat eman behar duela. Bertan, ingurumen baldintzak zehaztuko ditu, baita jardueraren funtzionamendurako ezarri behar diren neurri zuzentzaileak ere, eta, hala badagokio, aplikatzekoak liratekeen hirigintzako determinazioak, jarduera lurzoru urbanizaezinean egitekoa bada eta horretarako baimena eman badaiteke.

Espedienteko txostenak ikusirik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3 artikulua eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua aplikatzearen ondoriozko eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldeko txostena egitea zerriak gizentzeko instalazioaren jarduera sailkatuko proiekturako Cabanillasko udal-mugartean, Udalak ebatzi baino lehen. Instalazioaren titularra Ucar Gil, Oscar da.

Bigarrena.–Ingurumen eraginaren adierazpena ematea zerriak gizentzeko instalazioaren proiekturako Cabanillasko udal-mugartean, bideragarria baita ingurumenari dagokionez. Instalazioaren titularra Ucar Gil, Oscar da. Adierazpen horrek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira gehienez ere, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen eraginaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da.

Hirugarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin ezartzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren baldintzak bete behar dira.

Laugarrena.–Jarduera suteen kontrako segurtasunaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin ezartzea, eta nekazaritzako ingeniari teknikoaren proiektuan (VINA180008 ikus-onespen zenbakiduna, 2018/urtarrilekoa) proposatutako baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren baldintzak bete behar dira.

Bosgarrena.–Hirigintzako legerian ezartzen den jarduerak lurzoru urbanizaezinean egiteko baimenaren ondorioak ditu txosten honek, eta baimen horren parekoa da, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainera, ebazpen honen III. eranskineko baldintzak bete behar dira.

Seigarrena.–Jarduera lurzoru urbanizaezinean egiteko baimena eman baino lehen, zerriak gizentzeko ustiategiaren katastroko egoera erregularizatu behar da, ustiategiaren benetako egiturara egokituz. Gainera, ebazpen honen VII. eranskinean jasotzen diren baldintzak bete behar dira. Halaber, lurzatirako sarbideak erregularizatu behar dira, kontuan izanda Bardeako bidetik iristen dela egun lurzati horretaraino, herri-lurzati bat zeharkatuz.

Zazpigarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Udalari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Jarduera hasi aurretik, jarduera sailkatua abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak Udalean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedatuarekin bat. Adierazpen horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: ziurtagiriak, instalazioa onetsitako proiektuarekin bat datorrela frogatzen duena eta jarduera lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla egiaztatzen duena; behin betiko planoak; eta egin diren neurketa eta egiaztatze praktikoak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hirigintza arloko alderdiei buruz. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau igortzea Ucar Gil, Oscarri, Cabanillasko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 12an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak honako helbide honetan daude: http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/ANUCLEO/F1905464c_Anexos-MA.pdf.

Iragarkiaren kodea: F1905464