1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERAKABIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 8an hartua, zeinaren bidez onesten baita Etxauriko udalerria Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan sartzea.
Urriaren 30eko 21/2018 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrak honakoa ezartzen du hitzez hitz (foru lege horren bidez aldatu zen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea):
“1. Iruñerriko Mankomunitatearen barruan egonda ere, uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarraren 1. apartatuan sartu ez ziren udalek hiru hilabeteko epea izanen dute eskualde horretako baterako zerbitzurako eremuan sartzeko, foru lege honek indarra hartzen duen egunetik kontatzen hasita. Horretarako, nahikoa izanen da interesa duen udalaren osoko bilkuraren erabakia, zeina, 48. artikuluan ezarritako baldintzak betez gero, Mankomunitateak berretsi eta Nafarroako Gobernuari igorriko baitio, udal hori baterako eremuan sartzea onar dezan. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Taxi Kontseiluaren txostena, xedapen gehigarri bakarraren 6. apartatuan ezarrita dagoena. Epe hori agortzen bada eremuan sartzeko eskaerarik egin gabe, hortik aurrerako eskaeretan xedapen gehigarri bakar haren 6. apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.
Xedapen gehigarri bakar horren 6. apartatuan xedatutakoaren arabera, taxi zerbitzuaren ondorioetarako eta xedapen iragankor hau aplikatuz Iruñerriko Mankomunitatean sartzen diren udalerrietako lizentziak eskualdaezinak izanen dira eta berez iraungiko dira titularrak uko egin, erretiroa hartu edo hilez gero, baita taxi lanetan aritzeko ezintasun iraunkorreko deklarazioa egiten den kasuetan ere.
2. Foru lege honen 50. artikuluan adierazitako eskumenak Iruñerriko Mankomunitatea ez den beste udalez gaindiko entitate bat(zu)ek hartzen baditu(zte) bere(n) gain, baterako zerbitzurako lurralde eremuak entitate horien lurralde esparruetara egokitu beharko dira.
3. Xedapen iragankor honetan ezarritakoaren arabera, eremuan sartzen den udalerri bateko taxi lizentzia baten titular diren pertsona fisikoek taxi gidari profesionalaren baimena ofizioz lortuko dute, baldin eta baterako zerbitzurako lurralde eremu bakoitzean eskumena duen toki entitateak baimen hori edukitzea eskatzen baldin badu, eta, betiere, dagokion udalerria eremu horretan sartzen bada”.
2018ko azaroaren 26an egindako osoko bilkuran, Etxauriko Udalak erabaki zuen Iruñerriko Mankomunitateari eskatzea Etxauriko udalerria sar zedila Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan, urriaren 30eko 21/2018 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean xedatuarekin bat (foru lege horren bidez aldatu zen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea).
Bestalde, 2018ko abenduaren 20an egindako bilkuran, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak erabaki zuen aldeko txostena ematea aipatu udalerria Iruñerriko Mankomunitatean sar zedin taxiaren zerbitzuari zegokionez; izan ere, udalerri horrek Taxiari buruzko Foru Legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu Iruñerriko Mankomunitatean sartzeko. Halaber, batzar horretan erabaki zen espedientea jendaurrean jartzea 15 egun balioduneko epean.
2019ko apirilaren 9an egindako bilkuran, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak honakoa erabaki zuen: Nafarroako taxi-gidari auto-patronoen elkarte independenteak jendaurreko epean aurkeztutako alegazioak ezestea, aldeko txostena ematea Etxauriko udalerria Iruñerriko Mankomunitatean sartzeari buruz, taxi zerbitzuari dagokionez, eta Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako Departamentuari eskaera egitea aipatu udalerria sar dezan Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan.
Garapen Ekonomikorako Departamentuko Garraio Zerbitzuak aditzera eman duenez, bete da urriaren 30eko 21/2018 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean ezarritako prozedura (foru lege horren bidez aldatu zen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea). Horrenbestez, bidezkoa da Etxauriko udalerria Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan sartzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Etxauriko udalerria Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan sar dadila onestea, aipatu urriaren 30eko 21/2018 Foru Legearen lehen xedapen iragankorrean xedatuarekin bat (foru lege horren bidez aldatu zen Taxiei buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea).
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.
3. Erabaki hau Etxauriko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea.
4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, bi hilabeteko epean.
Erabaki hau argitaratu edo jakinarazi, zein den kasua, eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2019ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.
Iragarkiaren kodea: F1906415