98. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

175E/2019 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Cortesko Hirigintzako Udal Planari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Cortesko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek onetsitako planak, eta horien ingurumen-adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua aurkeztearekin batera hasi zen Cortesko Plan Orokorraren ingurumen ebaluazioa. Horri buruzko txostena eman zuen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2012ko apirilaren 17an. Cortesko Udalak, 2013ko abenduaren 18an, hasiera batean onetsi zuen Hirigintzako Udal Plana, eta jendaurrean jarri zuen 2013ko 230. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia paratuz, azaroaren 28an.

Hirigintzako planak 1999an onetsitako planeamendua ordeztu zuen eta hirigintzako tresna eguneratu bat eman zion udalerriari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legera egokitua.

Planak jarraipena eman zion Cortesko okupazio ereduari. Horretan, gune hauek identifikatu ziren: gune historikoa Cortesko gazteluaren inguruan, bizitegitarako zabalguneak garatzeko abiapuntua izan dena; eta jarduera ekonomikorako bi gune, bata industriala eta bestea logistikoa, Ebroko igarobidea jardueraren ardatz dutenak.

Cortesko Hirigintzako Udal Planean egindako analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal-mugarte osoa ukitzen dute, hau da, 36,69 km².

Hasiera batean onetsitako proposamen honi buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egin zen (edo ingurumen ondorioen adierazpena), Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 11ko 249E/2014 Ebazpenaren bidez (2014ko 141. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 21ekoa); hartan, baldintza hauek ezarri ziren: arriskuaren araberako erabileren araubidea sartzea eta CELTCE eremu logistikoan zonifikazio akustikoa egokitzea.

Ondoren, Urak har ditzakeen Aldeen Kartografiaren Sistema Nazionalean erabilgarri dauden ibai-arroko erakundeak egindako arrisku mapei jarraikiz, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak txostena egin zuen 2017ko otsailaren 2an. Txosten horrek ezartzen zuen 10. sektoreko eraikinak (bizitegirako lurzoru urbanizagarria) ezin direla baimendu, eta 9. sektoreko UE1 eta UE2 unitateek (hiri-lurzoru finkatugabea) arrisku handia daukatela, eta beraz, UE1 unitateko aurreikuspenak ezin direla baimendu. Udalerriko gainerakoari dagokionez, aipatzen zen beharrezkoa zela urak har ditzakeen aldeei buruzko informazioa eguneratzea (araudia nahiz dokumentazio grafikoa). Eta 9. sektoreari dagokionez, lurzoru urbanizatuak direnez, ibai-arroko erakundearen 2017ko ekainaren 12ko txostenak mugapenak ezarri zituen aurreikusitako erabileren gainean, zehazki Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9. ter eta 14. bis artikuluetan araututakoak.

Corteserako hiri proposamenean uholde arriskuaren irizpideak sartzeak berarekin ekarri zuen, alde batetik, 10. sektoreari bizitegi-eremu sailkapena kentzea, garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezina izateko; eta bestetik, ekarri zuen A1 eremurako sektorizazio planaren, plan partzialen eta 9. sektoreko urbanizazio proiektuen garapen baldintzatua, zeinei eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta babes zibileko txostenei baldintzatua, sotoak egitea espresuki debekatzen baitzen. Gainera, Udal Planean uholde arriskuari buruzko kartografia gehitzeaz gain, planeko hirigintzako araudian identifikatu eta aldatu egin zen urak har ditzakeen aldeen babes araubidea.

Funtsezko aldaketa horiek jendaurrean egon ziren, iragarkia 2018ko 266. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, azaroaren 22an. Lau alegazio jaso ziren. Horietako batek, Gestión de Inmuebles Iruña 2000 SLk izenpetutako alegazioak, ingurumen edukia zeukan eta desadostasuna adierazten zuen P1 sektorearen eremuaren (Rey de los Moros alderdia) sailkapenarekin, garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezina baitzen. Ingurumenaren eta gai horrekin lotutako arriskuen ikuspuntutik, egokitzat jo da lurzoru horiek urbanizatzeko prozesutik babestea, eta lehentasuna ematea Cortesko erdialdea sendotzeari.

Jarduera ekonomikorako lurzoruetarako proposamenei dagokienez, aldaketa nagusia izan zen sektore berri bat mugatzea (S10) Máquina bidetik ipar-mendebaldean, hirigunearekin mugakide diren nekazaritzako lurzoruetan; horren Plan Partzialak eremuaren uholde arriskua aztertu zuen, eta arriskua prebenitzeko neurri egokiak ezarri.

Planean egindako aldaketak ikusirik, eta kontuan harturik Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluak xedatzen duela ingurumen-adierazpen estrategikoa indargabetuko dela argitaratu eta bi urteko epean ez bada plana onetsi, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak proposatzen du ingurumen-adierazpen estrategiko berri bat egitea.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura egin izanaren berri eman du, bai eta uholde arriskuaren baldintzak planari nola gehitu zaizkion ere, eta aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen-ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea Cortesko Hirigintzako Udal Planaren alde. Cortesko Udalak sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Cortesko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 21ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1904187