98. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MUNETA

Ur horniduraren gaineko ordenantza. Behin betiko onespena

Munetako Kontzejuak, 2018ko maiatzaren 28an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Munetako Kontzejuaren Ur hornidura arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 31n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Munetan, 2019ko apirilaren 25ean.–Kontzejuko burua, José Navarro García.

MUNETAKO KONTZEJUAREN
UR HORNIDURA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 5. eta 100. artikuluetan eta haiekin bat datozenetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. artikulua. Ordenantza honen xede diren tasen oinarria da hornidura eta saneamendu zerbitzuak ematea.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. artikulua. Ordenantza hau Munetako udal-mugartean aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Zerga-egitatea

4. artikulua. Zerga-egitatea da ordenantza honek arautzen dituen zerbitzu edo jarduerak eskura izatea edo eskuratu ahal izatea nahiz erabili edo erabili ahal izatea; horiek dagozkien tasak sortzen dituzte. Hona hemen:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eta/edo herriko saneamendu eta estolderia sareak eskura izatea eta mantentzea.

b) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua erabiltzea. Tasa desberdina izan daiteke, uraren erabileren eta xedeen arabera.

c) Edateko urez hornitzeko zerbitzuan alta ematea. Horren barnean daude kontratu jarduketa guztiak, administratiboak zein materialak, edateko ur horniduraren zerbitzua ematen hasteko eskuratzeko instalazio egokiak aurretik dituen halako leku edo esparru bati.

d) Edateko uraren eta saneamenduko uraren zerbitzurako hargunea egitea. Eskatzailearen kontura izanen da hargunea egiteko obra eta haren kostua. Munetako Kontzejuak egiten duen zerbitzua, tasa honen zerga-egitatea sortzen duena, hau izanen da: hargunea egiteko gainbegiratze teknikoa eta etxebizitzek zein lokalek zerbitzua izateko Munetako Kontzejuak inbertsio orokorretan egin beharreko konpentsazioa.

Alta emateak batera gertatzen badira, hornidura eta/edo saneamendu sareen berritze orokorraren ondorioz, erabiltzaileak zuzenean ordainduko dizkio kontratistari lotzeko lanak, Munetako Kontzejuak lotzeko kuotarik kargatu gabe.

e) Behin-behineko horniduretarako altak.

V. KAPITULUA

Salbuespenak

5. artikulua. Ordainarazpen honetarako ez da salbuespenik onartuko.

VI. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

6. artikulua. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei pasatzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada. Edozein kasutan ere, higiezinaren jabea tributu-zorraren erantzule izanen da, solidarioki eta subsidiarioki.

Kontzeptu batengatik edo bestearengatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.

Ordaintzeko borondatezko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira. Ustiapen edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Munetako Kontzejuari kasuan kasuko jarduera edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri xehatua eskatzeko.

VII. KAPITULUA

Zerga-oinarria

7. artikulua. 4. artikuluko zerrendan aipatutako zerga-egitateen karga oinarriak hauek dira:

a) 4. artikuluaren a) atalean ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, kontagailuko.

b) 4. artikuluaren b) atalean ezarritako zerga-egitaterako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, kontagailuaren bidez edo beste bide teknikoki onargarri batzuen bitartez neurtuta.

c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa paratu beharreko kontagailu bakoitzeko, edo ateratzen den aldea, paratutakoaren diametroa handitzen bada, borondatez nahiz teknikariek beharrezkoa ikusten badute.

d) 4. artikuluaren d) atalean ezarritako zerga-egitaterako: kuota finkoa, hargune edo diferentzialko, handitu behar bada.

e) 4. artikuluaren e) atalean ezarritako zerga-egitaterako: ur kopuru kontsumitua, metro kubikotan, kontagailuaren bidez neurtuta, edo teknikoki onargarriak diren beste prozedura batzuen bidez.

VIII. KAPITULUA

Tarifak

8. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, tarifa hauek aplikatuko zaizkie tasen zerga-oinarriei:

a) 4. artikuluaren a) atalean ezarritako zerga-egitaterako:

–Kontagailua mantentzeko kuota finkoa: 60 euro.

b) 4. artikuluaren b) atalean ezarritako zerga-egitaterako: kontsumitutako metro kubiko bakoitzeko kuota aldakorra; aldatu egiten dena, honako erabilera eta helburu hauen arabera:

–Etxeko erabilera etxebizitzetan: 1,20 euro metro kubiko bakoitzeko, gehi BEZa, 30 metro kubikotik beheitiko kontsumoen kasuan; hortik goitiko kontsumoen kasuan, euro bat gehi BEZa, metro kubiko bakoitzeko.

–Industria, merkataritza eta zerbitzuetarako eta, oro har, aurreko tarifan aurreikusi gabeko jarduera edo erabileratarako, 2 euro gehi BEZa, metro kubikoko.

c) 4. artikuluaren c) atalean (zerbitzuan alta emateko tasa) ezarritako zerga-egitaterako: 80 euroko kuota bakarra, gehi BEZa.

d) 4. artikuluaren d) atalean (lotunerako kuota) ezarritako zerga-egitaterako:

–Hargune soiletarako (hornidura edo saneamendua): 132,08 euro gehi BEZa.

–Hargune bikoitzetarako (hornidura eta saneamendua): 147,86 euro gehi BEZa.

–Negozio-lokal bakoitzaren lotunea: 184,81 euro gehi BEZa.

e) 4. artikuluaren e) atalean (lotzeko kuota) ezarritako zerga-egitaterako:

–Etxeko erabilera etxebizitzetan: 1,20 euro metro kubiko bakoitzeko, gehi BEZa, 30 metro kubikotik beheitiko kontsumoen kasuan; hortik goitiko kontsumoen kasuan, euro bat gehi BEZa, metro kubiko bakoitzeko.

–Industria, merkataritza eta zerbitzuetarako eta, oro har, aurreko tarifan aurreikusi gabeko jarduera edo erabileratarako, 2 euro gehi BEZa, metro kubikoko.

IX. KAPITULUA

Tributu-kuota

9. artikulua. Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

10. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeetan ezartzen diren maneran eta baldintzetan.

X. KAPITULUA

Sortzapena

11. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

a) 4. artikuluko a) ataleko tasak (sortzapena urtean behin gertatzen da):

–Sareetako lotunea duten erabiltzaile guztientzat, urte naturaleko lehenbiziko egunean.

–Zerbitzuan lehen aldiz sartzen diren erabiltzaileentzat, ordaintzera behartua dagoenak dagokion zatia baino ez du ordainduko.

b) 4. artikuluaren b) eta e) ataletan ezarritako tasak ur kontsumoak egiten direnean sortuko dira.

c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako tasak sortuko dira edateko uraren hornidura eta/edo hondakin urak husteko kontratua sinatzen denean.

d) 4. artikuluaren d) atalean ezarritako tasak sortuko dira edateko uraren hornidura sare orokorrari eta/edo hondakin urak hustekoari lotzeko baimena ematen denean.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. artikulua. Ordenantza honetan araututako tasak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

a) 4. artikuluko a), b) eta e) ataletan ezarritako tasak, urtean behin.

b) c) eta d) ataletan ezarritako tasak sortzen diren unean ordainaraziko dira.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

13. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legearen 82. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak “jakinarazpen gabekotzat” joko dira.

4. artikuluaren a), b) eta e) ataletako tasek sorrarazitako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratuz, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun balioduneko epea ezarri beharko da borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.

4. artikuluko c) atalean ezarritako tasak sortzen diren unean berean ordaindu beharko dira.

4. artikuluaren d) atalean ezarritako tasak, hargunerako eskubidea aitortu ondoren, sortzen diren unean ordaindu beharko dira.

14. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, 6/1990 Foru Legearen 90. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, Kontzejuak haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko baimenik eman ez badu.

15. artikulua. Tributu-zorren ordainketa honela egiten ahal da:

a) Zorren ordainketa helbideratu duten subjektu pasiboentzat, haiek adierazitako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez duten subjektu pasiboentzat, horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

16. artikulua. Honako hauek iruzurtzat hartuko dira:

a) Toki entitateko langile behar bezala baimenduek egiten dituzten ikustaldiak oztopatzea.

b) Kontagailuen irakurketa edo ordenantza honetan araututako zerbitzuekin ikusteko duten egiaztapenak eragoztea.

c) Toki entitateak paraturiko prezintu, sarraila edo aparatuak bestelakotzea.

d) Toki entitateak kontsumoa neurtzeko aparatuen aldaketaz edo ordezkatzeaz ematen dituen jarraibideak ez betetzea.

e) Kontagailuaren irakurketa maltzurkeriaz aldatzeko asmoz, baimenik gabeko mekanismoak ezartzea.

XIII. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

17. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak arau hauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. Higiezin batean hargunea paratu nahi duten sustatzaileek, eraikitzaileek, pertsona juridikoek edo fisikoek, eskabidea aurkeztu beharko diote Munetako Kontzejuari. Bertan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan instalatzen ahal den hornidura partikularra. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia unitate bakoitzeko.

Eskabidea ikusita, Kontzejuak eskaera ebatziko du. Egoki iritziz gero, informazio osagarria eskatzen eta jarraibideak ematen ahalko ditu, komenigarritzat jotzen duen hargune orokorra egiteko.

2. Sarearekiko lotura edo hornidura eskatzen duenaren bizkar izanen dira instalaziorako zein hornidurarako behar diren materialen eta eskulanaren gastuak. Munetako Kontzejuak emanen du dagokion kontagailua.

Udalaren sare orokorretik kontsumo guneraino iristen den instalazioa hodi pribatutzat joko da. Horren ondorioz, udal sarea amaitu eta hodi pribatua hasten den tokian paratuko da dagokion kontagailua. Beraz, kontagailuak jabari publikoan paratu beharko dira.

Kontagailuak jabari publikoan paratzeko betebehar horretara egokitu nahi dutenek, haien kontura eginen dute, Munetako Kontzejuaren irizpide teknikoei jarraikiz.

3. Aurreneurri moduan, ur hornidura eteten ahalko zaio barreneko instalazioan ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari.

Era berean, hornidura eteten ahalko zaio asmo txar nabariko edo iruzurrezko kasuetan edo ordaindu ez denean. Halaber, ur hornidura mozten ahalko da interesduna ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren kasuetako batean dagoenean, zehapen-espedientea dakarten horietako batean, alegia.

4. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

5. Erabiltzaileak behartuak daude toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak.

6. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak ematen dituen jarraibideak betetzea.

7. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile baimenduari, kontagailuaren irakurketa egin dezan, edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo gisako beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

8. Kontzejuak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan beste edozein goiti-beheiti gertatuz gero. Kontzejuak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

9. Oro har, hornidura eteten ahalko da zerbitzuaren beharrek hala eskatzen badute, batez ere kontuan harturik udan izaten den egoera. Murrizketak izaten direnean bandoa argitaratuko da Kontzejuaren iragarki-taulan.

XIV. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

18. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen gainerako alderdiei dagokienez, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta bat heldu diren gainerako arauetan xedatuari jarraikiko zaio. Hornidura eteten ahalko da, ordenantza honen 17. artikuluan azaltzen den bezala.

XV. KAPITULUA

Saneamendu kanona

19. artikulua. Saneamendu saria arauturik dago Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta foru lege hori garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduan.

20. artikulua. Sariaren zenbatekoa aurrekontu-ekitaldi bakoitzari dagokion Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkaturik gelditu da.

21. artikulua. Arau-hauste edo zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraituko zaio, bai eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arauetan xedatuari ere.

XVI. KAPITULUA

Xedapen indargabetzailea

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, baldin eta maila berekoak edo beheragokoak badira.

XVII. KAPITULUA

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L1905691