97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

124/2019 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiarena, 2019an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze- eta lehengoratze-lanak egiteko, eta ibaien azterlanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 453294.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ibai-sistemak mantentzeko eta lehengoratzeko lanak egiten ari da azken urteotan. Lan-ildoen artean, nabarmentzekoak dira hiriguneak uholdeetatik babesteko egindako azterlanak eta obrak, ibilguen mantentze-lanak eta lehengoratze-proiektuak. Jarduketa horien guztien xedea da ibai-inguruneak berreskuratzea.

Halaber, Nafarroako Azpiegitura Berdeko Estrategiari jarraitu nahi zaio, jadanik definituta dagoen lurralde-ereduaren baitan. Naturak gizarteari ematen dizkion onurak daude oinarrian, besteak beste: janaria, materialak, ur garbia, klimaren erregulazioa, uholdeen prebentzioa eta abar. Hots, konektibitate ekologikoaren kontzeptuari gehitzen zaio Azpiegitura Berdea, helburua bioaniztasuna zaintzea delarik, bai eta jasangarritasun ekonomikoa ere zenbait ekosistema-zerbitzu emanez, eta hiriguneetara ere zabaltzen da.

Halaber, Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorraren helburuetako bat da gaur egun horretarako egokiak ez diren habitatak berreskuratzea.

Laguntzen deialdi honek, beraz, helburu bikoitza dauka: uholdeek eragindako kalteak saihestea eta ibai-ekosistemak lehengoratzea, eta deialdiaren barnean egindako jarduketak bat datoz Ibaiak Lehengoratzeko Estrategia Nazionalarekin eta Uraren, Habitaten eta Uholdeen esparru-zuzentarauekin.

Nafarroako Gobernuaren 2019ko gastuen aurrekontuak 80.000 euro onartu zituen 740001-74100-7609-452100 partidaren kargu, “Toki-erakundeendako dirulaguntzak ibaietako lanetarako” izenekoa, eta handik ordainduko dira Ebazpen honen ondoriozko gastuak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Sailaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2019an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze- eta lehengoratze-lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek Ebazpen honen I. Eranskinean ageri dira.

3. Gardentasunari buruzko eredua onestea, Ebazpen honen II. Eranskinean jaso dena.

4. Gehienez 80.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko Aurrekontuetako 740001-74100-7609-452100 partidaren kargu, “Toki-erakundeendako dirulaguntzak ibaietako lanetarako” izenekoa.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Dirulaguntzen deialdi hau erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

7. Ebazpen honi gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaio, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

8. Ebazpen hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Sailak Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Sailean duen kontu-hartzaile delegatuari eta Kontrol Ekonomiko Administratiboaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko apirilaren 30ean.– Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA.

2019an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze- eta lehengoratze-lanak egiteko, eta ibaien azterlanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta diruz lagundutako gastuak.

1. Ebazpen honen xedea da dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, 2019an Nafarroako ibaietan, sakanetan eta hezeguneetan mantentze- eta lehengoratze-lanak egiteko, eta ibaiak hobeki ezagutzeko azterlanak gauzatzeko.

2 Aurkeztutako proiektuetan ageri diren eta Foru Komunitateko gizartearentzat interesekoak eta errentagarriak diren obrak diruz laguntzen ahal dira, aintzat hartuta babestutako ondasunen garrantzia, saihestutako arriskuak eta aurreikuespenen arabera ingurumenari ekarri behar dizkioten onurak.

3 Dirulaguntza jasotzen ahal dute 2019an egiten diren obrek eta azterlanek, baldin eta deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

4. Ez dira diruz lagunduko jarduketa hauek:

–Ibai edo sakan baten higaduratik argi eta garbi sortu ez diren ezpondak edo mendi hegalak egonkortzea.

–Ibilgu artifizialetako lanak (erretenak).

–Ingurumenari kalte egiten ahal diotenak, edo ingurumen edo hirigintza arloko arauen kontrako obrak.

–Beharra justifikatu gabe duten jarduketak, besteak beste, justifikazio hidraulikorik gabeko dragatze orokorrak ibilguetan, edota nekazaritzako jarduerek mugatutako erreka edo sakanen garbiketa.

–Natura 2000 Sarean sartuta dauden lurretan egin nahi direnak, ez bada egiaztatzen bateragarriak direla zaindu beharreko balioekin.

–Deialdia ebatzi aitzin burutu edo hasi zirenak.

–Onura publikokotzat edo interes sozialekotzat jotzen ez direnak.

2. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Diruz laguntzen ahal den obrak, proiektuak edo azterlanak duen aurrekontuaren %70ekoa izanen da, BEZa barne.

Horretaz gainera, obrak direnean, dirulaguntza osoa jasoko dute proiektua idazteko eta obra zuzentzeko ordainsariek, baldin eta ez bada gainditzen onartutako eta ziurtatutako Obra Gauzatzeko Aurrekontuaren %5, eta zenbateko horrek benetako kostua gainditu gabe. %5 horren barnean sartzen dira ordainsariak eta BEZa.

Nolanahi ere, dirulaguntza gehienez 30.000 eurokoa izanen da eskabide bakoitzeko, ordainsariak eta BEZa barne.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

Onuradun izaten ahal dira Nafarroako udal eta kontzejuak, baldin eta beren mugapetik ibaiak eta sakanak igarotzen badira edo hezegunerik badute. Eskaera bakarra onartuko da udal edo kontzeju bakoitzeko.

4. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea.

1.–Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren Tramiteen Katalogoko (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, Gaitutako Helbide Elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 16. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluei jarraikiz, eskaerak ez dira aurkeztutzat hartuko baldin eta laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez badira, ez eta aipatutako fitxa erabiliz telematikoki aurkezten ez badira ere. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

2.–Eskaera harturik, oinarri hauetako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betekizunak bete ezean, toki erakunde interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, bestela, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta hala jakinaraziko zaiola.

3.–Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

1. II. Eranskineko eskaera-inprimakia.

2. Gardentasunari buruzko adierazpena (II. eranskina).

3. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko du transferentziaz kobratzeko eskabidea, behar bezala betea eta sinatua. Agiri hori web-orri honetan eskuratu daiteke: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

4.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekurik urratzen ez dela dioen adierazpena.

Gainera, eskatzaileak ordainduta eduki behar ditu Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak.

5.–Hauek ere gehitu behar dira:

5.1. Obrak direnean: proiektuaren ale bat, arloan eskumenak dituen teknikariak idatzia eta sinatua, indarrean dagoen legeari jarraituz.

Lehen eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoak ez baditu betetzen eraikuntza proiektuaren gutxieneko edukiak, ezetsi eginen da eskaera hori.

Proiektuan joanen dira dokumentu hauek:

–Memoria, bertan sartuta alternatiben azterlan bat eta proposatutako konponbidearen justifikazio teknikoa, eta, bidezkoa denean, egungo eta etorkizuneko egoeren Azterlan Hidrologiko Hidrauliko bat eranstea baloratuko da.

–Segurtasun eta osasun arloko legeriari jarraikiz dagokion azterlana, laneko arriskuen prebentziorako neurrien justifikazioa eta aurrekontu zehaztua barne. Ez da onartuko aurrekontu horren zenbatespena Obra Gauzatzeko Aurrekontuaren ehuneko bat izatea.

–Ingurumen ukipenen azterlana. Proiektu guztiek azterlan hori izan beharko dute gutxienez. Ibilgu naturalak bideratzeko eta bertan babesak eraikitzeko obra proiektuak gauzatzen direnean Kontserbazio Bereziko Eremu diren ibilgu edo hezeguneetan edo RAMSAR Hitzarmeneko zerrendako hezeguneetan, Ingurumen Eraginaren Azterlana aurkeztu beharko da Ingurumen Afekzioen Azterlanaren ordez.

–Egin beharreko lanen baldintzen agiria.

–Aurrekontu xehatua: neurketak, prezioen taulak (1. eta 2. prezioen taula), aurrekontu partzialak, aurrekontu orokorra eta administrazioari jakinarazi beharreko aurrekontua. Jarduketen prezioak bat etorriko dira merkatuko prezioekin.

–Planoak. Barnean joanen da, gutxienez, jarduketen kokalekuaren plano orokor bat, kokapen planoak eta xehetasun planoak, adibidez zeharkako ebakidurak, luzetarako profilak, eraikuntzako xehetasun kotatuak, profil tipoak edo bestelakoak, egin beharreko obra ongi definituz.

Agiri horiek idatzi dituen teknikariak sinatu beharko ditu nahitaez.

Proiektuak dirulaguntzaren deialdiaren xede diren jarduketak izan behar ditu, ez besterik. Deialditik berariaz bazterturik dauden lanak izanez gero, horiek zuzentzeko eskatuko da.

Jarduketak gauzatu ahal izateko aurrekontua gehienez 10.000 euro artekoa denean, “proiektua” dokumentuaren ordez aurkez daiteke “memoria teknikoa”, arloan eskumenak dituen teknikari batek idatzia eta sinatua.

Memoria teknikoak hurrengo dokumentuak jaso beharko ditu: Memoria, Aurrekontua eta 1:10.000 eskalako planoak edo handiagoak.

Jarduketaren bat Kontserbazio Bereziko Eremu batean denean, memoriak beti jasoko du leku horretako kontserbazio-balioen gaineko afekzioen ebaluazioa.

Lehen eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoak ez baditu betetzen eraikuntza proiektuaren gutxieneko edukiak, ezetsi eginen da eskaera hori.

5.2. Ibaiei buruzko azterlanak direnean: ibai-tarteak lehengoratzeko diagnostiko integral bat egiten duten azterlanak lagunduko dira diruz, ibaia lehengoratzea konbinatuz uholdeen aurreko babesarekin. Bertan joanen da gaien aurkibide bat, memoria deskribatzaile laburra eta zer aurrekontu duen azterlanak, arloan eskumenak dituen teknikari batek idatzia, legeriari jarraikiz. Ez dira diruz lagunduko lehendik daudenak errepikatzen dituzten azterlanak, edo lehenengo oinarria betetzen ez dutenak.

5. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun-irizpideak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagoka bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, oinarri hauetan zehaztutako balorazio-irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta baloraziorik handiena lortzen duten eskaerei emanen zaie laguntza, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. 80.000 eurotik, gehienez 40.000 izanen dira obrak gauzatzeko, eta 40.000 azterlanak egiteko. Dirulaguntzako lerro bakoitzari zenbat eman proposatu ondotik, lerroren baterako gordetako zenbatekoa agortu ezean, beste lerro bati laguntzeko erabiltzen ahal da, ez badaude eskaerak onartu eta dirulaguntzarik gabe gelditu direnak.

3. Balorazio irizpideak: 100 puntu arte.

–Ibaien, sakanen eta hezeguneen mantentze- eta lehengoratze-lanak egiteko:

a) Egungo egoeraren arriskugarritasuna: 40 puntu arte.

Bizilagunak dituzten etxebizitzen kalteak lehenetsiko dira eta, bigarren mailan, deialditik berariaz bazterturik ez dauden bestelako ondasunen babesa. Aurkeztu den Azterlan Hidrologiko Hidraulikoaren bidez baloratuko da arriskugarritasunaren eta arriskuaren justifikazioa.

Jarduketaren premia aintzat hartzeko, arriskuan diren ondasunen gainean hautemandako fenomenoen bilakaera baloratuko da.

Era honetan xehatuko dira 40 puntu horiek:

  • 15 puntu etxebizitzen gaineko kalteak daudenean.
  • 15 puntu azpiegituren gaineko kalteak daudenean.
  • 5 puntu larrialdi-kasuak daudenean.
  • 5 puntu gainerako egoeretan.

b) Proposatutako konponbidearen eraginkortasuna: 30 puntu arte.

Proiektuan proposatutako alternatibak eta hautatutako soluzioaren justifikazioa aztertuko ditu Batzorde Teknikoak, eta horien egokitasunaren arabera emanen die puntuazioa. Kontuan izanen dira eraginkortasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen arlokoa, eta balorazio berezia jasoko dute bioingeniaritzan oinarritutako jarduketek.

Era honetan xehatuko dira 30 puntu horiek:

  • 15 puntu proposatutako konponbidearen eraginkortasuna gorena denean.
  • 10 puntu proposatutako konponbidearen eraginkortasuna ertaina denean.
  • 5 puntu proposatutako konponbidearen eraginkortasuna apala denean.

c) Lehengoratzea: 30 puntu arte.

Balorazio berezia jasoko dute ibai-ingurunea lehengoratzeak eta ibai-konektagarritasuna hobetzeak, nahiz luzetara (oztopoak kentzea) nahiz zeharka (ibilguaren eta ertzen arteko konektagarritasuna).

Nolanahi ere, zura erabiltzea aurreikusten denean, oihanen kudeaketa jasangarriko zura izan beharko du, eta aridoak edo antzekoak erabiltzea aurreikusiz gero, arido birziklatua izan beharko du.

Era honetan xehatuko dira 30 puntu horiek:

  • 20 puntu ibai-ingurunea lehengoratzeko jarduketetarako eta ibaiaren luzetarako nahiz zeharkako konektagarritasuna hobetzeko.
  • 10 puntu neurri zuzentzaileetarako.

Ibaien arloko azterlanak egiteko:

a) Ibai-tarteari buruzko diagnostiko integralean aurkeztuko dira ibaiaren gaineko presio eta inpaktu nagusiak, bai eta ibaia lehengoratzeko jarduketa lehenetsien plan bat ere (20 puntu).

b) Hiriguneetako uholde-arriskugarritasuna (EPRIren arrisku-sailkapenaren arabera, errepikatze-denboretan eragindako azalerak). Ez da uholdea gertatzeko arriskuari buruzko azterlanik lagunduko baldin eta udalerriak lehendik Udaleko Plan Orokorra egiteko hirigintza-hitzarmen bat sinaturik badu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Sailarekin. (50 puntu).

c) Kontserbazio Bereziko Eremuetako ibaien egoerari buruzkoak (30 puntu).

6. oinarria.–Ebaluazio Organoa.

Laguntzak emateko prozedurak irekitzea dagokio Batzorde Tekniko bati, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Ataleko teknikariz osatua.

7. oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Batzorde Teknikoak oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak ebazpen-proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten batean adieraziko du onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintzak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditu diren eskatzaileekin, eta beste bat, baldintzak ez betetzeagatik kanpora gelditu direnekin.

Ebazpen-proposamenean agertuko dira onartutako eskaerak, kasuan kasuko dirulaguntzak esleiturik, zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, aurrekontuko dirua ahitu arte. Esleitu gabe geratutako saldoa emanen zaio azken onuradunari; beraz, aurrekontuko diru kopurua handiagoa izan balitz berari zegokiokeen dirulaguntza baino gutxiago emanen zaio.

Emandako dirulaguntza ikusirik, azken onuradunak bere proiektuaren zati bat bakarrik egin nahiko balu, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalari eskatu eta hark emanen dio baimena, baldin eta lan horiekin asetzen badira proiektu originalaren helburuak.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiaren Ebazpen arrazoituaren bidez ebatziko dira dirulaguntzak, bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko data amaitzen denetik aurrera.

8. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Toki-erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen artikuluko betebeharrak izanen dituzte, eta Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen kontratazio-arauak bete beharko dituzte.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek bete beharreko gardentasun-baldintzak agertzen dira Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, bai eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ere, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituenean.

Hala, emakidaren ebazpena jakinarazitako biharamunetik hilabeteko epean, erakunde onuradunak Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari helarazi behar dio III. Eranskineko adierazpena, behar bezala beteta, bai eta adierazpen horretan aipatutako informazioa ere, beharrezkoa balitz.

Aipatutako gardentasuna bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da.

Gainera, obrak daudenean, onuradunaren betebeharrak izanen dira:

1. Obrak esleitu eta Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalari helaraztea, emandako dirulaguntza jakinarazi eta gehienez hiru hilabeteko epean, honako dokumentazio hau:

a) Obrak egiteko behar diren baimen eta lizentzia guztien kopia. Obrei ekiteko, beharrezkoa izanen da Ur Konfederazioaren baimena aurkeztea, edo kasua bada, Ur Konfederazioak espedienteari hasiera eman diola jakinaraztea.

b) Obren esleipenaren egiaztagiriak, kontratistek aurkeztutako eskaintzak barne. Egiaztagiri horietan zehaztuko dira obrak esleitzeko jarraitutako irizpideak eta prozedura. Enpresa esleipen-hartzailea eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko da.

c) Obra-zuzendaritzaren izendapen-akta, indarrean dauden xedapenen arabera.

Obligazio horietakoren bat betetzen ez bada agindutako epean, dirulaguntzari uko egin zaiola pentsatuko da.

2. Dirulaguntzaren xede diren lanak egitea, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalaren ingurumen-jarraibideen arabera, eta Atal horri jakinaraztea obren eduki- edo kostu-aldaketak, gertatzen diren unean.

3. Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalari jakinaraztea (restauracionderiberas@navarra.es) “hasieraren eta zuinketen egiaztapenaren akta” eta “obren behin-behineko harreraren akta” sinatu baino astebete lehenago, bertako langileak joan daitezen.

Atalak obra garaian egindako edozein egiaztapen ere onartu beharko du.

Gainera, azterlanak daudenean, onuradunaren betebeharrak izanen dira:

1. Azterlana esleitu eta Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalari helaraztea, dirulaguntza jakinarazi eta gehienez hiru hilabeteko epean, azterlanaren esleipena justifikatzen duen dokumentazioa, besteak beste gainerako eskaintzak, esleipenaren irizpidea eta prozedura azalduz. Enpresa esleipen-hartzailea eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko da. Betebehar hauek agindutako epean bete ezean, dirulaguntzari uko egin zaiola ulertuko da.

2. Dirulaguntzaren xede diren lanak egitea.

9. oinarria–Hamaikagarrena. Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, eta betiere 2019ko azaroaren 15a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu, obrak gauzatu izanarekin lotuta:

1. Hasieraren eta zuinketen egiaztapenaren akta, toki-erakundeko alkateak, obra-zuzendaritzak eta kontratista esleipendunak sinatuta.

2. Egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten agiriak eta fakturak.

3. Amaierako obra-harreraren akta, toki-erakundeko alkateak, obra-zuzendaritzak eta kontratista esleipendunak sinatuta.

Azterlanen kasuan, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

1. Azterlanaren ale bat euskarri digitalean, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalak balioztatu dezan.

10. oinarria.–Hamabigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dokumentazioa aztertu ondoren ordainduko da dirulaguntza, egindako eta ziurtatutako obraren arabera, edo egindako azterlanaren arabera.

Hasieran aurkeztutako proiektuan obrari emandako balioa handitzen duen aldaketa edo gehigarririk ez da inoiz ordainduko.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da, egindako lanak diruz lagundutako proiektukoekin edo azterlanekoekin bat datozela ikustean.

Ez dira ordainduko desjabetze-gastuak.

Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira laguntzak.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Ebazpen honen barneko dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateak, Estatuak edo Europar Batasunak helburu berarekin ematen dituen bestelako dirulaguntzekin. Hori dela eta, dirulaguntza jasotzen duenak proiektu honetarako edo xede bererako emandako laguntzaren berri eman beharko du, jakin bezain laster.

12. oinarria.–Onuradunaren publizitate-betebeharrak.

Onuradunak informazio guztietan adierazi beharko du Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Sailaren laguntzaz egiten ari direla lanak.

13. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Toki-erakundeak ez badio Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalari jakinarazten hasieraren eta zuinketen egiaztapenaren akta edo obraren behin-behineko harreraren akta, edo ingurumen-baldintzak bete ez badira, ulertuko da uko egiten zaiela obra-zuzendaritzaren ordainsariei. Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrain Ustiaketa Kudeatzeko Atalak ez duenez baliabiderik izanen lanak behar den moduan gauzatu diren egiaztatzeko, burututzat jotzen dituen obra-unitateei dagokien dirulaguntza ordainduko da.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluei jarraituko zaie.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus).

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Gardentasunari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1906108