97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Laburpena, arte eta kultura arloko sorkuntzarako eta jarduera fisikoetarako laguntzen deialdiarena

Udalak deialdi baten oinarriak onetsi ditu, irabazi-asmorik gabeko entitate, elkarte edo partikularrei dirulaguntzak emateko, 2019an egindako arte eta kultura arloko sorkuntzarako eta jarduera fisikoetarako. Oinarri horiek interesdunen eskura daude udal bulegoetan eta udalaren web-gunean (ultzama.eus).

Oharra: Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke testu osoa (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (identifikazioa): 452139.

Hona deialdi honen xedeak:

a) Diruz laguntzea arte eta kultura arloko sorkuntza, edozein dela ere diziplina artistikoa: dantza, musika, antzerkia, arte plastikoak, argazkilaritza, pintura, etab.

Deialdi honetarako aurrekontua 2.500,00 eurokoa da.

b) Diruz laguntzea jarduera fisikoak egitea, edozein dela ere kirol diziplina.

Deialdi honetarako aurrekontua 2.500,00 eurokoa da.

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira irakaskuntza arloko jarduerak eta ekipamenduak, bai eta herrietako zaindariaren jaiak edo antzekoak. Ezin izanen dituzte laguntza hauek jaso Ultzamako Udalaren laguntza ekonomikoak zuzenean jasotzen dituzten entitate eta/edo pertsona fisikoek. Edonola ere, zuzenean jasotako laguntza hori deialdi honetan jasotzen ahal den kopurua baino txikiagoa bada, deialdi honetako laguntzak eskatzen ahal dira; hain zuzen ere, laguntzaren zenbatekoa osatzeko falta den diru-kopurua emanen da.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. eta 13. artikuluetan eta haiekin bat heldu direnetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dituzte.

Diruz lagunduko den gastuagatik ezin izanen da beste entitate publikotatik dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso. Hala gertatuz gero, itzuli behar da bitan lagundutako zenbatekoa.

Sorkuntzari dagokionez, berriak izan behar dute a) motan sortutako proiektuek, eta a) zein b) motatakoak Ultzaman gauzatu eta aurkeztu beharko dira.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek, beren eskaerak aurkeztu beharko dituzte 2019ko maiatzaren 24ko 14:30a baino lehen.

Diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak 2019ko azaroaren 15a baino lehen gauzatu behar dira, eta 2019ko abenduaren 15a baino lehen justifikatu.

Diruz lagundutako jarduera jendaurrean aurkeztu beharko da, euskara zein gaztelania erabiliko den ekitaldi batean.

Pertsona edo entitate bakoitzeko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.250,00 eurokoa izanen da arte eta kultura arloko sorkuntzarako, eta 1.250,00 eurokoa jarduera fisikoetarako. Dirulaguntzaren ordainetan, pertsona edo talde eskatzaileak Ultzaman aurkeztu beharko du bere produktua, eta horretarako, Udalarekin koordinatuko da.

Larraintzarren, 2019ko apirilaren 15ean.–Alkatea, M.ª Aránzazu Martínez Urionabarrenechea.

Iragarkiaren kodea: L1905741