Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
EGUESIBAR
Deialdia, izangaien bi zerrenda egiteko, hautaproben bidez, administrari-ofizialen lanpostuetan aritzeko;
bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko,
eta, bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.
2019ko apirilaren 8an onetsi zen deialdia
I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO, ADMINISTRARI-OFIZIALEN LANPOSTUETAN ARITZEKO, PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN
Hona hemen deialdiaren OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Iragartzen da deialdi bat egin dela izangaien zerrenda bat egiteko, hautaproben bidez, administrari-ofizialen lanpostuetan aritzeko, prestakuntzarako zerbitzu berezietan, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrak betetzeko aldi baterako.
Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Eguesibarko Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea, D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako hauetako bat izatea: Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat; edo, bestela, eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.
Eskabide hori interesdunen esku egonen da Eguesibarko Udalaren Herritarren Arretarako Bulegoan (Erregistro Orokorra); bestela, Interneten, www.valledeegues.com/eu helbidean, edo www.nafarroa.eus webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren orrian.
Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dira alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien frogagiriak (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak), deialdiaren 5.1 oinarrian ezartzen denari jarraikiz (bi deialdietarako balio duten arauak).
3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, erantsi beharko dute hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana.
Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahal dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu beharko dute zer egokitzapen eskatzen duten.
3.3. Galarazi gabe aurreko atalean xedatutakoa, eskabidea beste agiririk ez da aurkeztu behar, zeren bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen dena deitzen zaien unean frogatu behar dute, deialdi honetako arau amankomunen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren arabera.
Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.
Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aipatutako bideak erabiliz.
Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.
Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
II.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO, ADMINISTRARI-OFIZIALEN LANPOSTUETAN ARITZEKO, ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAREN BIDEZ
Hona hemen deialdiaren OINARRIAK
Lehenbizikoa.
Iragartzen da deialdi bat egin dela izangaien zerrenda bat egiteko hautaproben bidez, administrari-ofizialen lanpostuetan aritzeko, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrak betetzeko aldi baterako.
Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, erabiliko dira ekainaren 29ko 240/1992 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak.
Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.
2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako hauetako bat izatea: Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat; edo, bestela, eskuratzeko moduan egotea.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.
2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.
Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.
Eskabide hori interesdunen esku egonen da Eguesibarko Udalaren Herritarren Arretarako Bulegoan (Erregistro Orokorra); bestela, Interneten, www.valledeegues.com/eu helbidean, edo www.nafarroa.eus webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren orrian.
Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen fotokopia.
Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Halaber, eskabidean zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.
b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa, organo eskudunak emana, erantsi beharko dute. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahal dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zehaztu beharko dute zer egokitzapen eskatzen duten.
c) Alegatzen diren merezimendu guztien zerrenda eta haien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, deialdiaren 5.1 oinarrian ezartzen denari jarraikiz (bi deialdietarako balio duten arauak).
3.3. Bigarren oinarriko 2.1.c) atalean eskatzen den betebeharra agiri bidez frogatu beharko da lanerako deia egiten denean, deialdietako arau komunen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.
3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.
Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko ditu parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Laugarrena.–Eskabideak nola eta noiz aurkeztu.
Deialdietarako arau amankomunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, aipatutako bideak erabiliz.
Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.
Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.
III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU AMANKOMUNAK
Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean edo Herritarren Arretarako Bulegoan (Garajonay kalea 1, 31621 Sarriguren), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Bigarrena.–Eskabideak aurkezteko epea.
Bi deialdietarako, eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau iragartzen duen aipua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdiaren eta haren oinarrien testu osoa eskura egonen da udal web-orrian (www.valledeegues.com/eu/inicio/), baita Eguesibarko Udaleko Herritarrei Arreta egiteko Bulegoan ere (Garajonay kalea 1, Sarriguren, Eguesibar).
Hirugarrena.–Izangaien onarpena.
3.1. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta hura Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da (Garajonay kalea 1, 31621 Sarriguren) baita haren webgunean ere (www.valledeegues.com/eu).
Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.
Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.
3.2. Behin betiko zerrendak.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzeko aginduko, hautaprobak egiteko deialdi honetan aipatzen diren eguna eta tokia adierazita.
Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).
Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.
4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Alfonso Etxeberria Goñi, Eguesibarko Udaleko alkatea, edo legez haren ordezko dena.
Ordezko epaimahaiburua: Helena Arruabarrena Polite, Eguesibarko Udaleko Langileriaren zinegotzi eskuordetua.
–1. mahaikidea: Julia Irisarri Navarro, Udalaren kontu-hartzailea.
1. mahaikidearen ordezkoa: Teresa Osta Peteiro, Udalaren administrari-ofiziala.
–2. mahaikidea: Nekane Lazcano Gómez, Udalaren Ogasuneko kudeatzailea.
2. mahaikidearen ordezkoa: Ángel Abaurrea Echarte, Udalaren arkitekto teknikoa.
–3. mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
3. mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.
–Epaimahaikide-idazkaria: Eguesibarko Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa-kudeatzailea.
4.2. Baldin gertatzen bada Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat, epaimahaikideek ezin izanen dute kalifikazio epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.
Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
4.3. Hautaproba egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo absolutua bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.
4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
Bosgarrena.–Proba.
Hautapen prozesuan bi fase izanen dira: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Hautapen prozesuan gehienez ere 100 puntu lor daitezke. Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 10 puntukoa izanen da, eta oposizioaldikoa, berriz, 90 puntukoa.
5.1. Lehiaketaldia:
5.1.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.
5.1.2. Lehiaketaren balorazioa.
Lehiaketaldiak gehienez ere 10 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:
–Administrazio publiko batean lanean aritzeagatik, administrari-ofizialaren lanpostuetan –frogatu beharko da kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez–: puntu bat, urte oso bakoitzeko; 6 puntu gehienez. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala.
–Euskaraz jakiteagatik. 3 puntu gehienez.
Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 3 puntu EGA edo C1 izateagatik; 2,4 puntu B2 izateagatik; 1,8 puntu B1 izateagatik; 1,2 puntu A2 izateagatik, eta 0,6 puntu A1 izateagatik. Baloratzeko, beharrezkoa izanen da aurkeztea nahikoa den frogagiri jatorrizkoa (edo kopia konpultsatua).
Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei, dei eginen zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egin dezaten. Proba hori proba teorikoa gainditu ondoren eginen da, eta gainditzen dutenek soilik eginen dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko paragrafoko baremoaren arabera.
–Mekanografia maila edo ezagutzak frogatzen dituen ziurtagiria izateagatik, erakunde publiko batek emana: puntu bat. Jatorrizko titulua edo horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
5.2. Oposizioaldia:
5.2.1. Hautapen prozesuko oposizioaldia proba baten bidez eginen da. Proba horretan 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitza erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun zuzen bakoitzak 1,8 puntu emanen ditu, eta oker bakoitza penalizatu eginen da, galderaren balioaren heren batekin (0,6 puntu).
Epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
Proba egiteko ez da inolako testurik edo hiztegirik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere.
5.2.2. Probak 90 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %50 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
5.2.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek proba egitera agertu beharko dute aldean daukatela Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.
5.2.4. Probak egiteko, beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat eta eskabidean eskatu dutenentzat.
Seigarrena.–Emaitzak.
6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda jarriko du Eguesibarko Udaletxeko iragarki-taulan eta udal webgunean, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta bost egun naturaleko epea emanen du, emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:
a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.
b) Aldi baterako kontratatuak izateko deialdia: berdinketarik izanez gero, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.
6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Eguesibarko iragarki-taulan eta udal webgunean:
–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.
6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Udaleko Alkatetzari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.
Zazpigarrena.–Administrari-ofizialaren lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak eta deia.
7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jasota, izangaien zerrendak onetsiko dira Alkatetzaren ebazpenaren bidez. Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean argitaratuko dira.
7.2. Ekainaren 29ko 240/1992 Foru Dekretuaren arabera eta honako irizpide hauen arabera eginen da prestakuntzako izangaiendako deia eta, behar denean, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa:
7.2.1. Deia:
a) Izangaien deia, oro har, banaka eginen da, zerbitzuaren beharren arabera.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki emanen dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.
Baldin izangai bat lanpostutik falta bada arrazoi justifikatuengatik, eta, beraz, harekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.
b) Prestakuntzaldiko izangaien zerrendakoei lanpostu bat eskainiko zaie bakar-bakarrik baldin aurreikusten bada gutxienez ere hiru hilabete iraunen duela.
c) Baldin langile bat zerbitzu berezietako egoerara igarotzen bada, haren ordez –hala behar denean– bakarrik prestakuntzako beste langile bat izenda daiteke.
d) Prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ari diren izangaiei ez zaie deituko dauden beste zerrenda batetik, salbu zerrenda desberdin batetik egiten bada dei berria, eta, gainera, beharrezkoa izanen da goragoko maila bateko lanpostu baterako izatea.
e) Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, bakar-bakarrik deituko zaie deiaren unean jardunean dauden izangaiei.
Baldin deiaren unean izangaia badago zerbitzu berezietako egoeran, eszedentzia berezian, borondatezko eszedentzian lanpostuaren erreserbarekin edo lanpostuaz gabetua, ez zaio deituko baina zerrendan duten tokiari eutsiko dio, eta egoera horiek bukatutakoan dei egin ahal izanen zaio.
f) Baldin deiaren unean izangaia badago lanerako aldi baterako ezintasun egoeran, amatasun edo adopzio lizentziarekin, edo norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentziarekin, ez zaio prestakuntzarako lanposturik eskainiko, baina zerrendan duten tokiari eutsiko dio, deitua izan ahal izateko egoera horiek bukatutakoan.
Aurreko paragrafoko egoera batean dauden izangaiek komunikatu beharko dute noiz dauden zerbitzuak emateko prest, agiri bidez, non adieraziko baita egoera horien bukaera, eta komunikazioa egin arte ez zaie deituko.
7.2.2. Uko egitea:
Baldin izangai batek uko egiten badio eskainitako lanpostuan prestakuntzan aritzeari, deia egin den zerrendatik kenduko da, eta eskubide guztiak galduko ditu.
7.2.3. Zerbitzu berezien egoeraren deklarazioa:
Berariazko ebazpen administratiboaren bidez deklaratuko da prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoera, epe zehatz baterako.
7.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak (legegintzako foru dekretu horren bidez onesten da Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina); deialdi honen oinarriak; eta, berariaz oinarri hauetan ezarri gabekoetarako, abenduaren 31ko 814/2010 Foru Agindua (foru agindu horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak).
Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (beste epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bost eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.
Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, ezarri dena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean, hain zuzen zazpigarren xedapen gehigarrian, laugarren atalean, non arautzen baitira Nafarroako administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak. Kasu horretan, kontratazioa egiteko, frogatu beharko da desgaitasun gradua bateragarria dela lanpostuko lan eta eginkizunekin.
7.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, aurkeztu beharko dute Batxilergoko edo bigarren mailako Lanbide Heziketako tituluaren fotokopia, edo horien baliokidearena, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen titulua lortzeko moduan egon izanaren gaineko ziurtagiria.
Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.
Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.
Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.
Zortzigarrena.–Errekurtsoak.
8.1. Deialdiaren eta bere oinarrien aurka, baita horien aplikaziotik eta hautapen organoen jarduketetatik etortzen diren egintza administratiboen aurka ere, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu auzitegi horren ebazpen espres edo ustezkoek amaiera emanen diote foru administrazioko bideari, eta haien aurka jotzen ahalko da, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunei zuzendurik, legedia orokorrari jarraikiz.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, jurisdikzio horretako organo eskudunari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
8.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA
Gai-zerrenda
1. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua, Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak.
2. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: II. titulua, udal zergak.
3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: III. titulua, aurrekontua eta gastu publikoa (I. eta II. kapituluak).
4. gaia.–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Tributuei buruzkoa: diru-bilketa eta tributu arloko ikuskapena.
5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua, toki entitateen antolaketa eta administrazioa.
6. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: III. titulua, Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza.
7. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: IV. titulua: toki entitateen ondasunak.
8. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: V. titulua, jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
9. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: VI. titulua, kontratazioa.
10. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: IX. titulua: prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki entitateen jarduketak aurkaratzea eta kontrolatzea.
11. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. Kontratuak gauzatzea.
12. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.
13. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Administrazio publikoen kontratuen araubide juridikoa.
14. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: hirigintzako hitzarmenak.
15. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
16. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena: udalen lurzoru-ondareak.
17. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: prozeduretako interesdunak.
18. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio publikoen jarduera.
19. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio egintzak.
20. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak.
21. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: administrazio errekurtsoak.
22. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: administrazio publikoen ondare-erantzukizuna.
23. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: zehatzeko ahalmenaren printzipioak.
24. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua, udalerria.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera.
II. ERANSKINA
Eskabide-orria (Eguesibarko Udalaren langile finkoak bakarrik) (PDFa).
III. ERANSKINA
Eskabide-orria (PDFa).
Sarrigurenen, 2019ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.
Iragarkiaren kodea: L1905407
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
