97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, zerbitzu anitzetako peoi izateko bi lanpostu betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez. 2019ko apirilaren 8ko bilkuran onetsia

Hona hemen DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da plantilla organikoko 8.8 eta 8.10 lanpostu hutsak betetzea, hots, zerbitzu anitzetako peoi izateko lanpostuak, oposizio-lehiaketa bidez. Lan-kontratu finkoa izanen dute, lanaldi osoa, eta Eguesibarko Udaleko plantillan sartuko dira.

Bi lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Bat, txanda irekian;

–Bat, igoera txandan.

Txanda irekikoari gehituko zaio igoera txandako lanpostua, baldin bete gabe gelditzen bada izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa.

Lanpostuak Eguesibarko Udalaren 2018ko lan publikoaren eskaintzan azaltzen dira, eta toki entitatean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuari dagozkio, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean 2018. urterako ezarritakoa bete beharrez.

1.2. Ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, bere lanaldiaren araberakoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan zehaztutako moduan, bai eta indarra duen araudian ere, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.

1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua deuseztatu edo desegiten ahal du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.

1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako aukeratzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen dira, eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldi mota eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.a) artikuluan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, zerbitzu anitzetako peoi lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko, Eguesibarko Udalean sortzen diren beharrei erantzuna eman behar zaienerako.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hau subsidiarioa izanen da, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendekiko, eta lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako atal honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezarri da, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahal du kontratua.

1.7. Zehatz-mehatz azaldu ez arren, eginkizun hauek izanen ditu lanpostuak, besteak beste:

–Zerbitzu anitz, instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren lantaldeari dagozkion jardueren ingurukoak, eta jarraipena egitea horien funtzionamendu, kontserbazio eta mantentze egokiari.

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; pintura lanak ere bai.

–Udal makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, etab.

–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Ibilgailuak gidatzea eta makineria maneiatzea (C motako gidabaimena arte, hori barne).

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, baldin beren mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaindu eta mantentzeko oinarrizko lanak egitea.

–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Eguesibarko Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.

–Eguesibarko Udalak eta bertako kontzejuek programatzen dituzten festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Eguesibarko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak behar bezala baliatuta.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatu eta begiratzea, eta hirigintza eta ingurumen gaietan ikuskatzea, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den lizentzia eta obrei, eremu publikoaren okupazioari, isurketei eta abarri buruzko araudia.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

1.8. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren babesean, izangaiei jakinaraziko zaie deialdi honi, oinarriei edo betearazteko ematen diren egintzei buruzko edozein gorabehera, egintza edo errekurtso, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan argitaratuta, bai eta Udalaren web-orrian ere (www.valledeegues.com/eu).

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1 Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

Igoera txandako izangaien kasuan, baldintza hori bete ezean, frogatu beharko da administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun onartua dutela.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

2.1.2 Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko 2.1.1 atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragoko batekoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.2. Betebehar horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1.5 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (jatorrizkoa eta kopia) aurkeztu beharko da Eguesibarko Udaleko erregistro orokorrean (Garajonay kalea, 1, 31621 Sarriguren), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen eta Administrazio Prozedura Erkidea), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa izanen da, eta agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Tasen ordainagiria. Tasak Herritarrarentzako Arreta Bulegoan ordaintzen badira, ordainagiri bat emanen da eta eskabideari erantsi beharko zaio.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak adierazi beharko dira.

Dokumentu horiekin batera aurkeztuko da euskara mailari dagokion ziurtagiria, halakorik izanez gero. Euskara titulurik izan ezean, eta jakite hori baloratu edo kontuan hartzea nahi bada, eskabidean adierazi beharko da euskara maila neurtzeko proba egin nahi dela.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria.–Tasak

Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideengatik 6,00 euroko tasa ordaindu beharko da Caixabankeko ES22 2100 5323 4822 0008 2104 kontuan edo Udaletxean bertan. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo hamar egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, adierazita deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

Hasiera batean, eta behin betiko zerrendarekin batera beste data bat argitaratu ezean, probak 2019ko uztailean eginen dira.

5.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

5.4. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda paratuko du Udalaren iragarki-taulan, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Mahaiburua: Eguesibarko Udaleko alkatea.

–Mahaiburuaren ordezkoa: Eguesibarko Udaleko lehen alkateordea.

Lehen mahaikidea: Ángel Zubeldia Laborda, Udaleko Zerbitzu Anitzetako burua.

–Lehen mahaikidearen ordezkoa: José Antonio Elizalde Esteban, Udaleko Zerbitzu Anitzetako ofiziala.

Bigarren mahaikidea: Santiago Espinal Tellechea, Atarrabiako Udaleko Zerbitzu Anitzetako arduraduna.

–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Alberto Leache Ozkoz, Atarrabiako Udaleko Obra eta Lorategietako ofiziala.

Hirugarren mahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordearen ordezkari bat, hark izendatua.

Mahaikide-idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

–Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa-kudeatzailea.

6.2. Baldin gertatzen bada Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Eguesibarko Udalaren Zerbitzu Orokorren Alorrari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertaratzen ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

7.1. Lehiaketaldia. 30 puntu, gehienez.

7.1.1 Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.

7.1.2 Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 30 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:

–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan (zerbitzu anitzeko lanpostuetan) lan egiteagatik, kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez frogatzen bada: 4 puntu, urte oso bakoitzeko. Zatiki bakoitzeko, haren zati proportzionala. Atal honetan 17 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak egiteagatik, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:

  • Ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,01 puntu emanen da ikastaroaren ordu bakoitzeko.
  • Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.
  • Atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Euskaraz jakiteagatik. 3 puntu gehienez.

Balorazio hori baremo honen arabera eginen da: 3 puntu EGA edo C1 izateagatik; 2,4 puntu B2 izateagatik; 1,8 puntu B1 izateagatik; 1,2 puntu A2 izateagatik, eta 0,6 puntu A1 izateagatik.

Euskararen ezagutza agiri bidez frogatu ez dutenei, eta eskabidean horrela eskatu dutenei, dei eginen zaie hizkuntza maila frogatzeko proba egin dezaten. Proba hori proba teoriko eta praktikoak gainditu ondoren eginen da, eta gainditzen dituztenek soilik eginen dute, merezimendu horri dagokion puntuazioa emateko aurreko paragrafoko baremoaren arabera.

7.2. Oposizioaldia.

7.2.1 Oposizioaldian proba hauek egin beharko dira, biak baztertzaileak:

7.2.1.1. Lehen ariketa: Proba teorikoa.

Idatziz erantzun beharko dira, gehienez ere ordubetean, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30-60 galdera (epaimahaiak zehaztuko du hori). Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Proba gehienez ere 30 punturekin baloratuko da, eta galdera bakoitzaren balioaren erdia kenduko da okerreko erantzun bakoitzeko. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (15 puntu). 15 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin, eta baztertu eginen dira.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahal, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

Izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko dira, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

Bigarren probarako deia eginen zaie txanda irekiko 30 laguni, hain zuzen ere lehenbiziko proba gaindituta horretan puntuaziorik handiena lortu duten 30 izangaiei, bai eta igoera txandan lehenbiziko proba gainditu duten izangai guztiei ere. Txanda irekian, 30. izangaiak eta hurrengoek nota bera baldin badute, horiek guztiek egiten ahal dute bigarren proba.

7.2.1.2. Bigarren ariketa: Proba praktikoa:

Eranskineko gaiekin lotuta, proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira proba praktiko honetan.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, haien edukiaren arabera.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da (ariketa bakoitza baztertzailea izanen da), alegia, 40 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izanen da. Bazterturik geldituko dira proba bakoitzaren puntuazioaren erdia gutxienez eskuratzen ez duten izangaiak.

7.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

7.4. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

7.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, lanpostu hutsen aukeraketa eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

8.1. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1.1 Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Eguesibarko Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, txandetan bereiziak, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, lanpostu hutsak aukeratzeko tramitea egin dadin.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.

8.1.2 Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan, osotasunean, puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehenbiziko ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde eginen da; eta, hala ere berdinketa izanez gero, izangai zaharrenaren alde.

8.1.3 Alkateak deia eginen du lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako, argitaratuz aukeratu beharreko 2 lanpostu hutsak, izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz, txanden eta puntuazioaren arabera) eta lanpostuak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori jendaurrean paratuko da Udalaren web-orrian.

Gero, izangaiek, horretarako jarritako epean, aditzera eman beharko dute zein hautatzen duten eskaintzen zaizkien lanpostu hutsetatik, edo horien ordezkoak direnetatik, baldin ordezten badira zerbitzuaren beharrak eraginda. Nolanahi ere, azalduko zaie lanpostuak zein diren.

8.1.4. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukatuta, epaimahaiak puntuazio handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.1.5. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean:

A) Baldin izangaiak Eguesibarko Udalaren zerbitzuko langile finkoak ez badira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, ziurtatzen duena interesdunak ez duela akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik eragotziko liokeenik karguaren eginkizunak betetzea.

d) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

B) Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek, hots, deialdi hau egin ez duen beste bateko langile finkoek, aurreko ataleko agiriez gain, aurkeztu beharko dute ziurtagiri bat non frogatuko baita aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak, hau da, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoak.

C) Eguesibarko Udalaren zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, salbu eta aurretik aurkeztu bada.

D) Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

8.1.6. Gainera, proposatutako izangaiek azterketa mediko bat gainditu beharko dute.

8.1.7. Baldin proposatutako izangaiek ez badituzte agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez badira, ezin izanen dira izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (8.1.1 atalean aipatutako zerrenda), eta aurreko ataletan ezarri bezala jokatuko da.

8.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.

8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Eguesibarko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahal zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8.2.2. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (beste epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bost eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki entitateetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.

Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira ordura arte lorturiko eskubideak.

Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.

8.2.3. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, ezarri dena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean, hain zuzen zazpigarren xedapen gehigarrian, laugarren atalean, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak Nafarroako Foru Komunitaterako. Behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak Eguesibarko Udalak egiaztatuko ditu.

8.2.4. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

8.2.5. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera egingo dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.2.6. atalean xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena eginda, toki entitate eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko beste lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.

8.2.6. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun edo aitatasun baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio araubidekoa edo lanekoa.

g) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta fede emanez justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Baldin kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

8.2.7. Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira honako egoera hauetako batean dauden izangaiak:

a) Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu honetan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea.

e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.

8.2.8. Deia jasotzen duten izangaiek aurkeztu beharko dute deialdian eskatutako titulazioaren betebeharrak eta bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko agiriak, honako hauen fotokopia konpultsatua aurkeztuz, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean: DBHko graduatuaren titulua, Eskola graduatuen titulua, erdi mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Gidabaimenaren kasuan, kontratuaren eguna izanen da aurkezteko epea.

8.2.9. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

8.2.10. Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Udaleko alkateak aurreko oinarrietan ezarri denaren arabera proposatutako izangaiak izendatuko ditu zerbitzu anitzeko peoi lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko ditu.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, eskubide guztiak galduko dituzte, eta 8.1.7 atalean xedatutakoari jarraituko zaio.

9.3. Izangai izendatuak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.1.7 atalean xedatzen den moduan beteko da.

9.4. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik egindako lanpostu hutsen aukeraketa ez da aldatuko. Beraz, zuzenean dagokion zerrendan hurrengo direnei esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak egitea.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.

10. gaia.–Makineria eta ibilgailuak maneiatu, mantendu eta konpontzea.

11. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Sarrigurenen, 2019ko apirilaren 10ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1905406