Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, euskara teknikari
aritzeko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko
2019ko apirilaren 16an, Udalaren Tokiko Gobernu Batzordeak deialdia onartzea erabaki zuen hurrengoaren arabera:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Iruñeko Udalaren zerbitzura euskara teknikari aritzeko lanpostu bat (1), funtzionario araubidekoa eta B mailakoa. Deialdia honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onetsi zuena; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honetako oinarriak.
1.2. Lanpostu-kopurua handitzen ahalko da deialdi hau onetsi eta gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoen ondorioz. Hori zehaztuko da deialdi honen 7.3 oinarriak aipatzen duen zerrendan.
1.3. Plaza Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako Alorrari atxikia eta 209300-1 zenbakiarekin identifikatua plantilla organikoan, honako txanda honetan banatuko da:
–Lanpostu bat (1) txanda irekian.
Deialdiaren xede den plazak euskararen ezagutza eskatzen du, E3 (EGA) mailakoa.
1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dute izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaio, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
2.–Betekizunak.
2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio-esparrukoa den beste estatu batekoa, itunek langileen zirkulazio librea aurreikusten badute.
Halaber, espainiarren ezkontideek parte har dezakete, eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarrenek zein aipatutako nazioarteko itunen esparruko beste estatuetako herritarrenek ere –betiere zuzenbidez bereizita ez badaude–; bai eta, orobat, haien ondorengoek eta ezkontideenek ere –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Unibertsitateko diploma-titulua, ingeniaritza teknikokoa edo arkitektura teknikokoa edukitzea, edo horien baliokidea den beste bat, edo hura erdiesteko maneran egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzean.
Atzerrian eskuratutako tituluen kasuan, haien homologazioa frogatzeko egiaztagiria eduki beharko dute.
d) Nafarroako Gobernuak ematen duen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edukitzea, edo ofizialki haren baliokide gisa aitortutako beste titulu bat, eta, zehazki, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokide gisa aitortutakoetatik edozein.
e) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabetuta ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.
2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta plazaren jabetza hartu arte.
2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 eta 8.2 oinarrietan aurreikusitako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 atalean ezarritako dokumentazioaren kasuan, dokumentazio hori aurkeztu beharko baita deialdian parte hartzeko eskaerarekin batera.
3.–Eskabideak
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan, bai eta Interneten ere, www.pamplona.es/eu webgunean.
Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
3.2.1. Izena emateko eskubide tasa gisa Iruñeko Udalari 22,00 euro ordaindu izana egiaztatzeko frogagiria. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.
Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:
–Izangaiaren izen-abizenak.
–NAN / IFZ.
–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.
–Kontzeptua: Euskara teknikarirako oposizio-deialdia.
3.2.2. Agiri hori aurkezten ez dutenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.
Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortuta duten izangaiek hori frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudun batek emana. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.
3.2.3. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak galdatzea.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: María Inmaculada Errea Cleix, Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko burua.
Epaimahaiburu ordezkoa: Francisco Javier de Vicente Arbeloa, Iruñeko Udaleko euskara itzultzailea
Epaimahaikidea: Miren Mirari Saralegi Alkotz, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko Egiaztapenen eta Ebaluazioen Bulegoko burua.
Epaimahaikide ordezkoa: María Inmaculada Cestau Baraibar, Nafarroako Gobernuko euskara teknikaria.
Epaimahaikidea: Francisco Jesús Escobar Martínez, Lizarrako Udaleko euskara teknikaria.
Epaimahaikide ordezkoa: Koldo Ibáñez de Onandia, Zizur Nagusiko euskara teknikaria.
Epaimahaikidea: Alberto Uriarte Galbete, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide ordezkoa: Sandra Pascal Garcés, Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria, batzordeak berak izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Xabier Burgui Vergara, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako eta Antolaketako teknikaria.
Epaimahaikide idazkari ordezkoa: Arantxa Campo Mayo, Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako idazkari teknikoa.
5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek laguntza emanen diote epaimahaiari, betiere beraien espezialitate teknikoei bakarrik helduta.
6.–Oposizioaren garapena:
6.1. Oposizioa 2019ko abenduan hasiko da.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta Iruñeko Udaleko iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.
Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo Gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.
6.3. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta 6.3.1 zenbakian adierazitako ordenan eginen dira, deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz.
Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
6.3.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
Lehen proba.–Proba teorikoa izanen da, eta bi ariketa izanen ditu.
a) Lehen ariketa. Izangaiek, gehienez ere, test gisako 100 galdera erantzun beharko dituzte idatziz, II. eranskineko gaiei buruz, gehienez ere bi orduan. Galdera bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak 0,10 puntuko zigorra izanen du.
b) Bigarren ariketa. Izangaiek, gehienez ere, 30 galdera erantzun beharko dituzte idatziz eta modu laburrean, II. eranskineko gaiei buruz, gehienez ere bi orduan.
Proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lortzen ahalko dira, eta ariketa bakoitzean, 25 puntu gehienez. Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 25 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.
Bigarren proba.–Lanpostuko jardunari buruzko ezagutza praktikoak baloratzekoa. Proba hau bi ariketak osatuko dute:
a) Lehen ariketa: idatziz egitekoa. Izangaiei kasu praktiko bat proposatuko zaie, lanpostuko zereginekin zerikusia izanen duena. Izangaiek idatziz garatu beharko dute proposatutakoa, gehienez ere hiru orduan eta II. eranskineko gaiei buruzko ezagutzak baliatuta.
b) Bigarren ariketa: ahozkoa. Izangaiek epaimahaiaren aurrean azalduko dute, eta defendatuko, lehen ariketan idatziz garatutako proposamena. Horretarako gehienez ere 15 minutu edukiko dute. Epaimahaiak galderak egin ahalko ditu aurkeztutako proposamenari buruz.
Proba honetan 100 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuta: lehen ariketak 80 puntu balioko du gehienez, eta bigarrenak 20. Bazterturik geldituko dira bi ariketetako bakoitzean gutxienez puntuazio maximoaren erdia lortzen ez duten izangaiak.
6.3.2. Proba guztiak euskaraz eginen dira.
6.3.3. Plika-sistema baliatuko da hala lehen proban nola bigarren probaren lehen ariketan.
6.3.4. Behin proba bakoitzaren kalifikazioa amaituta, Epaimahaiak Iruñeko webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 eguneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.
7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.
7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituztenen izangaien zerrenda oposizioan lortutako kalifikazioekin eta eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera, oposizioko ariketetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak batuta, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako Zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatu eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapidea egiteko.
Amaierako emaitzan puntu-berdinketarik gertatuz gero, bigarren probako bi ariketak batuta puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da, eta hala ere berdinduta segituz gero, izangai zaharrenaren alde.
7.2. Giza Baliabideetako Zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du aurkezteko, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, izangaiek bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiriak:
a) Deialdiaren 2.1.1.c) eta 2.1.1.d) oinarrietan eskatutako tituluen fotokopia, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriena, salbu eta lehenago ere aurkeztu badira.
7.3. Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu betetze aldera hautatu beharreko lanpostua –plaza-kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda -lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat- eta lanpostua(k) hautatzeko izangaiari edo izangaiei ematen zaion / zaien epea.
Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.
Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.
8.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
8.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, Epaimahaiak Giza Baliabideetako Zuzendariari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu eta puntuazio handiena erdietsi duten izangaiak izendatze aldera, zenbat plaza eskaini diren eta horiek betetzeko beste izendatu ere.
Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.
8.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidea.
b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.
c) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazita.
d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.
8.3. Epe horretan -salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan- agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ezin izanen dira izendatu, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.
8.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1 oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.
9.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea
9.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, Erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak euskara teknikari aritzeko lanposturako, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.
Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 8.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.
9.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik -indarreko araudian ezarritako kasuetan-, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.
9.4. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.
10.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es/eu webgunean argitaratuko dira.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. Eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, Iruñeko Udaleko alor eta erakunde autonomo guztiendako komunak direnak:
–Plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
–Lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda.
12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratzeko prozedura.
12.1. Behin kalifikazio-epaimahaiaren espedientea jasota, Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen lehen proba gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:
–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen fotokopia konpultsatuak, edo tituluak eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriena.
Ebazpen hori argitara emanen da, dagozkien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.
Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legozkiekeen erantzukizuna.
12.2. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
12.3. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar izatera, aldi baterako kontrataziorako honako izangai-zerrenda hauek –eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean)–:
a) Plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.
b) Deialdi honetako lehen proba gainditu duten izangaien zerrenda, oposizioa gainditu ez eta plazarik lortu ez dutenak.
12.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan honela zedarrituko da izangaien hurrenkera: plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaien kasuan, hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio altuenaren arabera, eta gainerako izangaien kasuan, lehen proban lortutako puntuazio altuenaren arabera. Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko da.
12.5. Betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.
13.–Errekurtsoak:
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza zein organok egin eta horri zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.
Iruñean, 2019ko apirilaren 16an.–Batzarreko idazkaria, Joxe Abaurrea.
I. ERANSKINA
Eskabide inprimakia (PDFa).
II. ERANSKINA
Gaitegia
1. gaia.–Soziolinguistikaren eta hizkuntza gutxituen inguruko oinarrizko kontzeptuak: hizkuntza-komunitatea, hizkuntza-eskubideak, aniztasuna, hizkuntza-ukipena, -normalizazioa, -politika eta -plangintza, ekologia linguistikoa, hizkuntza-jarrerak, -ideologia eta -nortasuna, minorizazioa, diglosia, sozializazioa, alternantzia linguistikoa, eleaniztasuna.
2. gaia.–Hizkuntza komunitate minorizatuak munduan: egoera, estatus juridikoa, ofizialtasuna.
3. gaia.–Hizkuntza gutxiagotuak nazioartean normalizatzeko erabiltzen diren hizkuntza politikaren ereduak. Lurraldetasunaren eta eskubide pertsonalaren kontzeptuak.
4. gaia.–Hizkuntza-komunitate minorizatuak: nazioarteko itunak, hitzarmenak eta adierazpenak.
5. gaia.–Nazioarteko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak: Fishman, Mackey, Cooper, Aracil, Fasold...
6. gaia.–Euskararen inguruko soziolinguistikaren ekarpen teorikoak eta ikerketak: Txepetx, Txillardegi, Odriozola, Zalbide, Kasares, Amorrortu...
7. gaia.–Euskarari apligarri zaion hizkuntza-araudia. Ikuspegi orokorra euskararen herrietako hizkuntzei buruzko lege-arauen gainean.
8. gaia.–Euskararen legezko egoera Nafarroan: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Espainiako 13/1982 Lege Organikoa; Euskarari buruzko18/1986 Foru Legea eta hura garatzen duten foru dekretuak; toki-ordenantzak.
9. gaia.–Euskararen legezko egoera eskualde mistoan: eskualde horretan aplikagarriak diren berariazko arauak.
10. gaia.–Euskararen legezko egoera Iruñean: foru-araudia eta udal-ordenantza.
11. gaia.–Nazioarteko itunak, hitzarmenak eta adierazpenak hizkuntzaq-aniztasunaren inguruan.
12. gaia.–Euskararen egoera demolinguistikoa. Hizkuntza gaitasunari, jarrerari eta euskararen transmisioari buruzko datuak eta ikerlanak, eta euskararen erabilpenari buruzko datuak eta estatistikak. Berariazko aipamena Nafarroari eta Iruñeari buruz.
13. gaia.–Euskararen historia soziolinguistikoa.
14. gaia.–Hizkuntza-errepertorioa: hizkuntzaren aldagaiak eta eremuak. Euskararen errepertorioa: batua, aldaera geografikoak, gazteen hizkuntza, hizkuntza administratiboa...
15. gaia.–Euskararen egoera normalizatzeko azpiegiturak. Entitate publikoak eta gizarte-entitateak; normalizazio-planak; hizkuntza-komunitatea indartzeko ekimenak eta programak.
16. gaia.–Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza. Egoera-diagnostikoa. Plangintzako jarduerak antolatzeko metodologia. Ebaluazioa hizkuntza-plangintzan: eginkizuna eta teknikak.
17. gaia.–Hizkuntza-komunitate minorizatuak garatzeko faktoreak: hiztunen motibazioan eragiteko metodologiak eta bitartekoak; hiztun gehiago izateko tresnak eta bideak; hizkuntzaren erabilera areagotzeko moduak eta bitartekoak.
18. gaia.–Ezaugarri soziodemografikoak, bereizgarri soziolinguistikoak eta funtzionalak eta hizkuntza normalizaziorako zerbitzu publikoak Iruñean.
19. gaia.–Ikerketa soziolinguistikorako metodologiak eta teknikak. Kuantitatiboak. Kualitatiboak. Partizipatiboak.
20. gaia.–Planak eta proiektuak diseinatzeko metodologia.
21. gaia.–Zerbitzu elebidunaren trataera administrazioan: nahitaezkotasuna eta meritua. Europako Erreferentzia Markoa. Baliokidetzak.
22. gaia.–Nafarroako toki-entitateetako euskara zerbitzuak. Nafarroako udaletako euskara teknikarien sarea (NUETS).
23. gaia.–Euskarazko eta euskararen irakaskuntza Nafarroan: hizkuntza-ereduak 0-18 urte bitarteko etapetan. Euskararen presentzia unibertsitate-ikasketetan. Euskararen egoera Iruñeko eta Iruñerriko hezkuntza-sarean.
24. gaia.–Euskararen ikaskuntza Nafarroan: helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko baliabideak.
25. gaia.–Euskararen kalitatea. Zuzentasuna. Egokitasuna. Koherentzia. Kohesioa.
26. gaia.–Estiloa euskaraz: arazoak, irtenbideak, gomendioak eta irizpideak. Euskarazko estilo-liburuak.
27. gaia.–Ahozko hizkera eta idatzizkoa: diferentziak eta alderdi komunak.
28. gaia.–Euskaltzaindia: hizkuntza-baliabideak eta argitalpenak.
29. gaia.–Euskaraz lan egiteko tresnak eta baliabideak: euskarazko softwarea, hiztegiak, estilo-liburuak, itzulpen-memoriak, aholkularitza- zerbitzuak...
30. gaia.–Euskara eta gizartea Iruñean: elkarteak eta euskararen sustapena eta normalizazioa; euskara alor sozioekonomikoan; hedabideak eta euskara.
31. gaia.–Oinarrizko kontzeptuak, hizkuntza-sustapen eta normalizaziorako jarduketen hedapenaren eta komunikazioaren inguruan: marketina, xede taldea, produktua, harreman publikoak, publicity-a... Komunikazio-baliabideak (digitalak, inprimatuak, ikus-entzunezkoak...)
32. gaia.–Nafarroako toki-entitateen antolaketa eta eskumenak. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Atariko titulua eta I. II. eta III. tituluak) eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea (I. II. IV. eta V. tituluak).
33. gaia.–Iruñeko Udala. Egitura eta antolaketa administratiboa. Udal-alorrak: egitura generikoa eta eginkizunak. Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra. Batzordeak.
34. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Iruñeko Udalaren Administrazio Prozedura Erkidea eta Araubide Juridiko Elektronikoa arautzen dituen Ordenantza.
35. gaia.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea: Xedapen Orokorrak. Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak eta hura gauzatzeko prozedura.
36. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Pertsona Fisikoen Babesari buruzko Datu Pertsonalen Tratamenduari dagokionez: xedapen orokorrak; definizioak; printzipioak.
37. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Iruñeko Udalaren Berdintasuneko Ordenantza.
Iragarkiaren kodea: L1905442
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
