1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
89E/2019 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona “Zangoza-Ledea” eta “Zangoza-Esa” 13,2 kV-ko lineak lotzeko proiektuari, Ledeako eta Esako udal-mugarteetan, lurzoru urbanizaezinean proiektatutako tartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.
2018ko martxoaren 21ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartzen denetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.
Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.
Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Espedientea jendaurrean jarri zen iragarkia paratuz 2018ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 26an. Esako Udalaren idazkia jaso zen, trazadurak Esako hirigunera iristean dituen ezaugarriei buruzko zenbait iritzirekin. Sustatzaileak kontuan hartu ditu horiek.
Proposamenaren xedea da aireko 13,2 kV-ko bi linea lotzea, “Zangoza-Ledea” eta “Zangoza-Esa” lineak, eskualdeko hornidura elektrikoa hobetzeko. Linearen hasiera eta bukaera izan ezik, gainerako trazadura lurzoru urbanizaezinetik doa.
Proposamenaren tramitazioan, linearen hasierako diseinua berrikusi egin da ingurumenaren, paisaiaren eta lurraldearen gaineko arrazoiak eraginda, eta kontuan harturik ingurumen eta paisaiaren gaineko gorabeherak, baita Esako eta Ledeako udalek adierazitakoa ere.
Aurkeztutako dokumentazioarekin bat, proiektatutako lineak hiru tarte ditu; lehena, Ledeako hirigunean dago; bigarrena, 300 m-koa, lurazpitik doa; eta hirugarrena, 7 km inguru, airetik. Aireko tarte horren luzera handiena lurzoru urbanizaezinetik doa. Lineak ahal duen neurrian saihesten ditu “Castellón” parajeko baso eremuak, eta ekialderantz doa “Plana” eta “Sarda” parajeetako lehorreko laboreak zeharkatuz. Hortik, ipar-ekialderantz jarraitzen du, baso eremuak zeharkatuz. A-21 autobidearen trazadurara gerturatzean, lineak norabidea aldatzen du, ekialderantz, eta errepide horrekiko paralelo doa bukaerara arte, Esako herriaren iparraldean.
Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak zehaztutako babes eremutatik doa proiektuaren zati bat. Errege dekretu horren bidez hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren. Tramitatutako dokumentazioak abifauna babesteko neurriak jasotzen ditu, loturako eta esekidurako euskarrietan aplikatzekoak, bai eta deribazioko euskarrian zein lur azpira igarotzeko euskarrian aplikatzekoak ere.
Euskarri berrietara sartzeko obra eta zerbitzu sarbideak planteatzen dira lehendik dauden bideetatik edo nekazaritzako lurzatietatik barrena, salbu eta Salobre-Sarda eta La Padul eremuko zenbait euskarrietara sartzekoak; horietara iristeko, sarbide berriak irekiko dira aipatutako landa-bideetatik edo Zangozako BTAko 66 kV-ko linearen kale edo sarbideetatik, eta ukituko dira elementuak, muino txikiak eta mazelak, larre-sastrakak edo baso-zuhaiztiak dituztenak, horietako batzuk ikuspen handikoak. Proposamenak jasotzen du transformazio azpiestazio horretatik 66 kV-ko aireko linearen azken euskarrira doan sarbidea egokitzea eta zolatzea, hondatuta baitago, eta linea berriak ere erabiliko baitu.
Espedientean jasotzen da Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak 2018ko uztailaren 30ean egindako aldeko txostena, Nafarroako abelbideak babestearekin bateragarritasunari buruz, bai eta Ledeako eta Esako udalenak ere.
Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren 2019ko otsailaren 21eko aldeko txostena ere jasotzen da, behin betiko proposamenari buruz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluak ezartzen duena betetzeko baldintzarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen foru lege hori). Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak aldeko txostena egin du, eta zenbait baldintza proposatzen ditu baimena emateko.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Zangoza-Ledea” eta “Zangoza-Esa” 13,2 kV-ko lineak lotzeko proiektuari, Ledeako eta Esako udal-mugarteetan, lurzoru urbanizaezinean proiektatutako tartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.
2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:
Ingurumen arlokoak:
–Abifauna babesteko, eta aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoari jarraikiz, kateak dituzten loturako euskarrietarako U70YB20-AL motako isolagailuak erabiliko dira, PECA-1000-A elementuekin.
–Ganga erako euskarrietan, eroale nagusia isolatuko da metro bat alde bietan, bai eta finkatzeko grapa ere, estalki aurreformatua edo antzekoarekin.
–Gainera, airetik lur azpira igarotzeko bi euskarrietan, estalkia jarriko zaie deribazioak, terminalak eta autobalbulak konektatzeko eroale guztiei; era berean, eroaleen grapa besarkagailuak isolatuko dira grapa-estalkien bidez, eta autobalbulen konexioak, berriz, karpeta isolatzaileak edo antzeko beste sistemak erabiliz.
–Hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu beharko dira hiru eroaleak linea osoan. Fase bereko bi baliza kontsekutiboren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gehienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.
–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, lehengoratuko dira inguru horretako berezko belar eta zuhaixken espezieak jarriz.
–Zuhaitzak ukitu behar badira, beharrezkoa izanen da Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalaren baimena lortzea.
–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, abisu eman beharko zaio Tafalla-Zangozako 10. barrutiko Basozaintzari (posta elektronikoa: gmatafalla@navarra.es) euskarrietara sartzeko sarbideak zehazteko, eta, beharrezkoa bada, neurri bereziren bat ezartzeko.
–Lanak egin bitartean, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, obrak geldiaraziko dira eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarrean den araudian.
Hirigintza eta lurralde arlokoak:
–Bide publikoetan bermatuko da lehengoratzea eta arestian zegoen lur berdinketa berreskuratzea, eta kontuan izanen da lurraren sestraren gainean elementuak egonez gero, horiek zortasun eremua errespetatu beharko dutela, 3 m-koa baita bide publikoaren kanpoko ertzetik neurtuta; hori guztia, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluarekin bat.
–Baimen honek ez du babesten azpiegitura honekin lotzea lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak.
–Esako udal-mugartean, bai A-21 autobidetik sartzeko lotunearen eremuan, garapen eredua zaintzeko azpikategoriako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina baita (aukera eremua, ezarri gogo diren hirugarren sektoreko erabileretarako edo autobidearekin lotutako zerbitzuetarako), bai planak proposatutako errepideak ukitzen duen azpiegituraren eremuan, azpiegituretarako lurzoruaren azpikategoriakoa baita, kontuan hartuko da Udal Planean xedatutako hirigintzako araubidea (araudiaren 81. eta 79. artikuluak); artikulu horietan honako hau adierazten da: “eraikitzeko baimenak behin-behinean baino ezin izanen dira eman, eta eraikitakoak eraitsi edo aldatuko dira, kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik gabe, hirigintzako planeamenduaren xedapenak gauzatu behar direnean”.
–Eraikuntza elementuek 30 m-ko babes zerrenda errespetatu beharko dute, Donejakue bidearen kanpoko ertzetik neurtuta, Esako Udal Planean ezarritako babes araubideari jarraikiz (araudiaren 66. artikulua).
–Aztarnategi katalogatuei dagokienez, azpiegituraren trazadurak ez ditu ukituko aztarnategia eta babeserako gutxieneko eremua, 50 m-koa, aztarnategiaren kanpoko perimetrotik neurtuta.
–2018ko irailaren 10eko Herri-lurren Atalaren txostenak zehazten duenez, linea elektrikoaren zati batek herri-lurrak ukitzen ditu eta, horren ondorioz, herri-lurren berariazko aprobetxamendua mugatu edo galarazten da, eta bestetik, sustatzailea ez da bertako toki entitate bat; hori guztia dela-eta, linea jarri aurretik, tramitatu eta eskuratu beharko dira kasuan kasuko baimena eta herri-ondasunen desafektazioa, erabilera lagatzeko eta kargak eta zortasuna ezartzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan xedatuari jarraikiz. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren baimena eskuratu beharko da, Herri-lurren Atalean dokumentazioa aurkeztuz, sinatua eta zigilatua, sustatzaileak lortu ondoren proiektua martxan jartzeko behar diren txostenak edota baimenak (Lurraldearen antolamendua, Ingurumena eta abar).
–Ukituta gertatzen diren naturgune babestu, aztarnategi arkeologiko, abelbide, onura publikoko mendi, herri-lur, errepide, ibilgu, azpiegitura eta abarrei dagokienez, kasuan kasuko sektoreko legerian ezarritakoari jarraituko zaio, eta arlo bakoitzean eskumena duten organoen balorazioa hartuko da kontuan.
–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik:
- Errepideak ukitzen direnean, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskuratu beharko da, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legearen arabera.
- Ibilguen kasuan, ibai-arroko erakundearen baimena eskuratuko beharko da, indarrean den Urei buruzko Legearekin bat.
–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak automatikoki bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berarekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.
3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 20.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek jartzen ahal dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Ledeako Udalera, Esako Udalera, Basozaintzara (10. barrutia, Tafalla-Zangoza) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2019ko martxoaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.
Iragarkiaren kodea: F1904189