97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

87E/2019 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Erromantzatuko udal-mugartean Erromantzatuko biltegi nagusia egiteko proiekturako. Sustatzailea Erromantzatuko Udala da.

2018ko azaroaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Proiektuak bide berria zabaltzea aurreikusten du, 750 m inguruko tarte batean. Beraz, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D atalean jasotzen direnetakoa eta, ondorioz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen. Proiektu osoa “Leire mendilerroa eta Arbaiungo arroila” Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, sustatzaileari eskatu zitzaion, 2019ko urtarrilaren 21ean, dokumentazio osagarria aurkezteko. Errekerimendu horren helburua zen proiektuak sortzen dituen ingurumen ukipenen balorazio egokia egitea. Dokumentazio osoa aurkeztu zen, azkenik, 2019ko otsailaren 13an.

Edateko ur-biltegi berria proiektatzen da, Erromantzatuko udalerriko herri batzuk hornitzeko. Biltegia Erromantzatuko 9. poligonoko 47. lurzatian dago. Irunberriko hodian dagoen harguneko kota piezometrikoak eta Usun, Domeñu eta Arbontzekoak behartzen dute kokapen hori hautatzera, herri horiek baitira hornitu nahi direnak.

Biltegiaren edukiera 240 m³-koa da, 120 m³-ko bi ontzitan banatua. Proiektuan honako hauek sartzen dira: obra-zuinketa, lur-mugimenduak, drainatzeak, zimendatzeak, egiturak eraikitzea, itxitura, estalkiak, forjatuak, instalazio hidraulikoak, instalazio elektrikoa eta kontrol-instalazioa. Bi eguzki-instalazio fotovoltaiko erabiliko dira indar elektrikoa sortzeko. Giltzen ganberarako indar orokorra emanen du haietako batek; bestea klorazio sistema automatikorako besterik ez da erabiliko.

Biltegia hornitzen duen hodia egun Erromantzatua hornitzen duen horretatik dator, Irunberriko hoditik eratorritako horretatik alegia, eta hodi berriko tartea 180 m-koa izanen da. Bestalde, 183 m-ko hodi berri bat sortuko da biltegitik, egun dagoen elkarguneraino. Bi hodi horiek burdinurtu nodularrekoak dira, 100 mm-ko diametroa dute eta zanga berean daude. Iristeko bide berriak 750 m inguruko luzera izanen du, eta 4 m-ko zabalera. Ibaiko zabor-legarrezko azpioinarria izanen du, zabor-legar artifizialezko oinarria eta hormigoizko bide-zorua.

Proiektu osoa “Leire mendilerroa eta Arbaiungo arroila” Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barruan. Hornitze-puntuaren eta hornitu nahi diren herrien kokapenek eta kotek proiektua baldintzatzen dutenez, Natura 2000 Saretik kanpo kokatzerik ez dagoela irizten zaio.

Proiektuaren ingurumen ukipen nagusiak dira obrak egiteko okupaziotik eratortzen direnak, biltegi berriarekin, hodiekin eta iristeko bidearen tarte berriarekin loturikoak. Biltegiak eta hodietako zangek bazterreko eremu bat ukituko dute, soro landu baten eta baso-eremu baten artean dagoena. Zuzenean ukitzen den lurra larre irekia da, sasiak han-hemenka dituena, besteak beste espezie hauetakoak: Brachypodium sp, Dactylis glomerata, Rosa sp, Juniperus oxycedrus, Genista scorpius eta Quercus rotundifolia eta Quercus faginea espezietako zuhaitz txikiak. Ondoan dagoen baso-eremua 9240 intereseko habitatzat jotzen da Quercus faginea espezieko harizti iberiarrei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera. Obrek ez dute ukitu behar.

Orain irekitzen den iristeko bideari dagokionez, sasiak dituen eremu bat ukituko dute obrek, honako hauek dituena: Buxus sempervirens, Genista scorpius eta Juniperus oxycedrus, eta Quercus ilex eta Quercus faginea espezietako zuhaitzak han-hemenka. Obrak zuinkatu behar dira eremu horretan, inguruko arboladia eta ipuru zuhaitz handiak ez ukitzeko.

Azpiegitura berriak paisaian izaten duen eraginari dagokionez, aipatzekoa da ez dela ezta ikusten ere gehien ibiltzen diren tokietatik, ez eta biziguneetatik ere. Lehengoratze planak bere baitan hartzen du zuhaitzak landatzea biltegiaren ingurunean, paisaian integratzeko.

Landaredian eta paisaian sortzen diren aipatu eraginak dira proiektuaren ingurumen ukipen nagusiak. Hala ere, garrantzi gutxiko eraginak dira eta arindu daitezke ebazpen honetan biltzen diren neurriak aplikatuz eta zaintza egokia eginez obrak egiten diren bitartean.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eman aldeko txostena jasotzen da dokumentazioan. Katalogatutako aztarnategi arkeologikoak ez direla ukitzen ebazten du txosten horrek.

Erromantzatuko Udalaren txostena ere jasotzen da espedientean. Bertan azaltzen denez, udalerri horrek indarreko udal plan orokorrik ez daukanez, LAP-1 Lurralde Antolamenduko Planean ezarritako determinazioei jarraitu behar zaie. Ukitutako lurrak “Leire mendilerroa eta Arbaiungo arroila” Kontserbazio Bereziko Eremukoak dira, eta LAP-1 planak honela sailkatzen du eremua: daukan ingurumen balioa dela-eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, naturgune babestuen kategoriakoa; KBEren gaineko eraginen ingurumen ebaluazioa behar da proiektua onesteko.

Horren harira, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak, 2019ko otsailaren 4an, proiektuaren aldeko txostena eman zuen, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren neurriak bete beharko dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Erromantzatuko udal-mugartean Erromantzatuko biltegi nagusia egiteko proiekturako. Sustatzailea Erromantzatuko Udala da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Lanak hasi baino astebete lehenago, abisua emanen zaie Agoitz aldeko Basozaintza bulegoari (gmaaoiz@navarra.es) eta Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

• Obrak hasi baino lehen, okupatu beharreko eremua balizatuko da, inguruko arboladia eta ipuru zuhaitz handiak errespetatuz. Debeku da eremu horretatik kanpo materialak metatzea eta makinaria ibiltzea.

• Lurrak mugitzen hasi baino lehen, landare-lurreko 40 cm-ko geruza bat kenduko da, aparte pilatuko eta bukaerako lehengoratzean erabiliko.

• Kolore leuneko materialak eta pinturak erabiliko dira ur-biltegiaren kanpoaldeko itxuran, ikusizko eragina arintzeko.

• Zuhaitzak landatuko dira biltegiaren inguruan, eta belarrak ereinen dira ezpondetan eta ukitutako beste eremu batzuetan, lehengoratzeko eta paisaian integratzeko neurri gisa. Espezie autoktonoak erabiliko dira, zonalde horretara egokituak; hauek, besteak beste: Acer monspessulanum, Sorbus aria, Sorbus acuparia, Viburnum tinus, Ligustrum vulgare eta Acer campestre.

• Bidearen lurzorua finkatzeko behar diren agregakinak baimendutako harrobitik ekarri beharko dira.

• Obrak bukatu ondoren, sortutako zaborra eta hondakinak kentzeko kanpaina bat eginen da.

• Obran bertan erabiltzen ez diren lurrak, baita gainerako eraikuntza eta eraispen hondakin guztiak ere, baimendutako hondakin-kudeatzaile batek kudeatuko ditu.

• Proiektua exekutatzeko gehieneko epea bi urtekoa izanen da.

–Hirigintza arlokoak:

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren kanpoko elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren jarduera zehatzak hornidurako sarera lotzea.

• Egin nahi diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Erromantzatuko Udalera eta Basozaintzara (Agoizko barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1904305