Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
405/2019 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2019ko maiatzaren 3rako deitutako greba dela-eta erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuak bermatu eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten duena.
Sindicato Médico de Navarrak (SMN) deitutako greba egunak eragina izanen du osasun langile fakultatiboen lan guztietan, bai eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan prestakuntzan ari diren langileek egiten dituztenetan ere. 2019ko maiatzaren 3an izanen da greba, 00:00etatik 24:00etara.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba eskubidearekin batera, ezinbesteko zerbitzuak bermatu behar zaizkie herritarrei, aipatutako eskubidea galarazi gabe, halaxe ulertu baitute bai jurisprudentzia arruntak bai eta jurisprudentzia konstituzionalak ere.
Greba deialdia dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ematen diren zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, botere publikoek bermatu beharreko funtsezko zerbitzuak baitira, eta, beraz, beharrezkoa da horiek betetzea. Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 43. artikuluan aipatzen den osasuna babesteko eskubidearen barrenean sartzen dira, pertsonen funtsezko eskubideei eragiten dietelako, hala nola herritarren bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideei.
Horregatik guztiagatik, zerbitzu horiek funtsezkoak dira, eta, hortaz, beharrezkoa da zerbitzu horiek betetzea, deitutako grebak iraun bitartean.
Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezko zerbitzuak zein diren erabakitzea, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko neurriak hartzea ere, halaxe xedatzen baitu martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluak, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Egoera honetan aplikatzekoa den ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarriak ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, bai eta horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei aditu ondoan.
Azaldutakoaren ondorioz, Ebazpen honek hauxe du xedea: 2019ko maiatzaren 3rako deitutako greba dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea, kontuan hartuz, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla herritarrei behar bezalako arreta emateko.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen Zuzendaritzak Greba Batzordean dagozkien jarduketak eginik, eta hari aditu ondoan, gutxieneko zerbitzuak emateko langileak ezarri behar dira.
Greba Batzordeak alegazioak aurkeztu ditu larrialdikoak ez diren pazienteei buruz, bere ustez bertan behera utzi behar baita paziente horien hitzordua, eta beste egun batzuetara pasa, agendan tokia dagoenean. Alegazio horrek ez du zerikusirik gutxieneko zerbitzuak finkatzearekin, eta greba egunean lanera joatea libreki erabakitzen duten langileei buruzkoa da. Hartara, ezin da onartu.
Prestakuntzan dauden langileak gutxieneko zerbitzuen barnean sartzeari dagokionez, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 1. Epaitegiaren apirilaren 15eko 104/2019 epaiak erabat deuseztzat jo du 39/2019 Ebazpena, urtarrilaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, erakunde autonomo honen funtsezko gutxieneko zerbitzuen funtzionamendua bermatu eta haiek artatzeko behar diren langileak zehazten duena.
Irmoa ez denez errekurtsoa jartzen ahal zaion ebazpen judizial horren arabera, 39/2019 Ebazpenak ez zuen motibaziorik. Horregatik, ezarri behar diren funtsezko gutxieneko zerbitzuei buruz galdetu zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barnean gutxieneko zerbitzuak eezarri behar dituzten kudeatzailetzei eta zuzendaritza asistentzialei.
Hala, orain arte ezarritako gutxieneko zerbitzuak egokitzat jo dira, eta haiek ezartzeko orduan jarraitu den irizpidea bat dator greba eskubidea mugatzeari buruzko erabaki jurisprudentzialekin, osasunerako eta bizitzeko eskubidea tartean daudenean. Era horretan betetzen da proportzionaltasuna, batetik funtsezko zerbitzu horiek jasan behar dituzten erabiltzaileen edo hartzaileen sakrifizioak, eta bestetik greba egin nahi dutenei ezartzen zaizkienak, greba egin nahiari egindako kalteak ez baitu gainditu behar zentzuak agintzen duena.
Aipatutako epaiak dioen gisara, kontuan hartu da grebak lurraldez nahiz jendez duen hedadura, bai eta Konstituzioak babesten dituen eskubideak edo ondasunak ere. Beraz, dauden efektiboak aintzat harturik, ezarri dira biztanleriarendako funtsezko osasun prestazio gutxienekoak segurtatzeko behar direnak.
Kontuan izan behar da grebaren iraupena ere, 11 greba egun egon baitira 2019ko urtarrilaren 30etik hona, eta deialdi gehiago daude heldu diren hilabeteetarako.
Arlo bakoitzak egindako oharrak ikusirik, orain arte ezarritako funtsezko gutxieneko zerbitzuak beharrezkotzat eta zentzuzkotzat jo dira, eta era honetan ezarriko dira:
1.–Nafarroako Ospitalegunea.
Ospitalizazioan, gaitasun logistikoaren %100 bermatu behar da. Izan ere, diagnostikatzeko eta tratatzeko ospitaleratuta dauden paziente horien bizia arriskuan jar liteke, eta bermatu egin behar da haien artatzearen jarraipena, zaintza eta segurtasuna. Pazienteei altak emateko ahalmena ere eduki behar da, osasun arreta ez kolapsatzeko.
Lan-kargari dagokionez antzekoa den egun bat hartuz, adibidez aurten greba eguna izandako apirilaren 12koa, Nafarroako Ospitaleguneko 1054 ohetatik 922 (%87,5) zeuden beteta egun horretan. A ospitalea (Nafarroako Ospitale zaharra) zegoen beteen, %91,2.
Kontuan hartu dira arretan eta tratamenduan eten ezin diren zerbitzu bereziak ere, hala nola hemodialisia, eguneko ospitaleak (onkologia, hematologia, minaren unitatea), erradioterapia (simulazioa eta plangintza), osasun mentala, Transplanteen Koordinazioa.
Bestalde, aintzat hartu dira diagnostiko onkologikoei lotutako jarduera kirurgikoen gutxieneko zerbitzuak, eta pazienteen tratamenduan eta segurtasun klinikoan eragin handia duten jarduerak. Kasu horretan, Nafarroako Ospitalegunearen ustez, gutxienekoen Ebazpenean aipatzen den eta onartuko den Ebazpenean ezarriko den %60 hori gutxiegi da. Izan ere, ostiral arrunt batean 37 saio kirurgiko daude, pazienteak gehiago edo gutxiago izaten dira konplexutasunaren arabera, baina 125etik 140 bitartean izaten dira. Nolanahi ere, eta kontuan hartuz greba eskubidea murrizteari buruz lehen aipatutako erabaki jurisprudentzialak, oraingo honetan ez da ehuneko hori handituko, eta baliteke sortzen diren egoeren arabera hartzea hurrengo greba deialdiei buruzko erabakiak.
Kontsultak %60an ezartzeko asmoa da prozesu kliniko b aterako dauden baloratu eta diagnostikatu gabeko pazienteek okerrera ez egitea.
Erreferentzia gisa apirilaren 12a hartuz, Nafarroako Ospitalegunean 2.576 lagun hartu ziren kontsulta lehenetsietan nahiz arruntetan, gutxienez 5 paziente (Barne Medikuntza) eta gehienez 24 (Helduen Traumatologia). Hori horrela, eta gutxi gorabehera, gutxieneko zerbitzuetako 134 fakultatibok 11na paziente hartuta, ohiko programazioaren %60 har liteke (2.576tik 1.545).
Era berean, beharrezkotzat jo da:
–20. asteko amniozentesia eta ekografiak ziurtatzea.
–Arreta ematea larrialdiei, zaintza kritikoetan eta berezietan dauden pazienteei, erditzeei eta horien parekoei.
–Farmaziari dagokionez, tratamendua ziurtatuko zaie paziente ospitaleratuei eta onkologikoei.
–Nafarroako Odol eta Ehun Bankuan hemoderibatuen erauzketa ziurtatuko da, gaitasun logistikoaren %60 arte.
2.–Oinarrizko Osasun Laguntza.
Eguneroko eskariaren araberako arreta ematen da, eta (goizez) Osasun Eskualde bakoitzeko larrialdiak artatzen dira, mediku bakoitzak 1.500 paziente eta pediatra bakoitzak 1.100 haur inguru ditu, eta Lehen Mailako Talde bakoitzak profesionalak eduki behar ditu goizeko larrialdiei erantzuteko, eta larrialdia ez izan arren atzeratu ezin den laguntza emateko, bai eta paziente kronikoak artatzeko eta etxez etxeko beharrezko bisitak egiteko ere. Oro har, Osasun Eskualde bakoitzean, eta ordutegi guztirako, goizeko nahiz arratsaldeko txanda bakoitzean, familia-mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arretako eta larrialdiko ordutegiari dagokionez, gutxieneko zerbitzuek langile guztiei eraginen diete. Oinarrizko Osasun Laguntzari dagokionez, 465.000 pertsona artatu behar dira, horietatik 324.000 Iruñerrian eta Tafallaldean, eta 141.000 pertsona Nafarroa osoko 21 Etengabeko Arreta Guneetan, 4tan medikuntzaren bi profesionalekin, eta 17tan bakarrarekin. 50 profesional inguru behar dira.
San Frantzisko Xabierkoa egoitzak mediku bakarra du eta lan egin beharra dauka, egoitza estaldurarik gabe ez uzteko.
Azkenik, Aho-hortzen Osasunean 9 odontologo daude eta, arestiko irizpideari eutsiz, 2 odontologo egonen dira, bat arreta orokorrerako eta bestea PADIrako.
3.–Osasun Mentala.
Greba egunetan mediku 1 egon beharko luke Errehabilitazio Unitatean, Egonaldi Ertaineko Unitatean 2, eta Egonaldi Luzeko Unitatean 1.
Aldian behingo zerbitzuei dagokienez (Osasun Mentaleko Sareko eguneko ospitaleak) Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zehaztu du osasun mentalaren arloko eguneko ospitaleratzea tratamendu intentsiboa dela, ospitaleratzearen ordezkoa, eta pazienteen egoera klinikoa subakutua dela eta, beraz, ziurtatu egin behar direla arreta eta tratamendua.
Osasun Mentaleko Zentroetako kontsultetan gutxienekoak ezartzeko, haietako bakoitzean lehen kontsultak zenbat diren aztertu da. Zentro bakoitzeko lehen kontsultak eta larriak bermatu beharko liratekeela uste da.
Zentro bakoitzak bere gaitasun logistikoa behar du, plantillaren arabera eta lehen kontsultak egunean zenbat diren ikusita. Batez bestekoa plantillaren %40 da, gehienez.
4.–Lizarrako Osasun Barrutia.
Lizarrako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta García Orcoyen Ospitalea daude.
Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitale mailan.
Egun guztietan jarraitu dira zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak. Bere txostenean ageri da gutxienez zenbat profesional esleitzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.
5.–Tuterako Osasun Barrutia.
Tuterako Osasun Barrutian Oinarrizko Osasun Laguntza eta Reina Sofía Ospitalea daude.
Oinarrizko Osasun Laguntzak eta Nafarroako Ospitaleguneak emandako justifikazio gehienak aplikatzen ahal zaizkio arlo honi ere, gutxienekoak berdinak baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren jardunerako, dela oinarrizko osasun laguntzan dela ospitale mailan.
Egun guztietan jarraitu dira zuzendari kudeatzailearen Ebazpeneko jarraibideak. Bere txostenean ageri da gutxienez zenbat profesional esleitzen diren, gutxieneko gisa, greba egunean.
Ziurtatu egin nahi dira arreta lehenetsia, paziente ospitaleratua eta gaitasun logistikoaren %60 (Ebazpeneko E apartatua), eta plantilla zenbatekoa den ikusirik, zenbaitetan txandako langile guztiek osatzen dituzte gutxienekoak. Izan ere, bi profesional baldin badaude, gutxienekoa ezin da profesional bat izan, plantilla %50ekoa izanen bailitzateke eta, hortaz, ez da aski prestazio gutxienekoa ziurtatzeko.
6.–MIR langileak gutxieneko zerbitzuetarako izendatzea.
Apirilaren 15eko 104/2019 epaiak dioenez, aurkaratutako ebazpenak ez du motibaziorik. Hori horrela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ustez, funtsezko gutxieneko zerbitzuak ezartzen ahal zaizkie MIR langileei, betiere haien estatutua eta funtzioak errespetatuz, eta beste medikuen begiradapean.
Orobat, arlo bakoitzari bere iritzia ere eskatu zaio, arretari dagokionez. Hortik ikusi denez:
Edozein eguneko etengabeko arretan aritzen dira zentroko profesional espezialistak eta MIR langileak. Nafarroako Ospitalegunearen ustez, funtzionamendu hori oso errotuta dago gure zentroetan, eta arreta segurua eta kalitatezkoa eskaintzeko aukera ematen du. Haien ustez, greba egunean ere funtsezkoa da etengabeko arreta ona izatea, eta antolaketa berdinari eutsi behar zaio, aldatuz gero nahi gabeko disfuntzioak sortu daitezkeelako larrialdi batean.
MIR langileak lan-kontratudunak dira, eta hori ez da arrazoia gutxienekoak ez egiteko, zaintza medikoak egitea oso garrantzitsua baita prestakuntzaren ikuspegitik. Hain zuzen ere, beren prestakuntza programetan ageri da gutxienez zenbat zaintza egin behar dituzten, Nafarroako Ospitaleguneak ere dioen gisan.
MIRrek egin beharreko etengabeko arretaren gutxieneko zerbitzu hori ez da beren ohiko jarduna ez bezalakoa. Ospitaleko espezialistak ordezkatu beharrak ez du beren jarduna areagotzen. Espezialisten eta MIRren arteko harremana ez da aldatzen.
Hala, MIR langileak funtsezkoak dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan gutxieneko zerbitzuak egiteko, eta haien prestakuntza premia ez da aitzakia, betiere beren estatutua eta funtzioak errespetatuz.
Zentro bakoitzak gutxi gorabehera justifikatu du gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar dituen MIR langileak, aurreko grebaldietan ikasitakotik:
Nafarroako Ospitalegunean, etengabeko arretarako baizik ez dira ezarri MIRrendako gutxieneko zerbitzuak. Nafarroako Ospitalegunean etengabeko arretan ari dira familiako 62 MIR, eta ospitale mailako espezialitateetako 241 egoiliar. Egun bateko grebako gutxienekoak eragiten die familiako 13 MIRri (%21) eta ospitale mailako espezialitateetako 37 egoiliarri (%15,4). Etengabeko arretan sartzen dira Larrialdi Orokorrak, Larrialdi Pediatrikoak eta Larrialdi Obstetrikoak eta Ginekologikoak, bai eta larrialdiko arreta ere zerbitzu hauetan: Analisi Klinikoak, Anatomia Patologikoa, Anestesiologia, Kardiologia, Kirurgia Orokorra, Aurpegi-masailezurretako Kirurgia, Kirurgia Pediatrikoa, Kirurgia Plastikoa, Digestiboa, Farmazia, Hematologia, Medikuntza Intentsiboa, Barne Medikuntza (Ospitalizazioa), Mikrobiologia, Neurokirurgia, Neurofisiologia, Neurologia, Obstetrizia eta Ginekologia, Oftalmologia, Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa, ORL, Pediatria, Erradiofisika, Erradiologia, Errehabilitazioa, Traumatologia eta Urologia.
Oinarrizko Osasun Laguntzan, egunean MIReko langile bat dago Ospitalez Kanpoko Larrialdietan. Greba egun bakoitzean, 2 izendatzen dira gutxieneko zerbitzuetarako: Bat 00:00etatik 8:00etara, eta bestea 8:00etatik - 24:00etara, egun osoko greba denez. Kontuan hartu behar da Oinarrizko Osasun Laguntzan 84 MIR daudela plantillan; beraz, gutxienekoetan %2,3 dira.
Osasun Mentalean irizpidea gutxienekoak esleitzea Nafarroako Ospitaleguneko Ospitalizazio Psikiatrikoko Unitatean zaintzan dauden egoiliarrei.
Tuterako Osasun Barrutian hiru MIR esleitzen dira, etengabeko arreta eman dezaten arratsaldetik aitzina. Guztira 19 MIR egoten dira txandan. Txandako gutxienekoen %15,78 da.
Azkenik, Lizarrako Osasun Barrutiko arreta premiak ikusirik, ez da MIR langilerik erabiltzen gutxieneko zerbitzuetarako.
Funtsezko zerbitzuak zehazteaz ari garenean, osasun-fakultatiboei buruz ari gara, prestakuntzan dauden langileak ere barne, langileen sektore hori baitago grebara deituta.
Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuz onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Sindicato Médico de Navarrak deiturik, 2019ko maiatzaren 3an 00:00etatik 24:00etara eginen den grebak eragina izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun-fakultatiboak diren langile eta enplegatu publikoek, prestakuntzan daudenek ere barne, lan-kontratudun nahiz funtzionario moduan egiten dituzten jarduera guztietan, eta funtsezko gutxieneko zerbitzu hauek beteko dira:
I.–Ospitaleak.
Oro har, jaiegunetarako ezarritako bera izanen da lan araubidea.
Gainera, zentroen jarduerarako ezinbestekoak diren zerbitzuetan jendeari arreta ematen zaiola bermatuko da, honelaxe:
A) Ospitalizazioa: gaitasun logistikoaren %100 bermatuko da.
B) Aldian behingo zerbitzuak bermatuko dira:
–Hemodialisia.
–Eguneko Ospitalean tratamendu onkologikoa.
–Eguneko Ospitalean tratamendu hematologikoa.
–Minaren Unitatean tratamendu jarraitua duten pazienteendako arreta.
–Erradioterapiako tratamenduak, simulaziokoak eta plangintzakoak.
–Errehabilitazioa. Ospitalean dauden pazienteendako arreta bermatuko da, bai eta lehentasunezko eriendakoa ere.
–Osasun Mentalaren sareko eguneko ospitaleak.
C) Ebakuntza kirurgiko larri guztiak bermatuko dira, horietan normalean erabiltzen diren baliabideekin, bai eta Larrialdiak, Zainketa Intentsiboak, Erreanimazioa eta Zainketa Bereziak, Etengabeko Zainketa, Kritikoak, Erditzeak eta parekoak.
D) 20. asteko ekografia eta amniozentesia bermatuko da.
E) Lehentasunezko arreta, ingresatutako pazienteendako arreta eta arreta arrunt guztiak bermatuko dira, halakorik bada, gaitasun logistikoaren %60ra arte, arlo hauetan:
–Ebakuntza kirurgikoak.
–Zerbitzu zentralak.
–Kontsultak.
–SUOAZak (Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroak).
F) Ospitaleko Farmazia: ospitalean dauden eta tratamendu onkologikoak eta aldian behingoak dituzten eriendako arreta bermatuko da.
G) Nafarroako Odol eta Ehun Bankua: hemoderibatuen erauzketa bermatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko ospitaleak hornitzeko, gaitasun logistikoaren %60ra arte, gehienez.
II.–Oinarrizko Osasun Laguntza.
Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, hauxe izanen da araubidea:
Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan:
a) Ohiko lanaldian.
Oro har, oinarrizko osasun eskualde bakoitzean, goizeko nahiz arratsaldeko txandetan familia-mediku bat eta pediatra bat izendatuko dira, 5 lanpostuko edo 5 lanpostu baino gutxiagoko zatiki bakoitzeko.
Etengabeko arretarako gune bat baino gehiago duten oinarrizko eskualdeetan, etengabeko arretarako guneak edo taldeak adina familia-mediku egonen dira, gutxienez ere.
b) Etengabeko arretarako ordutegian:
Oinarrizko osasun eskualde bakoitzean, oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan-araubidea.
Ospitalez Kanpoko Larrialdietan eta Larrialdi Arruntetan:
- Oro har ezarritako zerbitzuen %100 izanen da lan-araubidea.
San Frantzisko Xabierkoa egoitzako arreta medikoa:
- Mediku bat.
- Aho-hortzen osasuna:
- Odontologo bat arreta orokorrerako, eta PADI programako odontologo bat.
2. Zerbitzu gutxienekoetako langileek bete beharko dituzte aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak, zentroetako kudeatzaileek horretarako izendaturik. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.
3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak grebalariei aitortzen dizkien eskubideei.
4. Ebazpen hau Greba Batzordeari jakinaraztea.
5. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta honako hauei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan: Profesionalen Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan langileriaren arloko eskumenak dituzten zuzendaritza eta zerbitzuei; Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari; Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari; eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Lan Harremanen Atalari.
6. Ebazpenen honek ez du administrazio-bidea bukatzen, eta gorako errekurtsoa jartzen ahal zaio, Osasuneko kontseilariari zuzenduta hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluekin bat eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren apirilaren 19ko 82/2016 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.
Iruñean, 2019ko apirilaren 29an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.
Iragarkiaren kodea: F1905918
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
